97. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

132/2007 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, paperezko materialak (diptikoak, liburuxkak, gidaliburuak eta abar) sortzeko gazte elkarteendako dirulaguntzen deialdiko arauak onesten dituena, 2007rako gizarte eta lan arloko orientaziorako premia gorriko informazioa Nafarroako gazte guztien esku uzteko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak, otsailaren 28ko 66/2007 Foru Aginduaren bidez, gazte elkarteek gazteendako gizarte eta lan arloko orientazio programak garatzeko dirulaguntzen deialdiaren arauak onetsi zituen. Ahaleginak egin ziren funts publikoak eraginkortasunez kudeatu eta kontrolatzeko.

Ekonomia eta Aurrekontu Politikarako zuzendari nagusiak, maiatzaren 31ko 99/2007 Ebazpenaren bidez, kreditu transferentzia bat egin zuen eta foru agindu berria tramitatzeko kontusaila behar adinako aurrekontuz hornitu zuen.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, non gazteei lan bizitzarako prestatzeko garaira iragaten laguntzeko programen garrantzia baloratzen baita. Bertan deialdi bat sustatzea komenigarritzat jo da paperezko materialak (diptikoak, liburuxkak, gidaliburuak eta abar) sortzeko, gizarte eta lan arloko orientaziorako premia gorriko informazioa Nafarroako gazte guztien esku uzteko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa onesten duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Paperezko materialak (diptikoak, liburuxkak, gidaliburuak eta abar) sortzeko gazte elkarteendako dirulaguntzen deialdiko arauak onestea, 2007rako gizarte eta lan arloko orientaziorako premia gorriko informazioa Nafarroako gazte guztien esku uzteko, foru agindu honen eranskineko arauekin bat.

2. 22.650 euroko (hogeita bi mila seiehun eta berrogeita hamar euroko) gastua baimentzea, deialdi hau finantzatzeko, 2007rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazteendako lan arloko orientazio programak" izeneko 940003 95210 4819 232103 kontusailetik. Dirulaguntzen banaketa, betiere, 2007ko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta jakinaraztea kontu-hartzailetza delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiari eta Azpiegituren Zerbitzuari eta Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 4an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1._Xedea.

Deialdi honen xedea da paperezko materialak (diptikoak, liburuxkak, gidaliburuak eta abar) sortzeko gazte elkarteendako dirulaguntzen deialdiko arauak onestea, 2007rako gizarte eta lan arloko orientaziorako premia gorriko informazioa Nafarroako gazte guztien esku uzteko.

Programa hauek gizartean erabilgarriak dira gazteei hezkuntza sistematik lan merkatura pasatzen laguntzen dien neurrian.

2._Esparrua.

Aurreko arauan aipatzen den dirulaguntza paperezko materialak (diptikoak, liburuxkak, gidaliburuak eta abar) sortzeko eskatzen ahalko da, haien edukiak Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren gizarte eta lan arloko orientazioa hobetzeko balio badu.

3._Egiteko epea.

Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteko epea hauxe da: proiektua onesteko ebazpena jakinarazten denetik 2007ko abenduaren 31ra arte. Dena dela, lehenago hasitako jarduerak ere onartuko dira, baldin eta aurkezturiko proiektuarekin eta deialdiaren helburuekin bat etortzen badira eta urte natural horretan egiten badira.

4._Entitate onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteen Elkarteen Erroldan inskribaturik egonda, gazteendako gizarte eta lan arloko jarduerak garatzen dituzten gazte elkarteek.

5._Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak.

5.1. Deialdi honen barrenean proiektu bakar bati emanen zaio laguntza, hau da, interesagatik eta kalitatearengatik nabarmentzen denari. Hala ere, bi gazte elkartek edo gehiagok batera aurkezturiko materialak prestatzeko proiektuak onartuko dira, biek 4. arauan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

Proiektu partekatua baldin bada, ulertuko da dirulaguntza hartzen duten gazte elkarteek zati berdinetan hartzen dutela, proiektuan beste proportzio bat adierazten ez bada.

5.2. Proiektuak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

_Prestaturiko materialak Nafarroako gazteen gizarte eta lan arloko orientaziora egokitzea.

_Prestaturiko materialen kopurua.

_Bakoitzaren ale kopurua.

_Material horiek gure Komunitateko gazteei helarazteko bideak.

Irizpide bakoitza gehienez ere 5 puntuz baloratuko da. Gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira guztira.

6._Aurkezteko epea eta lekua.

Dirulaguntzaren eskabidea eta proiektuari buruzko agiriak, behar bezala prestatuak eta hurrengo arauan ezarririko moduan ekonomikoki baloraturik, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak zertifikatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

7._Agiriak.

7.1. Eskabide orokorrarekin eta gazte elkarteko lehendakariak sinaturiko proiektuarekin, agiri hauek aurkeztuko dira:

_Txosten bat, entitateek gazteen gizarte eta lan arloko orientazioan duten esperientzia frogatzen duena.

_Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak dituela dioen erantzukizunpeko aitorpena.

_Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, entitatea dirulaguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

_Txosten bat, dirulaguntzaren helburuak betetzeko dirua aldez aurretik jaso beharra justifikatzeko.

7.2. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

7.3. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten. Halaber, aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera.

8._Instrukzioa, balorazioa eta laguntzen zenbatekoa.

8.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko organo eskuduna Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da. Dirulaguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da.

8.2. Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu proiektuak. Gazteria zuzendariordea izanen da batzorde horretako burua eta Prestakuntzaren eta Zeharkako Jardueren Ataleko bi teknikari izanen dira kideak. Administrazio Publikoko Arlo Juridikoko teknikari bat arituko da idazkari lanetan.

Deialdi honetako 5.2 arauan ezarririko irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak. Dirulaguntzaren xede den proiektuaren 100eko 100 finantzatzen ahalko da. Aurrekontuetan horretarako 22.650 euro daude gehienez.

Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko da, betiere, zenbateko kreditua dagoen hartarako Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren aurrekontuetan, 2007rako.

8.3. Aurkezturiko proiektuak aztertu ondoren, Batzordeak irizpide lotzaile bat igorriko du instrukzio organora. Instruktoreak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

9._Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzari buruzko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du eskaera aurkezteko epea bukatu eta hamar egun balioduneko epean gehienez. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

9.2. Esleipenaren gaineko ebazpenean ondokoak agertuko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, dirulaguntza jaso behar duten proiektuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa pagatzeko modua eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

9.3. Dirulaguntza emateko ebazpena erakunde autonomoaren egoitzako oholetan jarriko da, orok jakin dezan.

10._Ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede diren jarduerak bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren. Hala ere, entitate onuradunak eskabideak proiektua garatzeko funtsak aldez aurretik hornitu beharra aipatu bazuen eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen espresik bada, onetsiriko diruaren 100eko 50 pagatuko da. Gainerako proiektua bukatu ondoren pagatuko da, memoria eta dirusarreren eta gastuen frogagiriak aurkeztu ondoren, arau honetan xedaturikoarekin bat.

Bi gazte elkartek edo gehiagok dirulaguntzaren xede diren jarduketak batera egiteko eskabidea aurkeztuz gero, eskabidean portzentajerik zehaztu ezik, dirulaguntza erdibanatuko da bi entitateen artean.

10.2. Dirulaguntza hartzen duten entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

_Proiektuaren bukaerako memoria. Eginiko materialen zerrenda eta haietariko bakoitzaren ale kopurua eta gastuen eta eginiko ordainketen zerrenda adieraziko ditu. Gastuak jatorrizko fakturen bidez frogatu beharko dira. Fakturekin batera, haien fotokopiak aurkeztuko dira. Bi gazte elkartek edo gehiagok partekaturiko proiektu bat finantzatuz gero, elkarte bakoitzari dagokion portzentajea zehaztu ezik, justifikazioa hainbanatuko da.

_Onuradunak erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean, 12.000 eurotik gora.

Agiri horiek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztuko dira 2007ko azaroaren 30a baino lehen.

Kontuan harturik, proiektua egiteko epea 2007ko abenduaren 31n bukatuko dela, onartuko da entitate onuradunaren ordezkariak ziurtatu ditzala azaroaren 30an egiteke dauden gastuak. Hala ere, entitate onuradunek 2008ko urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskaturiko jatorrizko agiriak.

10.3. Gastuak dirulaguntzaren xede den zenbatekoan pentsatutakoa baino gutxiago baldin badira, horri dagokion partea itzuliko da edo, bestela, bidezko den diru kopurua kenduko da dirulaguntzaren bigarren pagamendutik.

11._Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, bakarrik edo baturik.

12._Betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek eginbehar hauek izanen dituzte:

_Dirulaguntza emateko oinarri izan den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

_Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari erakustea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin eta helburuak bete direla.

_Eman eta hartutako dirulaguntzak direla eta, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea.

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, Foru Ogasunaren kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

_Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Instituari lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

_Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak dituztela frogatzea.

_Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

_Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoa badira ere.

_Edozein publizitatetan, dela idatzia, dela ahozkoa, eta prestatzen diren agiri guztietan, adieraztea Nafarroako Gobernuak hartu duela parte, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren bidez.

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

13._Zorrak kitatzea.

Dirulaguntzaren entitate onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuta ordain lekioke dirulaguntza.

14._Ez-betetzeak.

Deialdi honetako arauetan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra, eta kasua izanez gero berandutza-interesak, ekarriko dute, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe. Lege horren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridikoa ezarri zen.

Entitate onuradunek gastu eta ordainketa guztiak 10. arauan ezartzen den moduan frogatu ezik, aurretik kobraturiko dirulaguntza justifikatua hein batean itzuli beharko da edo bigarren ordainketan kobratu beharreko zenbatekoa zenbateko justifikatugabea adina gutxituko da.

Halaber, frogagirietan dirulaguntzaren xede den proiektua ia osorik burutu dutela entitate onuradunek eta horiek zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen dutenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

15._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen eta hori aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

16._Ordezko arautegia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0711570