121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

430/2008 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Arula errekako presako bidea egokitzeko, ondoren presa garbitzeko, eta Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena presako ontzitik erauzitako gaiak Aranoko udal mugapeko 3. poligonoko 78. lurzatian botatzeko. Heineken España enpresak sustatu du.

2008ko martxoaren 31n Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Arula errekako presara joateko pista egokituko da, ontziaren garbiketa eginen duten makinak pasatzeko, eta erauzitako gaiak bota eginen dira gero. Aurkeztutako memoria teknikoan adierazten da gai horiek zabortegi baimendura eramanen direla, edo hurbileko nekazaritza lurretara, eta gero barreiatuko direla, baina Ingurumen ukipenen azterlanean bestelako toki batean kokatu da gai horiek botatzeko lekua, ez bata ez bestea den toki batean: baso-eremu batean, aldapa handikoan, Arula errekako presako ontzitik hurbil, Aranoko udal mugapeko 3. poligonoko 78. lurzatian.

Bidearen egokitzapena abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko D atalean sartuta dago, eta lurren botatzea 2.C eranskineko O atalean. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar dute. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Aipatutako foru dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko Hondakinen Atalak txostena eman du. Horren arabera, lanetan ateratako gaiak nekazaritza lurretan barreiatzen badira, ez da aplikatzekoa izanen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua, hondakinak zabortegietara eramanez deuseztatzea arautzen duena, non 3.2 artikuluak hau ezartzen duen: "Ondoko jarduerak aplikazio eremutik kanpo geldituko dira: lohiak (araztegikoak eta dragatze lanetatik eratorritakoak barne) lurzoruan barreiatzea, ongarritzeko edo kalitatea hobetzeko...". Ingurumen ukipenen azterlanean lurrak botatzeko zehazten den baso-eremuak ez ditu baldintza horiek betetzen.

Uraren Zerbitzuaren Ur Baliabideen Atalak txostena eman du, eta han adierazten denez, jalkinak botatzeko aukeratu den tokian urak jalkinak eramaten ahal ditu, euri jasek duten indarraren arabera. Horregatik, egokiago jotzen du jalkinak zabortegi baimendura eramatea. Halaber, komenigarritzat jo da, presa konpontzean, berma dadila badirela mekanismo egokiak ur emari ekologikoa bermatzeko.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proposatu du Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Arula errekako presako bidea egokitzeko, ondoren presa garbitzeko, eta Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea presako ontzitik erauzitako jalkinak Ingurumen ukipenen azterlanean adierazitako tokian botatzeko, alegia, Aranoko udal mugapeko 3. poligonoko 78. lurzatian. Baimendutako zabortegi batean bota beharko dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatutako 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Heineken España enpresari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arula errekako presako bidea egokitzeko, ondoren presa garbitzeko, eta Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea presako ontzitik erauzitako gaiak Aranoko udal mugapeko 3. poligonoko 78. lurzatian botatzeko.

2. Baldintza hauek betetzearen menpe emanen da baimena:

-Baimendutako zabortegi batean bota beharko dira erauzitako gaiak.

-Zuhaitzak ukitzea beharrezkoa baldin bada, Oihanak Kudeatzeko Atalari abisu eman beharko zaio (tel.: 848 42 66 71), aldez aurretik zuhaitzak markatzeko.

-Obrek ukitzen dituzten toki guztiak behar bezala lehengoratuko dira.

-Egin nahi den jarduerak azpiegiturak eta zortasunak ukitzen ahal baditu, edo horiek jarduera baldintzatzen ahal badute, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Obrei hasiera eman aurretik 10.000 euroko fidantza jarri beharko da, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanak iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Aranoko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko irailaren 4an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0813717