89. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

140/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, turismo establezimendu berrietarako eta egun dauden establezimenduak berritzeko laguntzen deialdia onesten duena.

Turismo Zerbitzuak Turismoko Plan Estrategikoa egin zuen bere garaian. Ikerketa horri jarraikiz eta hartan zehaztutako premiak eta lehentasunak kontuan harturik, ezaugarri bereziko establezimenduak sortzea sustatu eta kalitatea hobetzeko inbertsioen alde egin da.

Oinarrizko eskaintza turistikoa hobetzen eta eskaeraren errealitatera egokitzen jarraitzeko, ostatuei buruzko arau berriak prestatu dira, kontuan hartuta landa hotelak/hostalak edo Donejakue bideko aterpetxeak.

Beste alde batetik, egungo oinarrizko azpiegituraren zati batean funtsezko hobekuntzak egin behar dira, Nafarroari buruz ematen den irudiak egungo merkatu turistikoaren gustu eta premiekin bat egin dezan.

Ildo horretan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari egokia iruditu zaio laguntzen deialdi bat egitea, turismoko enpresaburuek arlo horretan dituzten ekimenak babesteko. Edonola ere, mota horretako inbertsioek urtebetetik gorako epea behar izaten dute betetzeko eta, ondorioz, kontuan hartu beharko da bai 2007ko aurrekontuan bai 2008koan.

Hori helburu, Nafarroako Ogasun Publikoaren abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 41. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2007ko apirilaren 16ko Erabakiaren bidez, 2007ko eta 2008ko aurrekontuen kontura Turismoko Zuzendaritza Nagusiak hartzen ahal dituen gehieneko gastu-konpromisoak finkatu ditu.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2005 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Turismo establezimendu berrietarako eta egungo establezimenduak berritzeko laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen I. eranskinean daude.

3. Deialdi honetarako gastua baimentzea, ondoko zenbateko hauetan, eta 2007ko eta 2008ko gastuen aurrekontuko kontusail hauen kontura:

Ekitaldia: 2007. Zenbatekoa: 485.900,00 euro. Kontusaila: A10001 A1120 7709 432306 "Establezimenduak berritu eta sortzea".

Ekitaldia: 2008. Zenbatekoa: 500.000,00 euro. Kontusaila: A10001 A1120 7709 432306 kontusailaren paraleloa.

4. Foru agindu hau Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuari, Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Departamentuan Ekonomi eta Ogasunekoak duen kontu-hartzaile delegatuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 1ean._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

TURISMO ESTABLEZIMENDU BERRIENTZAKO ETA BEHAR BEZALA ERREGISTRATUTAKO ESTABLEZIMENDUAK BERRITZEKO LAGUNTZAK, 2006-2008 URTEETAKO INBERTSIOETARAKO

Oinarri arau-emaileak

I. KAPITULUA

Xedea

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arau-emaile hauen helburua da hauexek arautzea:

1.a) Nafarroan, Donejakue bideko aterpetxeak, landa hotelak eta hostalak, eta jatetxeak 2006-2008 urteetan egiteko laguntzak emateko araubidea.

1.b) Turismo establezimenduak 2006-2008 urteetan berritu edo/eta berrirekitzeko inbertsioetarako laguntzak emateko araubidea.

2. oinarria. Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko gehienezko aurrekontu zuzkidura 485.900,00 eurokoa da, 2007ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko A10001 A1120 7709 432306 kontusailaren kontura ("Establezimenduak berritu eta sortzea"), eta 500.000,00 eurokoa, 2008ko kontusail paraleloaren kontura. Dena dela, zenbateko hori handitzen ahalko da, beste deialdi batzuk ebatzi ondoren gelditzen diren zenbatekoen bidez.

3. oinarria. Onuradunak.

"Establezimendu berriak sortzeko" laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2006ko uztailaren 1etik 2008ko azaroaren 15era bitarte turismo establezimendu berriak deialdian jasotzen diren modalitateetan sortzeko aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek.

