9. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

86/2006 FORU DEKRETUA, abenduaren 18koa. Horren bidez aldatzen da 113/1997 Foru Dekretua, apirilaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 59. artikuluko 3. idatz-zatiak xedatzen duenez, funtzionarioei eskuarki ezarririko lanaldiaren murrizketa onartzeko kasuak eta baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira, kasuan kasuko lansariak hein berean gutxiturik.

Legezko xedapen hori garatzeko, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Agindua eman zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

Indarrean egon bitartean, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretua batzuetan aldatu da. Aldaketa batzuk otsailaren 9ko 30/1998 Foru Dekretuaren, abuztuaren 5eko 179/2002 Foru Dekretuaren eta urriaren 3ko 118/2005 Foru Dekretuaren bidez sartu ziren.

Bestaldetik, Administrazioak eta AFAPNA eta CC.OO. sindikatuek 2006ko uztailaren 21ean itun bat izenpetu zuten Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek 2006an eta 2007an izanen dituzten lan baldintzei buruz. Horretan, laneko eta familiako eginkizunak batera eraman ahal izateko neurrien artean, sei urtetik beherako haurren ondoriozko legezko zaintzagatik lanaldi murriztua egiteko egungo baldintzak 12 urtetik beherako seme-alaben zaintza zuzenerako ere zabaltzeko konpromisoa aipatzen da. Administrazioa beharturik dago itun hartako atalei zor zaien lerruna ematera.

Itun hori betetzeko, foru dekretu hau onetsi behar da. Horretarako, apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuko 1.a) eta 2.c) artikuluak aldatzen dira, itunean harturiko konpromisoak sartzeko xedez.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2006ko abenduaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Aldatzea apirilaren 28ko 113/1997 Foru Aginduko 1. eta 2. artikuluak. Agindu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen lanaldiaren murrizketa arautzen du.

1. Apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 1. artikuluko a) idatz-zatia aldatu da, honela gelditu baita haren testua:

"a) Hamabi urtetik beherako haurren baten edo minusbaliatu fisiko, psikiko edo adimeneko baten legezko zaintza dutenak."

2. Apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 2. artikuluko c) idatz-zatia aldatu da, honela gelditu baita haren testua:

"c) 12 eta 16 urte bitarteko haur bat zaintzearen ondoriozko legezko zaintza duten langileak."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko abenduaren 18an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0620094