97. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

691/2007 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2007-2008 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna 2007-2008 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta bi helburu nagusi ditu:

a) Hizkuntza eskola ofizialetako irakaskuntzak ematea urrutiko irakaskuntzaren modalitatean, hizkuntzen urrutiko irakaskuntzaren curriculumari jarraikiz.

b) Bigarren Hezkuntzako hizkuntza curriculumak eta hizkuntzen urrutiko irakaskuntza ofizialaren curriculuma bateratuko dituzten ikastetxe laguntzaileetan hizkuntzen irakaskuntza koordinatzea.

Bada, helburu horiek betetzeko Hezkuntza Departamentuak bi programa garatu ditu hizkuntzen urrutiko irakaskuntza espezializatua bideratzeko.

"That's English" izeneko ikastaroak araubide bereziko hizkuntzen oinarrizko eta erdiko mailak irakastea du helburua, zehatzago ingelesarena, urrutiko irakaskuntzaren modalitatean.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuekiko lankidetzarako programari esker, ikastetxe horietako ikasleek, beraien borondatez, araubide bereziko hizkuntzen oinarrizko eta erdiko mailen irakaskuntzak jasotzeko aukera dute, frantses eta ingelesaren kasuan. Era berean, euskararen kasuan, LOGSEk arautzen dituen hizkuntzen irakaskuntzen goi mailako gaitasun-ziurtagiria lortzeko irakaskuntzak ere jaso ditzakete. Hori beraien irakasleen bidez egiten da.

Honako hauek kontuan harturik: 1629/2006 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetarako curriculumaren alderdi oinarrizkoak finkatzen dituena (hizkuntza horien irakaskuntzak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautu zituen), azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretua, uztailaren 25eko 272/2003 Foru Dekretua eta 22/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailako curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako ezartzen duena.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskineko jarraibideak onestea. Aipatu jarraibide horiek 2007-2008 ikasturtean Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautzeko dira.

2. Ebazpen honetan ezarri diren jarraibideak laguntza administratiboko zentroetan, tutoretzako laguntza zentroetan eta ikastetxe laguntzaileetan ere aplikatuko dira.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalera, Euskararen Didaktika Atalera, Hizkuntzen Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 29an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

I. Urrutiko Irakaskuntza: "That's English!" izeneko ikastaroa

1._Ikastaroaren deskribapena.

"That's English!" ikastaroaren irakaspenak araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzako oinarrizko eta erdiko mailakoak izanen dira, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuak ezarritako curriculumaren arabera.

"That's English!" ekimenaren bidez, urrutiko modalitatean, bi kurtso oinarrizko mailan eta kurtso bat erdikoan irakasten dira, eta iraupen eta ezaugarri berdineko hiru modulutan egituratzen dira.

1., 2. eta 3. moduluak oinarrizko mailako lehen kurtsoari dagozkio.

4., 5. eta 6. moduluak oinarrizko mailako bigarren kurtsoari dagozkio.

7., 8. eta 9. moduluak erdiko mailari dagozkio.

Oinarrizko mailako ziurtagiria lortzeko Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren proba berariazkoa gainditu beharko da, Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen dituen zehaztasunekin bat.

Oinarrizko mailako hirugarren modulua gainditzeko proba eta aurreko lerroaldeak aipatzen duen proba berariazkoa batera eginen dira. Irakaskuntza horiek antolatzen dituen foru aginduak ezarri eta arautuko du proba hori.

Erdiko mailako ziurtagiria lortzeko proba berariazkoa gainditu beharko da. Maila hori antolatzen duen foru aginduak ezarri eta arautuko du proba hori, eta komuna izanen da Nafarroako hizkuntza eskola ofizial guztietarako.

6. modulua (erdiko mailako hirugarrena) gainditzeko proba eta aurreko lerroaldean aipatutako proba komuna batera eginen dira.

2._Ikasleak onartzeko irizpideak.

Hizkuntzen urrutiko irakaskuntzetara sartzeko ezinbestekoa izanen da hamasei urte beterik izatea ikasketa hasten den urtean.

Oinarrizko mailako bigarren kurtsoan edo erdiko mailan matrikulatzeko, irakaskuntza horietarako baldintzez gain, ikasleek honako baldintza hauetakoren bat bete eta ziurtatu beharko dute, aurretik ez badute egin:

_Hizkuntza eskola ofizialetako lehen maila gaindituta izatea, hala bertaratuz nola urrutiko modalitateetan, oinarrizko mailako bigarren kurtsoan matrikula egiteko.

_Hizkuntza eskola ofizialetako bigarren maila gaindituta izatea, hala bertaratuz nola urrutiko modalitateetan, erdiko mailan matrikula egiteko.

_1. eta 2. moduluak gaindituta edukitzea oinarrizko mailako 2. kurtsoan matrikula egiteko, eta 4. eta 5. moduluak gaindituta edukitzea erdiko mailan matrikula egiteko.

Sailkapen proban aldeko txostena lortzea.

Errekuperatzeko 3. edo 6. moduluak besterik ez dituen ikasleak, baldin eta ez badu hurrengo kurtsoan matrikulatu nahi (oinarrizko mailako bigarrena edo erdiko maila), errepikatzaile moduan inskribatzen ahal da oinarrizko mailako lehen edo bigarren kurtsoan, hurrenez hurren. Gainditu gabe 9. modulua besterik ez duen ikaslea errepikatzaile moduan inskribatzen ahalko da, kasu honetan erdiko mailan.

