9. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

88/2006 FORU DEKRETUA, abenduaren 18koa, "Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izeneko gunea Paisaia Babestu eta gune hori osatzen duen Europar Batasunaren intereseko lekua Zainketa Bereziko Eremu deklaratu eta Kudeaketa Plana onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

"Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izeneko gunea Nafarroako eremu atlantikoan dago, Ultzamako, Basaburuko eta Odietako udal mugapeetan, eta habitat naturalak, basa flora eta fauna daude bertan, Nafarroako dibertsitate biologikoaren erakusgarri; kasu batzuetan desagertzeko arriskua dute beren banaketa eremu naturalean, edo banaketa naturaleko eremua murriztua dute erregresioagatik edo, bestela, beren eremua intrintsekoki murriztua izateagatik. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, habitat natural eta basa espezie horiek luze iraun dezaten, aktiboa eta prebentziozkoa izanen den kudeaketarako sistema eraginkorrak erabiliz horretarako.

Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko 3. artikuluaren arabera, paisaia babestuak inguru naturalaren toki jakinak dira, dituzten balio estetiko eta kulturalak direla eta babespen berezia merezi dutenak. 4. artikuluan esaten denez, haien deklarazioa foru dekretu bidez eginen da. Eta, azkenik, 16. artikuluari jarraikiz, haien babespen araubidea Paisaia aldarrikatzen duen xedapenaren bidez ezarriko da.

Habitat natural eta bertako espezie batzuk ageri dira Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan (habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoan), edo 79/409/EEE Zuzentarauan (basa hegaztiak kontserbatzeari buruzkoan). Horrek balio handia ematen du, Foru Komunitatearen esparruan ez ezik, Europar Batasunarenean. Zuzentarau horiek Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan dituen tresna nagusiak dira eta, horri begira, lekuen sare ekologikoa sortu da, Natura 2000 Sarea, Europar Batasunaren intereseko deklaratzen diren era guztietako habitat naturalak eta flora eta faunako espezieak leheneratu edo kontserbazio egoera egokian mantentzeko.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat finkatu zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. Zuzentarauaren 4. artikuluari jarraikiz, kide diren estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, intereseko habitat naturalen motak eta espezieak aipatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu deklaratzen ahal ziren lekuen zerrenda onetsi zuen behin-behinekoz, Europako Natura 2000 sare ekologiko europarrean sartzeko. Horien artean dago ES2200043 identifikazioa duen eremua, "Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izenekoa.

Europar Batasunaren intereseko lekua onetsi eta gero, estatu kideak Zainketa Bereziko Eremu deklaratu behar du ahalik eta lasterren eta sei urteko epean gehienez, eta beharrezkoak diren kontserbazio neurriak hartu behar ditu, Europar Batasunaren intereseko leku izendatzeko kontuan hartu diren habitat naturalak eta espezieak kontserbazio egoera egokian mantendu edo leheneratu ahal izateko.

Europar Batzordeak, 2004ko abenduaren 7ko 2004/813/EE Erabakiaren bidez, eskualde biogeografiko atlantikoan Europar Batasunaren intereseko diren lekuen zerrenda onetsi zuen. Foru dekretu honen bidez deklaraturiko Paisaia Babestuko erdigunea eskualde honetarako Europar Batasunaren intereseko lekuen zerrenda-proposamenean ageri da. Horrek esan nahi du Europako Zuzentaraua betetzeko, Zainketa Bereziko Eremu deklaratu behar dela.

"Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izeneko guneko Kudeaketa Plana Europar Batasunaren arautegiak eskatzen duenari jarraikiz prestatu da eta, beraz, 92/43/EEE Zuzentarauan bildu diren eta leku horretan dauden habitaten eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuten dieten ekintza, neurri eta jarraibideak biltzen ditu.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko abenduaren 18ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek helburu hauek ditu:

1. Europar Batasunaren intereseko ES2200043 lekua, "Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izeneko gunea, Zainketa Bereziko Eremu deklaratzea.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den Zainketa Bereziko Eremua osatzen duen lurraldea eta horri loturiko eremu sentibera Paisaia Babestu deklaratzea.

3. Paisaia Babestuko eta Zainketa Bereziko Eremuko Kudeaketa Plana onestea.

2. artikulua. Planaren lurraldearen mugak eta aplikazio esparrua.

1. Planak Paisaia Babestu osoa biltzen du, alegia, Zainketa Bereziko Eremu deklaratu den eremua eta inguruko eremua, kudeaketaren xede den orotariko guneari batasun ekologiko handiagoa ematen diona eta eremu sentiberatzat jo dena.

Zainketa Bereziko Eremuak Jauntsarats, Gartzaron eta Orokieta-Erbitiko kontzejuetako eta Aizarozko lekuko haranaren barreneko lurrak biltzen ditu, horiek denak Basaburuko udalerrian; Ilarregi, Eltzaburu, Suarbe, Auza, Larraintzar, Zenotz, Gerendiain, Gorrontz-Olano, Alkotz, Iraizotz, Lizaso eta Arraitz-Orkingo kontzejuetakoak, Lozengo baserrikoak eta Eltso-Gerendiaingo fazerokoak Ultzamako udalerrian eta Gelbentzuko kontzejuko batzuk, Odietako udalerrian. Eremuak 2.274,65 hektarea hartzen ditu guztira. Hariztiak biltzen ditu, haranaren barreneko lurretako putzuetakoak gehienbat (Crataego laevigatae-Quercetum roboris) eta mazelako harizti azidofiloak (Hyperico pulchri-Quercetum roboris). Azken hamarkadetako luberrietako hariztiak dira eta eremu horiek biltzen dituen lerro baten bidez, larre eta zelai batzuk ere bati.

