10. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrari izateko bi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzekoa. Lanpostu horietako batek betekizun gisa du euskara jakitea.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2007ko abenduaren 17an egindako bilkuran, Erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

1. Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrari izateko bi lanpostu huts -horietako batek betekizun gisa du euskara jakitea- lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea. Haien hautapena ondoren aipatzen diren oinarrien arabera eginen da.

2. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, 2007ko abenduaren 17an.-Jarduneko Lehendakaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Deialdia, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrari izateko bi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzekoa. Lanpostu horietako batek betekizun gisa du euskara jakitea

OINARRIAK

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko administrari izateko bi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzea. Lanpostu horietako batek baldintza gisa du euskara titulu ofiziala izatea.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honetan honakoak izanen dira arau: Nafarroako Parlamentuan lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko Erregelamendua (21. NPAO, 2007ko martxoaren 7koa) eta 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua; horien osagarri izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatu eta betearazteko eman zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena.

1.3. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiek Nafarroako Parlamentuko funtzionarioentzat eta, bereziki, administrarien kidegoarentzat ezarritako eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

Eginkizun horiek, orokorrean, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 8.3. artikuluan daude ezarrita administrarien kidegoarentzat: exekuzio-, laguntze- eta izapidetze-lanak egitea, Legebiltzarreko organoei laguntza administratiboa ematea; halaber, mekanografia- eta artxibo-lanak gauzatzea, oinarrizko kalkuluak egitea, kontabilitate liburuak edukitzea eta antzeko beste batzuk.

Era berean, eta modu zehatzagoan, Nafarroako Parlamentuko administrazioko antolamenduari buruzko 1992ko azaroaren 9ko Erregelamenduak zerbitzu bakoitzari esleitzen dizkion eginkizunetatik, atxikita dauden zerbitzuari eta mailari dagozkien eginkizunak:

Erregistro orokorra kudeatzea eta jendeari harrera egitea; parlamentu-kudeaketarekin zerikusia duten eginkizun administratiboak, esaterako deialdiak, gai zerrendak, jakinarazpenak, erabakien transkripzioa, aktak eta abar; kontratazio-espedienteekin (obrak, mantentze-lanak eta langileen kudeaketa) zerikusia duten eginkizunak; espediente parlamentarioak nahiz administratiboak eta Legebiltzarreko Zerbitzu Orokorretan sortutako gainerako dokumentazioa artxibatzearekin eta gordetzearekin zerikusia duten eginkizun administratiboak.

Hurrengo gaien kudeaketarekin eta hedapenarekin zerikusia duten eginkizun administratiboak: Legebiltzarreko liburutegiko funts bibliografikoa eta artxiboa; parlamentarien, Legebiltzarreko organoen eta administrazio parlamentarioaren zerbitzura dagoen dokumentazio sistema; beste erakunde eta entitate batzuekiko dokumentazio- eta argitalpen-trukeak; harrera eta liburuen mailegua, eta Legebiltzarreko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuan sortutako gainerako dokumentazioa.

Eginkizun administratibo horiek, gehienetan, baliabide informatikoen bidez egiten dira, eta, horretarako, ofimatikako tresnak eta bestelako aplikazioak oso ongi ezagutu eta erabiltzen jakin behar da.

Euskaraz jakitea beharrezkoa den administrari lanposturako izendatzen den pertsonari, beharrezkoa denean, bere eginkizunak euskaraz betetzea egokituko zaio, eginkizunak hala gauzatzen direnean edo eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean euskaraz jakitea.

1.4. Lanpostuak C mailakoak dira eta lansariak maila horri dagozkionak izanen dira, eta Nafarroako Parlamentuko plantilla organiko indardunean zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.