"Berrikuntzak edo/eta berrirekitzeak" egiteko laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2006ko uztailaren 1etik 2008ko azaroaren 15era bitarte establezimendua berritzeko inbertsioak egiten dituzten edo egin dituzten turismo establezimenduetako titularrek, betiere deialdi honetan jasotzen dena betetzen badute.

4. oinarria. Laguntzen xedea.

4.a) Turismo establezimenduak sortzeko laguntzak.

Laguntzen xedea dira establezimendu berriak ("Donejakue bideko aterpetxeak", "Landa hotelak/hostalak" eta "Jatetxeak" modalitateetan) ezartzera zuzentzen diren aktibo finkoetan egiten diren eta baldintza hauek betetzen dituzten inbertsioak:

_Donejakue bideko aterpetxeak, arlo horren inguruko indarreko araudiari jarraikiz, Donejakue bidearen lurralde esparrua Nafarroan zehar pasatzean arautzen duen urriaren 25eko 324/1993 Foru Dekretuan zedarrituriko herrietan daudenak.

_Indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten landa hotelak eta hostalak.

_Dirulaguntza eskatzean 2 jatetxe edo gutxiago dituzten herrietan eginen diren jatetxeak, baldin eta asteko 6 egunetan bazkariak eta afariak emateko konpromisoa hartzen badute.

4.b) Turismo establezimenduak berritu edo/eta berrirekitzeko inbertsioetarako laguntzak.

Laguntza jaso ahal izateko, establezimenduek baldintza eta ezaugarri hauek bildu beharko dituzte:

.Hotelak:

_Turismo Erregistroan 1999ko abenduaren 31tik aurrera inskribatuta dauden establezimenduak.

_Departamentuak inbertsiotarako ematen dituen laguntzak jaso ez izana, 2002tik aurrera.

_Berrikuntza amaitu eta gero, establezimenduak abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuan haren kategoriari buruz ezarritakoa bete beharko du eta, betiere, hostala izanen da lortuko duen kategoriarik baxuena.

.Landa etxeak:

_Turismo Erregistroan 1999ko abenduaren 31tik aurrera inskribatuta dauden establezimenduak.

_Departamentuak inbertsiotarako ematen dituen laguntzak jaso ez izana, 2002tik aurrera.

_Berrikuntza amaitu eta gero, establezimenduak gutxienez 2 hostoko kategoria izan beharko du eta, araudian ezarritakoari jarraikiz, 40 puntu lortu beharko ditu gutxienez, logelak alokatzen dituen landa etxea bada, eta 43 puntu gutxienez, etxebizitza alokatzeko landa etxea bada.

.Turismoko aterpetxeak:

_Turismo Erregistroan 1999ko abenduaren 31tik aurrera inskribatuta dauden establezimenduak.

_Departamentuak inbertsiotarako ematen dituen laguntzak jaso ez izana, 2002tik aurrera.

_Berrikuntza egin eta gero, establezimenduak 1. kategoriako aterpetxeei edo, bestela, Donejakue bidekoei buruz indarrean den araudian ezarritakoa bete beharko du.

.Jatetxeak:

_Turismo Erregistroan 1999ko abenduaren 31tik aurrera inskribatuta dauden establezimenduak.

_Departamentuak inbertsiotarako ematen dituen laguntzak jaso ez izana, 2002tik aurrera.

_Eskaerak aurkezteko epea amaitzean, Espainiako Kalitate Turistikoko Sisteman sartuta egotea eta laguntza eman eta gehienez ere 2 urteko epean kalitate turistikoaren "Q" ziurtagiria jasotzeko edo/eta hura 10 urtetan mantentzeko konpromisoa hartzea.

