9. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLAGUE

Ordenantza fiskal orokorrak. Behin betiko onespena

Ordenantza fiskal orokorra eta Kontribuzio berezien eta tasen ordenantza orokorra hasiera batean onetsi ondoren (2006ko 132. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 3koa) 30 eguneko legezko epean inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez gero, ordenantza horiek behin betikoz onetsirik gelditu dira ondoko testuarekin bat:

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA.

Oinarria

Ordenantza honek dakar aplikatzea, Olagueko Kontzejuari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak finkatzen eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legeak tributu arloan garatzen dituen printzipioak.

Ordenantza hau onetsiz kontzeju honek zerga arloan erregelamenduak egiteko duen ahalmena erabiltzen du, eta legezkotasun printzipioari lotesten dio bere jarduera, finantza nahiz tributu arloan.

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Honako ordenantza fiskal orokor honen xedea da kontzeju honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea. Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. artikulua. Subjektu pasiboa.

Ordenantza fiskal guztiek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren printzipioak aintzat hartuz .

3. artikulua. Esparrua.

Olagueko Kontzejuak onetsitako ordenantza fiskalek Kontzejuaren mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik.

4. artikulua. Zergadunen eskubideak.

1. Kontzeju honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Kontzejuari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko araubide, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3 artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira.

2. Kontzeju honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

5. artikulua. Zergadunen betebeharrak.

Pertsona natural edo juridiko oro, pribatu zein publikoa, administrazioari laguntza emateko betebehar hutsagatik, beharturik egonen da, horrek hala eskatuz gero, bertze pertsonekin dauzkan harremanetatik heldu diren datu, txosten edo aurrekin guztiak ematera, baldin eta tributuen arloan garrantzia badute.

II. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

6. artikulua. Zergapeko egintza.

1. Zergapeko egintza izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

2. Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zergapeko egintzaren izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

3. Ez da analogiarik onartuko zergapeko egintzaren, salbuespenaren edo hobarien eremua hertsiki duena baino zabalagoa izateko.

7. artikulua. Subjektu pasiboa. Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridiko oro da, baldin eta ordenantza bakoitzarekin bat zerga-prestazioak betetzeko obligazioa badu, zergadun gisa nahiz horren ordezko bezala.

8. artikulua. Zergadunak.

Zergapeko egintzak sortzen duen tributu zama dagokion ordenantza bidez ezartzen zaion pertsona fisiko nahiz juridikoa da zergaduna.

Foru Legeak hala aginduta tributuaren zama jasan behar duen pertsona beti izanen da zergadun, zama bertzeri helarazten badio ere.

9. artikulua. Ordezkoa.

Zergadunaren ordezkoa izanen da dagokion ordenantzatk hala aginduta eta haren ordez tributu obligazioaren prestazio material eta formalak egitera beharturik dagoen subjektu pasiboa.

10. artikulua. Tributu arloko eskubide eta betebeharren oinordekoak.

1. Mortis causa oinordekoak hildakoaren tokian subrogatuko dira eta betekizun dauden tributu obligazioen erantzule izanen dira, herentzia eskuratzeko legedia zibilak xedatzen duenaren ondoriozko mugekin. Inoiz ez zaio zehapenik bertze bati transmitituko.

2. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

11. artikulua. Erantzuleak.

1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk, eta haien erantzukizuna solidarioa edo subsidiarioa izanen da beti.

2. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da.

Premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari, dirusarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

12. artikulua. Erantzukizuna zehaztea.

Betiere, tributu zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleei iragateko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesatuari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zein den zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

13. artikulua. Ordezko erantzukizuna.

Administrazio-ekintza erantzule subsidiarioei iragateko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea galarazi gabe.

14. artikulua. Erantzukizuna.

Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik haietako edozeini exijitzen ahal zaio.

15. artikulua. Zerga erlazioaren aldaezintasuna.

Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen kontzejuko administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

16. artikulua. Salbuespenak eta hobariak.

Salbuespen eta hobariei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta gainerako arau aplikagarrietan ezartzen direnak baizik ez dira onartuko.

17. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergapeko egintza ezarpen modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergapeko egintzaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergapeko egintzaren balorazioa diru unitatetan, Kontzejuko administrazioak kontuan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zergapeko egintzak jarraitutasunez gertatzen badira.

