90. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

605/2007 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, 2007-2008 ikasturtean eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak onesten dituena.

Kontuan harturik martxoaren 13ko 69/1995, martxoaren 13ko 150/1996 eta martxoaren 30eko 109/1998 foru dekretuen bidez onetsi den Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe sarearen berrantolamendua eta, ikusirik, eskola garraio zerbitzua geroz eta jendetsuagoa eta konplexuagoa dela, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak jarduketa horren ildo nagusiak eta irizpideak zehaztea, 2007-2008 ikasturtean eskola garraioak izan behar duen antolaketa eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak emateko.

Gauzak horrela, ebazpen honek mugatu nahi du, lehenik, eskola garraioaren zerbitzuaz balia daitezkeen ikasleak zein diren, egiten dituzten ikasketetatik eta eskolatuak dauden ikastetxeetatik abiatuz, betiere kontuan harturik aipatu foru dekretuek ezarri duten eskola zonifikazio berria, eta alde batera utzita beste hezkuntza programa batzuen bitartez zerbitzu hau jasotzen duten ikasleak, esate baterako: beka eta laguntza deialdiak, osabidezko hezkuntza, euskara, etab. Halaber, zerbitzu hori nola emanen den zehaztu da, hots, batetik garraio antolatua eta bestetik banakako laguntzak.

Horretaz gainera, ebazpen honek kontuan hartzen du derrigorrezkoak ez diren ikasketetako ikasleen garraio zerbitzua guraso elkarteekin eta bestelako entitate sustatzaileekin batera antolatzea, hutsik gelditzen diren eserlekuekin zer egin, eta eskola garraioaren kudeaketaren eta gainbegiraketaren inguruko hainbat alderdi ere lantzen ditu, besteak beste.

Horiek horrela, irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzuak Estatuak Nafarroako Foru Komunitatearen esku uztea onesten duen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak eskola garraioa ezarri eta kudeatzeari buruz ezartzen dituen eginkizunak betez.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskin gisa azaltzen diren 2007-2008 ikasturtean eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak onestea.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea ikastetxe publiko interesatu guztietara, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Ikasketetarako Laguntzen Atalera eta Zerbitzu Osagarrien Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten. Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko ekainaren 14an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

I. ERANSKINA

1._Eskola garraioaren ikasle onuradunak:

Ebazpen honetako neurrien xede behinena da Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Gobernuaren menpe dauden ikastetxe publikoetan hurrengo atalean azaltzen diren ikasketak egiten ari diren ikasleen eskola garraioa bermatu edo laguntzea. Neurri horietan sartzen dira ondoko atalean ageri diren ikasketak.

1.1. Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, bai eta Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Hastapen Bereziko Programetako ikastetxe eta unitate berariazkoetan egiten diren ikasketak ere.

1.2. Zerbitzu osagarri hau jasotzeko eskubidea dute aurreko atalean zehaztu baldintzak bete eta, Nafarroako Gobernuak martxoaren 13ko 69/1995, martxoaren 13ko 150/1996 eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuen bidez ezarri zuen eskola zonifikazioaren arabera, dagokien ikastetxe publikoan eskolatuak dauden ikasleek, betiere ikastetxe hori ikaslearen ohiko bizilekua ez den herri batean baldin badago.

1.3. Aurreko puntuan sartuko dira entzun eta mugitzeko ezgaitasuna dutenen integraziorako lehentasuneko ikastetxe publikoetan eskolatzen diren ikasleak ere, nahiz eta ikaslea ikastetxea kokatua dagoen herrian bertan bizi.

1.4. Era berean, eskola garraioaren onuradun izanen dira, Hezkuntzako Administrazioaren eskariz kasuan kasuko mailako lehen kurtsoko ikasketak eskola zonifikazioaren arabera ez dagokien ikastetxe batean hasi dituzten ikasleak, baita hautaturiko hezkuntza-eskaintza dagokien ikastetxean, aldean edo barrutian ez izateagatik, beste ikastetxe batera _barruti berekora nahiz beste batekora_ joan behar duten ikasleak.

