90. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

BURLATA

Deialdia, Burlatako Udaleko Herritarrendako Laguntza Bulegoko arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

1._Arau orokorrak.

1.1. Burlatako Udaleko Herritarrendako Laguntza Bulegoko arduradun lanpostu bat oposizio-lehiaketa muriztuaren bidez betetzea du xede deialdi publiko honek, bide hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan aurreikusita baitago. Lanpostua Zerbitzu Orokorren Departamentuari atxikita da eta 2.1 zenbakia du plantilla organikoan.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoan deialdi honen xedeko lanposturako izendatzen den langilea C maila edo taldean sartuko da, eta uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan maila horretarako finkatzen diren ordainsariak eskuratuko ditu, baita Burlatako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan zehazten direnak ere.

1.3. Deialdi honetan parte hartzeagatik ez da deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna izan. Orobat, sistema berari kontuko dio eskubide pasiboei eta osasun laguntzari dagokienez.

1.4. Lanaldia osoa izanen da, zerbitzuaren beharretara egokitua uneoro; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Oinarri hauetan zehaztuta ez dauden gaietan, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.

2._Eginkizunak.

2.1. Deialdi honen kariaz izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu, besteak beste:

_Herritarrendako Laguntza Bulegoa ezarri eta antolatzea, Alkatetzak finkatutako irizpideei jarraituz.

_Bulegoaren funtzionamendua bultzatzea, Udalaren gainerako alorrekiko harremanak koordinatuz.

_Bere karguko langileen jarduera zuzendu, kudeatu eta kontrolatzea.

_SACen programak diseinatu, planifikatu eta prestatzea, Udalak hartutako erabaki eta irizpideei jarraituz.

_Informazio egokia eskuratu eta eskaintzeko prozesuak egituratzea.

_Eskaera bakoitzeko dokumentuen euskarria prestatzea.

_Laneko prozedurak ezarri eta bete daitezen ziurtatzea.

_Hobekuntzak proposatu eta gauzatzea ezarrita diren prozedurentzat.

_Zerbitzuaren datuak prestatu eta aztertzea, jarduera baloratzeko eta gainerako zein zerbitzuri eragiten zaion, hari informatzeko.

_SACek sartu nahi dituen tramite eta jarduera berriak negoziatu eta adostea.

_Zerbitzuan eta herritarrei laguntzeko gainerako zerbitzuetan (012, web orria etab.) eskuratzen den informazioa homogeneoa, egiazkoa eta eguneratua dagoela bermatzea, Udalaren alor guztiekin koordinatuta.

_Udalaren informazioa eskuratzeko sortzen ahal diren bide berriak bultzatu eta haien garapena koordinatzea.

_Datu pertsonalen tratamenduari eta babesari buruzko araudia bete dadin zaintzea.

_Zuzeneko laguntza herritarrei, egoerak hala eskatuta, bai telefonoz bai buruz buru.

_Eta, oro har, aipatutakoen antzeko guztiak, zerbitzua dela eta bere gain utzitakoak.

_Lanposturako zehaztu diren eginbehar orokorrekin, mailarekin, ezagupenekin eta erantzukizunarekin bat egiten duten beste guztiak, baita lanpostuen definizioan jasota daudenak ere.

3._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Burlatako Udaleko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, deialdiko lanpostu hutsaren maila berekoa edo beheragokoa.

b) Batxilergoko edo bigarren mailako lanbide heziketako titulua edo baliokideren bat izatea eta bost urteko antzinatasuna, administrazio publikoetan onartua.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) atalean ezarritako gutxieneko titulazioaren ordez, zortzi urteko antzinatasuna, administrazio publikoetan onartua, frogatu beharko da.

3.2. Baldintza horiek deialdi honetako laugarren oinarrian adierazietako epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, baita bete ere oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

4._Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean adierazitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko.

