II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
MURCHANTE
Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Murchanteko Udalak, 2007ko apirilaren 3an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.
Jendaurreko epea, aipatu erabakia 2007ko 61. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 16an, argitaratu ondoko hogeita hamar egunekoa, inolako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan denez, behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 9/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz.
EZGAITASUNA DUTENEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek pertsona ezinduei aparkatzeko txartela ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/CE Gomendioarekin bat, pertsona ezinduek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondoren joan-etorri handirik egin behar izan gabe.
2. artikulua. Betebeharrak.
Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa izanen da baldintza hauek betetzea:
1._Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:
1. Elbarriak indarra duen gidabaimena izan beharko du.
2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:
_%33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.
_Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:
.Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.
.Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.
.Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.
.Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.
2._Baliazezintasun iraunkorra dutenen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:
1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.
2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.
3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:
a) %33tik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.
b) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:
.Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.
.Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.
.Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.
.Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.
3. artikulua. Eskatzeko prozesua.
Txartelen eskaerak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari indarra duten egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita bi argazki ere, koloretakoak eta karnet tamainakoak.
4. artikulua. Funtzionamenduko arauak.
Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean paratuko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.
Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.
1. Txartela daraman ibilgailua elbarriendako erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.
2. Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barrenean. Aparkatzeko debekua seinale bidez adierazten den tokietan, eta berariazko baimena duten bestelakoetan.
3. Baimen hori izanda ere, ez da inolaz ere aparkatzen ahalko txartelaren titularra barruan ez bada, ezta oinezkoendako pasabideetan ere, edo espaloiaren gainean, geldialdi debekatua duten eremuetan, garraio publikoarentzat erreserbatutako erreietan eta, oro har, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.
4. Txartela zein udalerritan eskuratu den, beste herri batean aparkatuz gero, erkidego horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.
5. Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako udalean itzuli beharko da, horretarako arrazoiak adierazita.
6. Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, hura eskuratu zen udalean eman beharko da gertaeraren berri.
Bi txartel mota daude. Bata iraunkorra izanen da, eta bestea aldi baterako erabiliko da, txartelaren onuradunaren afekzioen arabera. Aldi baterako txartela urtero berrituko da, urtarrilean.
5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste administratiboak dira:
_Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.
_Orobat, txartelak baimen administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur eginez haien kopiak ateratzea.
Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aurretik, entzutea emanen zaie interesdunei. Zehapen ahalmenaren gaineko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak egiaztatu beharko dira.
Murchanten, 2007ko ekainaren 21ean._Alkate udalburua, Carlos Villafranca González.
Iragarkiaren kodea: L0710313