121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

437/2008 EBAZPENA, irailaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 5ean emandako 0213/2008 Ebazpena aldatzen duena. Horren bidez Servicios Ecológicos de Navarra, S.L.k (Cintruénigo) eskatutako Ingurumen baimen integratua handitzearen Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea erabaki zen. Sustatzailea Servicios Ecológicos de Navarra, S.L. (Cintruénigo) da.

Espedientea ikusirik eta azterturik, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2B eranskinean sartuta dagoela egiaztatu da, eta ez 2A eranskinean, akatsez horrela saikatu baitzen. Beraz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar duen Ingurumen baimen integratuaren menpe dago.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoaren) 105. artikuluak ezartzen du administrazio publikoek beren egintzak alda ditzaketela, aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 5ean emandako 0213/2008 Ebazpena aldatzea. Horren bidez Servicios Ecológicos de Navarra, S.L.k (Cintruénigo) eskatutako Ingurumen baimen integratua handitzearen Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea erabaki zen. Sustatzailea Servicios Ecológicos de Navarra, S.L. (Cintruénigo) da.

2. Aldaketa honako honetan datza: 1. puntua indarrik gabe uztea, espedienteak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar ez izateari buruzkoa, izapide hori beharrezkoa baita.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Cintruénigoko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko irailaren 9an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0813893