I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
205/2007 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen iparraldean 2007ko maiatzaren lehendabiziko asteko uholdeek nekazaritzarako erabiltzen diren azpiegitura publikoetan eragindako kalteak konpontzeko laguntzak arautzen dituen deialdia onesten duena.
Martxoaren 16ko 17/2007 Foru Legeak eta 2007ko maiatzaren lehendabiziko astean Nafarroako Foru Komunitatearen iparraldean gertatutako uholdeak direla-eta kaltetuentzako laguntza neurriak ezartzen dituen 46/2007 Foru Dekretuak ezarritakoarekin bat, laguntza horietarako deialdia onetsi behar da.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Maiatzaren 21ko 158/2004 Foru Aginduko 2. artikulutik 11.era bitartekoek eta lehen eta hirugaren xedapen gehigarriek ezarritakoaren menpe egonen dira 2007ko maiatzaren lehendabiziko astean Nafarroako Foru Komunitatearen iparraldean gertatutako ekaitz eta uholdeek nekazaritzarako erabiltzen diren azpiegitura publikoetan eragindako kalteak konpontzeko laguntzak. Han "2007ko martxoa eta apirila" dioen lekuan, "2007ko maiatzaren lehendabiziko astea" aipatzen dela ulertuko da.
2. Laguntza-eskaerak hamabost eguneko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Nafarroako Gobernuaren 2007ko maiatzaren 28ko Erabakiz zehazturik dago zeintzuk diren ekaitz eta uholde horiek kaltetutako eremu eta udalerriak.
4. 600.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko Gastuen Aurrekontuko "Ohiz kanpoko uholdeek titulartasun publikoko nekazaritza azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko laguntzak" izena duen 720001-772120-7609-414305 kontusailaren kargura, foru agindu honetan jasotako dirulaguntzei aurre egiteko.
5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Iruñean, 2007ko uztailaren 2an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.
Iragarkiaren kodea: F0710840