Sailkapen proba, oinarrizko eta erdiko mailak antolatzeko Aginduan aurreikusi dena, ondokoentzat da: aurrez ingelesaren ezagutza maila aski izanik, aurreko mailak gainditu gabe oinarrizko mailako bigarren kurtsoan edo erdiko mailan sartu nahi duten pertsonentzat. Proba hori ikasturte hasieran eginen da.

Sailkapen proban aldeko txostena lortzeak ez du berez irakaskuntzako ondoriorik izanen. Proba horrek egiten den ikasturtean baino ez du izanen indarrik.

Aurreko ikasturtean edozein hizkuntza eskola ofizialetan egin nahi duten mailaren aurreko mailan matrikulatuta egonda, maila hori gainditu ez duten ikasleek ez dute ikaslearen sailkapen proba egiteko aukerarik izanen.

"That's English!" ikastaroko ikasleak, ondorio guztietarako, urrutiko hizkuntza eskola ofizialeko ikasle ofizialak izanen dira eta aldi berean ezin izanen dute ikasketa hori bera egin inongo hizkuntza eskola ofizialetan, ez ikasle ofizial gisa ez ikasle libre gisa.

3._Matrikulazioa eta deialdi kopuruaren muga.

2007-2008 ikasturtean maila bakoitzeko matrikula Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ezarriko duen egunean eginen da, aurreko lehenbiziko puntuan ezarri denarekin bat.

Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon diren ikasleei ikaspostua bermatuko zaie. Gainerako ikasleei eskabideen ordena hertsiki betez esleituko zaizkie ikaspostuak.

Matrikula eskolan bertan eta Eskolaren Laguntza Administratiborako Tuterako Zentroan eginen da. Matrikula egiteko ikasleak matrikularen inprimakia aurkeztuko du, era egokian beteta, eta horrekin batera N.A.N.-aren fotokopia eta bi argazki. Halaber, ondoko hauek aurkeztu beharko ditu:

Oinarrizko mailako bigarren kurtsoan edo erdiko mailan matrikulatzeko:

Baldin eta "That's English!" ikastaroko ikaslea bada eta lehen edo bigarren kurtsoa gaindituta badu _edo gutxienez kurtso bakoitzeko lehen bi moduluak_, kalifikazioen buletinaren fotokopia.

Hizkuntza eskola ofizialetan bertaratzeko modalitatean lehen edo bigarren maila gaindituta badu, ikastetxeak ematen duen Ikasketen Ziurtagiri Ofiziala.

Sailkapen proba egitea eskatzen duten ikasleek aurreinskripzioa egin beharko dute iritsi nahi duten maila horretan. Horren emaitzak jakin ondoren, hala denean, behin betiko formalizatuko dute matrikula.

Matrikula formalizatu ondoren, material didaktikoaren kontzeptuan pagatu den dirua interesdunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik matrikula deuseztatu behar denean baino ez da itzuliko.

Baldin eta "That's English!" programako ikasle batek ikasketak bertaratzeko modalitatean jarraitu nahi baditu, Hizkuntz Eskola Ofizialek jendea onartzeko ezarri duten prozedura orokorra aplikatuko da.

4._Ikastetxeak.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak, egoitza nagusia ez ezik, bidezko baimena duten beste ikastetxe batzuen laguntza izanen du. Batzuk Laguntza Administratiborako Zentroak izanen dira, eta beste batzuk Tutoretzarako Laguntza Zentroak. Horiek ikasleek behar dituzten azpiegiturak eskainiko dituzte.

Halaber, azterketak egiteko, Eskolak beharrezko ikasgelak izanen ditu beste ikastetxe batzuetan; horretarako ikastetxe horien zuzendarien baimena izan beharko du.

5._"That's English!" ikastaroa ematen duten irakasle-tutoreak.

Ingeles irakasleak hizkuntza eskola ofizialen edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegokoak izanen dira.

"That's English!" ikastaroko irakaskuntzetako irakasleak gehienbat Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean zerbitzu eginkizunetan destinoa dutenak izanen dira. Behar izanez gero, bere ikastetxeko ordutegia hizkuntza eskolan osatzen duten dedikazio partzialeko irakasleak ere sartzen ahalko dira.

Programa hauetako irakasleek ikasturte osorako konpromisoa hartu beharko dute, hala ikasleen tutoretzako laguntzari nola ebaluazioari dagokionez.

Irakasle-tutore bakoitzaren dedikazioak, orduetan, astero ordu eta erdiko ahozko praktikako saioa bermatuko du dagokion ikasle taldearekin, baita idatziz egiten diren jarduerak eta moduluko probak zuzentzeko, idatzizko azterketak zaintzeko eta ahozko proben epaimahaietan esku hartzeko beharrezko denbora ere. Halaber, irakasleak koordinazio bileretara joanen dira baldin eta deialdia egiten bazaie.

6._Tutoreen laguntza.

Ikasleek tutoretza ordu bat izanen dute astean, ikasturteak dirauen bitartean.

