10. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

216/2007 FORU AGINDUA, abenduaren 18koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era arautzen duena.

Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena eman du, foru agindu hau onets dadin. Agindu honen xedea da Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era arautzea.

Lehen Hezkuntzako ikasketen curriculuma ezartzen duen martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako printzipio orokorrek arautu behar dute ikasketa horietan ari diren ikasleak ebaluatzeko prozesua.

Foru agindu honen xedea da 24/2007 Foru Dekretuan ezarritako printzipioak zehaztea, Lehen Hezkuntzako oinarrizko gaitasun, helburu eta edukietarako ebaluazio prozesu egokia definitu nahian.

Ekainaren 19ko ECI/1845/2007 Aginduak, bestalde, LOEk araututako oinarrizko hezkuntzako ebaluazio agiri oinarrizkoen osagaiak ezarri ditu, bai eta ikasleen mugikortasuna bermatzeko behar diren baldintza formalak ere, ebaluazio prozesutik sortutakoak.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatzeko eta mailaz igotzeko era arautzea.

2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ebaluazioaren helburua ikasleen ikaskuntza prozesua baloratzea da, kontuan izanik etapa honetako oinarrizko gaitasunen eta hezkuntza helburuen lorpena, ikasleen gaitasunak eta ikasteko prozesuan egindako lana eta ahalegina.

2. Ebaluazio hori orokorra izanen da, etapako gaitasun oinarrizkoei eta helburu orokorrei dagokien heinean, etengabea, irakaskuntzaren eta ikasleen ikaskuntzaren prozesuan murgildurik eta gelako eguneroko zereginetan sarturik egonen baita, eta generoarekiko sentikorra.

3. Etengabeko ebaluazioak duen izaera hezitzaileak bide eman behar du laguntza neurriak eta curriculuma moldatu eta aberastekoak har daitezen hala behar duten ikasle guztientzat.

4. Ebaluazioa egiterakoan kontuan hartuko dira Lehen Hezkuntzako ikasketetako curriculumaren osagai guztiak, martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuan araututakoak.

5. Arloetako ebaluazio irizpideak funtsezko erreferente izanen dira oinarrizko gaitasunen lorpen maila eta helburuen lorpen maila baloratzeko.

6. Irakasleek ikasleen ikaskuntza ebaluatuko dute, bai eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ere.

3. artikulua. Kalifikazioen eskala.

1. Kalifikazioaren bidez ikasleei kategoria bat ematen zaie eskala baten barnean, ebaluazio prozesuaren emaitzei erreparatuta.

2. Arloetako ebaluazio prozesuko emaitzak zehazteko balioko duen kalifikazio eskala hauxe izanen da: Gutxiegi (G), Nahikoa (N), Ongi (O), Oso ongi (OO) eta Bikain (B).

3. "Gutxiegi" (G) kalifikazioa negatiboa izanen da eta gainerako guztiak, positiboak.

4. artikulua. Irakasle taldea.

1. Irakasle taldea izanen da ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, talde bateko ikasleei irakasleekin lanean ari diren irakasle guztien multzoa.

2. Arlo bakoitzaren ardura duen irakasleak erabakiko du kalifikazioa. Ikasle jakin bati eragiten dioten gainerako erabakiak haren irakasle taldearen adostasunez hartuko dira.

Adostasunik lortu ezean, bereziki kontuan hartuko dira tutorearen informazioa eta irizpidea.

3. Talde bakoitzaren tutoreak, orientazioaren arduradunek aholkaturik, ebaluazio saioak zuzenduko ditu eta horiei buruzko arauak betetzen direla bermatuko du ikasketaburuaren koordinazioaren pean.

5. artikulua. Ziklo hasierako ebaluazioa.

1. Ziklo hasierako ebaluazioaren bidez informazioa bildu behar da ikasleen ezaugarriak jakiteko eta hezkuntzaren esku-hartzea planifikatzeko. Horretarako, ikastetxeek, ikasturteko lehen hilabetean, hasierako ebaluazio bat eginen dute ziklo bakoitzaren hasieran.

2. Ebaluazio horrek barnean hartuko ditu bai aurreko zikloaren amaierako ebaluazio txostenen azterketa bai tutoreak ikasturte hasieratik bildutako beste edozein informazioren azterketa.

3. Ikasketaburuak, taldearen tutorearekin koordinaturik, ebaluazio saio baterako deia eginen du. Saio horretan ikasleen egoeraren berri emanen da eta beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartuko dira aniztasunari erantzuteko.