4.2. Eskabideak deialdi honetako 1. eranskinean argitaratu ereduari lotuko zaizkio. Eredua Burlatako Udaletxeko bulegoetan eskuratzen ahalko da, Burlatako San Juan plazako 1ean; bestela, Interneteko www.burlada.es helbidean. Haietan, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

4.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia edo haren pareko dokumenturen batena.

b) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Izangaia zer lanpostutan eta zer mailatan dagoen, eta administrazio publikoetan zer antzinatasun aitortzen zaion, haien egiaztagiria.

d) Udalaren Diruzaintzan azterketa eskubideen tasari dagozkion 4,25 euro ordaindu izanaren egiaztagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Prozedura hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

_Diruzaintzan ordainduta, Burlatako Udalaren bulego orokorretan.

_Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: 2054 0210 91 1100000011 (Nafarroako Aurrezki Kutxa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-Kontzeptua: oposizioetako tasa.

e) Zortzigarren oinarrian ezarri diren merezimenduak _lehiaketal- dian baloratuko direnak_ frogatzen dituzten agiriak. Horiek jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira; bestela, aurkeztu gabetzat joko dira.

4.4. Izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu eta frogatu beharko dituzte, agiri bidez, baldintzak eta merezimenduak, edo, betiere, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean. Dokumentazio hori ezarritako epean eta moduan aurkezten ez bada, merezimenduak ez dira baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldian aurkeztu beharreko merezimenduak kontuan hartzeko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna izanen da epearen muga.

4.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi zuzendu ere.

5._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Burlatako alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiek ebatzita, Burlatako alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

6._Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Burlatako alkatea.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

_1. mahaikidea: Burlatako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

_2. mahaikidea: Animsako (Asociación Navarra de Informática Municipal) Antolaketa departamentuko teknikari bat.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

_3. mahaikidea: Burlatako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Burlatako Udaleko langileen ordezkaria.

_Mahaikide idazkaria: Burlatako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba guztietarako edo batzuetarako.

7._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehendabizi eta oposizioaldia gero, 2007ko urrian hasita.

7.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren. Ondotik, epaimahaiak garaiz jarriko ditu ikusgai hurrengo probak egiteko iragarkiak Udaletxeko oholetan.

8._Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahal dira, gehienez, eta ez da baztergarria izanen.

8.2. Deialdian parte hartzeko eskaera aurkezten dutenean agertuko dituzte izangaiek jatorrizko dokumentuak edo behar bezala konpultsatuak, epaimahaiak haien merezimendutak balora ditzan. Orduan aurkezten ez diren merezimenduak ez dira kontuan hartuko, ondorio guztiekin.

8.3. Deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira izangaiek alegatu eta dokumentu bidez frogatzen dituzten merezimenduak.

8.4. Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

8.5. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak Udaletxeko iragarki oholean jarriko dira ikusgai.

9._Oposizioaldia.

9.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira:

9.2. Lehen ariketan bi proba eginen dira, 10 puntukoa bakoitza, guztira 20 puntu egiten dutela; ariketari emandako gehieneko puntuazioaren erdira iristen ez diren izangaiak baztertu eginen dira: 10 puntu.

9.2.1. Ariketaren lehen proban, teorikoa baita, hainbat galdera motzi, test modukoei, erantzun beharko zaie III. eranskineko lehen zatia, Toki Administrazioko tramitazio administratiboaren gaineko a) atala, osatzen duten gaiei buruz.

9.2.2. Lehen ariketako bigarren proban, praktikoa honako hau, hainbat ariketa ebatzi beharko dira mikroinformatikako tresnen erabilerari buruz: Word, Excel, Internet Explorer, Outlook.

9.3. Bigarren ariketan, praktikoa baita, lan bat idatzi beharko da III. eranskineko b) ataleko gaiei buruz, herritarrei laguntzeko lanen antolaketari eta funtzionamenduari buruz, alegia. Ariketa honek 25 puntu izanen ditu, eta baztertuta geldituko dira ariketaren gehieneko puntuazioaren erdira iristen ez diren izangaiak: 12,5 puntu.

