II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
BERASKOAIN
Ordenantza, jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko eta jarduera eskualdatzeko lizentzien gaineko tasak arautzen dituena
Beraskoaingo Udalak, 2007ko azaroaren 7an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko eta jarduera eskualdatzeko lizentzien gaineko tasak arautzen dituen ordenantza. Erabaki hori 2008ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 26an. Jendaurreko epea erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganik, Osoko Bilkurak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan erabakitakoari jarraituz, aho batez erabaki du:
-Behin betiko onestea Jarduera sailkatu eta kaltegabeetan aritzeko eta jarduera eskualdatzeko lizentzien gaineko tasak arautzen dituen ordenantza.
-Haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
ORDENANTZA, JARDUERA SAILKATU ETA KALTEGABEETAN ARITZEKO ETA JARDUERA ESKUALDATZEKO LIZENTZIEN GAINEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Ordainarazpenaren xedea
2. artikulua. Zergapeko egintza zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeari, hirigintzako txostenak jaulkitzeari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean nahiz egunkarietan argitaratu behar diren espedienteak tramitatzeari dagokienez, ondoko kasuetan:
a) Jarduteko lizentzia.
b) Jarduteko lizentzia berrikustea, titularraren nahiz administrazioaren jarduketak direla-eta.
c) Irekitzeko lizentzia.
d) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.
e) Jarduera lokal batetik bestera lekualdatzea.
f) Aldaketak jardueran, izena, titularra eta lokala aldatu gabe.
g) Eskualdaketak eta titular aldaketak, bertan garatzen den jarduera aldatu edo handitu gabe.
Zergapeko egintza
3. artikulua. Jarduteko lizentziak eta irekitzekoak eman aurretik eta haiek eskualdatzeko edo haien titulartasuna aldatu aurretik aurkeztu beharreko zerbitzu tekniko eta administratiboak dira zergapeko egintza, haien jabe izan behar baitute, nahitaez, jarduera sailkatuen edo kaltegabeen titularrek.
Ordaindu beharra
4. artikulua. Lizentzia eskatzearekin batean sorraraziko da tasa, edo ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako inguruabarretako bat gertatzen denean.
Subjektu pasiboa
5. artikulua. Pertsona natural edo juridikoak daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera, lizentzia ematen bazaie jarduera batean aritzeko edo hura irekitzeko.
Tarifak
6. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.
7. artikulua. Interesdunak espres uko egiten badio eskatutako lizentziari, tasa %50 merkatuko da.
Kudeatzeko arauak
8. artikulua. Lizentzia erdiesteko interesa duten pertsonek behar den eskabidea aurkeztuko dute Beraskoaingo Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduerak eta kokalekua zehaztuta; dokumentazio hau gehituko diote:
a) Jarduera sailkaturako lizentzia: 5 ale.
b) Jarduera kaltegaberako lizentzia: 3 ale.
c) Irekitzeko lizentzia:
-Obra bukaerako ziurtagiria:
Obra bukaerako ziurtagiria, zuzendaritza fakultatiboak emana eta lanbide elkargoek ikus-onetsia. Jatorrizkoa aurkeztuko da.
Ziurtagiri horrek honako hauek jasoko ditu:
Obra bukaeraren aurrekontua.
Zein proiekturi jarraituz tramitatu zen lizentzia, jarduera sailkatuaren gaineko neurri zuzentzaileak harekin bat gauzatu izanaren ziurtagiria. (aldaketarik sartu bada, haien deskribapena eta dagozkien araudiak bete direla frogatzea).
Obra bukaerako planoak: kokalekua, solairuak eta fatxadak. (Aldaketarik egin bada, haiek Udal Planeko araudiari eta sektoreko gainerako araudiei jarraituz egin direla frogatzea).
Bestelako ziurtagiriak:
.Ebroko Ur Konfederazioaren baimena beharrezkoa izanez gero, haren kopia.
.Itzalgailuak paratuz gero:
Enpresa hornitzailearen ziurtagiria, itzalgailuaren mota eta modeloa jasotzen dituena.
Paratu den itzalgailuaren homologazioaren ziurtagiria, mota eta modeloa jasotzen dituena.
.Sua ebakitzeko RF ateak paratuz gero:
Enpresa hornitzailearen ziurtagiria, atearen mota eta modeloa jasotzen dituena. Paratu den atearen homologazioaren ziurtagiria, mota eta modeloa jasotzen dituena.
Behar diren ziurtagiri guztiak, neurri zuzentzaileak araudiei egokitzen zaizkiela frogatzearren. (Irekitzeko lizentziaren eskaeran harremanetarako telefono bat jarriko da, obrak ikuskatzeko hitzordua finkatzearren).
9. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak borondatezko kobrantza aldiaren barrenean ordaindu beharko du haren zenbatekoa, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.
10. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute dagokien araudian ezarritako epe eta arauen arabera; hala gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute, eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.
Arau-hausteak
11. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara emandakoan.
Bigarrena.-Ordenantza fiskal hau aldatzeko, onespenerako jarraitu diren tramite berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.
Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.
ERANSKINA
Tarifak
I. epigrafea.-Jarduteko lizentzia edo jarduteko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4D eranskinean zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak: 200,00 euro.
II. epigrafea.-Jarduteko lizentzia edo jarduteko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4A, 4B eta 4C eranskinetan zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak: 400 euro.
III. epigrafea.-Establezimenduen lehen instalazioko eta irekitzeko lizentzia.
Lehen 50 m²-ak, m² bakoitzeko: 3,8 euro. 51 m²-tik 100 m²-ra, m² bakoitzeko: 3,6 euro. 101 m²-tik 400 m²-ra, m² bakoitzeko: 2,8 euro. 400 m² baino gehiago: m² bakoitzeko: 2,5 euro.
Beraskoainen, 2008ko uztailaren 1ean.-Alkatea, José Javier Fernández Sola.
Iragarkiaren kodea: L0811890