121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

423/2008 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Egiarretara joateko NA-7501 errepidea hobetzeko proiekturako. Proiektua Egiarretako Kontzejuak (Arakil) sustatu du.

2008ko ekainaren 20an, espediente honen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaeraren informazio osagarriari sarrera eman zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

Proiektu horren bidez egungo errepidea 2 m zabalduko da, basogabetutako alderantz, eta fabrika-obrak, zapal daitekeen areka, drainatzea eta zoladura asfaltikoa ezarriko dira. Bestalde, obrek ukitutako zerbitzuak berrezarri eginen dira. Zelaigunea handitzeak larreak eta 80 haritz gorri ukituko ditu.

Errekerimendua egin ondoren, sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena ekarri du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Aipatutako foru dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Egiarretara joateko NA-7501 errepidea hobetzeko proiekturako. Proiektua Egiarretako Kontzejuak (Arakil) sustatu du.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurriak bete beharko dira, baita neurri zuzentzaile hauek ere:

-Ahal den neurrian mozketak eta sasi-garbitzeak saihestuko dira, eta ahalik eta mozketa eta sasi-garbitze gutxien egiteko zuinketa eginen da.

-Mozketak egin aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari adierazi beharko zaio, zuhaitzak markatzeko eta gainbegiratzeko.

-Berezko landaretza duten lurraldeetan egindako zuzeneko ukipena konpontzeko, obren ondoren zuhaixka hesiak ezarri beharko dira zabaldutako eremuaren bazterretan, baldin eta ukipena baso eremuan egin bada edo heskaiak ezabatu badira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau sustatzaileari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari eta Arakilgo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko irailaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0813662