Iragarkia
94. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 1a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
BARAÑAIN
Luis Morondo Musika Eskola erakunde autonomoaren estatutuetako aldaketa. Behin betiko onespena
Barañaingo Udalak, 2007ko martxoaren 29an egin osoko bilkura arruntean, legeak eskatzen duen quoruma zuela, hasiera batean onestea erabaki zuen Luis Morondo Musika Eskola erakunde autonomoaren estatutuetako aldaketa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2007ko 61. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 16an, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean ere, eta espedientea jendaurrean eduki hiru hilabetez.
Aipatu jendaurreko epea iraganik inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren aginduen ondorioz, estatutuen testua behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, testu osoa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten Erregelamendu honen aurka _xedapen administratiboa baita_ ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:
a) Bi hilabeteko epean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako salari zuzenean aurkeztuta, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.
b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztuta, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.
Barañainen, 2007ko ekainaren 21ean._Alkate udalburua, Florencio Luqui Iribarren.
ERANSKINA
BARAÑAINGO LUIS MORONDO MUSIKA ESKOLAREN ESTATUTUAK
Aitzinsolasa
Musikaren kultura bultzatzea gaur egun gizarteak bizi duen aurrerapenari dago lotua. Barañain, toki entitate beregaina izan aurretik ere, hortaz ohartu izan da eta 1984ko urriaren 4rako sortua zuen Barañaingo Kontserbatorioaren Udal Patronatua, nortasun juridikoz hornitutako erakunde beregaina.
Gero, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legea (LOGSE izenaz ezaguna) indarrean sartutakoan, eta 421/1992 Foru Dekretuaren babesean, Barañaingo Udalak 1993ko abuztuaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Kontserbatorioa Luis Morondo Musika Eskola bihurtu zen. Geroztik, Estatutu berri batzuk egiteko gelditu ziren, gaur egungo araudiari eta musika giroko erakunde moderno eta berritzaile bati egokituak behar baitzuten izan.
Musika eskolak, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 48.3 artikuluan aipatzen den arabera, balio akademiko eta profesionalik gabeko titulua eskuratzeko ikasketak, adin mugarik gabe, ematen dituzten ikastetxeak dira, baina, horregatik, interes profesionala pizteko asmoa eta ikasketa arautuak egiteko gaitasuna eta gogoa duten ikasleei prestakuntza sakonagoa ematea baztertu gabe.
Musik Eskola osatzen duten estamentu guztien eta Barañaingo Udalaren arteko adostasun eta lanaren fruitu dira Estatutu hauek.
LEHENBIZIKO KAPITULUA
Izaera, nortasuna, xedeak, helbidea eta araubide juridikoa
1. artikulua. Luis Morondo Musika Eskola erakunde autonomo bat da, zuzenbide publikoko ente gisa eratua, nortasun juridikoz hornitua eta beregaina Barañaingo Udalarekiko, jarduteko gaitasun osoa duena zerbitzu publikoa kudeatzeko; agintari, erakunde eta partikularren aurrean agertzen ahal da bere xedeak betetzeko: orobat, gaitasuna du ekintza administratibo eta jurisdikzionaletarako edo auzitaratu gisa agertzeko bere interesen defentsan.
2. artikulua. Musika Eskolaren funtzionamendu egokiak eskatzen dituen ekintzak egitea da erakunde autonomoaren helburua. Zerbitzu publikoa modu deszentralizatuan kudeatuz eta irabazi asmorik gabe bilatu beharko du helburu hori erakunde autonomoak.
3. artikulua. Barañaingo Udalaren Luis Morondo Musika Eskola erakunde autonomoaren helburuak dira:
a) Musikaren ezagutza eta zaletasuna sustatzea.
b) Musika hezkuntzaren eskaintza zabal eta askotarikoa garatzea.
c) Musika mota guztiak entzuteko interesa sustatu eta ikasleen zentzu kritikoa lantzea.
d) Musika-tresnen irakaskuntza eskaintzea, ikasleek bakarka nahiz taldean jo dezaten.
e) Musika-irakaskuntza osagarria eskaintzea musika-tresnak jotzen ikastearekin batera.
f) Ahots taldeetan nahiz musika-tresnekoetan parte hartzeko interesa sustatzea ikasleengan.
g) Gaitasun berezia eta bokazioa duten ikasleak ikasketa profesionalera bideratzea eta irakaskuntza horretan hasteko bultzada eta prestakuntza egokia ematea hainbat mailatan.
4. artikulua. Eskualdeko beste toki entitate batek interesa badu Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoan sartzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearei buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz integratuko da, lankidetza hitzarmena sinatuta.