Tutorearen laguntzarako saioak taldeetan eginen dira eta asistentzia borondatezkoa izanen da. Halere, ikasleen asistentzia ebaluatzeko, hilabetean behin egiaztatuko da asistentzia hori.

Tutoretza saioen helburuak hauek izanen dira:

_Ahoz komunikatzeko gaitasunaren garapena sustatzea eta inter- akzioaren bidez beste hizkuntza gaitasunekin batera integratzea.

_Ingelesaren ikaskuntza prozesua erraztuko duten beste teknika eta estrategia batzuei buruzko orientazioa ematea.

_Idazteko eta ebaluazioko jarduerak zuzentzea eta haien azterketa eta zuzenketa bermatzea.

_Halaber, zilegi da banakako tutoretzak antolatzea eta, behar izanez gero, errekuperazio taldeentzakoak.

7._Baliabide didaktikoak.

Baliabide didaktikoen banaketa Urrutiko Irakaskuntza Berritu eta Garatzeko Zentroak (UIBGZ) eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak (NUHEO) zuzendu eta koordinatuta eginen da. Bi erakunde horiek ikasleak matrikula egin duen eta hori formalizatu ondoren bitarteko horiek jasoko dituen Laguntza Administratiborako Zentroen zuzkidura bermatuko dute.

Ikasle berriek matrikulatutako kurtsoari dagozkion testu liburuak eta CDak jasoko dituzte, baita ariketa koadernoa eta gidaliburu osagarria ere.

Ikasle errepikatzaileek matrikulatutako ikastaroari dagozkion ariketa koadernoa eta gidaliburu osagarria jasoko dituzte.

Halaber, ikasle guztiek informazio gidaliburu bat eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren ezaugarri berezien berri ematen duen gehigarri bat jasoko dituzte.

Aukeran, eta ezarritako zenbatekoa pagatuta, ikasleak ikastaroko DVDak eskuratzen ahalko ditu.

8._Ebaluazioa.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala modulu guztien ebaluazio proben arduraduna izanen da.

Probak Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ezarriko dituen zentroetan eginen dira eta tutoretzaren erantzukizuna duten irakasleek zaindu eta zuzenduko dituzte, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Ingeles Departamentuak koordinatuta. Beharrezkoa den kasuetan ikasturtean zehar ordezkapenak egiten dituzten irakasleen laguntza erabiltzen ahal da eta, aparteko kasuetan baino ez, ingeles irakasle espezialistak diren baina ikastaro honetan ez dauden irakasleen laguntza, baldin eta hizkuntza eskola ofizialen edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoko kideak badira.

Ikasturtean zehar hiru idatzizko proba eginen dira oinarrizko eta erdiko mailetan:

Lehenbizikoa abenduan, honako modulu hauetarako: 1. moduluarena lehen kurtsoko ikasleentzat, 4. moduluarena bigarren kurtsokoentzat, eta 7. moduluarena erdiko mailakoentzat.

Une horretan 3. moduluko edukien errekuperazioa eginen da, bigarren kurtsoan matrikulatuta egonik lehen kurtsoko azken modulua gainditu ez duten ikasleentzat, eta 6. moduluaren errekuperazioa, erdiko mailan matrikulatuta egonik oinarrizko mailako bigarren kurtsoko azken modulua gainditu ez dutenentzat.

Bigarrena martxoan izanen da, honako hauetarako: 2. moduluarena oinarrizko mailako lehen kurtsoko ikasleentzat, 5. moduluarena oinarrizko mailako bigarren kurtsoko ikasleentzat, eta 8. moduluarena erdiko mailakoentzat.

Gainera, 1., 4. eta 7. moduluen errekuperazioa eginen da.

Hirugarrena ekainean izanen da, honako hauetarako: 3. moduluarena oinarrizko mailako lehen kurtsoko ikasleentzat, 6. moduluarena oinarrizko mailako bigarren kurtsoko ikasleentzat (Oinarrizko Mailako Ziurtagiria lortzeko proba berariazkoa izanen da), eta 9. moduluarena (Erdiko Mailako Ziurtagiria lortzeko proba berariazko komuna izanen da).

Gainera, 1., 2., 4., 5., 7. eta 8. moduluen errekuperazioa eginen da.

Irailean 1., 2., 3., 4., 5., 7. eta 8. moduluen errekuperazioen deialdia eginen da.

3. moduluaren ebaluazioari dagokionez, idatzizko probak gaindituta, ikasleek ahozko proba bat egin beharko dute epaimahai baten aurrean. Epaimahai horretan gutxienez bi irakasle egonen dira.

Modulu bakoitza gainditzen denean, ziurtagiria emanen da eta horrek, hezkuntzako modalitate honen ondoriotarako, behin betiko frogatuko du probak gainditu direla.

9._Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eskurantzak.

Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialari dagokio:

_Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzea "That's English!" ikastaroaren alderdi administratibo eta akademikoen jarraipena eta kudeaketa egiteko.

_Material didaktikoaren banaketaren koordinazioa.

_Ebaluazio probak koordinatu, gainbegiratu eta egitea.

_Baldin eta Hezkuntza Departamentuak bidezkotzat jotzen badu, Programaren jarraipenerako Nafarroako Gobernuak, Urrutiko Irakaskuntza Berritu eta Garatzeko Zentroak (UIBGZ) eta banku-entitateak ezarriko dituzten batzorde teknikoetako kide izatea.