9.4. Hirugarren ariketan Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak (INAP) prestatzen dituen proba psikoteknikoak egin beharko dira; haien bidez, izangaia zenbateraino egokitzen den lanpostuaren eskakizun profesiografikora neurtuko da. Proba honek 10 puntu izanen ditu, baina ez da inor baztertuko.

9.5. Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udaletxeko iragarki oholean, azterketa gainditzen duten izangaien zerrenda haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere.

9.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra izanen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Azaltzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.7. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

9.8. Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

10. oinarria._Bestelako puntuazioak.

_Euskaraz jakitea: 10 puntu bitarte.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, edo, bestela, epaimahaiak zehaztuko duen proba gaindituz. Euskararen proba egin nahi duten izangaiek asmo hori adierazi beharko dute eskabide orokorrean. Proba hori oposizioaldirako aurreikusitako probak burututa eginen da.

_Hizkera ez baztergarria erabiltzeagatik:

Burlatako Udalak 2005eko otsailaren 7an eman ordenantzaren arabera (29. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, martxoaren 9koa), "Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi publiko guztietan %5eko balorazioa emanen da probetan hizkera ez baztertzailea erabiltzeagatik". Beraz, oposizioaldian 5 puntu emanen zaizkie proba idatziak, teorikoak nahiz praktikoak, egitean hizkera ez baztertzailea erabiltzen dutenei. Balorazio hau oposizioaldiko ariketak gainditu dituztenei baizik ez zaie aplikatuko eta ez da baztergarria izanen. Izangaiek Burlatako Udalaren web orrian (www.burlada.es) aurkitzen ahal dute hizkuntza ez baztertzailearen erabileraren gaineko eskuliburua.

11._Probak gainditzen dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

11.1. Oposizio-lehiaketaren bi faseak bukatu ondoan, epaimahaiak Burlatako Udaletxeko bulegoetako iragarki oholean jarriko ditu probak gainditzen dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handieneko izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Proposamen hori Burlatako Udalaren iragarki oholean jarri eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan ateratako puntuazioa hartuko da kontuan.

11.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Burlatako Udalaren Erregistroan:

a) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragozten dion akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

b) Burlatako Udaleko Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatzen dion gainerako dokumentazioa.

11.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, esandako agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen dute izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira; betiere, eskabidearen faltsukeriagatik dagokiokeen erantzunbeharra ukatu gabe.

11.4. 11.3 atalean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 11.1. atalean aipatu den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta harekin aurreko ataletan adierazi moduan jokatuko da.

11.5. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, probak gainditzen dituztenen zerrendako hurrengoa sartuko da izendapen proposamenean.

12._Izendapena eta jabetza hartzea.

12.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, proposatutako izangaia izendatu eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

12.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza edo lan kontratuaren eranskina formalizatu. Ezinbesteko kasuetan salbu, jabetzarik hartzen ez badu epe horretan, izendapenak dakarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 11.3 atalean ezarritako moduan eta ondorioekin. Lanpostuaz jabetu edo bere lan kontratuaren eranskina formalizatzen ez duen bitartean, ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen.

13._Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen oinarrien aurka edo hura aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Burlatan, 2007ko ekainaren 15ean._Jarduneko alkatea, José Muñoz Arias.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena .............., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia .......... bizitokia ........................, kalea ...................., zenbakia .............. posta kodea ............. telefonoa ........., sakelako telefonoa ..........., e-posta .............

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Burlatako Udaleko Herritarrendako Laguntza Bulegoko arduradun lanpostu bat, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian, .........(e)ko .... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, haien oinarriak ezagutu eta espresuki onartzen baititut.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik ez dudala.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela baztertua izan ezein administrazio publikoren zerbitzutik eta ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Euskarazko proba egin nahi dudala, deialdiaren 10. oinarrian ezarritakoari jarraikiz (marka adierazi).

Horrenbestez,

ESKATZEN DUT:

Eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztutzat harturik, deialdiaren probetan onartua izatea.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

Lanbideko esperientzia: (gehienez 20 puntu).

