94. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

GARES

Deialdia, Garesko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako kontu-hartzaile izateko lanpostu bat, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

ARAUAK

Lehen oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Garesko Udaleko Zerbitzuetan aritzeko kontu-hartzaile izateko lanpostu bat, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Kontratua araubide administratibokoa izanen da eta, hasieran, urtebeteko iraupena izanen du. Zerbitzuaren beharren arabera luzatzen ahal da. Dena dela, kontratu hau bukatuko da deialdi honetako kontratazioa ekarri duen kausa bukatzean eta, betiere, lanpostua behin betiko betetzearekin batera.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko B mailari dagokion lansaria eta lanpostuari dagozkion osagarriak izanen ditu lanpostuak, baldin eta deialdia egiten duen administrazioaren plantilla organikoan ezarrita badaude.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.5. Kontratatzen den pertsonak kontu-hartzailetzako lanez gain, diruzaintzakoak eta ekonomia arloko arduradunaren lanak beteko ditu, bai Udalean bai haren erakunde autonomoetan, eta, horien artean, honako hauek:

_Kontrola eta barne fiskalizazioa.

_Ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitatearen alorretako kudeaketa eta aholkularitza, txostenak, aurrekontuen proiektuak, ordenatza eta zerbitzu berrien nondik norakoaren gaineko txostenak eta hauen ondorio ekonomiko eta finantziarioen ebaluazioa.

_Udal kontabilitatea eramatea eta garatzea; hor sartzen da aurrekontuko eta aurrekontuz kanpoko gastuen eta dirusarreren aginduak luzatzea.

_Kontabilitate lanak, kontu orokorrak prestatzea eta aurrekontuaren likidazioa.

_Diruzaintzako planak prestatzea, bulego horren eskuetan dauden kobraketa eta ordainketak eginez; orobat, toki entitatearen fondoak, baloreak eta efektuak erabili nahiz zaintzea.

_Kontratazioen ondoriozko betebehar fiskal eta sozialak betetzea eta horiek kudeatzea.

_Dirubilketa zerbitzuen buru izatea.

_6/1990 Foru Legeko 249. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoak, eta aplikatzekoa den araudiak lanpostu honi unean-unean eransten dizkionak.

_Deia egin duen Administrazioko organo eskudunek bere gain uzten dituen lan ekonomiko-finantzarioak.

Egin beharreko lanak gehiago zehazteko, oinarri hauek irakurlea lanpostuaren deskribapenera igortzen du; alegia, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak egin duenera, deialdi hau egiten duen Udalak hura onetsi zuen eta.

1.6. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, eta Garesko Udalak hura erabiltzen ahalko du aldi baterako langileak kontratatzeko, betiere puntuazio ordenari hertsiki lotuz.

Bigarren oinarria._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Lanposturako lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

a) Adinez nagusia izatea eta Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea, hau da langileen zirkulazio librearen barrenean.

b) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako diplomatu titulua edukitzea, edo Zuzenbidekoa, 6/1990 Foru Legearen 251.2.b) artikuluaren arabera. Aipatutako tituluen parekoa izanen da Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko lizentziaturen lehen hiru ikasturteak gaindituak izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

2.2. Aurreko betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du lanpostua erdiesten duen izangaiak, deialdiaren 8. oinarrian aurreikusitako epean eta moduan. Ulertuko da baldintzak betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

Hirugarren oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdi honetako IV. eranskineko ereduaren araberakoak, Garesko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduen agiriak aurkeztuko dira, eskabideekin batera. Merezimenduen egiaztagiriek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute. Dokumentazio hori aurkezten ez bada ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Laugarren oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai bazterturik bada, horiek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.3. Aipatutako epe hori bukatu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpena emanen du eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Bosgarren oinarria._Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Feliciano Velez Medrano, administrazio deiegileko alkate udalburua. Ordezkoa, titularrak, beharrik bada, izendatzekoa.

Mahaikidea: Hala titularra nola ordezkoa, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharrekoak.

Mahaikidea: Hala titularra nola ordekoza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoak.

Mahaikidea: Hala titularra nola ordezkoa, udal langileen ordezkaritzako organoak izendatu beharrekoak.

Mahaikide idazkaria: Titularra: Fernando Muruzabal Echeverria, Izarbeibarko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria. Ordezkoa: José María Azanza Ruiz de Erenchun, Izarbeibarko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bere kideen gehiengoa biltzen ez bada. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba guztietarako nahiz batzuetarako.

Seigarren oinarria._Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa 2007ko irailean hasiko da, gutxi gorabehera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.2. Lehiaketaldia: Beste titulazio batzuk eta esperientzia baloratuko dira, gehienez ere 30 puntu emanda, deialdi honetako I. eranskinean zehaztutakoarekin bat.

6.3. Oposizioaldia:

Oposizioa bi zatiko proba bat izanen da: bata teorikoa eta bestea praktikoa. Bi zatiak egun berean eginen dira, batera. Proba osoa egiteko 4 ordu izanen dira, gehienez ere. Hona proben edukia:

1. Zati idatzia, teorikoa: galdera labur edo test moduko batzuei erantzunen zaie; deialdi honetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira eta oposiziotik bazterturik geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

2. Proba praktiko idatzia: deialdi honen II. eta III. eranskinetako gaiei buruzko kasu praktikoak azaldu beharko dira idatziz. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Oposizioaldiko probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez horren baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute, baztertuak geldituko direlarik, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunetan agertzen ez diren izangaiak.