4. Hartutako erabakiak ikasketa espedientean jasoko dira.

5. Hasierako ebaluazio horrek garrantzi berezia izanen du etapako lehen kurtsoan. Ebaluazio horretan kontuan hartu behar da Haur Hezkuntzako ikasketei buruzko banakako txostenaren edukia.

6. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.

1. Ikasleek eskubidea dute beren lana, ahalegina eta eskola errendimendua ebaluatu eta objektiboki aitortu diezazkieten. Eskubide hori bermaturik egon dadin, tutoreek, ikasturte hasieran, arlo bakoitzeko helburuak, oinarrizko gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak azaldu behar dizkiete ikasleen guraso edo legezko ordezkariei, ikasturte hasierako bileran edo ikastetxeak ezartzen dituen bideetatik.

2. Zikloko kurtso bakoitzean, etenik gabe, irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko informazioa bilduko dute behaketa sistematikoaren, lanen balorazioaren eta berariazko proben bidez, ikaskuntza horren jarraipena errazteko eta ikasleei hobeki ikasten lagunduko dieten egokitze-, curriculum- edo/eta antolamendu-neurriak ezartzeko.

3. Ziklo hasierako ebaluazioaz gain, ikasturte guztietan hiru ebaluazio saio eginen dira, bat hiruhileko bakoitzean. Tutoreak koordinatuko ditu eta ikasle taldearekin ari diren irakasle guztiek hartuko dute parte.

4. Saio horietan ikasleen ikaskuntza prozesua baloratuko da, emaitza akademikoak aztertuko dira, taldea bere osoan aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz. Aurreko ebaluazio saioetan hartutako erabakien balorazioa ere eginen da.

5. Saio horietan, etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak ikasleen kalifikazioa erabakiko du bere arloan. Gainera, ikasketa graduari buruzko oharrak eta garrantzitsutzat jotzen diren beste alderdi guztiei buruzkoak eginen ditu. Tutoreak ikasketa espedientean jaso behar du hiru hilean behingo ebaluazioari dagokion informazioa.

6. Ebaluazio saio bakoitza amaiturik, tutoreak guraso edo legezko ordezkariei idatzizko informazioa emanen die beren seme-alaben errendimenduaz, familiei bidali behar zaien ebaluazio txostenaren bitartez. Informazio horren osagarri, ikasturte bakoitzean buruz buruko bi elkarrizketa egin behar dira, gutxienez ere, ikasle bakoitzaren aita, ama edo legezko ordezkariarekin, ezertan ukatu gabe ikastetxe pribatuak sortu eta antolatzeko eskubidea.

7. Etengabeko ebaluazio prozesuan, ikasleren batek ez duela behar bezala aurrera egiten ikusten bada, aniztasunari erantzuteko neurri egokiak ezarriko dira, guraso edo legezko ordezkariak jakitun jarri ondoren. Neurri horien bidez, ikasleek hezkuntza prozesuan jarraitzeko behar adina ikas dezaten lortu behar da.

8. Ziklo bateko azken kurtsoa ebaluatzen denean, ziklo amaierako ebaluazioa egin behar da aldi berean. Ikasturteko hirugarren hiruhilekoko ebaluazio saioan egin daiteke. Saio horretan ikasleek nola egin duten aurrera baloratuko da, ikaskuntza prozesuan jarraitu ahal izatea bermatzeko erabakiak hartuko dira eta arlo guztietako kalifikazioak emanen dira. Halaber, ikasle bakoitza hurrengo ziklo edo etapara igaroko den ala ez erabakiko da. Kalifikazioak jarri ondoren, ziklo amaierako ebaluazio akta itxiko da.

7. artikulua. Ebaluazio agiriak.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio agirietan jasoko da.

2. Honako hauek dira Lehen Hezkuntzako ebaluazio agiriak:

-Ikasketa espedientea

-Familiei igortzeko ebaluazio txostena

-Ziklo amaierako ebaluazio akta

-Ziklo amaierako ebaluazio txostena

-Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala

-Lekualdaketagatiko txosten pertsonala

-Ikasleen ebaluazioaren emaitzen laburpena

3. Ebaluazio agirien edukia foru agindu honen I. eranskinean ezarri da.

8. artikulua. Agiriak betetzea eta zaintzea.

