97. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

692/2007 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2007-2008 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, Iruñeko eta Tuterako hizkuntz eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2007-2008 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskineko jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2007-2008 ikasturtean arautzen dituzte.

2. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzen Atalera eta ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 29an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2007-2008 ikasturtean arautzeko jarraibideak.

I._IKASTETXEKO URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA

1. Edukia.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ikasturtea hasi aurretik, urteko programazio orokorra eginen dute; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta beren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko arlo guztiek esku hartzen dutela bermatuko du.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du urteko programazio orokorra. Programazioak alderdi hauek izanen ditu:

A._Ikastetxearen ordutegi orokorra eta planifikatzeko irizpideak.

Ikastetxearen ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak egin behar duenak, bide emanen du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak, bai irakaskuntzaren arlokoak bai osagarriak, aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxearen ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat zein ordutan egonen den irekita. Ildo horretan, ikastetxeko zuzendaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxeak oporraldietan goizez irekita edukitzeko.

b) Eskolaldiko orduen banaketa eskola egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz eginen da:

b.1. Irakaskuntza arautua.

Eskola ordutegia astelehenetik ostiralera izanen da, biak barne, 8:00etatik 22:00etara, bi txandatan: bata 8:00etatik 15:00etara eta bestea 15:00etatik 22:00etara.

b.2. Espezializazio ikastaroak.

Ikastaro bereziak emateko beharrezkoa izanen da Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak berariazko baimena ematea. Ikastaroen ondoren, haien gaineko ebaluazioa eginen da eta haien jarraipena ebaluazioko emaitzen menpe geldituko da.

c) Planifikatzeko irizpideak.

Ikastetxeak txandak, mailak, taldeak, orduak etab. planifikatzeko irizpideak ezarriko ditu, eskaintza benetako eskaerari egokitzeko, hizkuntza eskola ofizialen helburuen esparruaren barruan, eta, behar izanez gero, behar diren lehentasun irizpideak finkatuko ditu.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek frantses, ingeles eta euskarazko laugarren mailan postu batzuk gordeko dituzte, hizkuntza horien oinarrizko zikloa Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlan programaren bidez lortu duten ikasleentzako. Erreserba horretarako eskaerak eskainiriko postuak baino gehiago badira, zozketa bidez banatuko dira.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko ikaspostu kopuru bat gordeko dute, Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek ingelesa edo frantsesa ikas dezaten. Horretarako izena emateko eta ikaspostuak esleitzeko prozedura eskolek ezarriko dute.

B._Departamentuen programazioak.

Departamentu bakoitzak, irailean, hurrengo ikasturteko jarduketa plana egiteko behar diren bilkurak eginen ditu. Bilkura horien helburu nagusia bilkuretarako plangintza, departamentukoak edo mailen araberakoak, azaltzea izanen da. 2007-2008 ikasturterako eginkizun nagusietako batzuk hauexek izanen dira: irakasle guztiek hobeki ezagutzea Europako erreferentzia mailak, bereziki, eskoletan modu arautuan ematen direnak; eta agiria eskuratzeko ebaluazioa estandarizatzea. Halaber, eta erdi maila eta oinarrizko maila ezarri direla kontuan hartuta, programazioak egin eta eguneratuko dituzte, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuari eta hura garatzen duten arauei jarraikiz.

Programazioan ondoko alderdi hauek bilduko dira nahitaez:

1._Helburuak, edukiak eta denboraren banaketa.

2._Metodologia.

3._Baliabide gelaren erabilera.

Departamentuko buruak, departamentu bakoitzeko programazioa prestatzeko arduradun nagusia den aldetik, haren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, behar den denboraz. Zuzendariak, programazioa aztertu ondoren, puntu honetan ezarritakoaren araberakoa baldin bada, ikastetxearen urteko programazio orokorrean sartuko du gainerako departamentuetako programazioekin batera.

Departamentuaren programazioa puntu honetan ezarritakoaren araberakoa ez bada, ikastetxeko zuzendariak departamentura bidaliko du, hor beste bat egin dezaten.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata gobernu-organo kolegiatuen eskura, eta bestea departamentuaren eskura; horiez gainera, kopia bana emanen zaie departamentukideei.

C._Ikastetxeko prestakuntza plana.