Eremu sentiberak antzeko ezaugarriak ditu gizakiaren eraginari eta erabilerei dagokienez (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza) eta inguruko zuhaiztiekin (gehienbat harizti azidofiloekin eta bagadiekin) lotzen ditu. Bertako entitate administratiboetako eremu osoa biltzen du. Belate Europar Batasunaren intereseko lekuko lerroa muga, eta gainera Ultzamako Eltso eta Urritzola-Galaingo kontzejuak, hauen eremu osoan. Eremuak 5526,49 ha hartzen ditu guztira.

Foru dekretu honek onetsitako Planaren aplikazio esparruko mugapen ofiziala bertako kartografian zehaztuta dago.

2. Foru dekretu honen bidez onetsiriko plan honetako kudeaketaren jarraibideak, jarduketak, arautegia eta gainerako xedapenak Paisaia Babestuan aplikatuko dira, aipatu diren mugen arabera. Herriguneetan hirigintzari buruzko arautegian eta plangintzan xedatu bezala eginen da.

3. artikulua. Jarraipen batzordea.

1. "Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izeneko gunearen zainketa kudeatzeko Jarraipen Batzorde bat sortzen da. Batzordeak honako kide hauek izanen ditu:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko bi ordezkari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik izendatuak, eta horietako bat idazkari.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ordezkari bat, Abeltzaintza Zerbitzuak proposaturik.

c) Ukituriko eremuko bi ordezkari. Horien artean, haiek izendaturiko ingurumen arloan prestakuntza duen aditu edo teknikari bat egon daiteke.

2. Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

a) Kudeaketa Planean aurreikusitako neurriak betetzea sustatu, ezarritako egutegiari egokitzen zaizkiola begiratu eta Administrazioaren eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza bultzatzea.

b) Gizartearen parte-hartzea sustatzea ingurumenari buruzko eztabaida eta erabakietan.

c) Lekuaren balioak eta berezitasunak babesteko proposamenak egin, haren handitzeak sustatu eta haren zainketa eta garapen iraunkorrerako onak izan daitezkeen kudeaketak egitea.

d) Planaren helburuei begira kaltegarriak izan daitezkeen jarduerak geldiarazi edo behin betikoz kentzeko eskatzea kasu bakoitzean eskuduna den Foru Komunitateko Administrazioaren organoei.

e) Planaren betetze maila ebaluatzea urtean behin, eta entitate, administrazio edo organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

f) Baliabide naturalei buruzko azterlan eta ikerlanak, hala nola lekuaren ezagupena eta "Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izeneko guneaaren erabilpen publikoa bultzatzea, eta bere balioen eta ingurumenaren aldeko hezkuntza sustatzea.

3. Jarraipen Batzordeak zilegi izanen du bilera monografiko, sektorial edo informatiboetarako dei egitea, Planaren garapenean zabalkuntzarik eta parte-hartze publikorik handiena lortzeko bidezkotzat jotzen dituen eragile sozial eta ekonomikoei nahiz interesa duten alderdi guztiei.

Orobat, gutxienez bi batzordekidek proposaturik, bidezkotzat jotzen dituen aditu edo espezialistak gonbidatu ahalko ditu bere lan saioetara joateko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren gaikuntza.

Esku ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau eta, hala denean, "Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak" izeneko Zainketa Bereziko Eremuan plana aplikatzeko gutxi gorabehera beharrezkoa izanen den kostu ekonomikoa Europako Batzordeari igortzeko behar diren tramiteak egiteko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Kudaketa Planaren indarraldia.

1. Foru dekretu honek onesten duen Kudeaketa Planak 6 urtez izanen du indarra. Denbora hori igarota, berrikusi eginen da. Dena den, posible izanen da berrikusi edo aldatzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ustez gorabeheraren batean Planean aurreikusi ez eta lekuaren balioak ukitu ditzakeen aldaketa bat izaten denean.

2. Foru dekretu baten bidez tramitatu beharko da edozein aldaketa edo berrikuspen, ondokoetan eragina baldin badu: planaren esparrua, xedea, eremu horren izendapena ekarri duten elementuen hautaketa, azken helburuak, espero diren emaitzak eta berariazko arautegia. Gainerako aldaketak, aipatu diren alderdietan eraginik ez badute baina planaren helburuak lortzeko bidea eta haren eraginkortasun zein efizientzia hobetzeko xedea baldin badute, foru agindu baten bidez onetsi beharko dira. Edozein modutan ere, Jarraipen Batzordearen txostena beharko da edozein aldaketa egiteko.

Bigarrena._Beste plan batzuekiko harremanak.

Foru dekretu honek onetsitako plana aniztasun biologikoaren zainketari buruz ezar daitezkeen eta Nafarroako Naturguneen Sarean jarduteko ildo nagusiak finkatzen dituzten maila handiagoko beste planen aginduetara egokituko da.

Aitzitik, Kudeaketa Plan honetan bildutako zehaztapenak zuzenean aplikatzeko dira eta lurraldea antolatzeko tresnei edo eremuko toki entitateetako udalen hirigintza planeamenduari gehituko zaizkie, Nafarroako naturguneei buruzko arauak onetsi zituen ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko 7. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Zainketa Bereziko Eremuko lurzoru urbanizaezinaren sailkapenean edo kategorian egin nahi den edozein aldaketak, hirigintzari eta, bidezko bada, ingurumenari, buruzko arautegiko legezko betebeharrez gain, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostena beharko du, egin asmo diren aldaketak Kudeaketa Planaren bat datozela dioena.

Hirugarrena._Erregelamenduzko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, foru dekretu hau garatu eta betetzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Laugarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abenduaren 18an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0620096