1.5. Eskolatzeko jarduketa berezien menpe dauden ikasleen garraiorako laguntzak alde batera gelditzen dira, hau da, Osabidezko Hezkuntzako programakoak, beka eta laguntza deialdietakoak, Euskara Zerbitzukoak, etab., izan ere, Hezkuntza Departamentuaren beste bide batzuetatik jasotzen baitute laguntza.

Halaber, Lanbide Tailerretako, H.O.H.I.P.ko eta N.H.B.H.I.ko ikasleei, hala nola ikasturtea hasten den urte naturalean 18 urte baino gehiago (21 baino gehiago Hezkuntza Berezian) betetzen dituztenei, ez zaie laguntzarik emanen.

2._Garraioaren modalitateak.

2.1. Ebazpen honen 1. puntuan adierazi diren ikasleendako eskola garraio zerbitzua bi modutakoa izan daiteke: Hezkuntza Departamentuak antolatu, kudeatu eta finantzatua, edo garraiorako banakako laguntzak.

2.2. Distantziek, bideen trazadurak eta egokitasunak, ikasle kopuruak eta ikastetxeen ordutegien koordinazioak ahalbidetzen badute, Hezkuntza Departamentuak berak antolatu, kudeatu eta finantzatuko du eskola garraio kolektiboa.

Garraio kolektiboa antolatzerakoan kontuan izanen dira hezkuntza administrazioko datuak, hots, 1. atalean aipatu ikasketetan zenbat ikasle dauden, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan epe arruntean onartuak 2007-2008 ikasturterako, apirilaren 23ko 32/2007 Foru Aginduan eta apirilaren 23ko 33/2007 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera.

Inskribatzeko epe arrunta bukatu eta gero inskribatzen diren ikasleek ez dute eskubiderik izanen garraio kolektibo antolatua erabiltzeko, ez bada behintzat toki hutsik bertan.

Oro har, ez da antolatuko edo kudeatuko eskola garraio kolektiborik ikaslearen bizilekuari dagokion eskola barrutia ez den batean kokaturiko ikastetxe baterako.

Oro har, ez da antolatuko edo kudeatuko eskola garraio kolektiborik 3 km-tik beherako ibilbideetan, salbuespenezko kasuak izan ezik, edo bestelako garraio biderik baldin badago.

2.3. Aipatu egoera horiek suertatzen ez badira, Departamentuak banakako dirulaguntzen ohiko sistemaren bidez jarraituko du zerbitzu horren ardura izaten, ebazpen honen 3. puntuan ezartzen diren baldintzen arabera.

2.4. Nolanahi den ere, ikasleen hiriarteko garraioa baino ez da lagunduko, hau da, ikaslearen ohiko bizitokia ez den herri batean dagoen ikastetxera joateko erabiltzen dena, Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan eskolatutako ikasleendako eta minusbaliotasun fisiko edo psikikoa izateagatik hiri garraio publikoa erabiltzerik ez duten ikasleendako antolatua izan ezik.

3._Banakako dirulaguntzak ematea.

3.1. Ebazpen honetako 1. puntuak aipatzen dituen ikastetxe eta mailetan eskolatuta dauden ikasleek jaso ditzakete garraiorako banakako dirulaguntzak, beharkizun hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Gobernua titular duen eta etxebizitzatik hurbilen dagoen ikastetxean matrikulatua egotea, bakoitzari dagokion alde eta barrutian (1. puntuan adierazi salbuespenekin), eskatutako laguntzak eragina izan behar duen ikasturtean.

b) Eguneroko edo asteroko joan-etorriak egin behar izatea ikastetxera.

c) Ikaslearen etxetik eskola garraio antolatuaren geltokitik hurbilenera edo matrikulatuta dagoen ikastetxera bi kilometro edo gehiago izatea.

d) Ikasleak bizilekua duen herrian ikasketak egiterik ez izatea, bere ikasketak ematen dituen ikastetxe publikorik edo horietan ikaspostu hutsik ez egoteagatik.

