94. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

195/2007 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lizarrako enpresa parkearen plan partzialaren kanpoko azpiegituretarako. Azpiegitura horiek Lizarra, Aiegi, Iguzkitza eta Villatuertako udal mugapeak ukitzen ditu, eta NASUINSA da sustatzailea, Lizarrako Udalaren izenean.

2007ko otsailaren 8an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko I) eta O) ataletan sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lizarrako enpresa parkearen plan partzialaren kanpoko azpiegituretarako. Azpiegitura horiek Lizarra, Aiegi, Iguzkitza eta Villatuertako udal mugapeak ukitzen dituzte, eta NASUINSA da sustatzailea, Lizarrako Udalaren izenean.

2. Baimena ematearekin baldintza hauek bete beharko dira:

_Lanak hasi aurretik, Ingurumen ukipenetarako azterlanean aurreikusi bezala, zoruaren azaleko 45 cm inguruko geruza bat kenduko eta bereizita gordeko da, gero lurrak lehengoratzeko erabiliko baita. Indusketetatik sortutako materiala gero betetzeko lanetan erabiliko da.

_Euri urak jasotzen dituen sakaneko eskuin aldeko harri-lubeta Ingurumen ukipenetarako azterlanak aurreikusi bezala eginen da, ekialdean dagoen ezponda ukitu gabe. Era berean, bi harri-lubetetan landaketak eginen dira, proiektuarekin bat: hutsuneetan landare-lurra jarriko da, Salix eleagnus espezieko aldaxkak landatuko eta, lur ezpondan, Populus nigra.

_Aurreikusia dagoen moduan, lineak apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritako neurriak jasoko ditu.

_Lanek irauten duten bitartean ez da sarbiderik prestatuko, dauden bideak erabiliko dira.

_Obrak amaitu ondoren, garbiketa zorrotza eginen da. Proiektuaren eragin-eremua obrako materialen hondarrik eta lur soberakinik gabe gelditu beharko da eta sobratzen diren materialak zabortegi batera edo hondakindegi baimendu batera eramanen dira.

_Egin nahi diren jarduerek (errepideak, bide publikoak, ubide publikoak edo beste) ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

_Euskarri berriak ezartzeari dagokionez, Nafarroako abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, abelbideetatik kanpo jarri beharko dira. Donejakue bidearen Nafarroako tartea mugatzen eta babes-araubidea ezartzen duen abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretuarekin bat, haren inguruko babes zerrendatik kanpo kokatu beharko dira.

_Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu, edo, hala egitekotan, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.

_Hodiak jartzeko lanak egindakoan ukitutako eskualdeko ingurumena lehengoratuko da, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen bidea eta horrekin bateragarriak diren erabilerak.

_Hodien zuinketari buruzko datuak (dgn formatuan) eman beharko zaizkio Plangintza eta Laguntza Atalari.

_Era berean, lanak zein egunetan hasi eta zein egunetan bukatuko diren adieraziko zaio Plangintza eta Laguntza Atalari.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, sustatzaileari, Ingurumen Zaintzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Lizarrako, Aiegiko, Iguzkitzako eta Villatuertako udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 12an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0709801