Azpiegituretan ingurumen aldetik zuzenak diren material eta produktuak erabiliko dira (material birziklatuak, elementu berrerabiliak, energia-galerak murrizteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko lagungarri diren isolagailu termikoak edo material erregogorrak; metal astunik edo osagai arriskutsurik gabeko pintura eta bernizak, urpinturak alegia, pigmentu naturalez eginak, KOH ahalik eta gutxien jaulkitzen dutenak; ura aurrezteko gailuz eta emaria mugatzeko mekanismoz hornituriko saneamendu-osagaiak etab.). Edonola ere, Etxegintzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak kontuan hartuko dira, ingurumenak jasan dezakeen eragina neurtuko da, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartuko dira eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen neurriak integratzen ahalegindu beharko da. Eraikin berriak badira, alderdi hauek zainduko dira gainera: eraikinaren orientazioa, diseinu arkitektonikoa, eraikuntza osasungarria eta instalazio eraginkorrak, ahal dela energia berriztagarriak erabiltzen dituztenak.

Era berean, obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko sistemak, bilketa sailkatua ahalbidetzen dutenak, aurreikusiko dira.

5. oinarria. Laguntzak jasotzen ahal dituzten inbertsioak.

5.a) Turismo establezimenduak sortzeko laguntzak.

Inbertsio hauek laguntzak jasotzen ahalko dituzte:

_Aktibo finkoetako inbertsioak, lurren edo higiezinen erosketa izan ezik, beharrezkoak direnak aipatutako modalitateetako turismo establezimenduak eraikitzeko edo moldatzeko.

_Establezimenduaren altzariak, ekipamendua eta zerbitzu edo azpiegitura osagarriak, hala nola haurrentzako parkeak, kirol pistak, aparkalekuak edo bestelakoak.

5.b) Egungo establezimenduak berritzeko inbertsioetarako laguntzak.

Inbertsio hauek laguntzak jasotzen ahalko dituzte:

_Establezimendua berritzeko obrak: estalkiak eta isolamenduak, saneamenduak, elektrizitatea, berokuntza sistemak, igeltserotza... Onartzen ahalko dira, halaber, establezimendu bat handitzeko behar diren inbertsioak, betiere, obra amaitzean, establezimenduak 4.b oinarrian baldintza eta ezaugarriei buruz ezarritakoa betetzen badu.

_Establezimenduaren altzariak, ekipamendua eta azpiegiturak eta zerbitzu osagarriak, hala nola haurrentzako parkeak, kirol pistak, igerilekuak eta bestelakoak..., betiere kontzeptu horietarako aurrekontua establezimendua berritzeko kontzeptuaren osagarri bada eta, obra amaitzean, establezimenduak 4.b oinarrian baldintza eta ezaugarriei buruz ezarritakoa betetzen badu.

Deialdi honen ondorioetarako, ez dira berrikuntza obratzat joko ez establezimendu baten mantentze soilak ez 7. oinarrian ("Betekizunak eta baldintza orokorrak") kasu bakoitzean gutxieneko inbertsiotarako ezarritako zenbatekoak baino aurrekontu baxuagoa duten obrak.

6. oinarria. Laguntzen zenbatekoa.

6.a) Turismo establezimenduak sortzeko laguntzak.

Laguntzak diruz lagun daitezkeen inbertsioen %20ko funts galdurako dirulaguntzak izanen dira. Laguntzen zenbatekoa ehuneko 10 puntu handitzen ahalko da, betiere ezarritako mugak gainditu gabe, kasu hauetan: irisgarritasun turistikoko neurriak eta energia berriztagarrietatik eratorritako energien instalazioa.

.Laguntzen taula orokorra:

_Establezimendu mota: landa hotelak. Oinarri muga (eurotan): 120.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 40.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 40.000.

_Establezimendu mota: landa hostalak. Oinarri muga (eurotan): 90.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 30.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 30.000.

_Establezimendu mota: Donejakue bideko aterpetxeak. Oinarri muga (eurotan): 60.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 20.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 20.000.

_Establezimendu mota: jatetxeak. Oinarri muga (eurotan): 50.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 15.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 15.000.

6.b) Egungo establezimenduak berritzeko inbertsioetarako laguntzak.