Zuzendariak ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, beharren eta hobekuntza planen arabera. Ikastetxeak prestakuntzarako dituen interesek lehentasuna izanen dute banakako interesen gainean.

D._Jarduera osagarrien urteko programazioa.

Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta eskola kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.

E._Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak memoria administratiboa eginen du eta, bertan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxea Antolatzeko Agiria sartuko da. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak igorriko ditu ikastetxeetara agiri hori betetzeko inprimakiak eta bertara itzuliko dira urriaren 24a baino lehen.

2. Urteko programazio orokorra prestatzea, onestea eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendariak prestatuko du, zuzendaritza taldearekin batera. Horretarako, kontuan hartuko dituzte departamentu didaktikoek aurkezten dituzten proposamenak eta irakaskuntza horretarako Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lan planak.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko da, uztailaren 10a baino lehen.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du urteko programazio orokorra urriaren 31 baino lehen. Programazio horren ale bat Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko da; beste ale bat ikastetxearen idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta eskola kontseilukideek aztertu ahal izateko.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketak egin behar diren adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

II._IRAKASLEAK

1. Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen diren lan orduak izanen dituzte, beren irakasle lanerako egokituak. Irakasleentzat jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian ere jaiegun direnak.

Dena dela, Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza publikoen kalitatea hobetzeko itunean ezarritakora egokitu beharko da bertan xedatutakoa.

Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, horietan sartuta irakastorduak eta ordu osagarriak, bai astean zenbatzekoak, bai urtean zenbatzekoak.

Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean jasoko dira asteko irakastorduak eta astean zenbatu beharreko orduak, 25 osotara.

Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.

Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, zeregin hauetan emanen dira:

_Irakasleen lana hobetzen.

_Irakaslanak prestatzen.

_Batzorde eta hautapen epaimahaietan parte hartzen edo antzeko jarduerak egiten, horietarako izendatzen direnean.

Ekain-iraileko eskolarik gabeko lanegunetan, irakasleei baimena ematen ahalko zaie egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko, salbu eta lanaldi zatituan programatutako jardueretan.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte.

2. Ordutegiaren banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A._Irakastorduak.

Lanaldi osoko irakasleek 18 irakastordu izanen dituzte astean. Horien artean irakaskuntza lan zuzenekoak eta irakaskuntza konputukoak sartuko dira.

Irakasleek, oro har, 18 irakastordu izanen dituzte astean. Salbuespen gisa, 20 ordu izanen dituzte, gehienez, ikastetxearen ordu banaketak hala eskatzen duenean.

Irakasle batek 18 irakastordu baino gehiago baldin baditu, kontuan hartuko da, betiere, irakasle bakoitzaren banakako ordutegian ageri diren irakastorduen eta asteko konputuko ordu osagarrien baturak 25 orduko kopurua emanen duela astean.

Irakastorduak zenbatzerakoan ondoko jarduera eta inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak, bere irakastorduetatik gehienez ere ordu kopuru hau, matrikulatutako ikasle ofizialen kopuruaren araberakoa, emanen du karguen eginkizunetan:

_Iruñeko HEO: astean 49,5 ordu. Betiere, zuzendariak, ikasketaburuak, idazkariak eta zuzendariordeak gutxienez talde bati eman behar diote eskola.

_Tuterako HEO: astean 27 ordu. Betiere, zuzendariak, ikasketaburuak eta idazkariak gutxienez talde bati eman behar diote eskola.

b) Departamentuko buru eta koordinatzaileak.

Departamentuko buru eta koordinatzaileek, beren ordutegitik, ohiko modalitateen talde bateko ordu batzuk erabiltzen ahalko dituzte astean curriculumeko materialen programazioaren, prestaketaren eta eguneratzearen jarraipena eta ebaluazioa zuzentzeko.

c) 58 urtez goitiko irakasleak.

Lanaldi osoa duten 58 urtez goitiko irakasleek zilegi izanen dute, nahi badute, beren irakastorduak murriztea, gehienez ere 5 ordu kenduz astean; baina horrek ez du esan nahi astean ikastetxean egon beharreko orduak gutxituko direnik. Murriztapena lau ordukoa izanez gero, gelditzen den ordua nahitaezko prestakuntzako urteko 35 orduen ordez kontatuko da.

