121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

417/2008 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena zirkuitu bikoitzeko 13,2 kV-ko aireko eta lurpeko linea elektriko bat eraikitzeko Cortesko udal mugapean. Sustatzailea Tudela Solar, S.L. da.

2008ko ekainaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Jarduera honen bidez "Cortes-Riegos" egungo linea elektrikoa kendu eta zirkuitu bikoitzeko linea elektriko berri bat jarriko da, "La Atalaya" eguzki-parke fotovoltaikoaren funtzionamendurako beharrezkoa baita, eta ezaugarri teknikoak hegaztien babeserako araudiari egokituko dira. Aireko eta lurpeko linea elektriko berriak 1.600 metroko luzera izanen du gutxi gorabehera, hauetatik 275 metro lurpekoak dira.

Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatu Foru Aginduaren 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea zirkuitu bikoitzeko 13,2 kV-ko aireko eta lurpeko linea elektriko bat eraikitzeko Cortesko udal mugapean.

2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:

-13,2 kV-ko"Cortes-Riegos" egungo linea elektrikoa desmuntatu eginen da 1. eta 12. euskarrien artean.

-Obrak ukitutako eremu guztiak behar den moduan lehengoratuko dira.

-Zuhaitzak ukitzea beharrezkoa baldin bada Oihanak Kudeatzeko Atalari eman beharko zaio abisua (848 42 66 71 telefonoa) zuhaitzak aldez aurretik markatzeko.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Lanak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanak hasi baino lehen, fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lan horiek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Cortesko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abuztuaren 29an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0813455