Zazpigarren oinarria._Azterketa gainditzen dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitaratuko ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiz, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lorturiko kalifikazioak batuta, eta puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean argitaratu beharko da.

7.2. Jakinarazpena egiten zaionetik aurrera, 15 egun naturaleko epean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

1._Nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua edo, hori izan ezean, jaiotza-agiriaren ziurtagiria.

2._2. oinarrian eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiriarena.

3._Zinpeko aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

4._Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.4. Aurreko ataleko hori gertatuz gero, probak gainditu dituen eta 7.1 atalean aipatu puntuazioen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

Zortzigarren oinarria._Jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitu eta izangaiak aurreko 7.2 oinarriko agiriak aurkeztu ondoan, deialdia egin duen administrazioak aldi baterako administrazio-kontratua eginen dio izangaiari, kontu hartzailearen lanpostuan ari dadin; kontratua formalizatuko da eta gizarte segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio izangaiari.

8.2. Kontrataturiko pertsonak 15 egun izanen ditu, kontratazio proposamena jakinarazten zaionetik aitzina, kontu-hartzailearen lanpostuaren jabetza hartzeko. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.3. Halaber, lanpostu bat hutsik gertatzen bada, jabetza hartu ondoan, zerrenda osatzen dutenek bete ahalko dute, 1.6 oinarrian adierazi bezala.

Bederatzigarren oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Garesen, 2007ko ekainaren 21ean._Alkate udalburua, Feliciano Vélez Medrano.

I. ERANSKINA

Alegatutako merezimenduak, eskabidearekin batera aurkeztuko diren jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuen bidez egiaztatuko direnak, ondoko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:

A.1. Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko lizentziaturen titulua edukitzea: 7,5 puntu titulazio bakoitzeko; gehienez ere 7.5 puntu.

A.2. Nafarroako toki entitate bateko kontu hartzaile lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

A.3. Araubide komuneko toki entitate bateko kontu hartzaile lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, 0,75 puntu, eta gehienez ere 3,75 puntu.

A.4. Nafarroako Administrazio Publikoetan, Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko diplomaduna izatea eskatu den lanpostuan, ekonomia eta finantzak eta aurrekontuak kudeatzen eta horiei buruzko aholkuak ematen egindako zerbitzu urte bakoitzeko 0,75 puntu, eta gehienez ere 3,75 puntu.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

_Deialdia argitaratzen den egunera bitarteko zerbitzuak baloratuko dira.

_Urteen kopurua osoa ez bada edo lanaldi osoa egin ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

_Ez dira bi aldiz kontatuko baremoko zerbitzuak, aldi berean eman badira.

II. ERANSKINA

1. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa:

1._Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileria. Kontu-hartzailetza.

2._Toki Ogasunak.

2. Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

1._Nafarroako toki ogasunen baliabideak.

2._Udal zergak.

3._Aurrekontua eta gastu publikoa.

3. Irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretua, aurrekontuen eta gastu publikoaren gainekoa.

4. Irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretua, aurrekontuen egiturari buruzkoa.

5. Irailaren 21eko 272/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena.

III. ERANSKINA

1._Kapitalizazio eta eguneratze bakuna eta konposatua. Merkataritzako deskontua eta deskontu arrazionala, bakuna eta konposatua. Mugaeguna, arrunta eta batez bestekoa. Hitzarmen lineala eta esponentziala. Puntu baliokideak kapitalizazio bakunean eta konposatuan. Puntu efektiboa, puntu nominala, puntu zatikatua eta aurretik ordain daitekeen puntua.

2._Errentak. Kontzeptuak eta sailkapena.

3._Maileguak. Amortizazio sistemak: diru-itzultze bakarra, amortizazio bakarra aldian aldiko interesen ordainketarekin, sistema frantsesa, alemana eta amerikarra, amortizazio kuota iraunkorra, aritmetikoki eta geometrikoki handituz doazen urteko zenbatekoak. Amortizazio metodoa interes zatikatuen bidez. Kapitalen eraketa.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ................. (edo identitate-agiri baliokidearen zenbakia). Jaioteguna: ............... Jaioterria: .......... (.........). Nazionalitatea: ......... Bizitokia: .......... (..........). Karrika: ......... Posta kodea: ....... Telefonoa: ......... Lantokiko telefonoa: ..............

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

...... Udaleko Zerbitzuetan aritzeko, kontu-hartzaile izateko lanpostu bat, administrazio araubidean eta bitarteko gisa oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdian zehaztutako ezintasunik batere ez dudala.

Deialdiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horrenbestez,

Eskatzen dizut eskabide hau ontzat eman eta, horren ondorioz, arestian aipatutako lanpostua betetzeko deialdian onar nazazula.

.....................(e)n, ................(e)ko ................aren ..............(e)an

(Eskatzailearen sinadura)

.................... UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: L0710393