Borondatezko murriztapen hori aipatu adina betetzen den urte naturalean hasten den ikasturtetik aurrera aplikatzen ahalko da, eta zuzendaritza edo didaktika arloko karguetan aritzeagatik onartzen diren beste murriztapen batzuekin bateraezina izanen da. Beraz, 58 urtez goitiko irakasle bat departamentuko burua baldin bada, asteko irakastorduetatik hartzen dituen ordu horiek departamentuaren burutzak dituen eginkizunetarako erabiliko ditu.

Adina dela kausa eskola ordutegiaren murrizketa duten 58 urtetik gorako irakasleek, 65 urte betetzearekin batera, murrizketa hori egiteko eskubidea galduko dute, baldin eta jardunean segitzea eskatzen badute; horretan salbuespen izanen dira erretiro sariaren %100 jasotzeko behar den gabealdia ez dutenak.

B._Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatzeko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleituriko eginkizunen arabera, ondoko hauek sartzen ahalko dira:

_Zaintzako orduak.

_Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

_Astean bi ordu, gehienez, ikasleei eta, hala behar izanez gero, gurasoei laguntzeko.

Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren jarduerak behar bezala egiten badira, asteko ordutegi osagarrian, honakoak hartzen ahalko dira kontuan, irakasle bakoitzari esleituriko jardueren arabera:

_Astean batez beste 2 ordu, gehienez, koordinazio didaktikorako eta klaustroetarako.

_Astean ordu bat irakasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

_Gainerako orduak, asteko 25eko zenbatekoa egin arte, zuzendaritzak banatuko ditu ondoko lanak egiteko:

-Agiria eskuratzeko probak definitu eta prestatzea.

-Beste hizkuntza batzuen irakaskuntza ezartzearen ondoriozko eginkizunak.

-Lan batzordeetan parte hartzea.

-Ekipo teknikoez eta irakaskuntzarako materialaz arduratzea.

-Departamentuko lanak egitea, etab.

C._Urtean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxeko jardueretan astean eman behar dituen 30 orduak betetzeko falta diren 5 orduak (banakako asteko ordutegietan agertu behar duten 25 orduetatik apartekoak), nahitaezkoak izanen dira irakasle guztientzat eta urtean zenbatuko dira bestelako eginkizunak betetzeko:

_Ekaineko eta iraileko deialdietako ikasle libreen azterketak prestatzea, egitea eta zuzentzea.

_Eskola kontseiluak ikasle berriak onartzeko erabakitzen dituen probak prestatzea, egitea eta zuzentzea.

_Departamentuen bestelako berezko lanak.

3. Ordutegiak prestatzea.

Ordutegiak honelaxe prestatuko dira:

Ikasketaburuak departamentuko buruei jakinaraziko die zenbat ikasle dauden hizkuntza eta txanda bakoitzean eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak.

Departamentuek aparteko bilkura bat eginen dute, taldeak beren irakasleen artean banatzeko, betiere klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoak eta jarraibide hauetan ageri direnak errespetatuz.

A._Txanda eta taldeen banaketa.

Eskola goiz eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.

Ordutegiak egiten direnean, ikastetxeko zuzendaritzak kontuan hartuko du eskolak unibertsitatean ere ematen dituzten irakasleen egoera, ordutegi bateragarriak eduki ahal izateko; horrek ez du esan nahi irakasle horiek hizkuntza eskola ofizialean bete behar duten ordutegian murrizketarik egin daitekeenik.

Departamentuko irakasleak ados jartzen ez badira, txanda aukeratuko da ebazpen honen "Irakasleak" izeneko II. ataleko 3.B idatz-zatian ("Aukeratzeko hurrenkera") finkaturiko ordenari jarraikiz.

Irakasleren batek ezin baldin badu aukeratutako txandan bere ordutegia osatu, bestean osatu beharko du.

Txanda aukeratu ondoren, departamentuko irakasleek mailen banaketa eginen dute.

Adostasunik lortu ezean, honela jokatuko da: "Irakasleak" izeneko II. ataleko 3. idatz-zatian ("Aukeratzeko hurrenkera") ezarritako hurrenkerari jarraikiz, aurrena hautatu behar duen irakasleak eman nahi duen mailako talde bat aukeratuko du; ondoren, bigarren hautatu behar duen irakasleak beste bat aukeratuko du, eta horrela, hurrenez hurren, bertan dauden irakasle guztiek lehenbiziko aukera egin arte.

Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, irakasle guztiek irakastordu guztiak osatu edo departamentuari dagozkion talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio.

B._Aukeratzeko hurrenkera.

Aukera egiteko honela jokatuko da:

a) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasle katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

b) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

c) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.

d) Azken oposizio-lehiaketa gainditu duten oposiziogileak.

e) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako irakasleak.

f) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

g) Aldi baterako kontratatuak, lan edo administrazio araubidekoak.

Arestiko a), b) eta c) letretan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentziak alde batera utzita), eta antzinatasuna berdina baldin bada, letra bakoitzaren lehentasun ordena ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

_Ikastetxean antzinatasun handiena.

_Kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago.

_Hautapen prozeduretan puntu gehien izatea.

d) letran, taldeak hautatzeko lehentasun ordena ezartzeko, prozesua gainditu zuten oposiziogileen ebazpenetan agertzen den ordenari segituko zaio.

f) eta g) letretan, ordea, lehentasun ordena ezartzeko, Giza Baliabiden Zerbitzuan ageri diren zerrendetan egokitu zaien ordenari segituko zaio.

C._Ikasketaburutzak ordutegiak egitea.

Departamentuek egindako txanda eta mailen banaketa ikusirik, ikasketaburutzak ikasle eta irakasleen ordutegiak eginen ditu, irakaskuntzari buruz klaustroak finkatzen dituen irizpideei eta urteko programazio orokorrean agertzen direnei jarraikiz.

Ikasketaburuak departamentukide guztien irakastorduak jarraibide hauetan finkatutakoari egokitzen zaizkion egiaztatuko du; halaber, ikasle talde guztiek irakaslea duten edo bete gabeko ordu libreak dituen irakaslerik ote dagoen begiratuko du.

Irakasleen irakastorduak asteko egun guztietan banatuko dira, eskolarik ez dagoen ostiraletan izan ezik. Egunean 5 eskola emanen dituzte gehienez, kontratu partziala duten irakasleek salbu. Ikasketaburuak behar diren zaintzak zuzentasunez banatuko ditu.

D._Zaintza.

Ikastetxea, eta, hortaz, zuzendaria, ikasleen arduraduna da eskolako orduetan; beraz, ikastetxean uneoro behar adina zaintzako irakasle izan behar da, ikasleei laguntzeko.

Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola ordu guztietan irakasleek zainduko dituzten eremuak izanen direla bermatzeko (liburutegia eta baliabide gela), horrela ikasleak, nahi badute, eremu horietan beren ikasketetako zereginetan aritzen ahalko dira. Irakaskuntzarako eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Liburutegi-baliabide gelako ikasleei laguntzea.

b) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako dilijentziak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

c) Bere zaintza txandan irakasleek duten puntualitate eta asistentziaren berri ematea.

Ikasketaburuak zaintza orduen eguneroko kontrola eginen du. Zaintza orduei buruzko txosten bat eginen du astean, eta horretan, gutxienez, honako datuak sartuko ditu:

_Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

_Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.

_Gertatu diren istripuak.

_Zaintzako irakasleen sinadurak.

Irakasleek zaintza lana eginen dute asteko zenbait ordutan, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla guztira astean.

Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak edo ikasketaburuak zilegi izanen du irakasle batzuk eskatzea, zaintza ordu horiek betetzeko.

E._Irakasleen ordutegi pertsonala.

Irakasleek ikastetxeko jardueretan astean eman beharreko 25 orduak paratuko dituzte horretarako prestatutako inprimakian, ebazpen honen aginduei jarraikiz.

Halaber, ikastetxe bakoitzeko irakasleek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean sartu beharreko orduak, irakaslanak koordinatzearren, gutxienez 5 ordu, eskolarik ez dagoen ostiraletan, goizez.

Zuzendaritza taldeko kideak diren irakasleen ordutegia betiere kide bat gutxienez egoteko moduan banatu beharko da.

Azken azterketak egiteko ezarritako egunetan, irakasleek beren ordutegia egokituko dute, azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera.

4. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.

Ordutegia Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak onetsiko du. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsiriko ordutegia betetzera. Horri buruz aurkezten den edozein erreklamazio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ebatziko du.