18. artikulua. Likidazio-oinarria.

Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daudenak dira.

19. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak, izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeenak.

20. artikulua. Tributu kuotaren zehaztapena.

Tributu kuota honakoa izanen da:

a) Tarifa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

b) Horretarako zehazten den zenbatekoa, edo

c) Bi prozedura horiek batera aplikatu eta horien ondoriozko kopurua.

21. artikulua. Tributu-zorra.

Tributu-zorra zerga-kuotak osatuko du eta, kasuan kasu, errekarguek, berandutza korrituek eta diru zehapenek ere bai.

Subjektu pasiboak beharturik egonen dira zerga-zorra ordaintzera.

22. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.

1. Zergapeko egintza nolakoa, halakoxea izanen da ordainarazpenen sortzapena, kasuan kasuko ordenantza fiskalak ezartzen duenari jarraikiz.

2. Ordainarazpena halakoa izan eta horren ondorioz haren sortzapena aldian behin egitera behartzen badu eta dagokion ordenantzak horrela zehazten badu, hura urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eginen da eta zergaldia urte naturala izanen da.

3. Olagueko Kontzejuak ordainarazpenak norberak likidatzeko eskatzen ahal du.

23. artikulua. Tributu zorraren iraungipena.

Tributu-zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

24. artikulua. Ordainketa.

Tributu zorren ordainketa ordenantza fiskal orokor honetako 50. artikuluak arautzen duenaren arabera eginen da.

25. artikulua. Preskripzioa.

Lau urteren buruan ondoko eskubide eta egintzak preskribituko dira:

1. Subjektu pasiboen alde:

a) Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.

b) Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen exijitzeko ekintza, borondatezko pagamendurako epea amaitzen den egunetik hasita.

c) Zuzenbide publikoko eta zergez kanpoko baliabideak ordainaraztetik heldu den edozein bere aldeko kreditu pagatzea exigitzeko egintza, epe hori kasuan kasuko ordenantzak ezartzen duen pagamendu aldia bukatzen denetik kontatuta edo, halakorik ez bada, pagatzea exigitu den egunetik.

d) Tributu arloko arau-hausteengatik zehapenak paratzeko ekintzak, arau-hausteak egin ziren egunetik hasita.

2. Orobat, lau urteko epean preskribituko da beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean. Bidegabeko dirusarrera itzultzeko helburuz subjektu pasiboak egiten duen edozein ekintza fedemailek etenen du preskripzio epea, edo Olagueko Kontzejuak dirusarreraren existentzia aitortuz egiten duen edozein ekintzak.

26. artikulua. Etena.

Aurreko artikuluaren 1. atalak aipatzen duen preskripzio epea honako hauetan eteten da:

_Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, kredituaren edo eskubidearen ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.

_Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

_Subjektu pasiboak tributu zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

27. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

28. artikulua. Zorren behin-behineko iraungipena.

Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geldituko da.

III. KAPITULUA

Zorren kudeaketa arauak

29. artikulua. Hastapena.

Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren adierazpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Kontzejuko organo administratiboen ikerketaren bidez.

30. artikulua. Zerga aitorpena.

1. Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du, zergagai bat biltzen edo bere baitan hartzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

2. Inondik inora ere ez da exijituko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

3. Aurkezteko garaian interesatuei emanen zaie aitorpenaren hartu-agiria, aitorpenaren kopiak horretarako ere balio duelarik.

4. Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, Kontzejuak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko bertze arrazoiren batengatik.

31. artikulua. Epea.

Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergapeko egintza ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barnean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta horren ondotik dagokion zehapena ezarriko.

32. artikulua. Aitorpenaren balioa.

Aitorpena Kontzejuari aurkezteak ez du kargaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.

Kontzejuak aitorpenak eska ditzake eta horien handitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den guztian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

33. artikulua. Tributuak kudeatzeko prozedurak tramitatzeko epeak.

1. Ordenantza partikularretan adieraziko da zein izanen diren tributuko kudeaketako izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; betiere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Ikuskapenen kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

2. Kontzejuak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungitzen denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakarten kasuetan. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen langilearen kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

34. artikulua. Ikerketa eta ikuskapena

Kontzejuak ikertuko ditu zergapeko egintza osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.