Laguntzak diruz lagun daitezkeen inbertsioen %20ko funts galdurako dirulaguntzak izanen dira. Laguntzen zenbatekoa ehuneko 10 puntu handitzen ahalko da, betiere ezarritako mugak gainditu gabe, kasu hauetan: irisgarritasun turistikoko neurriak, energia berriztagarrietatik eratorritako energien instalazioa edo/eta Espainiako Kalitate Turistikoko Sistemarekiko atxikipena.

.Laguntzen taula orokorra:

_Establezimendu mota: hotelak. Oinarri muga (eurotan): 110.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 30.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 30.000. Q kalitateagatiko gehieneko plusa: 30.000.

_Establezimendu mota: hostalak. Oinarri muga (eurotan): 80.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 20.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 20.000. Q kalitateagatiko gehieneko plusa: 20.000.

_Establezimendu mota: aterpetxeak. Oinarri muga (eurotan): 40.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 10.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 10.000. Q kalitateagatiko gehieneko plusa: -.

_Establezimendu mota: jatetxeak. Oinarri muga (eurotan): 40.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 10.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 10.000. Q kalitateagatiko gehieneko plusa: 10.000.

_Establezimendu mota: landa etxeak: Oinarri muga (eurotan): 18.000. Irisgarritasunagatiko gehieneko plusa*: 8.000. Ingurumen neurriengatiko gehieneko plusa*: 8.000. Q kalitateagatiko gehieneko plusa: 8.000.

Deialdi honen ondorioetarako, irisgarritasunagatiko plusa aplikatuko da, baldin eta establezimenduek mugikortasun edo komunikazio gutxituak dituzten pertsonek modu autonomo eta eroso batez erabiltzeko aukera bermatzen duten baldintza funtzional eta neurriei buruzkoak betetzen baldin badituzte. Oztopoko fisiko eta zentzumenezkoei buruzko ekainaren 11ko 4/1988 Foru Legea betetzen dela frogatu eta hura gainditu beharko da. Horretarako, UNE 170001-1 arauetan azpiegiturei buruz ezarritako gomendioak hartuko dira oinarritzat eta, betiere arlo horren inguruko jarduketek ezgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak babesten dituen erakunderen baten aldeko txostena eduki beharko dute.

Deialdi honen ondorioetarako, ingurumena zaintzeko neurriak hartu direla ulertuko da, azpiegituretan erabilitako materialak eta produktuak ingurumena zaintzeko egokiak izateaz gainera, autokontsumorako energia berriztagarrien instalazio bat egiten bada. Instalazio horiek hauek izanen dira: eguzki-energia termikoa, klimatizaiorako xurgagailu bidezko eguzki-energia termikoa, sareari lotu gabeko eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotu gabeko energia eolikoa eta biomasa bidezko ekoizpena, establezimenduan bertan erabiltzeko. Alde horretatik, instalatzailearentzako aurrekontua aurkeztu beharko da.

Deialdi honen ondorioetarako, kalitate muga aplikatuko da Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren bidez Espainiako Kalitate Turistikoko Sisteman sartuta dauden establezimenduetan. Sisteman sartu berriak diren establezimenduek dirulaguntza jaso eta bi urteko epean lortu behar dute ziurtagiria, eta establezimendu guztiek 10 urtean eutsi beharko diote kalitate ezaugarriari.

Dirulaguntza kalkulatzerakoan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da.

BETEKIZUN ETA BALDINTZA OROKORRAK

7. oinarria. Betekizun eta baldintza orokorrak.

Deialdi honetako laguntzak baliatu ahal izateko, ondoko betekizun eta baldintzak bete beharko dira:

_Inbertsioa Nafarroan egitea, 2006ko uztailaren 1etik 2008ko azaroaren 15era bitarte.

_Inbertsioek (BEZa sartu gabe) jarraian ematen diren zenbatekoak gainditzea:

-Hotelak sortu edo berritzea: 70.000,00 euro.

-Hostalak sortu edo berritzea: 40.000,00 euro.