1.5. Lanaldia goiz eta arratsaldekoa izanen da, eta Parlamentuko organo eskudunek edonoiz aldatu ahal izanen dute.

1.6. Deialdi honetako lanpostuei geroago beste zenbait gehitzen ahalko zaizkie, alegia, epaimahai kalifikatzaileak lehiakideen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik daudenak.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, lanpostu huts horiek lekualdatze lehiaketaren bidez beteko dira. Lehiaketa horretan parte hartu ahal izanen dute jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Nafarroako Parlamentuko, Comptos Ganberako eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioek, betiere eskaerak aurkezteko epea amaitzean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) C mailako funtzionarioa izatea.

b) Goi Mailako Batxilergo, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo haien baliokidea den titulu baten jabe izatea.

c) Administrari zein administrari-ofizial lanpostu baterako izendatua izana, edo antzeko lanpostu baterako, baldin eta eginkizun nagusien artean deialdi honetako 1. oinarriko 3. idat-zatikoak baditu.

d) Euskaraz jakitea berariazko baldintza den lanpostua eskuratu nahi bada, honako titulu hauetakoren bat izatea: euskarazko gaitasun agiria (goi zikloa), hizkuntza eskola ofizial batek emana, EGA titulua, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) euskarazko 5. maila egiaztatzeko eginiko probak gainditu izanaren ziurtagiria, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, euskararen jakintzan 5. maila egiaztatzen duen proba bat gaindituko beharko da; proba hori NAPIk eginen du, izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu aurretik.

2.2. Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.

2.3. Aurreko baldintzak deialdi honen 3. oinarrian ezarritako epe eta eran egiaztatu beharko dira. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. arau honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak hautapen prozesuak iraun bitartean bete beharko dituzte. Hautapen prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3. oinarria.-Eskaerak eta aurkezteko epea.

3.1. Lekualdatze lehiaketan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera, eskabide gisa, eredu ofizialaren araberakoa (deialdi honen II. eranskinean ageri da), aurkeztu beharko dute, eta bertan ondokoak azaldu: izen-abizenak, adina, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, helbidea eta telefonoa, izanez gero.

3.2. Eskaerari honakoak erantsi beharko zaizkio:

-Izangaiak deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituela egiaztatzeko ziurtagiriak.

-Alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua, I. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, eta horien ziurtagiriak, behar bezala kautotuak.

-Euskara berariazko baldintza den lanposturako, honakoak: gaitasun agiria (goi zikloa) edo aurreko 2.1. d) oinarrian adierazitako balio bereko tituluren bat, edo, bestela, izangaiak adieraztea euskararen jakintzan 5. maila baduen erakutsiko duen proba egin nahi duela.

3.3. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Parlamentuko lehendakari txit garaiari zuzenduko zaizkio, eta Nafarroako Parlamentuko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetakoren batean. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrendan, onartutako izangaien izen-deiturak agertuko dira.

4.2. Interesdunek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren aurka, eta, akatsik izan bada, horiek zuzendu, betiere zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epean.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, Parlamentuko Mahaiak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazten duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.4. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hautagai bakarra ere onartuko ez balitz, lehiaketa eman gabe utziko litzateke.

4.5. Bazterturiko izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko da.

5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailearen kideak, eraketa eta jarduna.

5.1. Hauek dira lehiaketa epaitu behar duen epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Javier Fortún Pérez de Ciriza jauna, Liburutegi, Artxibo eta Dokumentazio Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Carlos Gil Martínez jauna, Nafarroako Parlamentuko Prentsa, Argitalpen eta Protokolo Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak izendatutako kide bat.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak izendatutako kide bat.

Idazkaria: Francisco del Cerro Paúl jauna, Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Orokorretako burua.

Ordezkoa: Silvia Domenech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

5.2. Epaimahai kalifikatzailea izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost egunetako epean eratu beharko da.

Horretarako, kideen gehiengoak bertan egon beharko du.

5.3. Epaimahaiak jardun ahal izateko, kideen gehiengoak bertan egon beharko du.

Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartu beharko dira, eta epaimahaiko burua kalitateko botoaz baliatu ahalko da.

5.4. Langileen Batzordeak izendatutako kideak nor diren Parlamentuko lehendakariari jakinarazi beharko zaio behin-behineko zerrenda edota, haren beharrik ez balego, behin betiko zerrenda argitaratu ondorengo bi egunetan. Izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.5. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak ebatziko ditu.

6. oinarria.-Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Nafarroako Parlamentuan lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko Erregelamenduko 5.1 artikuluan xedatuarekin bat, alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak deialdi honen I. eranskinean azaldutako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

6.2. Merezimendu guztiak izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketan parte hartzeko bere eskabidea aurkezten duen unean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dira.

Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu epaimahaiak.

