111. ALDIZKARIA - 2008ko irailaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

168/2008 FORU AGINDUA, abuztuaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua aldatzen duena. Hartan, Zerga Bereziei eta Aseguru Primen gaineko Zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onesten dira, eta kudeaketa arauak ezartzen.

Irailaren 19ko 172/2000 Foru Aginduak Zerga Bereziei eta Aseguru Primen gaineko Zergari dagozkien aitorpen ereduak onetsi zituen, eta haiek aurkezteko epeak eman. Orain, subjeku pasiboei tributu arloko eginbeharrak betetzen laguntzearren, eta tributuen kudeaketa hobetzen aurrera egitearren, bidezkotzat jo da aipatu aitorpenak aurkezteko zenbait epe aldatzea, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrerako epealdietan aplika daitezen.

Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 18.3 artikuluak dioenez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak erabakiko ditu tokia, modua, epeak eta imprimakiak, subjektu pasiboek tributu zorra zehaztu eta ordain dezaten.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua, Zerga Bereziei eta Aseguru Primen gaineko Zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onesten eta haiek kudeatzeko arauak ezartzen dituena, aldatzea.

Irailaren 19ko 172/2000 Foru Agindua, Zerga Bereziei eta Aseguru Primen gaineko Zergari dagozkien aitorpen ereduak, pezetatan eta eurotan, onesten eta haiek kudeatzeko arauak ezartzen dituena, ondotik adierazi bezala aldatu da:

Bat. Honelako testua izanen du lau.bat idatz-zatiak:

"Bat. Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziak.

1. Zerga hauen subjektu pasiboak behartuta daude likidazio aldi bakoitzean sorrarazitako kuotak jasotzen dituen likidazio-aitorpena aurkeztera Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta, aldi berean, kuota likidoak Nafarroako Ogasun Publikoarekin lankidetzan aritzen den edozein finantza-entitatetan ordaintzera.

2. Hilabete naturala izanen da likidazio epea. Dena dela, Balio Erantsiaren gaineko Zerga dela-eta likidazio-aitorpena hiru hilean behin aurkeztu behar duten subjektu pasiboentzat, epe hori hiruhileko naturala izanen da, Hidrokarburoen eta Tabakogaien gaineko Zergak ordaindu behar dituztenentzat izan ezik, zeinentzat hilabete naturala izanen baita.

3. Foru agindu honetan kasu bakoitzerako zehaztutako ereduaren araberakoa izanen da likidazio-aitorpena eta, noiz bukatzen den likidazio aldia, ondoko lehen hogei egun naturaleko epean aurkeztuko da, Alkoholaren eta Edari Alkoholdunen gaineko Zergei dagozkienak izan ezik; horiek, likidazioa hiru hilean behinekoa bada, likidazio aldiaren ondoko bigarren hilabeteko lehen hogei egun naturalean aurkeztuko dira; berriz, likidazio aldia hilabetekoa bada, haren ondoko hirugarren hilaren lehen hogei egun naturalean."

Bi. Honelako testua izanen du bosgarren idatz-zatiak:

"Bosgarrena. Eragiketen aitorpenak aurkezteko tokia eta epea.

Hilabete edo hiruhileko naturalean egindako eragiketen aitorpenak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko dira, lau-bat idatz-zatian hilabeteko edo hiru hilean behineko likidazio-aitorpena aurkezteko ezarritako epe berean.

Aurreko lerroaldean aurreikusitakoaren ondorioetarako, foru agindu honek onesten dituen 510, 553, 554, 555, 557, 558, 570 eta 580 ereduak eragiketen aitorpenak dira.

Dena dela, zein hilabetekoa den informazioa, hura bukatu eta ondoko hilabetean aurkeztuko da 511 eredua; bestetik, E21 ereduarena, hiruhileko naturala bukatu ondoko hogei egunean. Orobat, Ardoaren eta Edari Hartzituen gaineko Zergaren tasa zero denean, zerga horren xedeko produktuen gordailu fiskalen titularrek eta fabrikatzaileek 553 eredua aurkeztuko dute, zein hiruhileko naturalari dagokion eragiketen aitorpena, ondoko hilaren lehen hogei egunean."

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako likidazio aldietan aplikatuko da.

Iruñean, 2008ko abuztuaren 5ean.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0812250