1. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

299/2007 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2008-2011 bitartean kirol federazioetako hauteskunde prozesuak egiteko arauak onesten dituena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6.2.e) artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko kirol arloko administrazioaren eskumena dela Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea esleitu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

Uztailaren 5eko 15/2001 Foru Lege horren 42.4 artikuluak xedatzen du Nafarroako kirol federazioei, beren berariazko eginkizunez gainera, administrazio arloko eginkizun publiko batzuk ere dagozkiela, delegazioz, eta kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzaile gisa aritzen direla.

Lege horren 49.2.i) artikuluak ezartzen du Nafarroako kirol federazioek, delegazio bidez, federazioetako hauteskunde prozesuak kontrolatuko dituztela, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak koordinaturik eta babesturik.

Bestalde, Nafarroako kirol entitateak eta horien erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuaren 45.1 artikuluak xedatzen du federazioko burua eta batzar nagusiko kideak aukeratzeko hauteskunde prozesuak erregelamendu bidez arautuko direla, ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren printzipioei jarraikiz, kasuko kirol modalitatearen berezitasunen arabera.

45. artikulu horren 2. idatz-zatian zehazten da Foru Komunitateko kirol administrazioak federazioetako hauteskunde prozesuetarako arauak emanen dituela, karguan aritzeko bateraezintasun kausak zehaztuz, deusetan galarazi gabe estatutuetan ezar daitezkeen beste bateraezintasun kausa batzuk.

Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak azaroaren 7an emandako 254/2007 Foru Aginduaren bidez, 2008-2011 bitartean kirol federazioetako hauteskunde prozesuak gidatuko dituzten arauak onesteko legez ezarritako prozedura hasi zen.

Ikusirik segitutako prozedura eta txostenak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 5/2004 Foru Legeak eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 4ko 15/2001 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuei buruzko arauak onestea. Arauok foru agindu honen eranskinean ageri dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehena.-Indarrik gabe utzi da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak urtarrilaren 30ean emandako 25/2006 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, federazioetako hauteskunde prozesuen kontrola Nafarroako kirol federazioen esku utzi zen, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak koordinaturik eta babesturik, eta hauteskunde horiek egiteko arauak eman ziren.

Bigarrena.-Indarrik gabe utzi dira, orobat, foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena.-2008-2011 bitartean, federazioetako hauteskunde prozesuen kontrola Nafarroako kirol federazioen esku uzten da, Nafarroako Kirolaren Institutuak koordinatu eta zaindurik.

Bigarrena.-Federazioaren lehenbiziko Batzar Nagusia osatu eta federazioko lehenbiziko burua hautatzeko, zilegi izanen da kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagai izateko betebeharren berariazko erregulazioa ezartzea. Hala bada, kirol federazioko bultzatzaileak ordezkatzeko eratzen den Kudeaketa Batzordeak eginen du hauteskundeen erregelamendua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Kirolaren Institutuari ahalmena ematen zaio foru agindu honetan xedatutakoa interpretatu eta aplikatzeko.

Bigarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren Institutura, Kirol Zuzendariordetzara eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igorriko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.-Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko abenduaren 13an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuen arauak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu honetako xedapenak Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan izena emana dauden Nafarroako kirol federazioetan aplikatuko dira.

2. artikulua. Hauteskundeak egitea.

1. Nafarroako kirol federazioek Nafarroako kirol federazio bakoitzak eginen duen hauteskunde prozesua arautzeko erregelamendua aurkeztu behar diote Nafarroako Kirolaren Institutuari, hauteskunde prozesua hasi baino hilabete lehenago, gutxienez, foru agindu honetan ezarritakoari loturik. Hauteskunde prozesua ezin hasiko da Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez erregelamendu hura onetsi ezik.

2. Hauteskundeen erregelamenduaren proiektua Zuzendaritza Batzordeak prestatu eta onetsiko du eta federazioaren Batzar Nagusiak berretsiko. Proiektua Nafarroako Kirolaren Institutuari aurkeztuko zaio, onetsi eta hilabeteko epean, luzeenera jota.

3. Nafarroako Kirolaren Institutuak federazioetako hauteskundeetarako erregelamendu guztiak gainbegiratuko ditu eta haien onespenaren gainean ebatziko, eskaera egin eta bi hilabeteko epean; gainera, hauteskunde prozesuak koordinatu eta babestuko ditu. Onespenaren gaineko ebazpen espresurik eman ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da.