Toki ikusgarri batean paratuko dira irakasle bakoitzaren ordutegiari eta lantokiari buruzko argibideak: irakastorduak, zaintzetako orduak, departamentuko bilerak eta abar.

5. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia partea.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber, kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, administrazio edo lan kontratupeko aldi baterako langileak zein egunetan hasi diren ikastetxean.

Irakasleek beren lanetan gertatzen den edozein absentzia edo atzerapenen berri emanen diote ikastetxeari, ahalik eta lasterren.

Irakasleek zuzendariari aurkeztu behar dizkiote hutsegitearen frogagiriak, hark eskatu gabe.

Ikastetxeko zuzendariek aurreko hilabeteko asistentziari buruzko txostenak igorriko dituzte Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen; horretarako, ikastetxeetara bidaliko diren ereduak erabiliko dituzte.

Ikastetxean nahitaez egoteko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emanen da ohiko ereduetan, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Nolanahi ere, txosten horietan ondoko arau hauek beteko dira:

_Inoiz ez da hutsik utziko "Hutsegitearen arrazoia" laukia, eta hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

_Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

_"Hutsegitearen arrazoia" izeneko laukian "Norberaren arazoetarako ordaindu gabeko lizentzia" jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari lizentzia hori ematea.

Zuzendariak, justifikazioa aurkezteko epea amaitu eta biharamunean aditzera emanen dio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari edozein hutsegite nahiz atzerapen, ikasketaburuari justifikatu gabekoa iruditzen zaiona, bere lansaritik tokatzen den kenketa egiteko eta, hala behar bada, espedientea hasteko. Dagokion irakasleari ere emanen zaio, idatziz, horren berri.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea Nafarroako Gobernuko langileentzat orokorrean ezartzen dena izanen da.

Asistentzia partearen kopia bat irakasle gelan paratuko da, ikusgai, hilabete bakoitzeko 5a baino lehen. Beste kopia bat eskola kontseiluaren esku jarriko da.

Irakasleen hutsegiteen frogagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normalaren gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, eta bai ondoren asistentzia partean jasoko ere.

III._IRAKASLANAK KOORDINATZEKO ORGANOAK.

1. Departamentuak.

Departamentuak lan taldeak dira eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuburuari dagozkio, eta hori ez badago, ikasketaburuari. Ongi jarduteko, beharrezkoa da kide guztien lan koordinatua.

Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztietako departamentuen arteko koordinazioa ezinbestekoa da. Beraz, haiek Hezkuntza Departamentuak prestatzen dituen helburuekin eta lan planekin bat arituko dira.

2007-2008 ikasturtean Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztietako departamentu didaktikoen artean koordinazio egokia bermatzeko, eskolarik gabeko 5 ostiral erabiliko dira, oinarrizko mailako eta erdi mailako azterketen zehazpenak hobeki ezagutzeko, ebaluazio irizpideak estandarizatzeko eta martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuan ezarritako mailekin lotutako prestakuntzako saioak egiteko. Irakasleentzako nahitaezkoa izanen da saio horietan parte hartzea.

A._Departamentu kopurua.

Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza bakoitzeko.

Ikastetxeko irakasle guztiak zein irakasgaitan ematen dituzten ordu gehienak, irakasgai horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bilkuretara joan beharko dute.

B._Departamentuaren eginkizunak.

Departamentuaren eginkizunen artetik azpimarratzekoak dira programazioa prestatzea eta haren betetze maila begiratzea ikasturtean zehar, hala nola ikasturte amaierako memoria egitea.

a) Programazioa.

Departamentu bakoitzak eranskin honetako "Departamentuen programazioak" izeneko I.1.B idatz-zatian xedaturikoarekin bat prestatuko du bere programazioa.

b) Ikasturte bukaerako memoria

Ekainean, departamentukideek bilkura eginen dute, ikasturte bukaerako memoria egiteko; memoria horretan, ondoko alderdi hauen berri emanen dute:

b.1. Emaitzen balorazioa:

_Kalifikazioen estatistikak, talde eta mailen arabera.

_Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak azalduta.

_Hobetzeko proposamenak.

b.2. Funtzionamenduaren balorazioa:

Programazioaren garapenaren azterketa, bereziki ondoko alderdi hauena:

_Garatutako helburuen, edukien eta jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena eta taldeen antolaketa eta funtzionamenduarena ere; halaber, agertu diren akatsen arrazoia azaldu eta zuzenketak proposatu beharko dira.

_Ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren irizpideen, prozeduraren eta jardueren balorazioa, baita ikasle libreentzako probena ere.

_Egindako jarduera osagarrien azalpen eta balorazioa.

Ebazpen honen "Irakaskuntza organoen koordinazioa" izeneko III. ataleko 1.C idatz-zatian ("Departamentuaren bilkurak") azaldu bezala, departamentuburuak ekainaren 30a baino lehen emanen dio ikastetxeko zuzendariari ikasturte bukaerako memoriaren ale bat.

c) Ebaluazio proben nondik norakoak kontrolatu eta aztertzea.

d) Beste eginkizun batzuk.

Departamentuei dagokie, baita ere, hezkuntza arloko ikerketak eta departamentukideen hobekuntza zientifikoa eta didaktikoa sustatzea, ebaluazioa egiteko irizpide bateratuak prestatzea, jarduera osagarriak antolatu eta egitea eta ikasle libreen probak egitea. Proba guztiak ezberdinak izanen dira eta aurrez finkatutako irizpideei jarraikiz zuzenduko dira.

Halaber, beste irakasle kidego batzuetarako prestakuntza beharrei kasu eginen diete, hezkuntza administrazioak hala eskatzen dienean.

C._Departamentuaren bilkurak.

a) Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean ordu 1 utziko da gutxienez, batez beste, departamentuko kide guztiak bil daitezen, eta ordu hori ikastetxeko eskola ordutegiaren barruan egonen da.

Bilkura horretan, maila bakoitzaren programazioaren garapena aztertu, behar den materiala elkarrekin prestatu, emaitzak aztertu eta ebaluaziorako irizpideak adostu eta zehaztuko dira, curriculumaren helburuei jarraikiz, eta ezartzen diren gainerako eginkizunak burutuko dira.

b) Ekainean, departamentukideek behar diren bilkurak eginen dituzte, jarduketa plana eta programazioak aztertu eta hurrengo ikasturteari begira egin beharreko zuzenketak proposatzeko; hori guztia ikasturte bukaerako memorian sartuko da. Memoria hori ikastetxeko zuzendariari emanen zaio, ekainaren 30a baino lehen, eta zuzendaritzak urteko programazio orokorrari buruzko memorian sartuko du, ikastetxe guztiek Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura uztailaren 10a baino lehen igorri behar duten horretan, hain zuzen.

c) Departamentuko dokumentazioa. Departamentu guztiek liburu bat osatuko dute egindako bilkura guztien aktekin. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Halaber, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izanen dute.

Departamentuan gordeko dira ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak; ikasturtearen bukaeran, ikasleen erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, botatzen ahalko dira.

D._Departamentuko burutza.

a) Izendapena.

Departamentu bakoitzean buru bat izendatuko da.

Ikastetxeko zuzendariak eginen du izendapena, eta ezin izanen zaio izendapenari uko egin.

Departamentuko burutza, ahal dela, honako honek beteko du: hizkuntza eskola ofizialeko irakasle katedradun bat, katedradun izaeraren antzinatasun handiena duena, ikastetxean behin betiko destinoa dutenetatik.

Katedradunik ez badago, zuzendariak, departamentuari entzun eta gero, departamentuburua izendatuko du kideen artetik. Kargua ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle bati emanen zaio, horrelakorik baldin badago.

Departamentuburuaren kargua zuzendaritza taldeko kide bati egokitzen zaionean, zuzendariak beste irakasle bat izendatuko du departamentuburu izateko, arestian aipatu prozedurari jarraikiz.

Izendapena zuzendariak eginen du, irailean, ikasturte baterako.

Departamentuburuak proposaturik eta departamentuen barrenean eskola hartzen duten ikasle taldeen kopuruaren arabera (moduluak alde batera utzita), zilegi izanen da haien koordinatzaileak izendatzea.

Koordinatzaile bat izendatuko da 24 ikasle talde baino gehiago dituzten departamentuetan, irakaskuntza arautuan, ez, ordea, modulu edo irakaskuntzaren bestelako modalitateetan. 50 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, bigarren koordinatzailea izendatzen ahalko da.

Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, kideen proposamenak kontuan hartuta. Departamentuko aktetan eginkizun horien berri emanen da.

