89. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

604/2007 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan testu-liburuak erosteko, 2006-2007 ikasturteko laguntzetarako deialdia behin betikoz ebazten duena.

Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, ekainaren 28ko 685/2006 Ebazpenaren bitartez, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan testu-liburuak erosteko 2006/2007 ikasturteko laguntza deialdia onetsi zuen (2006ko irailaren 4ko 106. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua).

Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren apirilaren 12ko 356/2007 Ebazpenak, 2007ko maiatzaren 18an argitaratu baitzen 62. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, behin-behinekoz ebatzi zuen deialdia; laguntzak eman edo ukatzen zituzten eranskinak jendaurrean egon dira aipatu ebazpenean adierazitako iragarki oholetan, eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak beharrezko zereginak burutu ditu, emandako laguntzak ordain daitezela agintzeko.

Deialdiko 7.2 arauan ezarritako tramiteak eta epeak buruturik, aipatu deialdiko 7.3 eta 7.4 arauak betez, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak 22.1 d) artikuluan esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2006-2007 ikasturtean Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan testu-liburuak erosteko, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren apirilaren 12ko 356/2007 Ebazpenaren bidez behin-behinekoz eman eta ukatu ziren laguntzak behin betikotzat hartzea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan, hurrenez hurren, eman eta ukatutako laguntzei dagokienez, sartu diren salbuespenak izan ezik, horiek aldatu egiten baitituzte aipatu behin-behineko ebazpen hartan heldu zirenak.

Horrenbestez, kontuan hartu dira deialdian eskatutako baldintza akademiko eta ekonomikoak betetzen dituzten eskaerak.

2. Beren eskubideei kalte egin zaiela uste dutenek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Hezkuntza kontseilariari zuzendua, ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

3. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari baimena ematea beharrezko urratsak egin ditzan emandako eta ukatutako laguntzak jakinarazteko eskaera egin duten ikasleei eta tartean diren ikastetxeei, bidezko ikuskapen administratiboak egiteko, eta ordaintzeko aginduak emateko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan laguntzen onuradun diren ikasleak matrikulatuta dituzten ikastetxeen alde.

4. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatzea Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren txostena jaso ondoren behar diren ordainketa aginduak eman ditzala, 2007. urteko gastuen aurrekontuko 410002-41150-4800-322D00 kontusailaren kargura.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Beka Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

Iruñean, 2007ko ekainaren 14an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

Iragarkiaren kodea: F0710067