4. Gobernu eta ordezkaritza organoak normalean lau urtean behin hautatuko dira. Horien agintaldiak ordezkoek jabetza hartu arte iraunen du eta, beharrezkoa bada, jardunean egonen dira ordurarte.

5. Batzar Nagusiak hauteskunde prozesuaren egutegia finkatuko du; prozesu horrek bi hilabete iraungo du gehienez.

6. Hauteskundeak, ezinbestean, kirol federazio bakoitzari dagokion urte olinpikoan eginen dira. Olinpikoak ez diren federazioek, berriz, udako Olinpiadak jokatzen diren urtean eginen dituzte. Kasu guztietan, dena den, hauteskunde prozesua dagokion urteko uztailaren 1a baino lehen burutuko da. Data horren ondoren egin nahi duen federazioak eskatu egin beharko du, eskabide arrazoitu eta justifikatuaren bidez, eta baimena eman beharko dio Nafarroako Kirolaren Institutuak.

3. artikulua. Hauteskunde zentsua.

1. Hauteskunde zentsuan kirol arloko pertsona eta entitateen datuak agertuko dira. Zentsuan dagokion federazioak emandako ziurtagiria sartuko da, eta horretan Batzar Nagusirako hautesle izateko foru agindu honetan eskatutako beharkizunak betetzen direla adieraziko da.

Federazioak ezartzen badu entitate batzuek lizentzia kopuruarengatik boto gehiago izateko aukera dutela, kirol entitateek zenbat lizentzia dituzten adierazi beharko da hauteskunde zentsuan.

2. Hauteskunde zentsua federazioaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren egoitzetan egonen da ikusgai; erreklamazioak egiteko gutxienez bost egun baliodun izanen dira eta Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu. Egoitza Kirolaren Etxean duten federazioek norberaren bulegoan erakutsiko dute zentsua, baita Kirolaren Etxeko iragarki ohol orokorrean ere.

Zentsuari buruz Hauteskunde Batzordeak ematen dituen ebazpenen kontrako erreklamazioak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari aurkeztuko zaizkio.

Erreklamazioak ebatzi eta hauteskunde zentsua irmo deklaratu ondoren, ezin izanen da hari buruzko inpugnaziorik egin hauteskunde prozesuaren gainerako aldietan.

3. Behin betiko hauteskunde zentsuaren ale bat Nafarroako Kirolaren Institutura igorri beharko da eta bertan geldituko da gordailatua.

4. Zentsuan sartutako pertsona fisikoen kasuan, haien identifikazio pertsonaleko datuak agertuko dira bakarrik: izena, bi deitura, lizentzia zenbakia eta eman zen eguna.

4. artikulua. Hauteskundeen Erregelamendua.

1. Federazioek hauteskundeen erregelamendu bat izanen dute, hauteskundeetarako deia egin aurretik onetsia.

2. Hauteskundeen erregelamenduak ondoko alderdi hauek arautuko ditu, gutxienez:

a) Kasuan kasuko federazioaren Batzar Nagusiaren osaera, estamentu bakoitzaren ordezkari kopurua aipatuta.

b) Hauteskunde Batzordearen osaketa, eskumenak eta funtzionamendua.

c) Baldintzak, epeak, hautagaien aurkezpena eta aldarrikapena.

d) Auziak eta erreklamazioak konpontzeko prozedura.

e) Hauteskunde mahaien osaketa, eskumenak eta funtzionamendua.

f) Hauteskundeei buruzko errekurtsoak aurkezteko bidea.

g) Bozketa egiteko sistemak.

h) Federazioburua hautatzeko arauak.

i) Hauteskundeen egutegia.

j) Batzar Nagusian norbaitek kide izateari utziz gero gertatzen diren hutsuneak betetzeko prozedura.

3. Batzar Nagusian dauden estamentu guztietan, ohikoena izanen da kide bakoitzak boto bat emateko eskubidea izatea. Federazioaren estatutuetan hala jasota badago, boto ponderatua ezartzen ahalko da, estatutuetan finkatzen diren irizpideen arabera.

5. artikulua. Hauteskundeetarako deia.

1. Federazio bakoitzeko buruak eginen du Batzar Nagusirako hauteskundeetarako deia, hauteskundeetako erregelamendua onetsi ondoren, bertan ezartzen den arautegiari eta prozedurari jarraikiz.

