10. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

566/2007 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, basurdeak harrapatzeko baimena ematen duena basurde populazioak nekazaritzari egiten dion kalteagatik berehalako ekintza beharrezkoa den tokietan espezie hori kontrolatzeko metodotzat erabiltzeko. Halaber, aritzeko baldintzak arautzen ditu.

Gaur egun, basurdea oso arazo larria da Nafarroako nekazaritzarako sortzen dituen kalte ugariengatik. Izan ere, Nafarroaren zati handi batean populazio dentsitate handia du. Gainera, espezie horrek zaletasuna du laborantza mota batzuekiko.

Hori dela eta, beharrezkoa da basurde populazioa arautu eta kopuru txikiagoetan mantentzea. Horretarako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman du espezie hori sei hilabetez ehizatzeko.

Hala ere, ehizalditik aparte eta ehiza barrutietako erabilera batzuetarako eremuetan, ehizaldian berean, beharrezkoa da Nafarroan urterik urte behin eta berriro gertatzen diren kalteak berehala konpontzea. Horregatik beharrezkoa da basurde populazioa kontrolatzeko berariazko neurriak hartzea, sorturiko kalteak gutxitzen saiatzeko.

Nafarroako ehiza eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, 39., 40. eta 41. artikuluetan, ehizan aritzeko mugak eta debekuak ezartzen ditu. Baina, orobat, berrogeita laugarren artikuluak aukera ematen du fauna erabiltzeari buruzko debeku batzuk indarrik gabe uzteko, horren xedea osasunerako edo gizakien segurtasunerako, nekazaritzarako edo bestelako basa espezieendako kalte handiak saihestea denean.

Horretarako, berariazko betebeharrak dituzten baimenak ematen ahal dira edo, bestela, animaliak harrapatu eta hiltzeko baldintza eta baliabideak arautzen dituzten orotariko xedapenak ezarri, 17/2005 Foru Legearen 44. artikuluan xedatzen den bezala.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren proposamena ikusirik eta Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 44. artikulua garatuz,

AGINDU DUT:

1. Baimentzea basurdeak harrapatzea, espezie horrek nekazaritzari egiten dion kaltea saihestearren. Hona hemen baimenaren baldintzak:

A) Esparrua. Baimena Nafarroa osoan aplikatzekoa da, ehiza barrutiak, erreserbak, aterpeak eta eremu libreak barne. Naturgune babestutzat jotzen diren lurrak baimenaren esparrutik kanpo gelditzen dira.

B) Bitartekoak. Populazioak eskopetarik gabeko ehizaldi zakurdunen, ehizaldi zakurdun eta eskopetadunen bidez eta iluntzeko edo gaueko itxaronaldi eskopetadun eta arkudunen bidez kontrolatzen ahalko dira. Azken horietan argi-fokuak erabil daitezke tiro egiten denean.

C) Baimenaren kasuan kasuko aplikazioaren arduradunak, baimenak indarra dueino, memoria bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko bizitza Departamentuan. Horretan, emaitzak, harrapaturiko aleak eta gorabehera interesgarri guztiak zehaztuko dira.

2. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari esleitzea baimena kasuan kasuko aplikazioan garatzea. Horretarako, bere sinaduraren bidez, baimenaren kasuan kasuko aplikazioan ezarritako baldintzak onartu beharko ditu.

3. Prozedura.

A) Kaltea landa-lurretan denean, ehiza barrutia kudeatzeaz arduratzen denak edo, barruti batean ez baldin badago, lurraren jabeak harremanetan jarri beharko du bertako Ingurumenzaintzarekin, parte har dezala eskatzearren.

B) Ingurumenzaintzak ikuskapenaren akta eginen du. Horretan, kaltea eta haren garrantzia, populazioa kontrolatzeko baliabide zehatza, jarduteko eremu zehatzak, epea eta arduraduna azalduko dira. Hala bada, partaideen izen-deiturak eta NANak ere agertuko dira.

C) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak, kasuan-kasuan, baimenduriko baliabideei, denbora eta tokiei, harrapatzen ahal diren aleen gehieneko kopuruari eta jarduketaren arduradunei buruzko baldintzak ezarriko ditu.

D) Ingurumenzaintza arduratuko da baimenaren aplikazio bakoitza horretarako ezarri bezala egin dadin, eta kasu bakoitzerako neurri zehatzak hartzen ahalko ditu.

E) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak kasu zehatz bakoitzerako baldintzak Foruzaingoaren Babes Ekologikoaren Atalari, Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuari, Ingurumenzaintzari eta ehiza barrutiaren titularrari edo ukituriko tokiaren jabeari igorriko zaizkio.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 31n.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0800303