_Moduluen ziurtagiriak prestatzea eta hezkuntzako eskaintza honetako ikasleen ebaluazio eta jarraipen erregistroa egitea.

_"That's English!" ikastaroaren probak ebaluatzeko beharrezkoak diren epaimahaiak izendatzea.

_Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzea "That's English!" ikastarorako irakasle tutoreak izendatzeko.

II. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuen arteko lankidetza programa, atzerriko hizkuntzak eta euskara irakasteko

1._Irakaskuntzak.

1.1. Ezaugarriak.

Programa honen xedea da Bigarren Hezkuntzako ikasleei, hala nahi dutenei, urrutiko hizkuntza eskola ofizialeko ikasle ofizial izateko aukera ematea, eta beraien ikastetxeetan jasotzea 22/2007 Foru Aginduan jasotako irakaskuntzak (22/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailetako curriculuma ezartzen duena). Horrela, bada, ikasleak, aldi berean jasotzen ahal ditu Bigarren Hezkuntzako hizkuntzako helburuak eta hizkuntzen irakaskuntza espezializatuetakoak.

Arestian adierazi den programa horretan kontuan hartu behar da Bigarren Hezkuntzak eta hizkuntza eskola ofizialek ezaugarri desberdinak dituztela hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, baina, aldi berean, biek hizkuntzazko helburu eta eduki komunak dituztela.

Gainera, Bigarren Hezkuntzako ikasleek, baldin eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eeskola Ofizialarekin lankidetza-programara bilduak badira eta Euskararen Oinarrizko Zikloaren Agiria badute, badute aukera euskararen Goiko Zikloaren ziurtagiria eskuratzeko lankidetza-programa jarraitzeko, uztailaren 28ko 272/2003 Foru Dekretuan ezarritako curriculumarekin bat, eta mailen egokitzapena ezartzen duen 1.2. puntuarekin bat.

Beharrezkotzat jo da aldian behin koordinatzeko bilerak egitea Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta programa hau irakasten duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuetako irakasleen artean.

1.2. Mailen egokitzapena.

Bigarren hezkuntzako eta araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzak aldi berean ikasi ahal izateko, 2007-2008 ikasturterako, modu iragankorrean, honako egokitzapenak ezarri dira, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat:

EUSKARA, A EREDUA

Araubide orokorreko irakaskuntzak Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 3. maila Oinarrizko mailako 1. kurtsoa

DBHko 4. maila Oinarrizko mailako 2. kurtsoa

Batxilergoko 1. eta 2. mailak Erdiko maila

EUSKARA, D EREDUA

Araubide orokorreko irakaskuntzak Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 3. maila Erdiko maila

DBHko 4. maila Hizkuntza eskola ofizialetako 4. maila

Batxilergoko 1. eta 2. mailak Hizkuntza eskola ofizialetako 5. maila

FRANTSESA

Araubide orokorreko irakaskuntzak Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 3. maila Oinarrizko maila

DBHko 4. maila Erdiko maila

Batxilergoko 1. eta 2. mailak

INGELESA

Araubide orokorreko irakaskuntzak Araubide bereziko irakaskuntzak

DBHko 3. maila Erdiko mailako hastapena

DBHko 4. maila Erdiko maila, Erdiko maila,

ziurtagiria lortzeko ziurtagiria lortzeko

aukera aukerarik ez

Batxilergoko 1. eta 2. maila Erdiko maila

Lankidetza programan sartuta dauden ikastetxe edo institutuek, erdiko mailarako, bi aukera izanen dituzte: erdiko mailarako prestakuntza programa bat, ikasturte bukaeran ziurtagiria lortzeko proba duena, edo bi ikasturteko programa, ziurtagiria lortzeko proba bigarren ikasturtearen bukaeran duena.

Parte hartzen duten ikastetxeetan, D ereduko DBHko hirugarren mailako ikasleak erdiko mailan sartuko dira, egoki den sailkapen probaren bitartez. Atal honetako 1.2 puntuan Euskararako ezarritako egokitzapena eginen dute.

Era berean, eremu euskaldunean DBHko 3. mailan A ereduan dauden ikasleek aukera izanen dute aurreko atalean aipatutako sailkapen proba egiteko.

Ikastetxe baimendu bateko ikasleek, aurretik programa honetan matrikulatuta egon badira eta ikasturte bat atzerrian egin behar badute, araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzen matrikula egiten ahalko dute, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, beren ikastetxeen bitartez, betiere ezarritako baldintza orokorrei jarraikiz.

2._Hizkuntzak.

2007-2008 ikasturtean lankidetzaren barruan sartzen diren hizkuntzak frantsesa, ingelesa eta euskara izanen dira.

Frantsesa eta ingelesa hezkuntzako eskaintza honen barruan sartzen ahalko dira Bigarren Hezkuntzan atzerriko lehen hizkuntza edo bigarrena badira.

3._Ikastetxe parte-hartzaileak baimentzea.