1. Ikastetxeko Idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du ikasle bakoitzaren matrikula egin eta gero.

2. Tutorearen ardura izanen da ikasturte bakoitzean hartutako erabakiak eta egindako ebaluazioen emaitzak ikasketa espedientean jasorik uztea.

3. Zikloaren amaierako aktan, etapako azken kurtsoan, hain zuzen ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeari buruzko proposamena jasoko da.

4. Ziklo amaierako ebaluazio akta Lehen Hezkuntzako ziklo guztietan da. Irakasle taldeko kide guztiek sinatuko dute eta zuzendariak ikus-onetsiko du. Sinaduren ondoan sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna agertuko dira.

5. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ematen duen epearen barnean, eta ezartzen den prozeduraren bidez, ikasleen ebaluazioaren emaitzen laburpen agiria igorriko da.

6. Ebaluazio agiriei dagozkien datuak artxibatu eta zaintzearen arduraduna ikastetxeko idazkaria izanen da. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu haiek zaintzeko edo, ikastetxea desagertuz gero, lekualdatzeko.

9. artikulua. Ikasleak mailaz igotzea.

1. Etapako ziklo bakoitza bukatzean, eta ebaluazio prozesuaren ondorioz, talde bakoitzeko irakasle taldeak, ebaluazio saioan bildurik, ikasleak goragoko ziklo edo etapara igarotzeari buruz erabakiko du. Horretarako, bereziki kontuan hartuko dira tutorearen informazioa eta iritzia.

2. Ikasleak goragoko ziklora igaroko dira baldin eta oinarrizko gaitasunei dagokien garapena eta heldutasun maila egokia lortu dituztela irizten bazaio. Mailaz igotzeko baldintza izanen da, halaber, ikasi gabe geratu diren gaiak oztopo ez izatea hurrengo zikloan aprobetxamenduz ikasten jarraitzeko. Kasu horretan ikasleek gai horiek ikasteko behar dituzten laguntzak jasoko dituzte.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ikasleak beste ikasturte bat eginen du ziklo berean. Neurri hori behin bakarrik hartu ahal izanen da Lehen Hezkuntza osoan, eta ikastetxeak antolatutako indartze edo errekuperazio plan berariazkoa gehitu beharko zaio. Tutoreak ikaslearen guraso edo legezko ordezkariekin hitz eginen du erabaki den neurriaren berri emateko, martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuaren 10.5 artikuluan xedatutakoa betez.

4. Oinarrizko gaitasunen garapen nahikoa eta heldutasun maila egokia lortu behar dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeko. Mailaz igotzeko baldintza izanen da, halaber, ikasi gabe geratu diren gaiak oztopo ez izatea hurrengo etapan aprobetxamenduz ikasten jarraitzeko. Kasu horretan ikasleek gai horiek ikasteko behar dituzten laguntzak jasoko dituzte.

5. Aurreko paragrafoan azaldutako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da hurrengo etapara igaro, ez badira agortu 10. artikuluko 1. idatz-zatian eta honako artikulu honetako 3. idatz-zatian aipatutako neurriak.

10. artikulua. Aniztasunari erantzutea.

1. Etengabeko ebaluazio prozesuaren esparruan, ikasleak ez badu behar bezala aurrera egiten, ikastetxeak behar diren neurriak ezarriko ditu aniztasunari erantzuteko. Neurri horiek zikloko edozein unetan hartuko dira, beharrak agertu bezain laster, eta hezkuntza prozesuan aurrera jarraitzeko ezinbestekoa den ikasketa bermatzea izanen dute helburu.

2. Aniztasunari erantzuteko neurriak ezartzerakoan kontuan hartuko dira ikasketak errekuperatzeko behar den denborara egokitzeko irizpideak eta ohiko taldean ahalik gehien integratu eta normalizatu beharra, eta ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesua gehien baldintzatzen duten alderdiak izanen dira neurri horien ardatz.

Curriculumaren egokitzapenekin ikasitako arloak, egokitzapen garrantzitsuak izan edo ez, hiru hilean behin kalifikatu ahal izanen dira 3. artikuluan aipatzen den eskalaren bidez, egokitzapen horietan ezarritako ebaluazio irizpideak erreferente gisa harturik. Gainera, egokitzapen motari buruzko argibidea erantsiko da. Arloaren amaierako ebaluaziorako, ordea, arloko curriculumean ezarritako ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentetzat.

3. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, curriculumeko helburu, eduki eta irizpideetatik nabarmen aldentzen diren curriculum-egokitzapenak egin ahal izanen dira. Kasu horretan, egokitzapenetan ezarritako ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentetzat ebaluazioa egiteko eta mailaz igotzeari buruzko erabakiak hartzeko.

4. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, ziklo berean ikasturte bat gehiago egitea ezertan ere eragotzi gabe, Lehen Hezkuntzako etapan ikastetxe arruntetan egin duten eskolatze aldia beste ikasturte bat luzatu ahal izanen da, baldin eta horrek haien gizarte eta hezkuntza integrazioa errazten badu. Guraso edo legezko ordezkariek erabaki horretan parte hartu behar dute.

5. Hezkuntza sistemara berandu sartu eta curriculumeko gaitasun mailan ziklo bat baino gehiagoko atzerapena izanez gero, ikasleak beren adinari dagokion kurtsoaren aurrekoan eskolatu ahal izanen dira. Behar diren indartze neurriak hartuko dira, ikasle horien eskola integrazioa sustatzeko eta atzerapena berdintzeko. Atzerapen hori gainditzen badute, beren adinari dagokion kurtsora igaro ahal izanen dira.

Adinaren arabera dagokien kurtsora igarotzen ez badira, 9.3 artikuluan ezarritako neurria aplikatu dela ulertuko da (etapan ikasturte bat gehiago egitea).

11. artikulua. Ikasleen lekualdaketak.

1. Ziklo bat amaitu ondoren ikaslea beste ikastetxe batera aldatzen denean bere ikasketak egiten jarraitzeko, jatorrizko ikastetxeak ikastetxe berriari igorri behar dizkio, ikastetxe berriak eskatuta, Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala eta ziklo amaierako ebaluazio txostena, eta ziurtatu egin behar dio historialeko eta txosteneko datuak bat datozela berak gorderik duen espedientearekin.

2. Lekualdaketa hori kurtsoa edo zikloa bukatu baino lehen gertatzen bada, jatorrizko ikastetxeak ikastetxe berriari igorriko dizkio, ikastetxe berriak eskatuta, Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala, ziklo amaierako azken ebaluazio txostena eta ikaslea lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, ikasleari ikastetxe berrirako sarrera eta ikaskuntza prozesuaren jarraipena errazteko.

3. Aurreko bi puntuetan aipatutako informazioa "Educa" aplikazio informatikoaren bidez eskuratu ahal izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eginkizunak dira ebaluazio prozesuan aholku ematea, prozesu hori gainbegiratzea eta ikastetxeei prozesua hobetzeko hartu behar diren neurriak proposatzea.

Bigarren xedapen gehigarria.-Ebaluazio agiriak tresna elektronikoen bidez betetzea.

Ikastetxe publiko eta pribatuek tresna elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio agiri ofizialak, hain zuzen ere "Educa" aplikazio informatikoaren bidez edo datu guztiak formatu bateragarrian biltzea ahalbidetzen duen beste aplikazioren baten bidez.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Erlijio ikasketak.

1. Erlijio katolikoaren arloko ikasketen ebaluazioa Lehen Hezkuntzako beste arloetakoa bezala eginen da eta ondorio berak izanen ditu. Estatuarekin lankidetza akordioak dituzten erlijioei buruzko ikasketen ebaluazioa akordio horietan ezarritakoari jarraituz eginen da.

2. Berdintasun printzipioa eta ikasleen arteko lehia librea bermaturik egon daitezen, erlijio ikasketen ebaluazioan lortzen diren kalifikazioak ez dira kontuan hartuko ikasketa espedienteen arteko lehia dagoen deialdietan.

Laugarren xedapen gehigarria.-Hezkuntza laguntza.

Erlijio ikasketak hautatzen ez dituzten ikasleentzako hezkuntza laguntza ez da ebaluazio gai izanen eta ebaluazio agirietan ez da haren berri jasoko.

Bosgarren xedapen gehigarria.-Lehen Hezkuntzako ikasketei buruzko banakako txostena.

1. Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloaren amaierako ebaluazio txostena Lehen Hezkuntzako ikasketei buruzko banakako txostena izanen da, martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuaren 13. artikuluan aipatzen den hori.

2. Txosten horretan oinarrizko gaitasunen lorpen maila zehaztu behar da, honako hitz hauen bidez: Ez da lortu, Txikia, Ertaina eta Handia.

Seigarren xedapen gehigarria.-Ikasleen datu pertsonalak.