Koordinatzaileak ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu.

b) Departamentuko buruaren eginkizunak.

Departamentuburuak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

_Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

_Bilerak antolatzea, prestatzea eta zuzentzea, hala nola aktak idatzi eta sinatzea. Aktak akten liburuan bilduko dira nahitaez.

_Irakasgaiaren programazioa eta ikasturte bukaerako memoria egin eta koordinatzea, programazioa betetzen den begiratzea (gutxieneko eduki eta mailei dagokienez) eta nahikotasun proba komun bat egitea ikasturtea bide arruntean gainditu ez dutenei.

_Departamentuak egindako proben kalifikazioak gainbegiratzea.

_Ikasle libreen azken proben prestaketa eta antolaketa koordinatu eta zuzentzea.

_Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

_Material inbentariagarriaren zerrendaren eguneratzea bermatzea.

_Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuen zainketa bermatzea.

_Zuzendariari edo ikasketaburuari departamentuan gertatzen den edozein akatsen berri ematea.

_Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian behin egiten diren bilerak departamentuko kideen prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

_Hezkuntza Departamentuak eskatua, ontzat ematea oinarrizko zikloko eta goi zikloko probak, bai eta haietarako ezarritako ebaluazio irizpideak ere.

_Hezkuntza Departamentuak eskatua, oinarrizko zikloko eta goi zikloko probak prestatu behar dituztenak izendatzea eta, behar denean, departamentuaren ordezkaria ere izendatzea, gainerako eskolekiko harremanetarako.

2. Informatikako koordinazioa.

Bi hizkuntza eskola ofizialetan, Iruñekoan eta Tuterakoan, horretarako prestakuntza duten langileak baldin badaude, informatikako koordinatzaile bat izendatzen ahalko da. Informatikako koordinatzailea klaustroko irakasle bat izanen da, zuzendariak eskuordeturik, eta eginkizun hauek izanen ditu: irakasleei baliabide informatikoak erabiltzen laguntzea, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren Teknologia Berrien Atalarekin harremanak ezartzea eta eskolan dagoen materiala gainbegiratu eta zaintzea.

Informatikako koordinatzailea ikastetxeko zuzendariak izendatuko du, ikasturte batez, arestian aipatu baldintzak betetzen dituzten klaustroko irakasleen artetik.

Informatikako koordinatzaile aritzen den irakasleak araubide arruntean ikasle talde bati eskola emateko erabiltzen den denbora erabiltzen ahalko du, koordinatzaile karguaren eginkizunetarako, ondoren adierazten den moduan.

Koordinatzaileak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Koordinazio eginkizunak:

_Ikastetxeko zuzendariaren eskuordetzaz, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren Teknologia Berrien Atalarekin harremanak izatea.

_Departamentuburuei aholkuak ematea, baliabide informatikoak modu koordinatuan erabil daitezen hizkuntza guztietan.

_Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera berriak emateko irizpideak.

b) Sostengu teknikoko eginkizunak:

_Baliabide informatikoen egoera operatibo egokia zaintzea; horretarako, instalazio eta ekipamendu informatikoak gainbegiratuko ditu eta aurreikusitako jarduerak burutzeko behar diren programen erabilgarritasuna bermatuko.

c) Irakaslanak sustatu eta bideratzeko eginkizunak:

_Departamentuei aholkuak ematea, hizkuntzak irakasteko teknologia informatikoaren erabilerari buruz.

_Dagozkien departamentuei programa didaktikoak, aplikazio orokorrekoak eta espezialitatekoak aurkeztea.

_Hezkuntzaren arloko informatikari buruzko informazioa zabaldu eta horren gaineko dokumentazioa erabiltzeko bidea ematea.

_Departamentuei aholkuak ematea, haien kideen interes eta premiei komeni zaizkien prestakuntza modalitateei buruz.

d) Administrazio eginkizunak:

_Ikastetxeko zuzendaritzari aholkuak ematea, baliabide berekiak erosterakoan, hezkuntza administrazioaren irizpideei jarraikiz.

_Ikastetxeko zuzendaritzari laguntzea baliabide informatikoen inbentarioa egiten eta zaintzen, ikastetxeak unitate eta aplikazio informatiko orokorretarako eman duen aurrekontua kudeatzen eta Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren Teknologia Berrien Atalarekin koordinatzen.

