10. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskala, Hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

2007ko 151. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 5ean, eman zen argitara Hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren hasierako onespena.

Jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, onetsitako ordenantza fiskalaren testu osoa ematen da argitara, 2008ko urtarrilaren 1ean indarra hartuko baitu eta ondorio juridikoak sortuko.

ORDENANTZA FISKALA, HIRI HONDAKIN SOLIDOAK ZERBITZUA BILTZEKO ZERBITZUAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskal hau ezarri da Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenen babesean eta beraiekin bat.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xedea da Hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzuaren tasak ezartzea, Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzari jarraikiz.

Ezartzen diren ordainarazpenak, beraz, ikuspegi fiskaletik begiratuta, tasak dira delako 2/95 Foru Legearen 100. eta ondoko artikuluetan aipatzen diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik, martxoaren 2ko 4/1999 Legeak egindako aldaketaren ariora.

III. KAPITULUA

Aplikazio esparrua

3. artikulua. Ordenantza hau, Mairagako Mankomunitatean sarturik dauden Udalen mugapeetan aplikatuko da, baldin eta testu honetan arautzen diren zerbitzuak egiten badira.

Mankomunitateak bere zerbitzuak udal mugapearen zati batean -Kontzeju batean edo zenbaitetan- baizik egiten ez baditu, zerbitzua egiazki zer Kontzejutan egiten den, haiexen mugapeetan baizik ez da aplikatuko.

Aldiz, Mankomunitatekoak ez izan arren, halako entitate edo pertsona batzuek tasa hauen bidez finantzatzen diren zerbitzuak hartzen badituzte haiei ere aplikatuko zaie ordenantza hau.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzu eta jarduerak eskura izateak eta/edo erabiltzeak dakar zergagaia. Horiek ondotik heldu dira, zerrenda batean, eta tasak sorrarazten dituzte, hori guztia Hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzari jarraikiz.

1. Hiri hondakinen nahitaezko harrera zerbitzuaren eskuragarritasuna eta/edo erabilpena, Hondakinei buruzko Legearekin eta Mairagako Mankomunitatearen Hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzarekin bat.

2. Industri hondakinen aldi baterako bilketa zerbitzua ematea.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua. 1. 4. artikuluko 1) atalean definitzen den zergagaiari loturiko tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibotzat hartuko dira pertsona fisiko zein juridikoak, heredentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bertzelako erakundeak, baldin eta edozein titulu dela bide, etxebizitzak, egoitzak, saltokiak eta dendak okupatzen edo erabiltzen badituzte, haien alde nahitaezko zerbitzu orokorra ezarriz gero.

2. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 104.2 a) artikuluaren arabera, zorduna ordezten duten subjektu pasiboak dira Udal bakoitzeko Katastroko Erregistroan edo eraikin horien Hirilurren Aberastasunaren Erregistro Fiskalean jabe gisa agertzen direnak. Haiek, kasuan kasuko onuradunei erasaten ahalko dizkiete kuotak.

3. 4. artikuluko 2) atalean definitzen den zergagaiko tasak direla eta, nork egiten duen zerbitzu hori hartzeko eskaera, huraxe izanen da subjektu pasiboa.

4. Pertsona fisikoek zein juridikoek aurrera eramandako ustiapen edo ekonomia jarduerek sorturiko zorra, edozein kontzepturengatik haien titulartasunean edo erabileran beren ondorengo direnei eskatzen ahalko zaie.

Behin borondatezko ordainketarako epea amaiturik, hartzaileak eta emaileak, bien artean, aurre egin beharko diote zorrari.

Norbaitek ustiategi edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi badu, gaurko titularrak aldez aurretik baietza emandakoan, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondoriozkoak diren tributu-zorren ziurtagiri zehatza.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. Ordainarazpen honen zerga-oinarri dira:

a) 4. artikuluaren 1) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kuota finkoa, zerbitzu zer higiezini egiten edo eskura jartzen zaion, haren erabileren ariora, eta urez kontsumitutako metro kubikoen ariora kontagailuz neurtuta edo bertze bide teknikoki onargarriren baten bitartez zenbatetsita. Erakinak ur kontagailurik ez badu, metro kubiko batzuk egotziko zaizkio: Mairagako Mankomunitatearen instalazioetatik hornituta erabilera bera duten eraikinetako ur kontsumo errealen batez bestekoa, alegia.

b) 4. artikuluaren 2) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kuota finkoa, bildutako hondakinen pisuaren ariora, kilogramotan zehatz-mehatz neurtuta eta teknikoki onargarri diren prozedura baten bitartez kalkulatuta edo zenbatetsita.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean Mairagako Mankomunitatearen batzarrak onetsiko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren parte direlarik.

