Iragarkia
121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ESA
Ediktua
Sociedad Urbanística Municipal de Yesa izeneko erantzukizun mugatuko sozietatea onesteko erabakia jendaurrean egon den bitartean ez da inolako alegaziorik aurkeztu; hortaz, eta espedientera bildutako txostenekin bat, argitara ematen da sozietateko estatutuen testu osoa.
Esan, 2008ko abuztuaren 21ean.-Alkatea, José Antonio Aquerreta Martínez de Lagos.
SOCIEDAD URBANÍSTICA MUNICIPAL DE YESA, S.L. IZENEKO MERKATARITZA SOZIETATEAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
1. artikulua. Sociedad Urbanística Municipal de Yesa, S.L. izeneko merkataritza sozietatea eratu da, toki erakunde baten eremuko eta erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Erantzukizun mugatuko sozietateei buruzko Legea, toki erakundearen gaineko legeak eta estatutu hauek izanen ditu arau.
2. artikulua. Sociedad Urbanística Municipal de Yesa, S.L. erantzukizun mugatuko sozietatea da. Udal enpresa den aldetik, nortasun juridikoa izanen du bere xedeak betetzeko, lege-xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugak gainditu gabe.
3. artikulua. Hona sozietatearen xedea: hiriaren zaharberrikuntzan, etxebizitzen eta bestelako eraikinen sustapenean eta lurren urbanizazioan udal ekintzaren eraginkortasuna areagotzea, endekatutako hiri eremuak osoki berpizteko eta, bide horretatik, orube eraikigarrien eta eraikinen salmenta eta errentamendu prezioak beheratzeko. Hauek dira sozietatearen helburuak:
Hirigintzako azterlanak, tartean antolamendu planak eta urbanizazio proiektuak direla, bai eta hirigintzako plangintza edo kudeaketarako beste edozein tresna ere, eta horiek izapidatu eta onesteko ekimena.
Urbanizazio jarduerak, hala nola, lurrak prestatzeko eta hiria eraberritu eta birmoldatzeko sustapenean aritzea, edo hiri azpiegituretako eta zerbitzuetako obrak sustatzea, hartara antolamendu planak eta, oro har, hiriaren zaharberrikuntzari eta etxebizitza nahiz ekipamenduen sustapenari buruz Udalak duen hirigintza-politika betetzeko.
Urbanizazioaren ondoriozko obrak eta zerbitzuak kudeatu eta ustiatzea, horretarako kontzesioa lortuz gero, kasuan kasuan aplikatu beharreko arauei jarraituz.
Saltzeko nahiz alokatzeko, etxebizitzak, merkataritzako lokalak eta aparkalekuak sustatu eta kudeatzea, bai eta mota guztietako eraikin eta ekipamenduak ere.
Etxebizitza sozialetarako pizgarriak ematea eta zaharberritzea sustatzea.
Sozietatearen xede diren jarduerek administrazio baimenen bat behar dutenean edo administrazio erregistroren batean inskribatu behar direnean, baldintza horiek bete beharko dira jarduerei ekin aurretik.
Berariazko titulazioa behar duten jarduerak egiteko, sozietateak profesional eskudunen zerbitzuak kontratatu beharko ditu.
4. artikulua. Xede soziala betetzeko, sozietateak zilegi izanen du:
Zuzenbide komunak baimendurik, ondasun higigarri eta higiezinen gaineko edozein eskubide eskuratu, eskualdatu, eratu, aldatu eta iraungitzea, horrenbestez urbanizazioa, eraikuntzaren sustapena eta jarduketa eremuaren aprobetxamendua ahalik hoberenak izan daitezen.
Euren eskumenak direla-eta kudeaketa ongi gauzatzen lagundu behar duten erakundeekin hitzarmenak egitea, edo Uharteko Udalak sinatutako hitzarmenetan subrogatzea, hala erabakitzen denean.
Antolamenduaren ondoriozko orubeak eratzeko lurzatiak besterentzea, baita aurretiaz ere, eraikinak ezarritako epean eginen direla ziurtatzeko modu egokienean.