6.3. Epaimahaiak ezin izanen du baloratu, inola ere, alegatu ez den eta agirien bidez frogatu ez den merezimendurik, ez eta atal bakoitzean zehazturiko gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

6.4. Lehiakideen puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiakide zaharrenaren alde eginen da.

6.5. Merezimenduak kalifikatu ondoren, epaimahaiak izangaiek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean, eta bost eguneko epea irekiko du interesdunek beren eskubidearen mesedetan balorazio horri buruz komeni zaiena alega dezaten. Iragarpen horretan jakinaraziko da, era berean, proba praktikoa eta txosten psikoteknikoa non, zer egunetan eta zer ordutan eginen diren.

7. oinarria.-Lanpostuaren eduki eta eginkizunei eta Nafarroako Parlamentuaren gaineko ezagutzari buruzko proba praktikoa.

Bi ariketa egin beharko dira, idatziz; bi ordu izanen dira, gehienez ere, ariketa bakoitza egiteko. Ariketa bakoitzeko hamar puntu lortu ahalko dira, eta proban, guztira, hogei puntu lortu ahalko dira gehienez.

Lehenbiziko ariketan, zenbait galderaren bidez, honakoen ezagutza baloratuko da: Foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legea, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua eta Nafarroako Parlamentuko administrazioko antolamenduari buruzko Erregelamendua.

Bigarren ariketa proba praktiko bat izanen da, Nafarroako Parlamentuan administrari lanean ohikoa den oinarrizko informatikaren inguruko funtsezko ezagutzei buruzkoa: hardwarea, softwarea (Word, Access eta Excel) eta Windows sistema eragilea, bai eta Internet (Explorer) eta posta elektronikoa ere (Outlook).

Lehiaketaren epaimahai kalifikatzaileak egoki ikusiz gero, ariketak ahoz defendituko dituzte izangaiek, eta agerraldi horren xede izan daitezke, halaber, aurkeztutako merezimenduen eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietarako egokitasunaren inguruko galderak.

Proba hori baztertzailea izanen da eta, bi ariketak kontuan hartuta, 10 puntu beharko dira, gutxienez, gainditzeko.

Proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa lehiaketaren gainerako ataletan lortutakoari gehituko zaio, haietako bakoitzaren puntuazio osoa zehazteko.

8. oinarria.-Txosten psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, proba praktikoa egin ondoren, lehiakide bakoitzari buruzko txosten psikoteknikoa eginen du, eta bertan baloratuko du bakoitzaren egokitasun pertsonala deialdiaren lanpostuaren izaera eta ezaugarrietarako. Txosten horretako gehieneko puntuazioa hamabi puntukoa izanen da, eta izangai bakoitzari emandako puntuazioa loteslea izanen da lehiaketako epaimahai kalifikatzailearentzat.

9. oinarria.-Izangaien zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.

9.1. Epaimahaiak izangai guztien kalifikazioa emanen du eta izangaien zerrenda igorriko dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, bereiziz euskara titulua eskatzen den lanposturako izangaien zerrenda eta baldintza hori eskatzen ez den lanposturako zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera ordenatuta. Mahaiak, hala behar izanez gero, hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeko behar den erabakia hartuko du. Halaber, Mahaiak zerrenda hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak puntuaziorik handiena lortu duten izangaiei esleituko dizkie lanpostuak, eta haien izendapenak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen aginduko du.

10. oinarria.-Lanpostuak hartzea.

10.1. Izendapenari buruzko erabakia jakinarazten zaienetik, izendatutako lehiakideek hamar egun naturaleko epean hartu beharko dute lanpostua.

10.2. Aipatu epean, aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duen lehiakideak lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da eta, hala izanik, aurreko oinarrian adierazi zerrendan hurrengo den izangaiarekin beteko da lanpostua.

11. oinarria.-Aurkeztutako agiriak.

11.1. Izangaiek aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte, halaxe eskatu ondotik; betiere, erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Hiru hilabeteko epea izanen da agiriak berreskuratzeko eskaera aurkezteko; aurretik, ordea, beste hiru hilabete utzi beharko dira pasatzen izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

11.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

11.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratzen ahal dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdi honetako oinarrien, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-helegitea, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

Parlamentuko lehendakariak edo epaimahai kalifikatzaileak deialdi hau aplikatzeko gauzatzen dituzten gainerako egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta, biharamunetik kontatzen hasita, hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balorazioa deialdia argitaratzen den egunean izangaiak onarturik duen antzinatasunaren arabera eginen da, puntu bat urte bakoitzeko.

