90. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

390/2007 FORU AGINDUA, uztailaren 18koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria ordezkatuz emana. Haren bidez aldatzen da ekainaren 19an Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 328/2007 Foru Agindua.

Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 37. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena da oihaneko suteen prebentziorako eta suteen kontra borrokatzeko neurriak planifikatu, koordinatu eta betearaztea. Era berean, Oihan administrazioak eskumenak ditu oihaneko suteen prebentzioaren arloan.

Ekainaren 19ko 328/2007 Foru Aginduaren bidez oihaneko suteen prebentziorako neurriak ezarri ziren 2007. urterako. Neurri horietako batzuk material piroteknikoaren erabilerari buruzkoak ziren.

Material piroteknikoa erabiltzean gerta daitezkeen egoeren aniztasuna ikusirik bidezko ematen du, salbuespen gisa, landalurreko toki jakin batzuetan erabiltzen uztea. Leku horietan ardura duen agintaritzak segurtasuna behar bezala bermatuko du oihaneko suterik izanez gero.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak uztailaren 4an emandako 7/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskurantzak erabiliz, zeinean ezartzen baita Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak ordezkatuko duela Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, hura ez dagoenean,

AGINDU DUT:

1. Ekainaren 19ko 328/2007 Foru Agindua aldatzea, 7. idatz-zatian beste atal bat gehituz. Honela geldituko da:

"7.8. Su artifizialen ikuskizun publikoak egin ahalko dira hirilurren ondoko landalurretan, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak, kontuan hartuta lekuaren eta ingurunearen ezaugarriak, suterik sortu edo hedatzeko izan litezkeen inguruabarrak eta sustatzaileak harturiko prebentzio neurriak, emandako adostasun txostena izanik."

2. Foru agindu honen berri ematea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, jende orok jakin dezan.

3. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko uztailaren 18an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0711478