121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERROIBAR

Ordenantza. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, argitara ematen da Erroibarren kultur eta kirol jarduerak egiteko diru laguntzak tramitatu eta emateko ordenantzaren testu osoa, 2008ko ekainaren 11ko osoko bilkuran onetsi baitzen hasiera batean. Legezko agindua betez eta Erroibarko Herriko Etxeko iragarki oholean nahiz, uztailaren 21ean, 2008ko 89. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik, behin betikoz onetsi da ordenantza hori, eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ematen da argitara indarrean diren legeekin bat.

"ERROIBARREN KULTUR ETA KIROL JARDUERAK EGITEKO DIRU LAGUNTZAK TRAMITATU ETA EMATEKO ARAUAK

1.-Interesdunek eskaerak Erroibarko Udalari aurkeztuko dizkiote. Horiekin batera, jarduerak sorrarazten dituen gastuak eta aurreikusitako diru-sarrerak zehazten dituen aurrekontua aurkeztuko da. Diru-sarreren artean entitate publiko zein pribatuetatik jaso asmo duten diru-laguntzak zehaztuko dituzte, baita parte hartzaileen kuotak ere, halakorik bada. Diru-sarreretan ez dira agertuko Udaletik nahiz Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria sailetik jaso ditzaketenak.

2.-Eskabide hauek urteroko urtarrilaren 30a baino lehen igorriko zaizkio Udalari, ekitaldiko aurrekontuetan kontusaila izan dezaten. Kasuan kasuko ikasturtean eta, beraz, urriaren 1etik irailaren 30a arte egiten edo egiteko diren jardueren gaineko eskariak izanen dira. Esakerak Udalak horretarako duen inprimakian aurkeztuko dira, eta haiekin batean jardueraren deskripzioa eginen da. Kirol jarduerak eta kultur jarduerak inprimaki ezberdinetan bereiziko dira.

3.-Eskatzaileek urriaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dituzte gastuen frogagiriak eta jardueraren balantzea. Balantzearen ziurtagiria Udalaren inprimaki batean aurkeztu beharko da.

4.-Eskaera jasota, Erroibarko Udalak ahalik eta lasterren erantzunen du diru-laguntza emateko modukoa iruditzen ote zaion eskatutako jarduera, zehaztu gabe, hala ere, zenbat eman daitekeen. Jarduera guztien azterketa batera egiten denean jakinaraziko da zenbatekoa, eta hura aldatuko da aitzineko artikuluan aipatu epean aurkeztuko den balantze ziurtatuan.

5.-Erroibarko Udalak, aurrekontuan eskura zenbat diru duen eta zenbat eskaera jaso dituen kontuan hartuta, zenbateko bat esleituko dio eskaera bakoitzari, irizpide hauei jarraikiz:

5.1. Herri edo udalerri mailako jarduerek gehienez ere jardueraren kostuaren %50eko diru laguntza jaso dezakete, bertze entitate publiko edo partikularren aldetik bildutako laguntzak kenduta, eta gehienez ere 600 euro.

5.2. Eskualde mailan egiten diren jarduerek gehienez ere jardueraren kostuaren herena jaso dezakete. Ibarretik kanpoko parte hartzailerik bada, ibarreko parte hartzaileek zer portzentaje egiten duten guztien gainean, horren araberako zatia hartuko da jardueraren kostutzat.

5.3. Parte hartzaileen %50 ibarrekoak direnean, lehiaketak gehienez ere gastu justifikatuaren herena jaso dezake.

5.4. Ibarreko entitateek sustatzen dituzten lehiaketetan partaidetza tikiagoa bada, aitzineko puntuaren araberako diru laguntza biltzen ahalko dute, eta gehienez ere 500 euro.

6.-Udalak tramitatuko ditu Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria Departamentuaren laguntzak eskuratzeko eskabideak. Ordaintzen diren laguntzen zenbatekoa ez daiteke izan jardueraren defizita baino gehiago. Parte hartzaileen kuota gisa aurkeztutako diru-sarrera atala ordain daiteke."

Erron, 2008ko irailaren 1ean.-Alkatea, Enrique Garralda Erro.

Iragarkiaren kodea: L0813562