-Oharrak:

Lehena.-Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzionalki dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

Bigarrena.-Letra honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.

Hirugarrena.-Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Laugarrena.-Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Bosgarrena.-Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den aldietako zerbitzuak, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietakoak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartu izana: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 irakastordu), gehienez ere 7 puntu eskuratu arte.

-Oharrak:

Lehena.-Baloratu beharreko prestakuntza ekitaldien ikastordu zatikiak hainbanatuko dira.

Bigarrena.-Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriak kreditu batekoak izanen balira bezala baloratuko dira.

Hirugarrena.-Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukoak balira bezala baloratuko dira.

Laugarrena.-Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekitaldietan parte hartzea puntuazio berarekin puntuatuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatuak sartuko dira.

Bosgarrena.-Atal honetan ez dira baloratuko ikasketa titulu bat, unibertsitatekoa nahiz unibertsitatez kanpokoa, lortzeko ikasketak.

2) Kongresu edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka jasotako edo sarituriko zientzia edo ikerketa lanak egin izana, eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana, bai eta argitaratutako itzulpenak ere. gehienez ere lau puntu, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere, lau puntu. Epaimahai kalifikatzaileak balioetsiko du, haien iraupenaren arabera.

-Oharrak, b) letra osoari buruzkoak:

Lehena.-Kontzeptu honetan aintzat hartuko dira, soilik, deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten merezimenduak.

Bigarrena.-Letra honi dagokion puntuazioa gehienez ere 15 puntukoa izanen da.

c) Bestelako merezimenduak. Epaimahaiak ondokoak baloratuko ditu (gehienez ere 5 puntu):

1. Deialdian eskaturiko titulazioaz bestelako goi mailako tituluak: 1 puntu, gehienez.

2. Deialdian eskaturiko titulazioaz bestelako erdi mailako tituluak: 0,50 puntu, gehienez.

3. Doktore gradua: 1 puntu, gehienez.

4. Euskara eta beste hizkuntza batzuk jakitea: 1 puntu, hizkuntza bakoitzeko.

Oharrak c) letrari buruz:

Lehena.-Hizkuntzen jakite-maila hizkuntza eskola ofizial bateko ziurtagiriarekin egiaztatu beharko da, edo entitate publiko baimendu batek luzatutako ziurtagiriarekin, non titulazioa edo lortutako maila agertu beharko baita.

Bigarrena.-Gainditutako hizkuntza ikasmaila osoen kasuan edo titulazio ofizialik lortzeko adinakoak ez diren unibertsitate-ikasketen kasuan, epaimahaiak erabaki dezake titulazioari eman beharreko puntuazioaren araberako puntuazio proportzionala ematea.

II. ERANSKINA

Deialdian parte hartzeko eskaera

Izen-deiturak: ..........................., NAN zenbakia: ............... Noiz eta non jaioa: 19 ....(e)ko ...............aren ..............(e)an, (adinez nagusia), ................n jaioa. Helbidea (kalea, zenbakia, solairua eta posta kodea): ............................, telefono zenbakiak (finkoa eta mugikorra): ............ eta .............

AZALTZEN DUT:

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 20 ....ko ..........aren ............(e)an hartutako erabakiaren berri izan dut; haren bidez, bi administrari lanpostu huts betetzeko lekualdatze lehiaketarako dei egin da, eta txanda honetan parte hartu nahi dut:

f Gaztelania

f Euskara

Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren betebehar guztiak betetzen ditut eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean.

Hizkuntza-nahikotasuna frogatzeko proba egitea eskatzen dut, deialdian ezarritako ondorioetarako. (Soilik euskarazko txandan parte hartu nahi dutenentzat, baldin eta euskaraz badakitela ezin badute frogatu eskatzen den titulazioaz).

Horrenbestez,

ESKATZEN DUT:

Eskabide honetan aipatzen den lekualdatze lehiaketan onartua izatea. Deialdian eskatutako agiriak eta alegatzen ditudan merezimenduen ziurtagiriak gaineratu ditut.

Iruñean, 2008ko ............aren ............(e)an.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LEHENDAKARI TXIT GARAIA.

Iragarkiaren kodea: F0800237