IV._IKASLEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK.

1. Ikasleak eskoletara joatea.

Ikasle ofizial guztien eskubide eta betebeharra da eskoletara joatea, eta inoiz ez da zilegi izanen borondatezko asistentzia duen sistemarik ezartzea.

Ikasleei asistentziaren %70 eskatuko zaie, gutxienez, etengabeko ebaluaziorako eskubidea izan eta hurrengo ikasturtean ikastetxean segitu ahal izateko. Bestela, postua gorderik edukitzeko eskubidea galduko dute.

Irailean, urrian eta azaroan, lau astez edo gehiagoz justifikatu gabeko hutsegiteak egiten badira, ikasle ofizialak matrikulatzeko eskubidea galdu eta baja emanen zaio dagokion hizkuntzan.

Horretarako, irakasle bakoitzak ikasleak egunero eskolara joaten diren kontrolatu eta egoera orri bat beteko du. Orri horretan, ikasle bakoitzaren hutsegiteak adieraziko ditu. Orri hori behar bezala sinatu ondoren ikasketaburuari eman beharko zaio, ondoko hilabeteko lehenbiziko eskola egunean, hark espresuki eskatzen ez badu ere.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikasleei hutsegiteen kopurua jakinaraziko die, hiru hilabetean behin, ikastetxeak ezartzen duen prozeduraren bitartez.

Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dira, eskola kontseiluaren ustez justifikatuak badira. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, hauek onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo instituzioetan aritzeko bekak edo kontratuak, unibertsitateko lan praktikaldiak), laneko oporrak, laneko baimena ezkontzeagatik, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.

Ikastetxeetako barne araudiko erregelamenduak atal honetan zehaztutakoa garatuko du.

Dena den, ikasle batek zilegi du matrikulari uko egitea, matrikula egin ondoren gertatutako arrazoi justifikatuak direla eta, ezin denean eskolara joan, eranskin honetako "Bestelako jarraibideak" izeneko V. ataleko 4. idatz-zatian ("Matrikulari uko egitea") ezarritakoari jarraikiz.

2. Ikasturtea errepikatzea.

Oinarrizko mailan eta erdikoan, bai eta goi mailan ere, ikasle batek behin baizik ezin izanen du errepikatu eta, gainditzen ez badu, ikasle ofizialaren izaera galduko du elkarren segidako bi urtetarako.

Epe hori amaituta, ikaslea hizkuntza eskola ofizial horretako ikasle ofiziala izaten ahalko da berriro ere, matrikulazioa egiten badu, gainerako izangaien baldintza berberetan aurreinskripzioa egin ondoren.

Salbuespenez, ikasleek zilegi izanen dute maila berean hirugarren aldiz jarraian matrikulatzea, baldin eta ikaspostu betegabeak gelditzen badira, aurreinskripzioa egin eta bertan onartutako ikasleek matrikula egin ondoren.

V._BESTE JARRAIBIDE BATZUK

1. Matrikula araubidea.

Betekizun akademikoak bete behar badituzte ere, aurretik hizkuntzaren ezagupenak dituzten ikasleek zilegi izanen dute ofizialki egitea oinarrizko zikloko lehenbizikoa ez den maila bat edo goi zikloko bigarrena, baldin eta aurretik dagokion mailakatze proba gainditzen badute.

2. Alkoholari eta tabakoari buruzko arauak.

Ikastetxeek giro higieniko eta osasuntsua bultzatu beharko dute eta, horretarako, hezkuntza komunitatean osasunerako on diren ohiturak eta jarrerak sustatuko dituzte.

Hori helburu, eta 6/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzkoa, bete dadin:

a) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan tabakoa saltzea.

b) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan erretzea.

Ikastetxeetako eskola kontseiluek behar diren neurriak hartuko dituzte, indarrean den araudiari jarraikiz, ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko.

Baldintza horiek kontuan hartuko dira barne araudiko erregelamendua prestatzerakoan.

3. Ikaspostuak gordetzea Haur Hezkuntzako eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko ikaspostu kopuru bat gordeko dute Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek ingelesa edo frantsesa ikas dezaten. Horretarako izena eman eta ikaspostuak esleitzeko prozedura eskolek ezarriko dute.

Iragarkiaren kodea: F0711033