Ezarritako zerbitzuetan aritzea, Udalak eta erakunde eskudunak beren gain hartuko baitute haien ardura.
Aurrekoen antzeko azterketak eta jarduerak, eta haiekin batera egin daitezkeenak edo haiei lotuta daudenak.
5. artikulua. Sozietateak Esan (Nafarroa) izanen du egoitza, René Petit kalea, zk.g. Administrazio organoak Esako udal mugapeko beste leku batera aldatu ahal izanen du egoitza, komenigarria iruditzen bazaio.
6. artikulua. Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean abiatuko da lanean.
II. KAPITULUA
7. artikulua. Kapital soziala lau mila eurokoa da (4.000 euro), lau partaidetzatan zatitua. Partaidetza bakoitzak mila euroko (1.000 euro) balio izendatua du, batetik laura zenbakituak. Esako Udalak kapital osoa harpidetu eta ordaindu du eta kapitala osatzen duten partaidetza guztien titular bakarra da, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kapitala ezin da transferitu eta enpresaren xederako baizik ezin da erabili, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraituz.
Kapital soziala handitu edo txikitu ahal izanen da Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aitzinetik Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.
III. KAPITULUA
8. artikulua. Sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak honakoak izanen dira:
Batzar Orokorra.
Administrazio Kontseilua.
9. artikulua. Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatu bezala, Esako Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Batzarreko burua Udalbatzakoa izanen da, eta idazkaria, berriz, Udalekoa edo Batzarrak unean unean izendatzen duena.
10. artikulua. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua, prozedurari eta erabakiei dagokienez, toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta gainerako gai sozialetan erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak aplikatuko dira.
Udalbatzak, sozietatearen Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizunak izanen ditu:
Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.
Kontseilukideen ordainsariak finkatzea.
Estatutuak aldatzea.
Kapitala handitu edo murriztea.
Obligazioak jaulkitzea.
Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.
Auditoreak izendatzea.
Erantzukizun mugatuko sozietateei buruzko Legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.
11. artikulua. Batzar Orokorra urtean behin bilduko da derrigorrez bilkura arruntean, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa zentsuratzeko edo onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta bilkurako gai zerrendari eutsiz bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.
12. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako bilkura arruntaz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik lehendakariak deituta, Administrazio Kontseiluak edo gutxienez Udalbatzako legezko kideen laurdenak hala eskatuz gero.
13. artikulua. Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez batzarra egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.
14. artikulua. Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzeko akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezala onetsiko dira, eta ondorio berak izanen dituzte. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.
15. artikulua. Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek haren bilkuretan parte hartu ahal izanen dute, hizpidearekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere, halakorik egonez gero.
16. artikulua. Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako sei lagunek osatuko dute.
Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galtzen badute kontseilukide izateari utziko diote bertzerik gabe.
17. artikulua. Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute. Kontseilukideek ordezkaritza karguetan aritzeko ezgaitasun eta bateraezintasunak izan ditzakete, indarra duen legerian ezarritakoak.
Administrazio Kontseiluko lehendakaria honako hau izanen da: Esako alkatea, kontseilukidea bada, edo zinegotzi bat, Batzar Orokorrak izendatutako kontseilukidea bada. Administrazio Kontseiluak berak izendatuko du Kontseiluko lehendakariordea. Lehendakariordea lehendakariaren lekuan ariko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.
Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz Kontseilutik kanpokoa izan daiteke, eta hala denean hizpidea bai baina botorik ez du izanen Kontseiluaren bileretan.
Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartu ahal izanen dute, hizpidearekin baina botorik gabe.
Kontseilukideei kalte-ordainak emanen zaizkie bilkura, batzar eta lan-mahaietan parte hartzeagatik. Batzar Orokorrak kalte-ordainen zenbatekoa zehaztuko du ekitaldi bakoitzean.
18. artikulua. Kontseiluak bilkura arrunta eginen du sei hilean behin gutxienez, eta bilkura berezia eginen du lehendakariak deia egiten duenean edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.
Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, eguneko gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutienez.
Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero. Kontseilukide bakoitzak beste bati eman ahalko dio bere ordezkaritza, baina bilkurako inork ezin izanen ditu bi kontseilukide baino gehiago ordezkatu.
Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen erabateko gehiengoaz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.
Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak liburu egokian transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.
19. artikulua. Kontseiluak edo haren eginkizunetan ari denak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrarendako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, bertzeak bertze:
Ondasun higigarriak eta higiezinak, landalurrekoak nahiz hirilurrekoak, eskubide inkorporagarriak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta iraungi ahal izanen ditu; era berean hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta iraungi ahal izanen ditu.
Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.
Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.
Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak formalizatu eta aurkeztea, zergak ordaintzea eta bidegabeko edo kaltegarritzat jotzen diren zergen aurkako erreklamazioak egitea.
Igorpenak egitea, zor-agiriak endosatzea, kanbio agiriak eta agindurako bertzelako agiriak bermatu, onartu, negoziatu, ordaindu eta protestatzea, kontuak eta kredituak, kanbio letrak eta igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak jaso, kobratu eta ordaintzea.
Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, Espainiakoa barne, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.
Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.
Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren epe eta baldintzekin, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.
Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.
Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzia eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko bertze edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.
Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.
Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; plegu, aitorpen edo agiriak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.
Ahal orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea, eta, orokorrean, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.
Sozietateko kudeatzailea izendatzea.
Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, memoria aurkeztea Udalbatzari sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketaz.
20. artikulua. Kontseiluburuari ondoko eskurantza hauek dagozkio:
Kontseiluaren bileretarako deiak egitea, horietan buru egitea eta kontseiluaren erabakiak betearaztea.
Sozietatearen jarduera, negozio, zerbitzu eta bulegoen goi-zuzendaritza eta ikuskapen orokorra.
Ordainketa-aginduen emailearen eginkizunak.
Larrialdietan sozietatearen interesak zaintzeko egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzea eta Kontseiluari haien berri ematea hurrengo bileran.
Estatutuek eta toki araubideari buruzko legeriak ematen dizkioten gainerako eginkizunak.
Administrazio kontseiluak haren esku uzten dituen eskurantzak, eskuordetzen ahal direnak betiere.
21. artikulua. Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatzen ahalko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena. Gaitasuna berezia duen pertsona izendatuko da eta sozietateak gehienez ere hamar urteko kontratua eginen dio.
Administrazio Kontseiluak erabakitzen dituen eginkizunak utziko dira haren gain, eskuordetzeko modukoak direnak betiere.
22. artikulua. Langileak.
Sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta menpeko langile guztiak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kudeatzailearen proposamenari jarraituz, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan harremana izanen dute.
IV. KAPITULUA
23. artikulua. Sozietatearen ondarea eta ogasuna
Sozietatearen ondareak haren jabetzako ondasun eta eskubide guztiak biltzen ditu, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak, edo Esako Udalaren, Estatuaren, autonomi erkidego, probintzia eta udalerrien, korporazio eta norbanakoen lagapen, dohaintza eta dirulaguntzen bidez lortuak.
24. artikulua. Sozietatearen ogasunak ondoko baliabideak biltzen ditu:
Sozietatearen ondasun, kredituak eta eskubideen errenta, emaitza edo korrituak.
Esako Udalak ematen dizkion dirulaguntzak.
Estatuak, autonomi erkidegoek, probintzia eta udalerriek, korporazioek eta norbanakoek ematen ahal dizkioten dirulaguntza, sorospen eta emariak.
Bere ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.
Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.
Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko dirusarrera guztiak.
V. KAPITULUA
25. artikulua. Aurrekontuak, kontuak eta balantzeak
Sozietatearen ekitaldia urte naturala izanen da.
26. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Udalbatzari aurkeztuko dio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.
VI. KAPITULUA
27. artikulua. Desegitea. Toki araubideari buruzko legerian eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin eginen da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.
Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.
Likidazio aldia burutu arte Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.
Iragarkiaren kodea: L0813098
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