Programa honetan parte hartu nahi duten ikastetxe eta institutuek Hezkuntza Departamentuan eskatu behar dute, irakaskuntza hori ezarri nahi den ikasturtearen aurreko apirilaren 1a baino lehen, eta hori urriaren 18ko 583/1995 Foru Aginduan ezarri denarekin bat. Eskaerak dagokion hizkuntza departamentuaren babesa eta ikastetxearen Eskola Kontseiluaren onespena izan beharko du.

Hezkuntza Departamentuak emanen du horri buruzko ebazpena eta horretarako kontuan hartuko ditu Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostenak.

Lankidetza programa hasi duten ikastetxe eta institutuek ikasleekin hartutako konpromisoari eutsiko diote, gutxienez programa hasi zuten ikasleek ikastetxe horrek ematen ahal duen bigarren hezkuntzako ziklo eta/edo etapa bukatzen duten arte, betiere aurrerapen egokia badute bai araubide orokorreko irakaskuntzetan bai araubide berezikoetan. Programan bigarren hezkuntzako 3. eta 4. mailetan sartzen diren ikastetxeak bete-betean sartzen ahalko dira, emeki-emeki sartu beharrik gabe.

4._Ikasleak.

4.1. Onarpena eta matrikulazioa.

Hezkuntza Departamentuaren baimena duten ikastetxeetako ikasleentzat borondatezkoa da programa honetan parte hartzea.

Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetarako dagoen adin muga kontuan hartuta, 16 urtetik behera izanik Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programan parte hartzen duen ikasleak proba homologatuak (martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuan ezarriak) eginen ditu programa honetan ikasi eta dagozkion ziurtagiriak lortzeko. Proba horiek Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak prestatu eta aplikatuko ditu, maila horietarako orokorki ezarritako zehaztasunekin bat.

Adinari buruzko baldintza betetzen duen ikasleak matrikula egin beharko du Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, eta ezin izanen du aldi berean hizkuntza bera beste hizkuntza eskola ofizial batean ikasi.

Aurreko kurtsoa gainditu gabe irakaskuntza hauetako hainbat kurtso eta mailatan sartzeko sailkapen probak antolatu ahalko dira, baldin eta II. atal honetako maila egokitzapenari buruzko 1.2 puntuak ahalbidetzen badu.

Proba horiek honako ikasleentzat dira:

1. Lankidetza Programari atxikita ez dauden ikastetxe edo institutuetako ikasleak.

2. Programan parte hartzen duten ikastetxe edo institutuetako ikasleak, programan lehenbiziko aldiz parte hartu nahi dutenak.

3. Programan parte hartzen duten ikastetxe edo institutuetako ikasle izanik, eta araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen kurtso bat suspendituta, programan parte hartu nahi dutenak. Aurreko ikasturtean edozein hizkuntza eskola ofizialetan egin nahi duten mailaren aurreko mailan matrikulatuta egonda, maila gainditu ez duten ikasleek ez dute sarrera-proba hori egiteko aukerarik izanen.

Hori guztia gorabehera, nahitaezkoa da kalifikazio proba horren bidez eskuratuko duten maila ikastetxeak duen maila egokitzapenarekin bat etortzea.

Kalifikazio proba horrek ez du ondorio akademikorik izanen eta dagokion ikasturtean baizik ez du balioko.

Ikasleek, beren ikastetxearen bidez, informazio egokia jasoko dute, bai hezkuntza eskaintzari buruz bai matrikulazio baldintzei buruz.

4.2. Ikasleak taldekatzea.

Ikastetxe laguntzaile bakoitzak bere ezaugarriei hobekien egokitzen zaien barne antolamendua hautatuko du, betiere antolakuntza horrek II. ataleko 1.2. puntuan ezarri diren baldintzak betetzen baditu eta irakasleen aukerak kontuan hartuta.

4.3. Eskualdekatzea, azterketak egin ahal izateko.

Hainbeste ikasle daudenez eta programako ikastetxeak hain sakabanaturik daudenez, azterketak (idatzizkoak eta ahozkoak) eta koordinazio bilerak egiteko eskualdeak sortuko dira. Hori dela eta, hizkuntza bakoitzerako eskualdeburutzat jotzen diren ikastetxeetara joan beharko dute ikasle-irakasleek.

Ahozko azterketarako deialdia:

Ikasleek beren ikastetxeetan eginen dute ahozko proba. Hala ere, bost ikasle baino gutxiago ebaluatu behar diren kasuetan, beste ikastetxe batzuetara joateko deia egiten ahalko zaie.

5._Irakasle laguntzaileak.

5.1. Irakastea.

Programa hau horretarako baimena duten ikastetxe eta institutuetako irakasleek irakatsiko dute, baldin eta irakaskuntza horiek irakasteko eskatzen den titulazioa badute, indarra duten arauetan ezarri bezala.

Irakasleek beren borondatez hartuko dute parte hezkuntza eskaintza honetan; baina, ikasturtea hasirik, programa betetzeko eta ebaluatzeko konpromisoa izanen dute.

Programa honetan parte hartzen duten irakasleek ondoko eginkizun hauek izanen dituzte:

_Programan matrikulatutako ikasleei oinarrizko eta erdiko mailetako ziurtagiriak eta euskararen gaitasun agiria eskuratzeko prestakuntza ematea, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuari eta uztailaren 28ko 272/2003 Foru Dekretuari jarraikiz.

_Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak programaturiko koordinazio bileretara joatea.

_Ebaluazio prozesuan parte hartzea, hala orientaziorako probetan (idatzizkoetan eta ahozkoetan), nola ziurtagiria emateko egiten diren horietan (zaintzea, zuzentzea, ahozko probetarako epaimahaiak etab.).

Irakasleek beren eskola orduetatik astero ordu bat hartuko dute hizkuntza eskolaren curriculumarekin irakasten duten maila bereko bi taldeko edo maila desberdineko talde bakoitzeko, probak zuzentzeko edo koordinazioaren emaitzako lanak egiteko. Gainera, bukaerako azterketengatik zehaztuko diren ordain ekonomikoak jasoko dituzte.

5.2. Koordinazioa.

II. atal honetako "Ezaugarriak" izeneko 1.1 puntuan ezarri denarekin bat, koordinazioa beharrezkoa da Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta UHEOren lankidetza programaren bitartez araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuetako departamentu didaktikoetako irakasleen artean.

Koordinazio bileretan, besteak beste, kontu hauek aztertuko dira:

_Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak prestaturik duen programazioaren jarraipena elkarri azaltzea, eta hori ikasturte amaieran lortu behar diren helburuak kontuan hartuta egitea.

_Ikasleek lortu behar dituzten hizkuntz gaitasun guztien azterketa, eta baita horiek praktikan erabiltzeko material eta jarduerarik egokienak ere.

_Probetan aplikatzen ahal diren irizpideak aztertzea eta baloratzea, objektiboki kuantifikatu ezin direnak barne.

_Ikasleak ikasturte amaieran egin behar dituen idatzizko eta ahozko proben antzekoak aztertu eta baloratzea; proba horietan ekimena eta azken erabakia nahitaez Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarena izanen dira.

_Mintzamena ebaluatzeko probak egiteko behar diren euskarriak aztertzea.

6._Ebaluazioa.

Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetako ebaluazioari dagokionez, oinarrizko eta erdiko mailak antolatzen dituen foru aginduan ezarritakoa beteko da, baita honako baldintza hauek ere:

a) Ebaluazio proben koordinazioa eta prestaketa-lana Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialari dagozkio.

b) Ikasturtean zehar, ikasleek entseguko azterketak eginen dituzte, idatziak eta ahozkoak.

Idatzizko probak Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean prestatuko dira eta ikastetxe eta institutuetako irakasleek zuzenduko dituzte, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko dagokion departamentu didaktikoarekin koordinatuta.

Azken proba idatziak deialdi bakarrean eginen dira, egun eta ordu beretan. Ikastetxe laguntzaile bat baino gehiago dituzten herrietan, modu zentralizatuan eginen dira, ikastetxe batean.

Ahozko proba egiteko epaimahai mistoak eratuko dira eta horietan Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle bat egonen dira. Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko die sare publikoko funtzionarioak diren irakasleei ahozko azterketetan Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle gisa aritzeko. Kalifikazioaren azken erantzuna Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kasuan kasuko hizkuntza departamentuari dagokio.

7._Baliabide didaktikoak.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak, bere programazioan, testu liburuak eta material osagarriak ezarriko ditu eta horien bidez aurreikusi diren helburuak eskuratzen ahal dira. Liburu eta material horiek orientaziozkoak izanen dira, ez nahitaezkoak.

III. Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra

1._Edukia.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak ikasturtea hastean urteko programazio orokorra eginen du, hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuki gauza daitezen.

Urteko Programazio Orokorrak ondoko atal hauek izanen ditu:

1.1. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta planifikatzeko irizpideak.

Gutxienez ondoko hauek izanen ditu:

_Eskola eskolako kideentzat irekita egonen den ordutegia.

_Jendea hartzeko ordutegia.

_Ikastetxeko eskola-orduak.

_Irakasleen ordutegi orokorra.

_Pertsona bakarreko gobernu organoen ordutegia.

_Irakasle bakoitzaren ordutegia.

_Bigarren Hezkuntzako ikastetxe laguntzaileetako irakasleekin koordinazioa egiteko bileren ordutegia.

1.2. Irakaskuntzako jarduerak.

Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren departamentu didaktikoek ikasturte osoan eginen diren jarduketen plana prestatu behar dute. Honek izanen du:

_Jardueren egutegia, ondoko hauek zehaztuz: irakasle laguntzaileekin biltzeko egunak, azterketen datak etab.

_Programazio didaktikoak.

_Departamentuaren lan plana, urte osokoa, aurreko urteko memorian azaldutako ondorioak kontuan hartzen dituena eta departamentuak urte horretan dituen lehentasunak aipatzen dituena.

1.3. Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak memoria administratiboa eginen du eta horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.

Hezkuntza Departamentuak dokumentu horiek betetzeko inprimakiak eskainiko ditu. Inprimakiak, gero, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura bidaliko dira urriaren 31 baino lehenago.

2._Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urte osoko programazio orokorra prestatzea zuzendariaren ardura izanen da, zuzendaritza taldearekin batera, departamentu didaktikoek aurkezten dituzten proposamen eta irakaskuntza horretarako Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburu eta lan planen arabera.

Ikastetxeko zuzendariak ezarriko du Urteko Programazio Orokorra modu egokian egiteko jarduketa egutegia.

