I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak
ERABAKIA, 2008ko irailaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa. Izarbeibarko Jarduera Ekonomikoen eremua" udalez gaindiko plan sektorialaren onura publikoa adierazten duena desjabetu ahal izateko. Orobat, aipatu UPSaren desjabetze proiektuaren lanek ukituriko finken okupazioa presakotzat jo eta NASUINSA desjabetzearen onuradun izendatu du.
2008ko uztailaren 11n "Navarra de Suelo Industrial S.A." sozietateak (hemendik aurrera NASUINSA), hurrengo hau eskatu dio Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari:
-"Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa. Izarbeibarko Jarduera Ekonomikoen eremua" udalez gaindiko plan sektorialaren (hemendik aurrera UPS) onura publikoaren adierazpena, desjabetu ahal izateko.
-Aipatu UPSaren desjabetze proiektuaren lanek ukituriko finken okupazioa presakotzat jotzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.
-NASUINSA aipatu proiektuan egin beharreko desjabetzearen onuradun izendatzea.
Nafarroako Gobernuak 2006ko abenduaren 28an eginiko bilkuran, Izarbeibarko jarduera ekonomikoen eremuko plan sektoriala udalez gaindikoa izendatzea erabaki zuen. Plana Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak sustatu du, NASUINSAren bitartez. Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 7an hartutako erabakiaren bidez behin betikoz onetsi zuen UPSa. Erabaki horretan desjabetzea aurreikusten da jarduketa sistema gisa.
UPSaren xedea da jarduera ekonomikoetarako lurzorua sortzea, lurzoru antolatua, eta Iruñerrian eta Iruña-Logroño ardatzean enpresa proiektuak garatzea ahalbidetu eta bultzatzen ahal duten zerbitzu eta azpiegitura guztiez hornitua, horrela Foru Komunitateko sareko jarduera ekonomikoen jardueretarako lurzoru publikoa osatzeko.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuak Udalez gaindiko Plan edo Proiektu Sektorialei behin betiko onespena ematen dienean, onura publikoa erabaki dezake, desjabetzapen kontuetarako.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa. Izarbeibarko Jarduera Ekonomikoen eremua" udalez gaindiko plan sektorialaren onura publikoa adieraztea, desjabetu ahal izateko.
2. Aipatu UPSaren desjabetze proiektuaren lanek ukituriko finken okupazioa presakotzat jotzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.
3. NASUINSA aipatu proiektuan egin beharreko desjabetzearen onuradun izendatzea.
4. Erabaki hau jakinataztea NASUINSAri eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari (Enpresa Zuzendaritza Nagusia eta Idazkaritza Tekniko Nagusia), behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Erabaki honen berri ematea Legardako, Obanosko eta Utergako Udalei, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2008ko irailaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F0814092