VIII. KAPITULUA

Kuotak

8. artikulua. Tributu-kuota izanen da zergapeko egintza bakoitzari bere tarifa aplikatzearen ondorioz ateratzen den emaitza.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espresuki aipatzen direnak izanen dira onartuko diren salbuespen eta hobari bakarrak.

X. KAPITULUA

Sorrarazpena

11. artikulua. Ezarritako tasak sortuko dira hiruhileko natural bakoitzaren egunean, erran nahi baita zerbitzua eskura jartzen edo ematen den egunean, salbu eta uraren zerbitzuko metro kubikoei dagokiena, hori sortuko baita ur kontsumoak egiten diren unean berean.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak ordainaraziko dira hiruhilero, aldez aurretik edo hiruhilekoa iraganda.

XII. KAPITULUA

Dirubilketa

13. artikulua. 1.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 86. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, 4.1 artikuluan ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabekotzat" hartuko dira.

2.-Ezarritako tasek sortzen dituzten tributu-zorrak, 12. artikuluaren arabera ordainarazi eta gero eta iragarkien bidez aditzera eman ondoren, ordaindu behar diren hiruhileko naturalaren hirugarren hilabetearen azken egunean isilbidez jakinarazitzat hartuko dira. Egun horretatik aitzina, 30 egun baliodun izanen dira borondatezko aldian ordaintzeko.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren egunetan ordainarazpenen zerrendak prest ez badaude, Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratzen diren egunetik aitzina hasiko da kontatzen borondatezko aldia.

14. artikulua. 13. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, luzapen aldian ordaintzen ahalko dira eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legeak eta aplikatzen ahal diren gainerako legeek ezartzen dituzten errekarguekin.

Epe hori zorrak ordaindu gabe iraganez gero, premiamendu bidez ordainaraziko dira, non Mankomunitateak ez duen hura erregelamenduzko gerorapena egiteko baimena eman.

15. artikulua. Tributu zorren ordainketa honela egiten ahal da:

a) Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboendako, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboendako, edota helbideratua izan arren edozein arrazoirengatik zorrak ordaindu gabe geratu diren kasuetan, Mankomunitatearen diruzaintzan, edota honek kobraketarako gaitu ditzakeen banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 93. eta ondoko artikuluetan arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Orain arte ezarritako arau guztiak indarrik gabe gelditu dira, baldin eta maila bereko edo ttikiagokoak badira eta ordenantza honetako xedapenei aurka egiten badiete, haiekin bat ez badatoz edo bateraezinak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek 2008ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta Mankomunitatearen Batzar Orokorrak indargabetzen edo aldatzen ez duen bitartean indarrean jarraituko du.

Tafallan, 2008ko urtarrilaren 15ean.-Mankomunitateko burua, Maite Mañú Echaide.

I. ERANSKINA

Hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzuko tasen tarifak

1.-4. artikuluko 1) ataleko zergapeko egintzak:

Zerbitzua egiten edo eskura jartzen zaion higiezinak duen erabileraren arabera, hauek izanen dira hiruhileko guztietako kuota finkoak eta higiezin horretan metro kubiko bat ur kontsumitzeagatik ordainduko den tarifa:

1.-Etxebizitzak eta lokalak, J.E.Z.ari lotu gabekoak.

9,42 euro

0,1995079

2.-Denda txikiak, janari dendak kenduta.

-Bulegoak, 6 enplegatu baino gutxiagokoak.

-Gastronomi elkarteak, 20 bazkidekoak gehienez ere.

-Etxebizitzak, bertan edozein jarduera profesional egiten bada.

14,79 euro

0,2807899

3.-Gastronomi elkarteak, 20 bazkide baino gehiagokoak.

-Bulegoak, 7 lagun baino gehiagokoak.

-Lantegiak, 6 enplegatu baino gutxiagokoak.

-Ostatuak

-Zinemak

-Aisiarako lokalak eta gisakoak

26,61 euro

0,2807899

4.-Komunitateak, 10 lagun baino gehiagokoak.

-Negozioak, 7tik 30 lagunera bitartekoak

-Lantegiak, 7 enplegatu baino gehiagokoak

-Jatetxeak

-Ostatu-jatetxeak

-Industriak

-Dantzatokiak

-Pubak

-Elikadura orokorreko saltokiak, 3 enplegatu edo gutxiago dituztenak

44,31 euro

0,2807899

5.-Elikadura orokorreko saltokiak, K enplegatu dituztenak, K>3 izanik)

44,31 x K/3 euro

0,2807899

6.-Egoitzak eta zahar etxeak

44,31 euro

EZ

7.-Udalaren kirol instalazioak

44,31 euro

EZ

2.-4. artikuluko 2) ataleko zergapeko egintzak:

Bildutako kilogramo bakoitzari aplikatuko zaion tarifa 0,375 euro/tona izanen da.

Iragarkiaren kodea: L0800365