2. Deialdia federazioaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren iragarki oholetan jarriko dute ikusgai. Egoitza Kirolaren Etxean duten federazioek norberaren bulegoan erakutsiko dute deialdia, baita Kirolaren Etxeko iragarki ohol orokorrean ere, hauteskunde prozesua hasi baino lehen. Baldintza hori bete ezean, hauteskunde prozesua balio gabe utziko da, eta erantzuleei dagokien erantzukizuna eskatuko zaie, Nafarroako kirol diziplina arautzeko araudiarekin bat. Interneten web-orria duten federazioek bertan ere argitaratu beharko dute deialdia. Nafarroako Kirolaren Institutuak nahi dituen baliabideak erabil ditzake hauteskunde prozesuen zabalkundea egiteko.

3. Deia egin ondoren, Zuzendaritza Batzordea federazioko Batzorde Kudeatzaile gisa eratuko da eta federazioburua jarduneko federazioburu izanen da; hala batak nola besteak administrazio eta kudeaketa lanak baizik ez dute eginen.

4. Aipatu Batzorde Kudeatzaileko kideren bat federazioburu izateko zerrenda batean aukezten baldin bada, Batzordea utzi beharko du aurkeztu baino lehenago edo aldi berean.

Halaber, Batzorde Kudeatzaileak eta federazioko kideek ezin izanen dute hautagai-zerrenda bat bultzatu federazioaren bitartekoez baliatuz.

Betebehar hori bete ezean, erantzukizunak eskatu ahalko dira.

5. Deialdian ondoko alderdi hauek azalduko dira gutxienez:

a) Hauteskunde zentsua.

b) Hauteskundeen egutegia.

c) Federazioko Hauteskunde Batzordearen eraketa.

d) Hauteskundeen Erregelamendua.

6. artikulua. Hauteskundeen egutegia.

1. Hauteskundeen egutegian ondoko alderdi hauen berri emanen da:

a) Hauteskundeen egutegiaren argitalpena eta Federazioko Hauteskunde Batzordearen eraketa.

b) Hauteskunde zentsua argitaratzea eta horren gainean erreklamazioak egiteko epeari hasiera ematea.

c) Zentsuari buruzko erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera eta Hauteskunde Batzordearen ebazpena, zentsuaren gaineko erreklamazioak ebazteko. Zentsuaren behin betiko onespena.

d) Batzar Nagusirako hautagaiak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

e) Batzar Nagusirako hautagaiak aurkezteko epearen amaiera.

f) Batzar Nagusirako hautagaien behin-behineko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

g) Erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera, erreklamazioak ebazteko Hauteskunde Batzordearen ebazpena eta Batzar Nagusirako hautagaien behin betiko aldarrikapena.

h) Hauteskunde mahaiaren izendapena.

i) Nafarroako kirol federazioen batzordeetako kidea izateko hauteskundeetako bozketa egitea eta aktak federazioaren Hauteskunde Batzordera igortzea.

j) Hauteskunde Batzordeak Batzar Nagusirako hautetsien behin-behineko aldarrikapena egitea eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

k) Hauteskunde Batzordearen ebazpena Batzar Nagusirako hauteskundeei egindako erreklamazioen gainean eta batzarkideen behin betiko aldarrikapena.

l) Nafarroako kirol federazioetako buru izateko hautagaiak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

m) Federazioburu izateko hautagaiak aurkezteko epearen amaiera.

n) Federazioko buru izateko hautagaien behin-behineko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

ñ) Erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera, Hauteskunde Batzordearen ebazpena federazioburu izateko hautagaien aldarrikapenari buruzko erreklamazioen gainean eta hautagaien behin betiko aldarrikapena. Federazioburu izateko hautagai bakar bat besterik ez badago, ez da beharrezkoa izanen hauteskundeen egutegi osoa betetzea, eta federazioburua bere karguaz jabetu ahalko da Hauteskunde Batzordearen aitzinean.

o) Batzar Nagusia eratzeko deialdia eta federazioburua hautatzea.

p) Hauteskunde Batzordeak federazioburuaren behin-behineko aldarrikapena egitea eta erreklamazioetarako epeari hasiera ematea. Epe hori gutxienez hiru egunekoa izanen da.

q) Hauteskunde Batzordearen ebazpena, federazioburuaren gaineko erreklamazioei buruzkoa. Hauteskunde Batzordeak emaitzak homologatu eta federazioburuaren behin betiko aldarrikapena.

2. Hauteskundeen egutegian ageri diren epe guztiak, foru agindu honetan egun baliodun gisa finkatzen direnak izan ezik, egun naturalei buruzkoak direla ulertuko da.

3. Batzarreko kideak eta federazioburua aukeratzeko hauteskundeak ezin izanen dira egin eskualdeko lehiaketa ofizialak egiten diren egunetan.