Adierazten diren puntuazioak urtebeteari dagozkio; epe txikiagoei proportzioan banatuko zaizkie. Aldi baterako emandako zerbitzuen kasuan, denbora horri proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

Esperientzia frogatzeko, administrazio publikoen ziurtagiria beharko da; enpresa pribatuaren kasuan, kontratua eta lan bizitzaren orria.

Kontratua izanik, Herritarrendako Laguntza Zerbitzu edo Bulego batean, edo antzeko zerbitzu batean, Nafarroako toki entitateetan eta C mailan arduradun gisa egindako urtebetea, 4 puntu.

Kontratua izanik, Herritarrendako Laguntza Zerbitzu edo Bulego batean, edo antzeko zerbitzu batean, beste administrazio batzuetan eta C mailan arduradun gisa egindako urtebetea, 3 puntu.

Kontratua izanik, Herritarrendako Laguntza Zerbitzu edo Bulego bateko arduradun gisa enpresa pribatuan lan egindako urtebetea, 2 puntu.

Kontratua izanik, eskainitako lanpostuaren antzeko zerbitzu batean, Nafarroako toki entitateetan eta C mailan Informazioko ofizial edo administrari-ofizial gisa egindako urtebetea, 3 puntu.

Kontratua izanik, eskainitako lanpostuaren antzeko zerbitzu batean, beste administrazio publiko batzuetan eta C mailan Informazioko ofizial gisa egindako urtebetea, 2,5 puntu.

Kontratua izanik, enpresa pribatuan lan egindako urtebetea, puntu bat.

Prestakuntza: (gehienez 10 puntu).

Jatorrizko titulua edo fotokopia konpultsatua erakutsiz frogatuko dira ikastaroak, ordu kopuruak adierazita.

Prestakuntza Udalaren kudeaketari loturiko eduki edo tresnetan: puntu bat 20 orduko; gehienez ere, 3 puntu.

Prestakuntza, informatikako tresnak erabiltzen: puntu bat 50 orduko; gehienez ere, 3 puntu.

Prestakuntza, ekipoak kudeatzeko teknika edo trebetasunetan eta proiektuak kudeatzeko tresnetan, puntu bat 20 orduko; gehienez ere, 2 puntu.

Prestakuntza, herritarrei laguntzeko teknika edo trebetasunetan, puntu bat 20 orduko; gehienez ere, 2 puntu.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

A) Toki Administrazioko tramitazio administratiboa:

1._Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legea.

2._4/1999 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duena.

3._6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta bere garapena.

4._Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

5._Erregistro telematikoei eta administrazio elektronikoari buruzko araudia.

6._Irailaren 17ko 14/1999 Errege Lege Dekretua, sinadura elektronikoari buruzkoa.

7._Abenduaren 13ko 15/99 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa.

8._Udal Erroldaren araudia (4/1996 Legea, Udal Erroldari buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen gaineko artikuluak aldatzen dituena. Apirilaren 1eko Ebazpena, udalei irizpide teknikoak ematen dizkiena Udal Errolda kudeatu eta berrikusteko).

B) Herritarrei laguntzeko lanen antolaketa eta funtzionamendua:

9._Zerbitzuaren gutunak: kalitatea bermatzeko sistema (araua).

10._Informazioaren Datu Basea (BDI): informazio motak eta mantentze-lana.

11._Herritarrengandik hartutako ohar, kexa eta iradokizunen tratamendua.

12._Jardueretako inskripzioak kudeatzea.

13._Hitzorduak kudeatzea.

14._Udal tramiteak kudeatzea.

15._Kudeaketar lotutako estatistikak.

16._Herritarrendako laguntza.

17._Bide telematikoa, herritarrei laguntzeko sistema gisa.

18._Ekipoak kudeatzeko teknika eta trebetasunak.

19._Proiektuak kudeatzeko tresnak.

Iragarkiaren kodea: L0710104