90. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

TUTERA

Alkatetzaren 6/2007 Dekretua, eskurantzen eskuordetzari buruzkoa

Behean adierazten den egunean, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ondoko ebazpena eman zuen:

"Udalaren Erregelamendu Organikoak 23 (4, 5 eta 6 puntuak), 34, 35 eta 36. artikuluetan zehazten du zinegotzi delegatuen araubidea; aldiz, 82.etik 86.era bitarteko artikuluetan, hartutako eskurantzak erabiltzeko araubide orokorra.

Erregelamenduaren 23.4 artikuluak ezartzen duenez, alkateak Udalaren zenbait jarduera-alorretan aritzeko eskuordetza generikoak ematen ahal dizkie Gobernu Batzordeko kideei; aldiz, eskuordetza bereziak edozein zinegotziri Alor horien barreneko zenbait gai zuzendu eta kudeatzeko, nahiz eta Gobernu Batzordeko kide ez izan. Kasu horretan, eskuordetza generikoa duen zinegotziarena da ahalmena eskuordetza bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratzeko, haren Alorreko eginbeharretan ari direnean.

Eskuordetza generikoak, aipatu Erregelamendu Organikoaren 23.5 artikuluaren arabera, alor edo gai bati edo gehiagori buruzkoak izanen dira, eta bai zerbitzu orokorrak zuzentzeko bai orokorrean kudeatzeko ahalmena har dezakete, hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena barne. Geroago, 25. artikuluak ezartzen du eskuordetza horiek Udalaren zerbitzu administratiboak antolatzeko alorrei egokituko zaizkiela, Ogasun, Kudeaketa eta Dirubilketakoa barne dela, 2006ko uztailaren 4ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez aipatu artikuluari emandako idazketaren arabera.

Eskuordetzen araubide horretan ezarrita dago (Erregelamendu Organikoaren 35. artikulua) zinegotzi delegatuek bakoitzaren dekretuan zehaztutako eskurantzak izanen dituztela, eta hartan aurreikusitakoaren arabera erabiliko dituztela.

Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduak, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bitartez onetsitakoak, 43, 44, 45, 120. eta 121. artikuluetan xedapen horiek berresten ditu, eta 114.ean eta ondoko artikuluetan eskuordetza horiek zein araubide orokorren menpe dauden zehazten du.

Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita,

Dekretatu dut:

Lehenbizikoa._Bigarren alkateorde eta Gobernu Batzordeko kide den José María Navarro Fandos jaunaren esku uztea, modu generikoan, Ogasun, Kudeaketa eta Dirubilketako Alorreko eskurantza hauen erabilera, Alkatetzarenak baitira:

_Atxiki zaion Alorrak berezko dituen arloetako obra, zerbitzu eta jarduketak nahiz egiteko edo burutzeko erabakitzen direnak zuzendu, bultzatu eta ikuskatzea, behar diren aholku teknikoak bilatuz.

_Salmenta, errentamendu, obra, zerbitzu eta horniduretarako enkante eta lehiaketetan buru izatea, eta haiek behin betikoz esleitzea, legeei jarraituz, bere gain dituen eskumenen arabera.

_15.000 eurotik beherako obra, zerbitzu, hornidura eta laguntza teknikoen kontratazioa eta kontzesioa.

_Gastuak baimendu eta xedatzea, aurreko atalean adierazitako zenbatekoa muga izanik, eta aurrekontua betearazteko oinarrietan aurreikusten direnak.

_Udal Ordenantzak eta Erregelamenduak betearaztea eta horien eta aplikazio araudiaren aurkako arau-hausteak zehatzea, bere eskuordetzaren barrenean, zehapen hori 6.010,12 eurotik gorakoa ez bada eta ahalmen hori beste organo batzuen esku dagoenean salbu.

_Bere eskumeneko udal erabakiak argitaratu, bete eta betearaztea.

Bigarrena._Eskuordetza hori Alorreko zerbitzuak zuzentzeko izanen da, baita haiek orokorrean kudeatzeko ere, hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena barne izanik. Gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkezten diren gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostena egiteko ere izanen da.

Hirugarrena._Alor osoko eskuordetza generikoa duen zinegotziak ahalmena izanen du eskuordetza bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratu eta koordinatzeko.

Hirugarrenak ukitzen dituzten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena Alorrean eskuordetza generikoa duen zinegotziaren esku dagoenez, eskuordetza bereziko zinegotziek haren eskumen esparrua ukitzen duten ebazpenak eman ditzan proposatuko diote.

Halaber, Alkatetzari proposatuko diote ebazpenak eman ditzan inoren esku utzi ez diren eskumenak direnean.

Eskuordetza bereziko zinegotziek tramitatu eta proposatuko dituzte Gobernu Batzordean aurkezten diren txostenak, haren eskumeneko gaietan erabakia hartu behar denean.

Laugarrena._Alkatetzaren eskurantzen eskuordetzak ondorioak sortuko ditu dekretu honen dataren biharamunean, baina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Horretaz gainera, eragina izateko, zinegotzi delegatuaren onarpena izan beharko du. Eskuordetza onartutzat hartuko da, inolako adierazpenik egin beharrik ez duela, baldin eta, dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean, ez badio Alkatetzari berariaz adierazten ez duela onartzen eskuordetza.

Bosgarrena._Dekretu honen berri eman bekio Udaleko Osoko Bilkurari; jakinaraz bekie ukitutako korporaziokideari eta Ogasun, Kudeaketa eta Dirubilketako Alorrari; eta argitara bedi Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Dekretu honen sinaduraren biharamunetik indarra hartuko badu ere.

Tuteran, 2007ko ekainaren 19an._Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

Iragarkiaren kodea: L0710261