Ikasleen datu pertsonalak biltzea, ikastetxeek elkarri lagatzea eta datuon isilpekotasuna direla eta, datu pertsonalen babesari buruz indarra duen legerian xedatutakoari eutsiko zaio eta, betiere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.

Zazpigarren xedapen gehigarria.-Ikasketen historiala ematea.

1. Etapa amaitzean, Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala ikasleei emanen zaie, eta kopia bat Bigarren Hezkuntzako ikastetxeari igorriko zaio, hark eskaturik, hirugarren zikloaren amaierako ebaluazio txostenarekin batera. Ikasketen historiala eman den eguna ikasketen espedientean agertuko da.

2. Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala ikastetxearen inprimaki ofizialean eginen da eta zuzendariak ikus-onetsiko du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.-Ebaluazio agiriak tresna elektronikoen bidez betetzea.

Ikastetxe pribatuek, kudeaketarako "Educa" aplikazioa erabiltzeko modurik ez badute, ebaluazio agiriak emateko beren sistemak egokitu beharko dituzte, foru agindu honen aplikazioaren ondoriozko datuak bilduko direla eta jasorik utziko direla bermatzeko.

Bigarren xedapen iragankorra.-Lehen Hezkuntzako ikasketei buruzko banakako txostena.

Lehen Hezkuntzako ikasketei buruzko banakako txostena egiteko, 2008-2009 ikasturtea bukatu arte, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak otsailaren 27ko 172/2007 Ebazpenean ezarritako eredua erabiliko da.

Hirugarren xedapen iragankorra.-Oinarrizko irakaskuntzako eskolatze liburuen baliozkotasuna.

1. Oinarrizko irakaskuntzako eskolatze liburuek indarreko legerian ezarritako egiaztapen ondorioak izanen dituzte 2006-2007 ikasturtearen amaierara arte.

2. Ikasturte hori bukatu ondoren liburuok itxi eginen dira, II. eranskinean dagoen eginbidearen bitartez, eta bete gabeko orrialdeak baliogabetu eginen dira lerro diagonal bat marraztuz. Eginbide hori 29. orrialdetik aurrerako lehendabiziko orrialde bete gabean jasoko da.

3. Lehen Hezkuntzako ikasketen historial berria oinarrizko irakaskuntzako eskolatze liburuaren jarraipena denean, azken hori ikasketen historialari batuko zaio eta liburuaren seriea eta zenbakia jasoko dira bertan. Inguruabar hori ere ikasketen espedientean agertuko da. Eskolatze liburua eta ikasketen historiala batera gorde, lekualdatu eta emanen dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arau indargabetuak.

1. Indarrik gabe uzten da 62/1993 Foru Agindua, martxoaren 31koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko kontseilariak emana, Lehen Hezkuntzako ebaluazioari buruzkoa.

2. Halaber, indarrik gabe geldituko dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko abenduaren 18an.-Hezkuntza kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

I. ERANSKINA

1. Ikasketa espedientean jarri behar dira ikaslea identifikatzeko datuak, ebaluazio prozesuaren gaineko informazioa eta ikastetxe emailearen datuak.

Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: espediente zenbakia, deiturak, izena, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea, eskolaturik egon den ikastetxeak, eta datu mediko eta psikopedagogiko nagusiak. Halaber, guraso edo legezko ordezkarien izen-deiturak, identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia eta telefonoak agertu behar dira.

Hauek izanen dira ebaluazio prozesuaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: etapa, etapako kurtsoa, zikloa, hizkuntza eredua, ikasketak erregulatzen dituen araua, arloen zerrenda, atzerriko zein hizkuntzatan eman diren (hala denean), zein ikasturtetan eman diren, ikastetxearen izena, hasierako ebaluazioko erabakiak, ebaluazio partzialetako kalifikazioak, zikloaren amaierako ebaluazioko kalifikazioa, hurrengo ziklora igarotzeari buruzko erabakia eta horren data, oinarrizko gaitasunen lorpen maila etaparen amaieran, aniztasunari erantzuteko neurriei buruzko informazioa, Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala zein egunetan eman zaion ikasleari, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara sartzeko proposamena zein egunetan egin den. Gainera, ikasturte bat gehiago egiten badu ziklo berean, ikaslea indartze edo errekuperazio plan berariazkoa egiten ari dela adieraziko da eta ikaskuntza prozesuan aurrera egiteko behar diren ohar guztiak emanen dira. Behar denean, eskolatze liburuaren seriea eta zenbakia agertuko dira.