3.2. 2007-2008 ikasturterako laguntza motak eta horien zenbatekoak honakoak izanen dira:

a) Bidaiarien garraio publiko erregularra erabiltzen ahal duten ikasleak: txartelaren prezioa.

b) Garraio zerbitzu erregularra hartzea ezinezkoa duten ikasleak: familia edo herri berekoak badira ibilgailu bakarrean joan beharko dute, baimendutako eserleku kopurua bete arte. Laguntzaren zenbatekoa finkatuko da ikaslearen etxetik ikastetxera edo ikasleen autobus geltokitik hurbilenera dauden kilometroen arabera, honako kilometro eskala kontuan harturik:

.Ikasle bat.

_10 km arte: 431,68.

_10 baino gehiago eta 20 km bitarte: 605,03.

_20 baino gehiago eta 30 km bitarte: 849,65.

_30 km-tik gora: 1.188,82.

.Bi ikasle.

_10 km arte: 335,74.

_10 baino gehiago eta 20 km bitarte: 474,16.

_20 baino gehiago eta 30 km bitarte: 661,90.

_30 km-tik gora: 927,07.

.Hiru ikasle edo gehiago.

_10 km arte: 246,69.

_10 baino gehiago eta 20km bitarte: 346,70.

_20 baino gehiago eta 30km bitarte: 481,00.

_30 km-tik gora: 676,29.

Aipatu diru kopuruak ikasturte eta ikasleko emanen dira.

Distantzia, laguntza hauek ematerakoan, ikaslearen etxeari dagokion hirigunetik ikastetxeraino edo hurbilen dagoen ikasleen autobus geltokiraino neurtuko da, hurrenez hurren. Populazio barreiatuaren, baserrien kasuan, distantzia ikaslearen etxetik bertatik hasita kontatuko da.

c) Hezkuntza Departamentuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak txostena eman ondoren, banakako laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko du, minusbaliotasun fisiko edo psikikoak dituzten ikasleen eskolatze prozesuan egoera bereziak daudenean.

3.3. Dirulaguntzak ikasleak eskolaturik dauden ikastetxe publikoen bidez eskatuko dira. Horretarako, ebazpen honen II. eranskinean azaltzen den eredua erabili beharko dute; ikastetxeek Hezkuntza Departamentuko Zerbitzu Osagarrien Bulegoan eskuratuko dute eskabide eredua. Dirulaguntza horiek har ditzaketen ikasleendako laguntza eskabideak eta eskubide hori frogatzeko agiriak Bulego horretara bidali beharko dituzte, 2007ko urriaren 15a baino lehen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek. Nahitaezko betebeharra da eskaerarekin batera ikaslearen bizileku-ziurtagiria, herriko Udalak luzatua, aurkeztea.

Ikastetxeek bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, Zerbitzu Osagarrien Bulegoak dirulaguntzak ordainduko ditu.

Ordainketa ikastetxeetara igorri ondoren, ikastetxe horiek ikasleen familiei ordainduko diete. Ikastetxeek ordainketa hori justifikatuko dute Zerbitzu Osagarrien Bulegoan.

4._Laguntzaileak.

4.1. Ikastetxe publikoetako eskola garraioko laguntzaileen zerbitzua ezarri da, bederatzi leku baino gehiago izanik, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta/edo Lehen Hezkuntzako eta/edo Hezkuntza Bereziko ikasleak eramaten dituzten ibilgailuetarako.

Ibilbide eta ibilgailu bakoitzeko laguntzaile bat egonen da, adinez nagusia izanen dena, lan horretarako egokia, gidaria ez dena, garraiolariak kreditatua, zerbitzua antolatzen duen entitateak kredita dezan itundu denean salbu.

Laguntzailea kreditatzeak ez du inola ere lan harremanik sortuko zerbitzua antolatzen duen entitatearekin.