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendaritza taldeak urriaren 31 baino lehenago aurkeztuko die Urteko Programazio Orokorra Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eta Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikertuko du Urteko Programazio Orokorra egokitzen ote zaion jarraibide hauetan xedatzen denari, eta zer zuzenketa egin behar diren adieraziko du, behar izanez gero.

Apirilaren 30a baino lehenago eskolak ekaineko jardueren behin betiko egutegia igorriko du Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, eta ekainaren 30a baino lehen, irailekoak; horretan azken progak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, eta baita horiei buruzko kontsultak egiteko aldia ere.

Urteko Programazio Orokorra eskolako kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtean zehar zuzendaritza taldeak ebaluatu eginen du Urteko Programazio Orokorra zenbateraino betetzen ari den.

Ikasturtea bukatzean, zuzendaritza taldeak ebaluatu eginen du Urteko Programazio Orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak eskolaren funtzionamendua eta irakaskuntza hauek erregulatzen dituzten arauak betetzen direla kontrolatuko du; halaber, izaera orokorra izanik hezkuntzako modalitate honetan eragina izaten ahal duten gainerako arau guztiak betetzen direla gainbegiratuko du.

IV. Irakaslana koordinatzeko organoak

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak frantses, ingeles eta euskara departamentuak izanen ditu.

1._Departamentuen eginkizunak.

_Dagokion hizkuntzaren programazio didaktikoa egitea.

_Jardueren egutegia prestatzea.

_Lan-plangintza egitea.

_Idatzizko probak prestatzea, bai ziurtagiriak luzatzekoak, bai orientabideak ematekoak, ikasleek ikasturtearen bukaeran eginen dituztenen antzekoak.

_Ebaluaziorako entseguko azterketak kontrolatu eta aztertzea.

_Mintzamena ebaluatzeko probak egiteko behar diren euskarriak prestatzea.

_Hizkuntza gaitasunak lantzeko material eta jarduera didaktikoak prestatzea, mailen eta helburuen arabera.

_Bigarren Hezkuntzako irakasleekin koordinatzeko bilerak antolatu eta zuzentzea.

_Ikasturte bukaerako memoria egitea.

2._Departamentuburuaren eginkizunak.

_Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

_Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, hala nola aktak idatzi eta sinatzea. Aktak akten liburuan bilduko dira nahitaez.

_Irakasgaiaren programazioa eta ikasturte amaierako memoria prestatu eta koordinatzea, hala nola programazioa betetzen dela begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.

_Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

_Azken proben antolamendua eta prestakuntza koordinatu eta zuzentzea.

_Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

_Inbentariatu beharreko materiala gaurkotzen dela ziurtatzea.

_Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuen zainketa bermatzea.

_Departamentuan gertatzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

_Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian behin egiten diren bilerak Departamentuko kideen prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

3._Programazio didaktikoa.

Programazioan ondoko alderdi hauek bilduko dira nahitaez:

a) Helburuak, edukiak eta denboraren banaketa.

b) Metodologia.

c) Ebaluazioa:

_Ebaluatzeko irizpideak, proba irekienak barne.

_Idatzizko eta ahozko proben formatuak.

Departamentuburuak, Departamentu bakoitzeko programazioa prestatzeko arduradun nagusia den aldetik, haren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari. Zuzendariak, programazioa aztertu ondoren, puntu honetan ezarritakoaren araberakoa baldin bada, Ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean sartuko du eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igorriko du.

Departamentuaren programazioa edo memoria ikastetxeko zuzendaritzari aurkeztuko zaio, behar den denborarekin, puntu honetan ezarritakoarekin bat ez badator, ikastetxeko zuzendariak aipatu dokumentuak itzul diezaizkion departamentuari, berriz egiteko.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata ikastetxeko gobernu-organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura.

4._Ikasturte bukaerako memoria.

Memoria horrek ondoko atal hauek izanen ditu:

a) Departamentuak programazioan proposaturiko lan plana zenbateraino bete den.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleekin lankidetzan aritzeko programaren balorazioa: bilerak, materialak, azterketak (orientabideak ematekoak eta agiriak luzatzekoak), programazioa zenbateraino bete den.

c) Agiriak luzatzeko azterketen emaitzak eta balorazioa.

d) Hurrengo ikasturtean hobetzeko proposamenak.

V. Irakasleak

1._Lanaldia eta ordutegia.

Oro har, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleek, zuzendaritza taldea barne, eta baita Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko programen garapenarekin lotuta dauden jardueretan esku hartzen duten irakasle guztiek ere, azaroaren 4ko 229/2002 Foru Dekretuak aldatutako uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren I. eta IV. tituluetan ezarri dena beteko dute, ondoko jarraibideetan finkatutakoa kontuan hartuta.

2._Asteko orduen banaketa.

Irakasleek 30 ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, honela banatuak: 25 ordu ikastetxean nahitaez egin beharrekoak, eta 5 ordu osagarri, urtean zenbatzekoak.

3._Irakasleen ordutegi pertsonala.

Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizial guztietako departamentu didaktikoen artean koordinazio egokia bermatzeko, irakasleentzako 5 ostiral ezarriko dira, ebaluazio eta prestakuntza irizpideak estandarizatzeko bilkurak egiteko nahitaezkoak, irakaskuntza berrietarako ezarririko maila berriekin.

