I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
425/2008 EBAZPENA, irailaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Nafarroako Ubideko 19 B tartea eraikitzeko obretan sobera geratzen diren materialak Tafallako 20. poligonoko 233 A eta 233 C azpilurzatietan, "Vaquero" alderdian, botatzeko proiektua egiteko. Canal de Navarra T-19 B ABEEak sustatu du.
2008ko maiatzaren 27an, espediente honen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.
Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektuaren helburua 20.000 m³ material Tafallako 20. poligonoko 233 A eta 233 C azpilurzatietan botatzea da. Material hori Nafarroako Ubideko 19 B tartearen 1. tartea eraikitzeko erauzketa lanetako soberakinak dira. 233 A eta C azpilurzatien eremua, guztira, 18.032 m²-koa da baina jarduketak 14.447 m² hartuko ditu gutxi gorabehera. Aurreikusitako epea 2 urtetik beherakoa da.
233. lurzatia ubideak eten egin du, partez. Hortaz, material horiek sortzen diren tokiaren ondo-ondoan dagoen eremua da, hondakindegi gisa erabil daitekeena.
Gero, lur azala egokituko da, inguruko ezaugarrien eta erabileren arabera, eta bi azpilurzatiak nekazaritzarako erabiltzeko prest utziko dira. 233 C azpilurzatian dauden olibadiak eta eraginpeko eremuan dauden beste sastraka batzuk birlandatuko dira.
Proiektuak Tafallako Udalaren aldeko txostena jaso du, 2008ko uztailaren 9an emana, bai eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarena ere, 2008ko uztailaren 23an emana.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Aipatutako foru dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.
Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Nafarroako Ubideko 19 B tartea eraikitzeko obretan sobera geratzen diren materialak Tafallako 20. poligonoko 233 A eta 233 C azpilurzatietan, "Vaquero" alderdian, botatzeko proiektua egiteko. Canal de Navarra T-19 B ABEEak sustatu du.
2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:
-Obrak egiten hasi baino lehen, enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegiturei dagozkienak.
-19 B tarteko obretako lurrak baizik ezin izanen dira bota. Aldaketarik egin nahi izanez gero, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuarekin kontsultatu beharko da.
-Kontuan harturik lanak egiteko aurreikusitako epea eta, horrez gainera, biltegi eremuan botako diren materialak noizbehinka erabiliko direla, sustatzaileak galaraziko du material inerterik, hondakinik edo zaborrik botatzea zuloan, ez berak, ez herrikoek, ez eta eremuan jarduten duten beste agente batzuek ere.
-Proiektu hau gauzatzeko lanen hasiera Vianako Printzea Erakundeak hondakindegiaren kokalekuari buruz eginen duen txostenean adierazten denaren mende geldituko da. Edonola ere, hango belar-sastrakak garbitzea Nafarroako Ubidearen 19 B tartearen segimendu arkeologikoaren barrenean sar daiteke.
-Birlandaketak egiteko eta eraginpeko lurretan berezko landaredia duten ezpondak konpentsatzeko proposatzen diren eremuak hesien bidez edo areken bidez mugatuko dira obrak bukatutakoan, landu ez daitezen.
-Ukitutako berezko landareak birlandatzeko lanetan ez dira ukituko konpentsazio lanetarako aurreikusitako eremuen ondoan dauden ezpondetako berezko landareak.
-Nafarroako Ubidearen 19 B tarteko obrak bukatutakoan, birlandatutako berezko landaredia galtzen baldin bada, konpentsazio lanetarako proposatutako eremuak 19 B tartearen lehengoratze planaren barrenean sartuko dira eta Nafarroako Ubidearen zati horrek ukitzen dituen sastraka lurren antzera tratatuko dira.
-Nafarroako Ubidearen 19 B tartea egiteko obren bitartean, hondakindegi honetako isurketen bolumena handitu behar baldin bada, behar den denborarekin tramitatuko da proiektu honen aldaketa.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.416 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea sustatzaileari, Canal de Navarra, S.A.ri, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Ingurumen Zaintzara, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Tafallako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko irailaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0813663