Laguntzaileak ibilgailuaren segurtasunerako mekanismoek nola funtzionatzen duten jakinen du eta bere eserlekua erdiko edo atzeko zerbitzu-atearen ondoan egonen da.

4.2. Laguntzailearen eginzunak.

Ikasleak garraioan zaintzeak ondoko eginbeharrak ekarriko ditu:

a) Ikasleak ikastetxetik hartzea eta ikastetxera laguntzea. Lan horretan, ikastetxeko Zerbitzu Osagarrien Planean eginkizun horretarako ezarritako irakasleen laguntza izanen du, Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa garatzen duen uztailaren 16ko 257/1998 Foru Aginduko 7. artikuluan eta Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa garatzen duen uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduko 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

b) Ikasleak finkaturiko geltokietan igo eta jaisten direla kontrolatzea, ikastetxeak emanen dien zerrendaren arabera.

c) Zerbitzua zerrendan ageri diren ikasleek bakarrik erabiltzen dutela begiratzea.

d) Mugikortasun murriztua duten ikasleei laguntza ematea autobusera igotzeko eta autobusetik jaisteko.

e) Ikasleei eserlekuak banatzea, kontuan harturik haien adina, nongoak diren edo bidezkotzat jotzen diren bestelako irizpideak.

f) Autobusa abiatu baino lehen ikasle guztiak eserita daudela egiaztatzea.

g) Eskolako materialak (bizkar-zorroak, karterak, karpetak) dagozkien lekuetan daudela eta ibilbidean ez dutela haurrentzako arriskurik sortuko egiaztatzea.

h) Ikasleak ongi portatzen direla begiratzea, borrokarik, eztabaidarik eta jokabide txarrik gabe.

i) Ikastetxeko zuzendaritzari ikasleen diziplinako hutsegiteen berri ematea, horrelakorik balego.

j) Eramaten diren ikasleen kopuruari, atzerapenei edo zerbitzuaren beste edozein alderdiri dagokionez aldaketarik baldin badago, haren berri ematea ikastetxeko zuzendaritzari.

k) Garraioaren arduradunei laguntza ematea zerbitzua hobetzeko datuak hartu eta kontrolatzen.

l) Segurtasuna hobetzeko zuzendaritzak ematen dion beste edozein eginkizun.

5._Ibilbideak, geltokiak eta bidaiaren gehieneko iraupena.

Apirilaren 27ko 443/20016 Errge Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

6._Garraioaren planifikazio komuna.

6.1. Eskola garraio kolektiboaren antolaketa eta finantzaziorako dauden baliabideak ahalik eta hobekien erabiltzeko asmoz, zerbitzua beste entitate sustatzaile batzuekin batera antolatu ahalko da, udalekin eta ikastetxe publikoetako ikasleen guraso elkarteekin esate baterako. Horretarako, kudeaketa aginduak edo hitzarmenak sinatuko dira, lehenengo kasuan, eta lankidetza hitzarmenak bigarrenean.

Lehenbiziko kasuan, hau da, garraioa udalekin batera antolatuz gero, kudeaketa agintzeko dagokion lankidetza hitzarmena sinatuko da udalen eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren artean. Hitzarmen horietan udal interesatuari edo kasuan kasuko udal partzuergoari eskola garraioa antolatu, kudeatu eta kontratatzeko eskatu ahalko zaio.

Bigarren kasuan (ikasleen guraso elkarteekin batera), Hezkuntza Departamentuak antolatzen duen garraioa osatzeko hitzarmenak sinatuko dira.