3.1. "That's English!" programako irakasleak.

Irakasleek ikastetxeko jardueretarako asteko ordutegia, hogeita hamar ordukoa, adieraziko dute dagokion inprimakian; alde batetik, asteko lanegun guztietan ageri behar duten hogeita bost orduak (nahitaez ikastetxean egin beharrak) eta, bestetik, urtean zenbatzeko bost orduak, zehaztu gabe ageriko direnak.

3.1.1. Irakastorduak.

Eskuarki, hemezortzi irakastordu izanen dira. Salbuespen gisa, ikastetxeko orduen banaketak hala eskatzen duenean, hogei ordu izanen dira gehienez.

Irakasle batek 18 irakastordu baino gehiago dituenean, kontuan hartuko da, betiere, irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean agertu behar duten irakastorduen eta astean zenbatu beharreko ordu osagarrien batura 25 ordukoa izanen dela astean. Ondorio horietarako, beraz, 18 orduko kopurutik goitiko irakastordu bakoitza bi ordu osagarrirekin konpentsatuko da.

3.2. Beste irakasleak.

Eskolarik eman beharrik ez duten irakasleek ikastetxeko jardueretarako asteko ordutegia, hogeita hamar ordukoa, adieraziko dute dagokion inprimakian; alde batetik adieraziko ditu astearen egun baliodun guztietan barna banakako ordutegian agertu behar duten hogeita bost orduak, ikastetxean nahitaez egin beharrekoak, eta, bestetik, urtean zenbatzeko bost orduak, zehaztu gabe ageriko direnak. Nahitaez ikastetxean egin beharreko 25 orduak departamentuei dagozkien eginkizunak betetzeko erabiliko dira, baita zuzendaritza-karguen eginkizunak betetzeko ere, hala denean.

4._Zuzendaritza taldea.

Irakastorduen zenbaketaren ondorioetarako, zuzendaritza taldeak, guztira, 29 ordu izanen ditu astean karguaren eginkizunak betetzeko.

5._Departamentuburua.

Irakastorduen zenbaketaren ondorioetarako, departamentuburu bakoitzak, guztira, 3 ordu izanen ditu astean karguaren eginkizunak betetzeko.

6._Ordu osagarriak, urtean zenbatzekoak.

Irakasle bakoitzak ikastetxeko jardueretarako astean eman behar dituen 30 orduak betetzeko, norberaren ordutegian agertu behar duten asteko 25 orduak aparte utzita, gainerako bostak urtean konputatuko dira, irakasle guztiek nahitaez egin behar dituzten lanak egiteko, alegia, ikasleen azterketak ekain-irailetako deialdietan prestatu, egin eta zuzentzeko, eta departamentuetako gainerako eginkizunak betetzeko.

Azken azterketak egiteko finkatutako egunetan, irakasleek ordutegia egokituko dute azterketak egiteko programatutako egutegiaren arabera. Inguruabar hori ez da ordutegi pertsonalean agerraraziko, urtean zenbatzeko ordutegiko orduak baitira.

7._Ordutegien prestaketa eta onespena.

Ikasketaburuak, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskolak garatzen dituen programen beharrak kontuan hartuta, Eskolako irakasleen eta "That's English!" ikastaroan matrikulaturiko ikasleen ordutegiak prestatuko ditu, ebazpen honetan ezarritako arauei jarraikiz.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak onetsiko du ordutegia. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Horri buruz aurkezten den edozein erreklamazio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ebatziko du.

8._Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia-orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean daudela kontrolatuko du.

Eskolako zuzendariak, hilabete bakoitzaren 5a baino lehen, aurreko hilabeteko asistentziari buruzko txostenak igorriko ditu Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta horretarako ikastetxera bidaliko diren ereduak erabiliko dira.

Ikastetxean nahitaez egoteko orduei buruzko absentzien eta atzerapenen berri emango da ohiko ereduetan, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Nolanahi ere, txosten horietan ondoko arau hauek beteko dira:

_Inoiz ez da utziko hutsik "hutsegitearen arrazoia" laukia, eta hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

_Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira.

_"Hutsegitearen arrazoia" izeneko laukian "Norberaren arazoetarako ordaindu gabeko lizentzia" jarri ahal izateko, beharrezkoa izango da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari baimena ematea.

Irakasleek beren lanetan gertatzen den edozein absentzia edo atzerapenen berri emango diote ikastetxeari, ahalik eta lasterren.

Zuzendariak, justifikazioa aurkezteko epea bukatu eta biharamunean, justifikatu gabe gelditu diren hutsegite edo atzerapen guztien berri emanen dio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, soldatari egin beharreko murrizpena egin eta, beharrezkoa bada, dagokion espedienteari hasiera emateko. Kasuko irakasleari ere emanen zaio, idatziz, horren berri.

Irakasleek hutsegitearen ziurtagiriak aurkeztu behar dizkiote zuzendariari, horrek eskatu gabe.

Irakasleen hutsegiteen ziurtagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normalaren gorabehera guztiak berehala emango zaizkio aditzera telefonoz Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, eta bai ondoren asistentzia partean jasoko ere.

Iragarkiaren kodea: F0711030