35. artikulua. Ikerketarako bitartekoak.

Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den edozein argibide-aurrekinen ikuskapena ere eginen da.

36. artikulua. Kontabilitatea.

Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zergapeko egintzarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

37. artikulua. Agiriak.

Ikuskapenak subjektu pasiboentzako eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

38. artikulua. Salaketa.

1. Salaketa bidez hasten ahal da Kontzejuaren ikerketa. Salaketa erabiltzea Administrazioari laguntza emateko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

39. artikulua. Tributu likidazioak

1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak izanen dira behin-behinekoak edo behin betikoak.

2. Behin betikotzat hartuko dira:

_Zergapeko egintzaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

_Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

40. artikulua. Egiaztapena.

1. Likidazioak egiterakoan, Kontzejuak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

2. Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, jakinarazi behar da.

41. artikulua. Jakinarazpena.

1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan para daitezkeen ere.

c) Tributu zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu zorraren ordainketa egiten duenean.

3. Subjektu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.

42. artikulua. Zergadunen erroldak Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, Kontzejuko administrazioak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz, zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Kontzejuak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

43. artikulua. Zergadunen erroldaren araubidea.

1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

2. Erroldan gerora zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak Kontzejuari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

3. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bertzelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

IV. KAPITULUA

Dirubilketa arauak

44. artikulua. Dirubilketa.

Dirubilketaren kudeaketa da kontzeju ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

45. artikulua. Aldiak.

1. Dirubilketa borondatezko aldian edo derrigorrezkoan egin daiteke.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak.

3. Exekuzio aldian, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu, dirubilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

46. artikulua. Prozedura.

Kontzejuaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

47. artikulua. Tributu-zorren sailkapena, dirubilketari begira. Kontzejuko agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari doakionean, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatuak.

a) Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

b) Jakinarazpen gabeko zorrak dira jakinarazpen indibidualik behar ez dutenak, subjektuek aurretik ezagunak dituzten zergadun erroldetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe errezibo bidez kobratu beharreko tributuetan, behin errolda, padroi edo matrikula hartan alta hartuaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez edo aditzera emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin-berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

c) Norberak likidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

48. artikulua. Ordainketa egiteko tokia:

Kontzeju honen aldeko zorrak ordainduko dira Kontzejuaren titulartasuna duten banku edo aurrezki kontuetan, horretarako berariaz irekiak diren horietan.

49. artikulua. Ordainketa epeak.

Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergapeko egintza gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barnean.

50. artikulua. Ordaintzeko modua.

1. Tributu-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Indarra duen dirua.

b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Abonu edo transferentzi gutuna, banku edo aurrezki kutxetan horretarako Kontzejuaren alde irekitako kontuetan.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da Kontzejuko diruzaintzari eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea.

51. artikulua. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean Kontzejuak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

V. KAPITULUA

Tributu arloko arau-hausteak eta zehapenak

52. artikulua. Tributuen arloko arau-hausteak.

Tributu arloko arau-hausteak dira 2/1995 Foru Legean eta toki entitateen ogasuna arautzeko bertze lege-xedapen guztietan tipifikatutako eta zehatutako ekintza eta omisioak.

Arau-hausteek zehapena izanen dute, baita axolagabekeria hutsa direnak ere.

53. artikulua. Arau-hausleak:

Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako ekintzak edo omisioak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza ematera beharturik dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

54. artikulua. Erantzukizunik eza, tributuzko arau-hausteetan. Legeak arau-haustetzat tipifikatzen dituen egintzek edo ez-egiteek, honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

_Tributu gaietan jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

_Ezinbertzeko kasua delarik.

_Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

55. artikulua. Arau-hauste motak.

Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, kontuan harturik egintza edo omisioak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluak batzuez eta bertzeez ezartzen duen kontzeptuan sartzen diren.

56. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak, 2/1995 Foru Legeko 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Isun finkoen zenbatekoa ekitaldi bakoitzean eguneratzen ahalko da Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen bitartez.

Proportziozko isuna, dirutan, tributu kuotari aplikatuko zaio, ordaindu ez diren zenbatekoei, edo bidegabe eskuratutako mozkin edo itzulketen zenbatekoari.