6.2. Eskola garraioaren antolaketa bateratua egitea erabaki ahalko da ondoren aipatzen diren egoeretan:

a) Herri berean eta/edo garraio ibilbide berean, eskola garraiorako bi zerbitzu izatea: bata, ebazpen honen 1.1. atalean agertzen diren ikasketetarako, Hezkuntza Departamentuak antolatua, eta beste bat Gurasoen Elkarteek edo beste entitate sustatzaile batzuek antolatua derrigorrezkoen ondoko ikasketa ez-unibertsitarioetarako (Batxilergoa, Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloak, Lanbide Hastapeneko Programak eta Arte Eskoletako Espezialitate kurtsoak).

b) Herri berean titulartasun publikoko bi BHI edo gehiago egotea, betiere haietako batean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen bada eta a) atalean eskatutako baldintzak betetzen badira.

c) Titulartasun publikoko BHI bat, bi herritan egotea, bi ikastetxe publiko bat egitearen ondorio gisa, betiere haietako batean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen bada eta a) atalean eskatutako baldintzak betetzen badira.

d) Ikastetxeetan sartu eta irteteko orduak bateragarriak izatea.

6.3. Eskola garraio bateratua antolatzeko akordioak, gutxienez, ondoko oinarrizko alderdi hauek bildu beharko ditu:

a) Hitzarmena sinatzen duen alde bakoitzak jarri beharreko ibilgailuen kopuru eta ezaugarriak eta bakoitzari dagozkion eserlekuak.

Alde bakoitzak jartzen dituen eserlekuak edozein hezkuntza mailatako ikasleek bete ditzakete, baldin eta akordioaren esparruan sartzen badira.

b) Ibilbide eta orduak eta ibilgailuen gelditokiak.

c) Doako garraio zerbitzurako eskubiderik ez duten ikasleek ordaindu beharreko kuotak. Halaber, kuotak ordaintzeko moduak zehaztuko dira.

Erabiltzaileek ordaindu beharreko kostua entitate sustatzaileek finkatuko dute, herrietatik ikastetxera dagoen distantziaren arabera.

Kuotaren zenbatekoa zerbitzua ematen hasi aitzin finkatuko da, erabiltzen den ibilgailua bat edo beste izan. Prezio hori ezin izanen da ibilbide hori bera bidaiarien garraio erregularrean kostatuko litzatekeena baino %10etik gorakoa izan, inolaz ere.

Derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasleen kuotak ordaindu ondoren, garraio zerbitzua defizitarioa bada, dela ikasle gutxi dagoelako, dela herriak oso sakabanatuta daudelako, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartuko du defizita, erabiltzaileen gain egon ez dadin.

Ibilbide erregularrik ez badago, kostua kalkulatzeko honako eragiketa eginen da: eskola egunen kopurua bider egunero egiten den kilometro kopurua eta kilometro bakoitzerako ezarritako prezioa. 2007-2008 ikasturterako prezioa 0,07 eurokoa izanen da kilometro bakoitzeko.

Doako garraio zerbitzurako eskubidea duten ikasleek ez dute kontzeptu horrengatik ezer ere ordaindu beharko, edozein izanik ere bidaia egiteko ibilgailua.

6.4. Ikasleen eskola garraiorako antolaketa bateratua 6.2.a) atalean aipatu mailetako ikasleendako garraio kolektiboa sustatzen duten entitateek eskatu beharko dute, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzu Osagarrien Bulegora zuzendutako eskaera bidez, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasita 20 egun balioduneko epean gehienez ere.

Eskera horrekin batean ikastetxeko ikasleen zerrenda izenduna aurkeztu beharko da, eta zein kurtso eta mailatan dauden eta zein helbide duten jarri beharko da.

Hitzarmena sinatzen duten alderdien kontura izanen da kontratua gauzatzea eta kasuan kasuko enpresei ordaintzeko bidea finkatzea.

Hilabeteko epean antolaketa bateraturako eskabideari erantzun berariazkoa ematen ez bazaio, ezetsitzat joko da.

Prozesu honetan guztian entitate sustatzaileen laguntzaz antolatutako eskola garraioa erabiltzen duten ikasleak hartzen dituzten ikastetxeek behar bezalako laguntza eman beharko diete entitate sustatzaileei, administrazio tramitazioa egiteko. Hori guztia kasuan kasuko hitzarmen edo akordioan egoki erregistratu beharko da.