4. Hauteskunde Batzordeak zilegi izanen du hauteskunde egutegia aldatzea, hura ezarri ondoren gertatutako gorabeherak direla-eta, ahalik eta partaidetzarik handiena bultzatzearren. Hauteskundeen egutegia aldatu ahal izateko beharrezkoa izanen da Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimena, eta horretarako Hauteskunde Batzordeak berariazko eskabide arrazoitua igorri beharko dio.

8. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

1. Federazioaren Batzar Nagusirako eta federazioburutzarako hauteskundeetan ondoren azaltzen diren estamentuetako kideak izanen dira hautesle, federazioko lizentzia indarrean badute hauteskundeak egiten diren kirol denboraldian eta aurrekoan.

a) Denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan duten adinez nagusiko kirolariak.

b) Kirol klubak, klub filialak, eskoletako kirol klubak eta kirol sozietate anonimoak, denboraldi horretan eta aurrekoan federazioren lizentzia indarrean izan badute eta Nafarroako kirol entitateen Erregistroan inskribaturik badaude. Federazioko lizentziarik ez badago, horrelakotzat hartuko da, ondorio hauetarako, federazioak sustatutako lehiaketa eta/edo jardueretako inskripzioa eta parte-hartzea.

c) Denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan duten adinez nagusiko teknikari, epaile, arbitro eta antzekoak. Horretarako, federazio lizentziatzat hartuko da dagokion kirol federazioan sartuta egotea ekartzen duena, adibidez, dagozkien entrenatzaileen elkargoetako, arbitroen batzordeetako edo antzekoetako kide izatea.

2. Dagozkien denboraldiak, kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarriak kontuan harturik, federazioaren erregelamenduan zehaztuko dira, 7.1 puntuan ezarritakoaren arabera.

3. Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautesle izateko baldintzak bietan betetzen dituztenek bietan erabili ahalko dute botoa emateko eskubidea.

4. Erregelamendu bidez eta Batzar Nagusiak onetsirik, berariazko betebeharrak ezarri ahalko dira gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle izateko, kirol modalitatearen ezaugarri bereziak kontuan hartuta. Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak errespetatzen direla zainduko du, eta horretarako, zilegi izanen du betebehar horien onespena ukatzea.

5. Federazioaren Batzar Nagusirako hautagaiak ondoko hauek izan daitezke:

a) Kirolari, teknikari, epaile, arbitro edo antzekoen estamentuetatik, hautesle diren adinez nagusiko pertsona fisikoak.

b) Kirol entitateen aldetik, hautesle diren kirol entitateak. Kirol entitate bakoitzak hautagai-zerrenda bakar bat aurkezteko eskubidea du entitate den aldetik, eta hautatua gertatuz gero, Batzar Nagusian ordezkari bat izateko eskubidea du. Kirol entitateen kasuan, behin betiko hauteskunde zentsuan dauden guztiak Batzar Nagusirako hautagai izanen dira zuzen-zuzenean, eta, horrenbestez, ez dute berariazko hautagai-zerrendarik aurkeztu behar.

6. Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautagai izateko baldintzak bietan betetzen dituztenak estamentu bakar batean izan daitezke hautagai, haiek aukeratzen dutenean, hain zuzen.

7. Federazioko buru izateko hautagaiak ondoko hauek izan daitezke:

a) Hautesle diren pertsona fisiko guztiak, aurreko puntuetan ezarritakoaren arabera.

b) Hautesle diren 18 urtetik goitiko pertsona fisikoak, federazioko entitateek federazioburu izateko hautagai gisa proposatuak.

c) Aurrekoaz gainera, federazio bakoitzak berariazko baldintza batzuk jar ditzake federazioburu izateko bete beharrekoak, federazioaren estatutuetan ezarritakoari jarraikiz, betiere.

d) Federazio batekin lan edo zerbitzu emateko harremana duten pertsona fisikoak ezin dira federazio horretako buru izan. Debeku horretan sartzen dira, halaber, federazio horri zerbitzu ematen dioten merkataritza-entitate batean lan egiten duten pertsona fisiko guztiak.

8. Hautagaiak aurkezteko epea irekita egonda, hautagai izateko baldintzak ustez ez betetzeagatik aurkeztu den errekurso bat ebatzi gabe dagoenean, aurkezten diren hautagaiak behin-behinekoz onartuko dira.

9. Hautagaien behin-behineko aldarrikapena behin betiko bihurtuko da zuzen-zuzenean hautapenaren kontra epean jarritako errekurtso administratiborik ez dagoenean eta ebazteko zain inolako errekurtsorik ez dagoenean.