57. artikulua. Zehapena ezartzea.

Zehapenak interesatuari entzutea emanez erabaki eta ezarriko dira eta, betiere, espedientea ireki ondotik.

58. artikulua. Zenbatekoak.

1. Arau-hauste arin bakoitzak 6 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300,51etik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren %50etik %150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Orobat, zilegi izanen da berandutza korrituak eskatzea borondatezko epea bukatzetik zerga-egoera bereoneratzen duen likidazioa egiten den egunera arte pasatako denboraren aldera.

59. artikulua. Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko erantzukizunak.

Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza fiskaletako artikuluetan ordenantza fiskal honetan xedatuari kontra egiten dioten guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza fiskal orokor hau edo Kontzeju honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren tramite berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatua.

KONTRIBUZIO BEREZIEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Arrazoiak

Tasak dira, kontribuzio bereziekin eta zergekin batean, Nafarroako toki ogasunen baliabideak osatzen duten dirusarreretan tributuetatik heldu direnak.

Ordenantza honen bidez betearazi nahi da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. artikuluaren agindua, haren poderioz galdatzen baitzitzaien toki entitateei behar diren ordenantza fiskalak onesteko, tributuak ezarri eta kendu aitzin.

Ordenantza hau ezarriz betearazten dira legezkotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak hemendik aitzina kontzeju mugapean ezartzen ahal diren tasei dagokienez.

1. artikulua. Kontribuzio berezien zergapeko egintza hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Kontzeju honek toki mailako herri lanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

2. artikulua. Honako hauek hartuko dira toki mailako herri lan eta zerbitzu publikotzat:

a) Kontzeju bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.

b) Kontzeju bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.

c) Kontzejuak dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

3. artikulua. 1. Aurreko artikuluko a) letran sartzen direnak toki entitate mailako lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak dirulaguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek, zer obra edo zerbitzuren aldera eskatu ziren, harexen gastuak berdintzea, bertze helbururik ez dute izaten ahal.

4. artikulua. 1. Obren kostu osoak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, Kontzejuak kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, betiere betetzen badira ordenantza honetako 6. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Karrika eta plazak irekitzea, lehendik irekitako karrika eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.

b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, isurbide eta ureztaketa ahoak berritik eraiki edo aldatzea.

c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.

d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta argiteria publikoa ezarri, aldatu edo hobetzea.

e) Ur-hornidura sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.

f) Su-itzaltze zerbitzuak paratu eta hobetzea.

g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako, erabilera nekazaritza, oihangintza, abeltzaintza, industria edo giza kontsumoa izan, non ez diren interes orokorrekoak.

h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.

i) Karrika eta plazetan arbolak aldatzea, parkeak eta lorategiak eraiki eta hobetzea, halako sektore batendako interesa badute.

j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.

k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontra babestekoak, baita ur-ibilguak erregulatu eta desbideratzekoak ere.

l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bertzelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak paratzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.

m) Toki entitatearen bertzelako obra edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.

2. Ez da inoiz kontribuzio berezirik galdatzen ahal, toki entitatearen obra edo zerbitzu publikoak biztanle guztiendako badira.

5. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren ondorioz, mankomunitateak eta batasunak, baita horiek beren xedeak garatzeko sortutako entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere, kontribuzio berezietatik salbuetsirik egonen dira.

6. artikulua. 1. Hauek dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak: pertsona fisiko zein juridikoak, baita unitate ekonomiko edo ondare berezia osatzen duten entitate nortasun juridikorik gabeak, baldin eta ordaindu beharra eragiten duten toki mailako obra edo zerbitzuak egiteak, ezartzeak edo zabaltzeak onura berezia ekartzen badie.

2. Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe diren pertsonak edo entitate titularrak.

c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua handitzetik edo hobetzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, kontzeju mugapearen barnean.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

7. artikulua. 1. Gehienez ere, obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Kontzeju honek jasaten duen kostuaren %90ek osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu idazte eta lan zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Kontzejuak dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Olagueko Kontzejuari emandako eraikinak.

d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Kontzejuak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo, berdinduta ere, kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

8. artikulua. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

9. artikulua. Obra edo zerbitzua direlarik ordenantza honetako 2.c) artikuluak aipatzen dituenetakoa edo Kontzejuak dirulaguntza emanda kontzesiodunek egindakoa _ordenantza honetako 3. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen gisara_, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du galarazten bertze administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexentzat bertze zerga bat ezartzea. Betiere, ordenantza honetako 7. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.