6.5. Eskualde batzuetan, eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuaren ustez komenigarria denean, ahal dena eginen da Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola garraioaren zerbitzuak eta erabiltzaile guztientzako autobus-garraio erregularrak (linea erregularrak) koordinatzeko. Bi jarduketa mota ezartzen ahalko dira:

1. Ikasleek egun dauden garraio linea erregularrak erabiltzea.

2. Erabiltzaile guztiek eskola garraio zerbitzua erabiltzea.

Lehenbiziko kasuan, Hezkuntza Departamentuak linea erregularreko autobusean garraiatu beharreko ikasle bezainbat eserleku gordeko ditu eta garraio enpresari linearen tarifaren arabera pagatuko dio gordetako txartelen zenbatekoa. Ikasleen adinagatik eta kopuruagatik laguntzaile bat beharrezkoa balitz, garraio enpresak kontratatuko luke eta Hezkuntza Departamentuak bere gain hartuko haren kostua.

Ibilgailuen ezaugarri tekniko, ibilbide, ordutegi, geraleku eta laguntzaileei dagokienez, apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eta ebazpen honetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Bigarren kasuan, erabiltzaile guztiek erabiltzen ahalko dituzte eskola garraioko ibilgailuetako eserleku hutsak.

Horretarako, zerbitzua erabiltzen duten ikasleak izateagatik eskola garraioko ibilbideko geralekuak dituzten herrietako udalek eskaera eginen diote, irailean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari. Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak, eskaera aztertu ondoren, ikusten badu gutxienez ere lau eserleku huts daudela, txartelaren tarifa ezarriko du eta erabiltzaileei baimena emanen die zerbitzu horretarako. Behin ere ez da beste geralekurik onartuko eskola garraioko ibilbidean.

7._Eserleku hutsen erabilpena.

7.1. Ondorio horietarako eserleku hutsa izanen da Hezkuntza Departamentuak kontratatu eta finantzatutako ibilgailuetan doako garraioa izateko eskubidea duten ikasleek betetzen ez dutena.

7.2. Garraioa guraso elkarteekin, udalekin edo bestelako entitateekin batera antolatzen duten ikastetxe publikoetan ez dira kontuan hartuko autobus kontratatuetan hutsik gelditzen diren tokiak, izan ere, toki horiek baterako plangintza egin duten entitate sustatzaileen esku jarriko baitira.

7.3. Bete gabe gelditzen diren eserlekuak erabiltzeko eskaerak, ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak, garraio zerbitzua erabiltzen duen ikastetxe publikoan aurkeztuko dira, irailaren 23a baino lehen garraio zerbitzua Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek baizik erabiltzen ez duten kasuetan, eta irailaren 30a baino lehen gainerako zerbitzuen kasuan.

Zerbitzua erabili nahi duten ikasleen kopurua hutsik dauden eserlekuak baino handiagoa denean, lehentasun irizpide hauen arabera esleituko dira:

1. Garraioaren xede diren ikastetxe publikoan eskolatutako ikasleak. Horien artean, lehentasuna izanen dute honako egoeraren batean dauden ikasleek, hemen agertzen diren ordena berean:

a) Bidaiari-garraio erregularrik ez duten herrietako ikasleak, herritik ikastetxera 3 kilometro baino gehiago baldin badago.

b) Garraio zerbitzu erregularra duten herrietan, helbidearen eta ikastetxearen arteko distantzia hartuko da kontuan.

c) 2006-2007 ikasturtean Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren deialdian beka jaso duten ikasleak.

2. Beste ikastetxe publikoetan eskolatutako haurrak. Berdinketa suertatuz gero, aurreko ataletan aplikatu beharreko lehentasun irizpide berberak erabiliko dira.

3. Diruz lagundutako eta itundutako ikastetxeetan eskolatutako ikasleak. Kasu honetan lehentasuna izanen dute irakaskuntzako beheko kurtso eta mailetan dauden ikasleek eta, horien artean, ikastetxea beren etxetik urrutien duten ikasleek, eta horien artean, 2006-2007 ikasturtean Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren beka izan dutenek.