9. artikulua. Kirol entitateak.

1. Kirol entitateek Batzar Nagusian izanen dituzten ordezkariak entitateek beraiek aukeratuko dituzte, horretarako nahi dituzten pertsona fisikoak izendatuz.

2. Federazioan inskripzioa egina edo lizentzia duten kirol entitate guztiek, finkatutako antzinatasuna badute, gutxienez boto bana emateko eskubidea izanen dute Batzar Nagusiko kideak hautatzeko prozesuan.

3. Nafarroako kirol federazioek erregelamendu bidez baimena eman ahalko diete kirol entitateei boto gehiago izateko Batzar Nagusiko kideak hautatzeko prozesuan, bakoitzak duen lizentzien kopuruaren arabera, eta botoen proportzionaltasuna ponderatuko dute kirol entitate bakoitzaren lizentzia kopuruaren arabera.

10. artikulua. Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea gutxienez hiru kidek osatuko dute. Nolanahi ere, kideetako bik federazioko diziplina batzordeetako kide izan beharko dute, eta gainerakoak zozketaz hautatuko dira hauteskunde zentsuko kideen artean. Gero, denen artean, gehiengoz, batzordeburua eta batzordekideak aukeratuko dituzte. Federazioko gobernu organoetarako eta ordezkaritzarako hautagaiek ezin izanen dute batzorde honetan parte hartu. Edozein arrazoi dela eta, diziplina batzordeetan ez badago Batzar Nagusiko tokiak betetzeko behar adina kide, toki huts horiek zozketaz beteko dira hauteskunde zentsuko kideen artean.

2. Nafarroako kirol federazioek zuzenbideko lizentziatu baten laguntza izan dezakete Hauteskunde Batzordean. Idazkaritza lanak eginen ditu eta hauteskunde prozesuaren barnean sor daitezkeen auzietan aholku emanen du.

3. Hauteskunde Batzorde bakoitzeko kideen zerrenda Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraziko zaio.

4. Hauteskunde Batzordearen erabakiak gehiengoz hartuko dira; berdinketarik balego, batzordeburuak kalitatezko botoa izanen luke. Hauteskunde Batzordearen erabakiek balioa izateko, beharrezkoa izanen da kideen gehiengo absolutua bertan egotea.

5. Edozein arrazoirengatik, Hauteskunde Batzordearen agintaldian zehar, kargurik hutsik gelditzen bada, bete egin beharko da, 9.1 puntuan ezarritako prozedurari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, kargu horiek bete bitarte Hauteskunde Batzordeak lanean jardun dezake, gehiengoa osatzeko adinako quoruma baldin badago.

6. Hauteskunde Batzordearen agintaldia hauteskunde prozesua bukatutakoan bukatuko da. Ziklo olinpikoaren erdian hautaketa partzialen bat egin behar bada edo federazioburua aukeratu behar baldin bada, beste hauteskunde batzorde bat izendatu da.

11. artikulua. Hauteskunde Batzordearen eginkizunak.

1. Hauteskunde Batzordeari dagokio:

a) Kasuan kasuko federazioaren Batzar Nagusirako eta burutzarako hauteskundeak antolatzea.

b) Hauteskunde mahaiek eta hauteskundeetan parte hartzen duten hautagaiek egindako kontsultak ebaztea.

c) Hauteskunde prozesuaren egintzen kontra jarritako errekursoak ebaztea.

d) Hauteskundeetako ekintzetan ofizialki parte hartzen duten pertsona guztien gaineko diziplina jurisdikzioa bere gain hartzea eta hauteskunde prozesuan gertatzen diren arau-hausteak zuzentzea.

e) Hauteskundeetako zentsuak onestea, Federazioaren Batzar Nagusirako eta burutzarako hauteskundeetako hautagai-zerrendak eta hautetsiak aldarrikatzea eta horiei karguen jabetza ematea.

2. Federazioetako Hauteskunde Batzordeak ondoko hauek bidali beharko dizkio Nafarroako Kirolaren Institutuari:

a) Hauteskunde Batzordea eratzeko bileraren akta.

b) Hauteskunde zentsua, hala behin-behinekoa nola behin betikoa, onetsi izanaren ziurtagiria.

c) Hauteskunde mahaiaren osaketaren ziurtagiria.

d) Batzar Nagusirako hautagai behin-behineko eta behin betikoen gaineko ziurtagiria.

e) Batzar Nagusirako bozketen emaitzen gaineko ziurtagiria.

f) Batzar Nagusiko kide aldarrikatzen dituzten hautetsien zerrenda, ondoko hauek emanez: izen-deiturak, helbidea eta telefonoa.

g) Federazioko buru izateko hautagai behin-behineko eta behin betikoen gaineko ziurtagiria.

h) Federazioburu hautatzeko bozketen emaitzen gaineko ziurtagiria.

i) Federazioburua karguaz jabetzearen gaineko akta.