10. artikulua. 1. Zerga oinarria finkatzeko, hau ulertuko da Olagueko Kontzejuak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zenbakiari toki entitateak edozein pertsona edo entitate publiko nahiz pribaturengandik erdiesten dituen dirulaguntzak edo laguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

2. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

11. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikulura bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kontribuzio berezien kuota.

12. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, batera nahiz bereiz eta espedientean zehazten den heinean, partitze modulutzat ezarriko dira eraikinen fatxadako metro linealak, haien azalera, haien bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuziorako duten balio katastrala.

b) Su itzaltze zerbitzua ezarri edo handitzeko bada, eta, jabeekin batean, Kontzejuko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean. Subjektu pasibo bakoitzari eskatzeko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen ehuneko 5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 6. artikuluko 2.d) atalak aipatzen dituen obren kasuetan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da, bakoitzarendako gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.

13. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Kontzejuak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea gehienez lau urtez.

14. artikulua. 1. Kontribuzio berezien sorrarazpena lanak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean.

Lanak zatikagarriak baldin badira, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena, subjektu pasibo bakoitzarendako..

2. Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, kontribuzioak ezarri eta ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Kontzejuak zilegi izanen du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak hurrengo urterako aurreikusten den kostuaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izanen bertze urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

3. Kontribuzio bereziak sortzeko momentuan, kontuan hartuko da 2/1995 Foru Legearen 111. artikuluaren arabera ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko, nahiz eta ordenatzeko erabaki zehatzean bertze subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2. zenbakiak xedatzen duenarekin bat. Ordenatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sortzapena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Olagueko Kontzejuari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izanen du kobratzeko ekintza espediente horretan subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra jotzea.

4. Obrak osoki nahiz partez burututakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko diren likidazioak igorpenduko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, horiek berdinduko dira konturako entregatzat hartuz. Kontzejuak eginen du behin betiko seinalamendu hori, zein obra edo zerbitzutarako antolatzen den tributua, hartarako erabakiaren arauei jarraituz.

5. Ordainketa aurreratuak egin dituztenak tributua sortu zen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonak badira, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz gora joaten badira, Olagueko Kontzejuak ofizioz eginen du behar den itzulketa.

15. artikulua. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

16. artikulua. Kontribuzio bereziak ordainarazteko aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.

17. artikulua. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obraren bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da kontribuzio horien ordenazio zehatza onestea.

18. artikulua. 3. Ordenatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, eta bai onuradunen artean partitu beharreko zenbatekoa eta partitze irizpideak ere. Dena den, eta hala behar bada, ordenatzeko erabaki hori Kontribuzio Bereziak arautzen dituen ordenantza orokorraren menean utz daiteke, halakorik bada.

Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bertzenaz ediktu bidez. Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa jartzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusten duen bezala.

19. artikulua. 1. Kontzejuak bere eskumeneko obrak edo zerbitzuak egin edo emateko bertze toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, betiere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, obrak egitea edo zerbitzua ezartzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek antolamendu erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.

20. artikulua. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute eta Kontzejuak obrak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzua nolakoa den dagokienaz gain.

2. Orobat, Kontzejuak sustatutako lanak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Kontzejuak aurretik erabakita eginen den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.

21. artikulua. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKAL

Arrazoiak

Tasak dira, kontribuzio bereziekin eta zergekin batean, Nafarroako toki ogasunen baliabideak osatzen duten dirusarreretan tributuetatik heldu direnak.

Ordenantza honen bidez betearazi nahi da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. artikuluaren agindua, haren poderioz galdatzen baitzitzaien toki entitateei behar diren ordenantza fiskalak onesteko, tributuak ezarri eta kendu aitzin.

Ordenantza hau ezarriz betearazten dira legezkotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak, hemendik aitzina kontzeju mugapean ezartzen ahal diren tasei dagokienez.