7.4. Ikasleak ibilgailuetara igotzeko tokiak Departamentuak sinaturiko kontratuaren eranskinean aipatzen diren geldiuneak izanen dira, eta orduak plegu horietan beretan aurreikusten direnak. Behin ere ez da beste geralekurik onartuko eskola garraioko ibilbidean.

7.5. Garraio zerbitzua erabiltzen duen ikastetxeko zuzendaritzak hartuko du eskabideen gaineko erabakia, eta horren berri emanen die eskaera egin duten ikasleen ikastetxeei; ikastetxe horiek ikasleei eta garraio enpresei jakinaraziko diete erabakia. Garraio zerbitzu hori bi ikastetxe publikori edo gehiagori baldin badagokio, toki hutsen ebazpena ere elkarrekin eginen da.

Aipatu epe horietatik kanpo aurkezten diren eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren leku hutsik gelditzen bada. Kasu honetan, ez dira lehentasun irizpideak aplikatuko, eskaera aurkezteko hurrenkera baizik.

Baimena eman ondoren, ikasturte horretarako baizik ez du balioko eta, hortaz, ezin daiteke ondorioztatu hurrengo ikasturteetarako automatikoki berrituko denik. Baimen hori kentzea egonen da esleitutako eserlekua ebazpen honetako 1. atalean aipatzen diren ikasleetariko batek hartzen badu, eserleku hutsak esleitu ondoren eskolatu bada.

2007ko abenduaren 1a baino lehen, ikastetxe publikoko zuzendariak Zerbitzu Osagarrien Bulegora igorriko du leku hutsa erabiltzeko emandako baimenen behin betiko zerrenda izenduna, ebazpen honen 7.3 puntuan ageri diren lehentasun irizpideak aplikaturik ateratzen den lehentasun hurrenkeraren araberakoa. Garraioa erabiltzen duen ikastetxeaz gainera, eserleku hutsa erabiliko duten ikasleei buruzko datu hauek ere adierazi beharko dira: izena eta deiturak, ikaslearen herria, ikasketen kurtso eta maila, zein ikastetxetan dagoen matrikulatuta, 2006-2007 ikasturtean Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren bekarik jaso duen, bai eta ibilbidea ere, IV. eranskineko ereduaren arabera.

8._Ordutegien koordinazioa.

8.1. Eskola kontseiluek, garraio zerbitzuaren enpresa esleipen-hartzaileekin bat, Hezkuntza Departamentura bidali ahalko dituzte ikasleendako garraio zerbitzuaren ordu eta ibilbideei buruzko proposamenak.

8.2. Ikastetxeetako arduradunek kontuan edukiko dute eskolako egutegiak egiteko arauetan ezarritakoa, eskola garraioaren funtzionamendu egokirako ordutegien koordinazioaren gainean.

9._Eskola garraioaren kudeaketa eta gainbegiratzea.

9.1. Baimena eman zaio Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari behar diren urratsak egin ditzan, hala ebazpen honetan xedatutakoa garatzeko, nola 2007-2008 ikasturtean ikasleak eskolatzearen ondorioz gerta daitezkeen aldaketez arduratzeko. Aldaketa horiei buruz behar diren txostenak egin beharko dira.

9.2. Hezkuntza Departamentuari dagokio, bere administrazio organo eskudunen bitartez, zerbitzua ikuskatu eta gainbegiratzea, beste Departamentuen eskumenak deusetan galarazi gabe.

Ahalmena eman zaie ikastetxeetako zuzendaritza taldeei enpresa esleipen-hartzaileek zerbitzua behar bezala ematen ote duten begiratzeko. Horrela, akatsen bat atzemanez gero enpresei ohartarazteko ahalmena izanen dute, bai eta eguneroko garraioan gertatzen diren gorabehera txikiak konpontzeko ahalmena ere.

Garraio zerbitzua erabiltzen duen ikastetxean gorabeheren liburu bat egonen da, garraiolariak, laguntzaileak, garraioaren ardura duen irakasleak edo hezkuntza komunitateko bestelako estamentuen ordezkariek garraioari buruzko inguruabarren berri eman dezaten. Liburu hori ikastetxeko Zuzendaritzan gordeko da.