5. artikulua. Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoa mota orotako ondasunak eskuratu eta haien jabe izaten ahalko da, obligazioak hartzen ahalko ditu eta, zuzenbidearen arabera, bere eskumeneko ekintza eta salbuespenak erabili ere bai.
6. artikulua. Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoak Barañainen du helbidea; izan ere, Barañaingo (Nafarroa) Nafarroako Komunitatearen kaleko 2an horretarako udal eraikinean du egoitza.
BIGARREN KAPITULUA
Baliabide ekonomikoak, finantziazioa eta ondasunak
7. artikulua. Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoak eman beharreko zerbitzu publikoa baliabide ekonomiko hauen bidez finantzatuko da:
a) Barañaingo Udalak bere aurrekontu arruntean Patronatuarentzat urtero bideratzen duen ekarpen ekonomikoa.
b) Nafarroako Gobernuak dirulaguntzen bidez udalen musika eskolei egiten duen ekarpena.
c) Entitate publiko edo pribatuengandik, eta partikularrengandik biltzen dituen dirulaguntzak eta laguntzak.
d) Aldez aurretik finkatutako matrikulen bidez ikasleek egindako dirusarrerak.
e) Bere jarduera berariazkoek ekartzen ahal dizkioten dirusarrerak.
8. artikulua. Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoari atxikirik daude dohaintza, jaraunspen edo legatu bidez jaso eta espresuki onartzen dituen ondasunak.
9. artikulua. Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoaren funtzionamendurako eta helburuetarako atxikitzen diren Patronatuaren ondasunak Barañaingo Udalarenak dira eta ez dira haren zerbitzu publikoak ematen dituen beste helburu batzuetarako bideratuko. Ondasun higiezinak eskuratu, besterendu edo kargatzeko, Barañaingo Udalaren baimena beharko du aldez aurretik.
HIRUGARREN KAPITULUA
Gobernu organoak
10. artikulua. Zuzendaritza Batzorde baten esku utziko da Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoaren gobernua eta zuzendaritza; Batzorde horrek bere gain hartuko du Patronatuaren goi mailako kudeaketa eta gobernua, eta kide hauek osatuko dute:
_Batzordeburua: Barañaingo alkatea edo bere ordezko zinegotzia. Patronatuko Batzordearen udal taldeetako ordezkari bat izan beharko du.
_Buruordea: Kultura Batzordeko burua edo Hezkuntza Batzordekoa, zer erabakitzen duen Udalaren Gobernu Batzordeak.
Udalaren ordezkariak: zinegotzi bat, Osoko Bilkura osatzen duten udal talde bakoitzeko; osoko bilkuran izendatuko dira zeinek bere udal taldeak proposatuta.
_Musika Eskolako zuzendaria.
_Hiru irakasle.
_Ikasleen gurasoen hiru ordezkari.
_16 urtetik gorako ikasleen hiru ordezkari.
Erakunde autonomoak haueskundeetarako dei egin eta izendatuko dira irakasle, guraso eta ikasleen ordezkariak.
Erakunde autonomoko kideak estamentu bakar baten ordezkari gisa bakarrik izaten ahal dira haren kide.
Zuzendaritza Batzordeko kideetako bat idazkari izendatuko da, Eskolako buruak proposatuta eta Zuzendaritza Batzordeko kideen gehiengoak berretsita.
Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeko udal ordezkarien kopurua ez da inoiz hartan ordezkaritza eta botoa duten gainerako kolektiboen ordezkarien erdiak eta bat baino gutxiago izanen.
11. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko kideen agintaldiak bat eginen du Udalaren legealdiarekin; horrela, udal korporazioa berritzen den aldiro berrituko dira Zuzendaritza Batzordeko kideak.
Udalaren legealdia bukaturik, Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute Batzorde berria izendatu arte, Udal berria eratu eta Batzorderako haren ordezkariak hautatu arte, alegia. Ikasle, guraso eta irakasleen ordezkariak hautatzeari dagokionez, udal hauteskundeak baino 6 hilabete lehenago eginen dira haiek izendatzeko hauteskundeak.
Guraso, irakasle eta ikasleen ordezkariak diren erakunde autonomoko kideak, bidezko arrazoiak direla-eta Musika Eskolarekiko harremanak uzten badituzte, ordeztu eginen dira zein bere estamentutan hauteskunde zerrendan boto gehien duen hurrengoarekin, edo zozketaz, hurrengorik ez badago.
12. artikulua. Bozketa haztatua.