Hauek izanen dira ikastetxe emailea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Familiei bidali beharreko ebaluazio txostenean ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jaso behar dira.

Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: deiturak, izena, egiten ari den etapa, hizkuntza eredua, zikloa, kurtsoa eta taldea.

Hauek izanen dira ebaluazio prozesuaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: egungo ebaluazioa, arloen zerrenda, horietan izandako kalifikazioa, curriculumean egindako egokitzapena, halakorik bada, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Honakoak ere jasoko dira: ikaskuntza prozesuari berari buruzko oharrak, asistentzia eta diziplina hutsegiteen laburpena eta, zikloaren amaierako ebaluazioaren kasuan, hurrengo ziklora edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeari buruzko erabakia.

3. Zikloaren amaierako ebaluazio aktan, berriz, ikastetxea identifikatzeko datuak eta taldea identifikatzeko datuak jarriko dira.

Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

Hauek izanen dira taldea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: ikasturtea, etapa, zikloa, kurtsoa, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen izenen zerrenda eta zikloaren amaierako ebaluazioan arlo bakoitzean lortu dituzten emaitzak, eta hurrengo ziklora edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeari buruzko erabakia.

4. Zikloaren amaierako ebaluazio txostenean ikastetxearen datuak, ikaslea identifikatzeko datuak eta amaitutako zikloa ebaluatzeko prozesuaren ingurukoak jarri behar dira.

Hauek izanen dira ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: deiturak, izena, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea.

Hauek izanen dira amaitutako zikloa ebaluatzeko prozesuaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: etapa, etapako zikloa, ikasturtea, hizkuntza eredua, zikloko arlo bakoitzeko kalifikazioa, eta oinarrizko gaitasunen lorpen maila etaparen amaieran. Halaber, informazioa jaso behar da curriculumaren egokitzapen nabarmenen bidez egindako arloez eta horien curriculum erreferentziaren mailaz, bai eta aniztasunari erantzuteko bestelako neurrien bidez egindako arloez ere.

5. Lehen Hezkuntzako ikasketen historialean ikaslea identifikatzeko datuak, etapako eskolatzeari buruzko informazioa eta ikastetxe emailea identifikatzeko datuak jaso behar dira.

Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: deiturak, izena, jaioteguna, jaio zen herria, probintzia eta herrialdea, guraso edo tutoreen izenak, etapan matrikulaturik egon den ikastetxeak, eta, horietako bakoitzeko, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu zen eguna, ikastetxean baja hartu zen eguna.

Hauek izanen dira eskolatzeari buruzko informazio datuak, gutxienez ere: ikasturtea, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, zikloa, arloen zerrenda, horiek atzerriko zein hizkuntzatan ematen diren, hala denean, arlo bakoitzean lortutako kalifikazioa, curriculuma nabarmen egokituta egindako arloak, halakorik bada, hurrengo ziklora igarotzeari buruzko erabakiak, zein egunetan hartu ziren erabaki horiek, eta zein egunetan egin zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeari buruzko proposamena.

Hauek izanen dira ikastetxe emailea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea, herria eta zuzendariaren ikus-onetsia.

6. Lekualdaketagatiko txosten pertsonalean, ikaslea identifikatzeko datuak, jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak eta ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazioa jaso behar dira.

Hauek izanen dira jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

Hauek izanen dira ikaslea identifikatzeko datuak, gutxienez ere: izena eta deiturak.

Hauek izanen dira ebaluazio prozesu partzialaren gaineko informazio datuak, gutxienez ere: etapa, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua, zikloa eta kurtsoa, kurtsoko arloen zerrenda, haien kalifikazio partzialekin, eta curriculuma nabarmen egokituta egindako arloak, halakorik bada, beren curriculum erreferentzia mailarekin; aniztasunari erantzuteko hartutako beste neurri batzuk, eta ikaslearen aurrerapen orokorrari buruz egokitzat jotzen diren gainerako oharrak.

II. ERANSKINA

Eginbide honen bidez jasorik uzten da ........................... izeneko ikaslearen Oinarrizko Irakaskuntzako eskolatze liburua itxi egin dela ......(e)ko ....................aren ......(e)(a)n, haren ikasketen historiala ireki delako, ekainaren 19ko ECI/1845/2007 Aginduan (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako oinarrizko hezkuntzako ebaluazio agiri oinarrizkoen osagaiak ezartzen dituen agindua) ezarritakoa betez.

Iragarkiaren kodea: F0719943