3. Dokumentazio hori ondorengo epe hauetan aurkeztu beharko da Nafarroako Kirolaren Institutuan:

a) 2.a) puntutik 2.d) puntura bitartekoak, Batzar Nagusirako hauteskundeak egin aurretik.

b) 2.e) puntutik 2.g) puntura bitartekoak, federazioburutzarako hauteskundeak egin aurretik.

c) 2.h) eta 2.i) puntuak, hauteskunde prozesuaren bukaeran.

12. artikulua. Hauteskunde Mahaia.

1. Hauteskunde mahai bakarra egonen da eta bertan gutxienik hiru kide izanen dira: mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea. Kargu horien ordezkoak ere hautatuko dira.

2. Hauteskundeen erregelamenduak horri dagokionez besterik finkatu ezean, hauteskunde mahaiko kideak estamentu desberdinetako hauteskunde zentsuko hautesleen artetik aterako dira zozketaz. Horren ondoriozko mahaikideek beren artean eta gehiengo soilaz hautatuko dituzte mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea.

3. Hauteskunde mahaia eratzea ezinezkoa denean titular eta ordezkoak bertaratu ez direlako, lehen hiru boto-emaileek ordezkatuko dituzte, eta mahaiburu, idazkari eta mahaikide karguak horiek hartuko dituzte hurrenez hurren.

4. Hauteskunde mahai bakoitzean nahitaez estamentu bakoitzari dagokion hautestontzi prezintatua, Hauteskunde Zentsuaren zerrenda, gutun-azalak eta boto-paperak egonen dira nahitaez.

5. Federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetara aurkezten diren hautagaiak ezin izanen dira hauteskunde mahaietan aritu.

6. Hauteskunde mahaietako kideei bozketak egoki garatzen direla begiratzea dagokie, hala nola boto-emaileen nortasuna frogatzea, botoen kontaketa egitea eta bozketa-akta prestatzea dagokie. Akta horretan ondoko alderdiak agertuko dira: botoa eman duten hautesleen kopurua, bozketan gertatutako gorabeherak, bozketaren ondorioz egin diren erreklamazioak, eman diren boto baliozkoak, baliogabeak eta txuriak eta hauteskundeen emaitza. Mahaiko idazkariak prestatuko du akta eta mahaiburuak sinatuko du.

7. Hauteskunde Erregelamenduan ezarri ahalko da Batzar Nagusiko kideak hautatzeko prozesuan zilegi izanen dela hauteskunde mahaia beste herri batzuetara eramatea, hauteskunde prozesuan parte hartzeko erraztasunak emateko. Alderdi hori hauteskundeen erregelamenduan azaldu eta zehaztu beharko da.

13. artikulua. Hauteskunde barrutia.

Hauteskunde barrutia bakarra izanen da eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa hartuko du.

14. artikulua. Bozketaren prozedura.

1. Hautagaiek ikuskatzaile bat izendatu ahalko dute; horretarako, agiri bat emanen diote kargu hori kreditatzeko.

Ikuskatzaile izateko beharrezkoa izanen da hautesle izatea.

Ikuskatzaileek botoa emateko eskubidea izanen dute; gainera, hauteskunde mahaira joan ahal dira eta haren eztabaidetan parte hartu, hitzarekin baina botorik gabe.

2. Bozketa honela eginen da: boto-emaileak bere izaeraren berri emanen dio idazkariari; horrek hauteskunde zentsuaren alboan botoa eman duela jarriko du, ezaba ezin den materiala erabilita. Ondoren, boto-emaileak bere botoa mahaiburuari emanen dio eta azken horrek hautestontzian sartuko du.

3. Batzar Nagusiko kideak hautatzeko bozketan ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

4. Bozketa errazteko asmoz, Hauteskunde Batzordeak boto-paperaren eta kartazalaren ereduak prestatuko ditu.

5. Hautesle bakoitzak, botoa zein hautagairi eman nahi dien, horien izenak jarriko ditu, betiere estamentu bakoitzari esleitutako ordezkari kopurua gainditu gabe.