Indarra duten arauetan edo garraio kontratuen klausuletan ezarritakoa hausten duten akatsak atzematen baldin badira zerbitzuan, ikastetxeko zuzendariak edo Foru Administrazioak horretarako izendatzen duen ikuskatzaileak ahoz azalduko dizkio kontratistaren ordezkariari.

Akatsak zuzentzen ez badira, ikastetxeko zuzendariak horien akta eginen du eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura eta ikastetxeko ikuskatzaileari igorriko; azken horrek txosten bat eginen du aipatu Zerbitzura bidaltzeko. Horrela, dagozkion kalte-ordainak eskatzen ahalko dira.

Aurreko lerroaldean ezarritakoaren ondorioetarako, kontratua bertan behera utzi ahalko da baldin eta ikastetxeko zuzendariak ez-betetzeari buruzko hiru akta egiten baditu edo hezkuntzako ikuskatzaileak Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura bi txosten igortzen baditu.

9.3. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak gainbegiratuko du eskola garraioaren funtzionamendua. Horrek begiratuko du, ikasleen garraioari dagokionez, ebazpen honetan eta 2005-2006 ikasturterako eskolako egutegi, ordutegi eta jarraibideei buruzko xedapenetan ezarritakoa zuzen betetzen ote den, arlo honetan Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak dituen ahalmenak galarazi gabe.

II. ERANSKINA

Eskola garraiorako banakako laguntzak

2007-2008 ikasturtean eskola garraiorako banakako laguntza jasotzeko eskaera, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren .............aren ....(e)ko ......./2007 Ebazpenarekin bat.

1. Ikaslearen datuak.

Deiturak eta izena

Helbidea

Herria

2007-08 ikasturtean eginen dituen ikasketak

Ikastetxea

Ikastetxea kokaturik dagoen herria

2. Laguntza emateko datuak.

_Garraio mota:

f Linea erregularreko autobusa, eguneko txartelaren kostua

f Auto partikularra; etxetik ikastetxera ...... km edo etxetik autobus geltoki hurbilenera ...... kilometro.

f Taxia (bidezkoa bada), eguneko zerbitzuaren kostua

f Besterik (zehaztu)

Auto partikularrean honako ikasle hauekin joaten da:

1._

2._

3._

III._Etxetik eskolako autobusa hartzeko geltokira edo eskolatua dagoen ikastetxera zenbat kilometro dagoen:

f 10 km arte.

f 10 km baino gehiago eta 20 km arte.

f 20 km baino gehiago eta 30 km arte.

f 30 km-tik gora.

4. Eransten den dokumentazioa:

f Ikaslearen bizileku-ziurtagiria, herriko Udalak luzatua. (nahitaezko betebeharra).

III. ERANSKINA

Eserleku hutsak eskola garraioan

2007-2008 ikasturtean eskola garraioan eserleku hutsa erabiltzeko baimen eskaera, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren .............aren ....(e)ko ......./2007 Ebazpenarekin bat.

1. Ikaslearen datuak.

Deiturak eta izena

Helbidea

Herria

2007-08 ikasturtean eginen dituen ikasketak

Ikastetxea

Ikastetxea kokaturik dagoen herria

f Publikoa.

f Itundua edo diruz lagundua.

f Pribatua.

2. Eserleku hutsa erabiltzeko baimena zein garraio ibilbidetarako eskatzen den:

Zein ikastetxe eta herritara joaten den:

2006-2007 ikasturtean Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren deialdian beka jaso du?

f BAI.

f EZ.

3. Oharrak:

4. Eransten den dokumentazioa:

f Ikaslearen bizileku-ziurtagiria, herriko Udalak luzatua.

IV. ERANSKINA

Eserleku hutsen erabiltzaileen zerrenda

Garraio zerbitzua erabiltzen duen ikastetxea:

Iragarkiaren kodea: F0710112