Eguneko gai-zerrendako puntuak onesteko bozketa egiten denean, proportziozko bozketa erabiliko da irizpide hauei jarraituz:
_Botoaren %50a, udal talde bakoitzak duen zinegotzi kopuruaren proportzioan.
_Botoaren %50a, proportzioan, irakasle, guraso eta ikasle artean.
_Ikastetxeko zuzendariak hizpidea du, baina botorik ez.
_Batzordeburuak bere udal taldeko ordezkari gisa dagozkion botoak izanen ditu.
_Batzordeburuak kalitateko botoa du berdinketaren kasuan bigarren bozketa egin ondoren.
_Buruordeak hizpidea eta botoa izanen ditu bere udal taldea batzordeburuarena ez beste bat bada, hau da, bere udal taldeko ordezkari gisa dagokiona; biak udal talde berekoak izanez gero, hizpidea izanen du baina botorik ez.
_Buruordeak, batzordeburuaren ordez ari denean, kalitateko botoa du berdinketaren kasuan bigarren bozketa egin ondoren.
LAUGARREN KAPITULUA
Zuzendaritza Batzordearen ahalmenak
13. artikulua. Zuzendaritza Batzordea Patronatuaren gobernu organo gorena da.
Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari bere xedeak betetzea dagokio eta, horrez gain, eginkizun hauek:
_Patronatuaren gobernu, zuzendaritza eta administraziorako arauak zein diren adieraztea, Barne Araubidearen Erregelamendua betez.
_Irakasleak izendatu eta kontratatzea (gutxienez, erdi mailako titulazioa dutela), baloraziorako irizpideak prestatu ondoren eta adierazita langileen araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen foru araudian ezarritakoa dela.
_Musika Eskolako langile ez irakasleen kontratazioa ezartzea.
_Musika Eskolako zuzendaria hautatu eta izendatzea, Patronatuko buruak proposatuta; Udalaren legealdiaren bitartean izanen du aginpidea harik eta beste zuzendari bat izendatu arte.
_Zuzendariak proposatuta, Musika Eskolako musika koordinatzailea izendatzea; Udalaren legealdiaren bitartean izanen du aginpidea harik eta beste musika koordinatzaile bat izendatu arte.
_Zuzendariak proposatuta, Musika Eskolako idazkari akademikoa izendatzea; Udalaren legealdiaren bitartean izanen du aginpidea harik eta beste idazkari akademiko bat izendatu arte.
_Urteko aurrekontua, plantilla organikoa eta memoria onestea, Udalaren Osoko Bilkurari igortzeko, hark onets ditzan.
_Musika Eskolaren kudeaketa ekonomikoa ikuskatzea, dirulaguntza guztien tramitazioa barne.
_Ikastetxeko instalazioak eta materiala hobetzen saiatzea, funtzionamendu egokiagoa izateko beharrei erantzunez. Musika Eskolaren funtzionamendu egokiaren kontrola eta zainketa, administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, eta behar bezalako neurriak hartzea.
_Erakunde publikoen aitzinean beharrezko laguntzak kudeatzea nahi den xederako.
_Ikasleak hartzeko irizpideak onartzea.
_Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko.
_Azken batean, Patronatu hau sortzean aipatu diren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak.
_Ikasleek zerbitzuagatik ordaindu beharreko prezio publikoak urtero onestea, gero Udalaren Osoko Bilkuri igortzeko, hark onets ditzan.
_Musika Eskolaren proiektu pedagogikoa, Ikasketen Zuzendaritza Batzordeak prestatua, onestea.
_Ikastetxeko Ebakuazio Plana prestatzea.
_Urtero eskola egutegia onestea.
_Irakasgai guztien egutegia onestea.
_Irakasgai berriak eskaintzeko baimena aztertu eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari onets dezan eskatzea.
_Lan osasunaren gainean eskuliburua prestatzea, eskolako guztiek bete dezaten.
_Lankidetza, zerbitzuak eta abar kontratatzea Patronatuaren eta Musika Eskolaren helburuak bete daitezen, baldin eta egintza eta kontratu horien zenbatekoa 150.000 eurotik gorakoa ez bada, bestela Udalak osoko bilkuran emandako baimena beharko baita, eta adierazita Nafarroako administrazio publikoen kontratuak arautzen dituen foru legerian ezarritakoa dela kontratatzeko araubidea.
BOSGARREN KAPITULUA
Batzordeko burua eta buruordea
14. artikulua. Batzordeko buruaren ahalmenak
_Erakunde autonomoaren ordezkari izatea; buruordearen esku edo Zuzendaritza Batzordeko kide den beste edozein zinegotzirenean uzten ahal du kargua.
_Ahalordea ematea.