6. Boto-paper hauek baliogabekotzat joko dira:

a) Hauteskunde Batzordeak ezartzen duen ereduari egokitzen ez zaizkionak.

b) Dauden hautagaiak baino izen gehiago dituztenak.

c) Boto-paperean bozketari ez dagokion edozein idatz-ohar dutenak.

d) Hautagai-zerrendetan ez diren pertsonei boto ematen dietenak.

7. Bozketa egiteko, boto-emaileak hautagaiaren izenaren aurrean gurutze edo aspa bat jarriko du.

15. artikulua. Batzar Nagusirako hauteskundeak.

1. Nafarroako kirol federazioen Batzar Nagusira aurkeztu eta behin betikoz aldarrikatutako hautagai-zerrenden kopurua ordezkarien kopurua bezalakoa edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeek batzarkide gisa aldarrikatuko dituzte aurkeztutako hautagaiak. Horrela gertatzen bada, ez da hauteskunderik egin beharko.

2. Federazioaren Batzar Nagusirako bi hautagai-zerrendaren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada eta, hori hala izanik, kasuan kasuko estamentuko ordezkari kopurua gainditzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketa eginez erabakiko da zein aldarrikatu Batzar Nagusiko kide.

3. Batzar Nagusiko estamenturen batean bete beharreko tokiak aurkeztutako hautagaiak baino gehiago badira hauteskunde zentsuko kideen kopurua bete beharreko postuen kopurua baino txikiagoa delako, postu horiek eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo entitateek beteko dituzte.

4. Batzar Nagusiko estamenturen batean bete beharreko tokiak aurkeztutako hautagaiak baino gehiago badira hauteskunde zentsuko kideek behar beste hautagai-zerrenda aurkeztu ez dituztelako, Batzar Nagusian betetzeko gelditzen diren postuak hautagai gisa aurkeztu ez diren zentsuko kideek beteko dituzte, zozketa eginda.

16. artikulua. Federazioburua hautatzea.

1. Federazioburua aukeratzeko Batzarraren eraketa bilkuran, burua izanen da zozketaz aukeratutako estamentuko hautetsi zaharrena. Idazkari lanetan, berriz, zozketaz zehaztuko den estamentuko hautetsi gazteena arituko da, baina hasierako bi kargu horiek betetzen dituztenak ezin izanen dira estamentu berekoak izan.

2. Bozketa egin baino lehenago hautagai bakoitzak bere programa azal dezake Batzarraren aurrean.

3. Federazioburu izateko hautagaiek beren hautagai-zerrenda abalatu beharko dute, gutxienez batzarkideen %10en sinadura aurkeztuz. Zilegi da hautagaiak Batzarreko kide ez izatea.

Batzarreko kide bakoitzak hautagai-zerrenda bakarra abala dezake.

4. Federazioburu izateko hautagaiak aurkezteko epea ez da hiru egun baliodunekoa baino txikiagoa izanen.

5. Federazioburua hautatzeko Batzar Nagusia 1. edo 2. deialdian eratzeko, beharrezkoa izanen da Batzar Nagusia osatzen duten kideen erdia gutxienez bertan egotea.

6. Federazioburua hautatzeko bozketan, ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

7. Federazioburu izateko bi hautagairen edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, 30 minutuko geldialdia egin eta gero berriro eginen da bozketa; bozketa horren ondoren ere berdinketa gertatzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketa egin eta horietako bat aldarrikatuko da federazioburu.

8. Behin federazioburua aldarrikatu eta gehienez ere 10 eguneko epean, Federazioen Hauteskunde Batzordeko buruak federazioburu hautetsiari dei eginen dio aipatu organo horren aurrean bere karguaren jabetza har dezan. Ekitaldi horren akta idatziko da eta Nafarroako Kirolaren Institutuari igorriko zaio.

9. Federazio buru izateko hautagai bakarra behin betikoz aldarrikatuz gero, ez da beharrezkoa izanen aurreko puntuan adierazitako prozesu osoa burutzea, izan ere, Hauteskunde Batzordeak federazioburu aldarrikatuko du eta zuzenean hartuko du kargua, aurreko puntuan ezarri bezala.

17. artikulua. Federazioaren Hauteskunde Batzordeari zuzenduriko errekurtsoa.

1. Hauteskundeetako berraztertzeko errekurtsoa Federazioaren Hauteskunde Batzordean jarriko da, hauteskundeen egutegian ezarritako epean.

2. Errekurtsoa aurkezteko egintza berean, alegazioak aurkeztu behar dira eta, hala badagokio, bidezko frogabideak.

3. Federazioaren Hauteskunde Batzordeak hiru egun naturaleko epean ebatziko du errekurtsoa, errekurtsoa jartzen denetik hasita.

4. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, hauteskundeetako berraztertze errekurtsoa ezetsitzat joko da.

18. artikulua. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea.

1. Federazioaren Batzar Nagusiko ebazpenen aurka errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari zuzendua, 5 egun balioduneko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina edo, arautegi honetako hamaseigarren artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Hauteskunde Batzordean aurkeztutako errekurtsoa isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat hartu eta biharamunetik aitzina.

Kirol Justiziako Batzordeari zuzendutako errekurtsoa, artikulu honetan aipatzen dena, aurkeztu aurretik, beharrezkoa izanen da errekurtsoa jartzea federazioaren Hauteskunde Batzordeari zuzendua, arautegi honetako hamaseigarren artikuluko 1. atalean ezarritakoari jarraikiz.

2. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenek bide administratiboa agortzen dute eta zilegi izanen da haien aurka errekurtsoa jartzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

3. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenak aldeendako baliozkoak eta nahitaez eta berehala betetzekoak izanen dira, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurka jotzeko aukera galarazi gabe.

19. artikulua. Altak eta bajak Batzarrean.

1. Hautatua izateko bete behar izan zituzten beharkizunetatik bat edo beste galtzen duten pertsonek edo entitateek kasuko kirol federazioaren Batzar Nagusiko kideen izaera galduko dute. Batzarkideei horrelako bajak emateko, beharrezkoa izanen da behar den espedientea irekitzea; horren barnean, interesdunari hamar egun balioduneko epea emanen zaio, nahi badu, alegazioak egin eta baja hori ekarri duen egoera konpontzeko. Epe hori iraganik, hurrengo bilkuran eta interesdunak han daudela, Federazioaren Batzarrak berak behar dena ebatziko du eta horren berri emanen dio Nafarroako Kirolaren Institutuari.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ez zaio federazioburuari aplikatuko.

3. Batzar Nagusia osatzen duten estamentuetako ordezkarien bajak eta toki hutsak, hauteskunde erregelamenduak horri dagokionez beste zerbait arautu ezean, estamentu horretako hauteskunde emaitzen zerrendan hurrengo postuan dauden hautagaiek beteko dituzte.

4. Edozein arrazoirengatik kargu huts horiek betetzeko behar diren baldintzak biltzen dituen hautagairik ez izatera, baldintza horiek betetzen dituzten entitate edo pertsonekin beteko dira, horiek gertatzen diren unean.

20. artikulua. Hauteskunde prozesuaren zabalkundea.

1. Nafarroako kirol federazioek Batzar Nagusiko kideak eta federazioburua hautatzeko deialdiei ahalik eta hedapen eta publizitaterik handiena eginen diete eta helburu hori lortzeko behar diren baliabide guztiak jasoko dituzte Hauteskundeen Erregelamenduan; hori dela eta, gutxien-gutxienez deialdia, hauteskunde zentsua eta egutegia federazioen eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren iragarki-oholetan jartzen direla bermatuko dute.

Federazioburua hautatzeko Batzarra eratzeko deialdiaren berri eman beharko zaie banan-banan batzarkide guztiei, interesdunak jakinarazpena jaso duela frogatzeko moduko bideren bat erabiliz.

2. Batzar Nagusiko hautetsien zerrenda Federazioaren egoitzan jarriko da ikusgai eta federazioburu izateko hautagai guztiei emanen zaie, hala eskatzen badute.

3. Nafarroako kirol federazioek arauak emanen dituzte Batzar Nagusiko hautagai guztiek eta federazioburu izateko hautagai guztiek baldintza beretan bidal dezaten informazioa eta propaganda, zertarako eta, batetik, hautagai guztiek beren programaren berri eman ahal izateko eta, bestetik, Datuak Babesteko Legean ezarritakoa betetzeko. Gainera, hautagaiek ezin izanen dituzte federazioaren baliabideak erabili norberaren eta ez besteren onerako.

21. artikulua. Federazioburuaren hautaketa partziala.

1. Aurreko puntuetako arauak aplikatuko dira, orobat, edozein arrazoi dela medio federazioburua aukeratzeko hauteskunde partziala egin beharra izanez gero agintaldi olinpiko baten barnean. Horrelakoetan, agintaldiak hurrengo ziklo olinpikoan hauteskunde berriak egin arte iraunen du.

2. Aurreko kasu horretan hauteskundeen egutegia aplikatuko da federazioburu izateko hautagaien aurkezpena finkatzen duen puntutik aurrera (eranskin honen 6.1.l. atala).

Iragarkiaren kodea: F0719449