1. artikulua. Zergapeko egintza izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Zergapeko egintza toki erakundearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia da, baita zerbitzu publikoak ematea edo beren eskumeneko jarduerak egitea 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluari jarraikiz, 4/1999 Foru Legeak emandakjo idazketaren ariora.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zergapeko egintzaren izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

2. artikulua. Ez da analogiarik onartuko zergapeko egintzaren, salbuespenaren edo hobarien eremua hertsiki duena baino zabalagoa izateko.

3. artikulua. 1. Olagueko Kontzejuak tasak ezartzen ahalko ditu toki erakundearen jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten den guztietan, 2/1995 Foru Legearen 100.4 artikuluko zerrendan agertzen diren kasuen artean. Kasu horiek ez dira tasatutzat jo behar.

2. Orobat, Olagueko Kontzejuak tasak ezartzen ahalko ditu toki erakundearen eskumeneko zerbitzuak edo jarduketa administratiboak egin behar diren guztietan, 2/1995 Foru Legearen 100.4 artikuluko zerrendan agertzen diren kasuen artean. Kasu horiek ere ez dira tasatutzat jo behar.

4. artikulua. Olagueko Kontzejuak ez du inoiz ere tasarik ezartzen ahalko 2/1995 Foru Legearen 101.1 artikuluko zerrendan agertzen diren kasuetan. Zerrenda hori tasatutzat jo behar da.

5. artikulua. Tasak ordaintzetik hauek baizik ez dira salbuesten ahal: Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa batetik, mankomunitateak eta batasunak bertzetik, Olagueko Kontzejua haren kide baldin bada, eta horiez gain aipatu enteek sortzen dituzten entitate juridikoak.

6. artikulua. Tasen subjektu pasiboak dira, zergadun diren partez, pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateak:

a) Baldin tokiko jabari publikoa bereziki beren mesede erabili edo aprobetxatzen badute, 2/1999 Foru Legeko 100.4 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera eta 4/1999 Foru Legearen idazketaren arabera.

b) Baldin toki entitateek eman edo egiten dituzten zerbitzu edo jarduera horien eskatzaile, onura hartzaile edo ondorio hartzaile badira, 2/1999 Foru Legeko 100.5 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera eta 4/1999 Foru Legearen idazketaren arabera.

7. artikulua. Zergadunaren ordekotzat hartuko dira:

a) Etxebizitza edo lokaletako bizilagunek hartzen dituzten edo eragiten dieten zerbitzuen aldera jarritako tasen kasuan, etxebizitza edo lokal horien jabeak; horiek zilegi izanen dute tasak, hala tokatzen bada, kasuko onura hartzaileei egoztea.

b) Lurzoru eta hiri antolamenduaren gaineko araudian aurreikusten diren hirigintza lizentziak emateko tasetan, obren eraikile eta kontratistak.

c) Suteak galarazi eta itzaltzeko zerbitzuengatik, erortzak galarazteko, eraikitzeko eta eraisteko zerbitzuengatik, salbamenduengatik eta, oro har, pertsona eta ondasunak babesteagatik jarritako tasetan, zerbitzuaren mantentzea ere barne, arriskua aseguratzen duten entitate edo sozietateak.

d) Ibilgailuak edo gurdiak espaloietan barrena sartzeko erabilera eta aprobetxamendu bereziengatik kobratzen diren tasetan, eta bai ere pasabide horiek egin, mantendu, aldatu edo kentzeagatikakoetan, ibilgailu pasabide horiek sarbide ematen dieten finka eta egoitzen jabeak; jabe horiek zilegi izanen dute, hala tokatzen bada, tasa horiek kasuko onura hartzaileei egoztea.

8. artikulua. Olagueko Kontzejuak ordainarazi beharreko tasen zenbatekoa eta sortzapena ordenantza fiskal berariazko bakoitzean arautu behar dira, betiere errespetatuz 2/1995 Foru Legearen IV. kapituluko 7. ataleko 4. azpiatalean eta Olagueko Kontzejuaren Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako printzipio eta prozedurak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Olaguen, 2006ko urriaren 7an._Alkate kontzejuburua, Araceli Eleta Larráyoz.

Iragarkiaren kodea: L0620492