_Bilera arrunt nahiz berezien gai-zerrenda finkatzea.
_Aktak, ziurtagiriak eta legeak eskatzen dituen gainerako agiriak ikus-onestea.
_Erakunde autonomoari dagokion dokumentazioa sinatzea, Zuzendaritza Batzordearen erabakiak betetzen direla kontrolatzea eta ordainketak baimentzea.
_Bilkuretarako dei egin, haietan buru izan eta haiek zuzentzea; bere sinadurarekin erakunde autonomoaren ebazpenak baimentzea eta hartutako erabakiak bete daitezen zaintzea.
_Erakunde autonomoak ematen dizkion ahalmen guztiak bere gain hartzea.
15. artikulua. Buruordea Batzordeko buruaren ordez ariko da hura kanpoan edo ezindurik dela (bidaian, eri edo hilda) bere eginkizunak ezin bete dituenean. Batzordeko buruak espresuki utzi beharko du kargua buruordearen esku, egintza hori galarazten duen ezintasun agerikoa dagoenean salbu.
Ahal dela, ordeztu aurretik izanen du erakunde autonomoaren Batzordeak haren berri; betiere, inguruabarra gertatu eta egiten den lehen bilkuran.
16. artikulua. Idazkariaren ahalmenak:
Deitzen diren bilkuretan parte hartu eta haien aktak egitea.
_Hartutako erabakien tramitazioaz arduratzea.
_Espedienteak eta artxiboko agiriak zaintzea.
Erakunde autonomoaren Batzordeak, dituen eskumenen barrenean, haren gain uzten ahal dituen bestelako eginkizunak.
SEIGARREN KAPITULUA
Zuzendaria, musika koordinatzailea eta idazkari akademikoa
17. artikulua. Musika Eskolako zuzendaria haren arduradun akademiko gorena da eta haren jarduera koordinatzen du musika koordinatzailearekin batean.
Erakunde autonomoaren Batzordeak izendatzen du, erakunde autonomo horretako buruak proposatuta, honako prozesu bat betetakoan:
"Zuzendaria hautatzeko, 15 egun naturaleko epea irekiko da udal haueskundeen ondoren erakunde autonomoaren Batzordeko udal ordezkariak aldatu eta erakunde autonomoko buru berria hautatzen denetik aitzina, Klaustroko irakasleek hautagaitzak aurkez ditzaten. Erakunte Autonomoko buruari aurkeztu beharko zaio hautagaitza, zuzendaritza talderako proposamena (musika koordinatzailea eta idazkari akademikoa) eta zuzendaritza proiektua gehituta. Azken horretan, lortu gogo diren helburuak, hobetzeko proposamenak eta ikastetxearen antolaketa adierazi beharko dira, gutxienez.
Hautagaitzak aurkezteko epea bukatuta, Batzordeko kideek aztertuko dituzte. Horiek bilkura berezi batean erabateko gehiengoaz, lehen bozketan, edo gehiengo soilaz, bigarrenean, hautatuko dute nork hartuko duen zuzendaritzaren ardura hurrengo legealdira arte. Batzordeari egokia iruditzen bazaio, bilkura horretan edo lehenagoko batean proposamenak defendatzeko eskatzen ahalko zaie izangaiei."
Ikastetxeko Barne Araubidearen Erregelamenduan ezarrita daude zuzendariaren eginkizunak; gainera, Patronatuko Batzordeak agintzen ahal dizkio eta legez beste batzuk egokitzen ahal zaizkio.
18. artikulua. Erakunde autonomoko Batzordeak izendatuko du musika koordinatzailea, ikastetxeko zuzendariak proposatuta.
Musika koordinatzailearen eginkizunak ikastetxeko Barne Araubidearen Erregelamenduan daude zehaztuta.
19. artikulua. Erakunde autonomoko Batzordeak izendatuko du idazkari akademikoa, ikastetxeko zuzendariak proposatuta.
Idazkari akademikoaren eginkizunak ikastetxeko Barne Araubidearen Erregelamenduan daude zehaztuta.
ZAZPIGARREN KAPITULUA
Patronatuko langileak
20. artikulua. Irakaskuntza lanei atxikitako langileak aldi bakoitzean Patronatuaren xedeak betetzeko adina izanen dira.
21. artikulua. Patronatuak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu lan-kontratudun gisa; haien kopurua, kategoria eta eginkizunak Zuzendaritza Batzordeak onetsi beharko ditu lehendabizi eta Barañaingo Udalak osoko bilkuran, gero. Langile horien araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru legerian ezarritakoa da.
