97. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

372/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Ultzamako Udalaren mendietan onddo eta zizen barrutia jartzeko baimena ematen duena.

2007ko martxoaren 28an, departamentu honetan aurkeztu zen goian aipatutako espedientea, aprobetxamendu mikologikoko eremu bat eratzeko, Mendiko Turismoa Sustatzeko Planaren barruan.

Kontuan hartu da Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 50.1 artikuluan xedatutakoa, bai eta lege hura aldatu zuen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legean xedatutakoa ere (2007ko 27. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, martxoaren 2koa). Azken lege horrek aprobetxamendu mikologikoko eremu bat eratzeko aukera ezartzen du, betiere natur baliabide berriztagarritzat joz eta horren arrazoizko erabilera eta natur ingurunearen behar bezalako kontserbazioa bateratuz.

Oihanak Kudeatzeko Atalak emandako txostenean adierazten da Ultzamako Udalak, herriko mendietan onddo, ziza eta gainerako gai naturalen barrutia jartzeko, Mendien Erregelamenduaren 87., 88. eta 89. artikuluetan ezarritako prozedura bete duela eta jarraitutako prozeduraren frogagiriak erantsi.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ultzamako Udalari baimena ematea herriko mendietan onddo eta zizen barrutia jar dezan.

2. Barrutiak udalerri osoa hartzea.

3. Ultzamako Udalak barrutia seinaleztatzea, 1994ko apirilaren 25eko Foru Aginduaren bidez onetsitako ereduari jarraikiz. Eredu hori 1994ko 61. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 23koan, argitaratu zen.

4. Onddo eta zizen aprobetxamenduan Mendien Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 89. artikuluan ezarritakoa betetzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

6. Foru agindu hau Ultzamako Udalari, inguruko mendizainei, Ingurumen Zaintzari eta Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 29an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0710820