22. artikulua. Patronatuak bestelako langile ez irakasleak izaten ahalko ditu, lan osagarriak egiten dituztenak, Musika Eskolaren xedeak betetzeko eta Patronatuak ongi funtzionatzeko. Langile horien araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru legerian ezarritakoa da.
ZORTZIGARREN KAPITULUA
Funtzionamendua
23. artikulua. Erakunde autonomoko Zuzendaritza Batzordeak bilkura arruntak eginen ditu, bi hilabetean behin gutxienez.
24. artikulua. Gainera, Musika Eskolaren ibilbide egokirako beharrezkoak diren bilkura berezi guztiak egiten ahalko ditu, Batzordeko buruak edo Zuzendaritza Batzordeko kideen hirutik batek erabakitzen duten aldiro.
25. artikulua. Bilkura arrunten deialdia gutxienez ere 48 ordu lehenagotik eginen da; aldiz, bereziena gutxienez ere 24 ordu lehenagotik; alabaina, gaia presakoa bada, bilkura berezi eta presakoa eginen da. Deialdi arrunt eta berezietan, eguna, ordua eta tokia, aurreikusitako gai-zerrenda eta aurreko bilkurako aktaren kopia agertuko dira; berriz, deialdi berezi eta presakakoetan, eguna, ordua eta tokia eta aurreikusitako gai-zerrenda; gainera, bilkuraren presa berretsi beharko da gai-zerrendako lehen puntuan.
26. artikulua. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, erakunde autonomoaren Batzordeko kideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute.
Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago eginen da, eta horretarako aski izanen da batzordekideen herenak agertzea. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengo soilaz hartzen badira. Batzordeburuak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero. Dena dela, aurrekontuei, kontuen itxierari, plantilla organikoari, zerbitzuaren prezio publikoei, funtzionamenduko arauei edo zerbitzuen kontratazioari buruzko erabakiak hartzeko, hasierako onespena beharko da eta legez dagokion udal estamentuak (Osoko Bilkura, alkatea edo Gobernu Batzordea) berretsi beharko du, balioa izan dezan.
27. artikulua. Bilkurak ez dira ez hasten ahal ez egiten ahal, bertan ez badira Batzordeko burua edo buruordea eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak.
28. artikulua. Estatutu honetan jasotzen ez den guztietan kasu bakoitzean indarra duen araudia aplikatuko da.
BEDERATZIGARREN KAPITULUA
Estatutuen iraupena eta aldaketa, eta kudeaketa organoa desegitea
29. artikulua. Estatutu hauek aldatzeko, arlo hau arautzen duen legerian ezarriko aginduei jarraitu beharko zaie; batez ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeari.
30. artikulua. Luis Morondo Udalaren Musika Eskola erakunde autonomoak ematen duen zerbitzu publikoa mugagabea da.
31. artikulua. Musika Eskolako Patronatua Barañaingo Udalaren Osoko Bilkurak desegiten ahalko du:
a) Zuzendaritza Batzordeak proposatuta. Proposamen hori ez da loteslea Udalaren Osoko Bilkurarentzat.
b) Barañaingo Udalak osoko bilkuran proposatuta, Zuzendaritza Batzordeari entzunaldia emanda.
32. artikulua. Erakunde autonomoa kendurik, hari atxikitako ondasunak zerbitzu publikotik kanpo geldituko dira eta Barañaingo Udalari itzuliko zaizkio; modu berean, Patronatuarenak baino ez diren ondasunak Barañaingo Udalaren esku geldituko dira, erakundea desagertutakoan.
33. artikulua. Edozein inguruabar dela eta, entitate gehiagoko beste ente publiko batek Barañaingo Udala xurgatuz gero, edo hura Udalen Batasun batean edo antzeko zerbaitetan txertatuz gero, subrogazio bidez bermatuko dute langileak eta Musika Eskolak Barañaingo herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak jarraitzea.
HAMARGARREN KAPITULUA
Aplikatu beharreko araudia
34. artikulua. Estatutu hauetan jasotzen ez den hartan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta aplikatzen ahal diren beste lege xedapenetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra._2003-2007 legealdiko Zuzendaritza Batzordeko kideek legealdia bukatu arte izanen dute ordezkaritza, eta estatutu hauetako 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz hautatuko dira haren kideak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra._Indarrik gabe gelditu da Luis Morondo Musika Eskolaren Estatutuen testua, hau da, Barañaingo Udalak 2006ko apirilaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez haren testuan egin zen aldaketa, 2006ko 102. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zena, abuztuaren 25ean.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra._Estatutu hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.
Iragarkiaren kodea: L0710245
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