-Jatetxeak sortu edo berritzea: 30.000,00 euro.

-Aterpetxeak sortu edo berritzea: 30.000,00 euro.

-Landa etxeak berritzea: 18.000,00 euro.

8. oinarria. Araubide juridikoa.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako dirulaguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru urteko epean. Horretarako, enpresak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

9. oinarria. "De minimis" laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak "de minimis" laguntzen barrenean sartzen dira. Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, onuradunek "de minimis" eran guztira jasotzen dituzten laguntzak ez dira 200.000 eurotik gorakoak izanen hiru urteko epean.

Laguntza horiek bateragarriak dira onuradunek proiektu berbererako jaso dezaketen beste edozein laguntzekin. Dela dela, proiektu baterako jasotako dirulaguntza guztiek 200.000,00 euroko zenbatekoa edo onartutako aurrekontua gaindituko balute, dirulaguntza horiek behar den neurrian murriztuko lirateke.

10. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Dirulaguntzak konkurrentzia-lehiaketa araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren eta, hurrengo puntuan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu bitarte banatuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

11. oinarria. Baremoa.

Deialdi honetako 2. puntuan ezarritako laguntzak emateko lehentasunak ezartzeko, honako baremo hau aplikatuko da:

.10 puntu emanen dira:

_15 urtetik gorako turismo establezimenduak berritzen badira edo ondare historiko gisa inbentariatutako eraikin bat turismo establezimendu bihurtzen bada.

_Eskaerarekin batera hauek aurkezten badira: proiektu ikus-onetsia eta obra baimena edo, hala badagokio, udalaren ziurtagiria, proiekturik eta obra baimenik behar ez duela adierazten duena (kasu horretan, memoria zehaztua hartuko da kontuan).

.8 puntu emanen dira:

_Eskaerarekin batera proiektu ikus-onetsia eta obra baimena aurkezten badira.

_50 urtetik gorako eraikin zaharberrituak turismo establezimendu bihurtzen badira.

.4 puntu emanen dira gainerako kasuetan:

Puntuazio horiei gehitzen ahalko zaizkie:

.3 puntu honako kontzeptu bakoitzagatik:

_Irisgarritasun osoko neurriak sartzen baditu.

_Iturri berriztagarrietako energiaz baliatzen badira.

_Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuan sartuta dauden establezimenduak badira.

12. oinarria. Eskaerak aurkezteko epeak.

Eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.

13. oinarria. Eskaerak.

Eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarri duen ereduaren araberakoak izanen dira eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetariko bateko edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira. Eskabidea Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

A._Nortasuna:

_NANa/IFZ.

_Sozietatearen eskritura edo sozietate berria eratzeko agiria.

_Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

_Notario-ahalordea eta ahaldunaren NANa.

B._Proiektuari buruzko dokumentazioa:

_Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehaztua eta, hala badagokio, obren proiektu ikus-onetsia.

_Aurrekontua, gaika zehaztua.

_Inbertsioa egiteko kronograma, betiere obren proiektu teknikoa aurkezteko data zehaztuz (proiektua eskaera aurkeztu eta bi hilabeteko epean aurkeztuko da, gehienez ere).

_Udalak emandako obra lizentziaren kopia edo, hala badagokio, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria. Udalean egindako eskaeraren kopia onartzen ahalko da, eta laguntzen eskaera aurkeztu eta hurrengo lau hilabeteen barruan aurkeztu beharko da lizentzia.

_Irisgarritasun neurriak direla-eta laguntzak handitzeko eskatuz gero, arlo horretan eginen diren jarduketei buruzko memoria zehaztua aurkeztu beharko da. Memoria ezgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak babestearen alde lan garrantzitsua egin duten erakundeetariko batek abalatuko du.

_Ingurumen neurriak direla-eta laguntzak handitzeko eskatuz gero, arlo horretan eginen diren jarduketei buruzko memoria zehaztua eta instalazioaren aurrekontua aurkeztu beharko dira.

_Kalitate turistikoko inbertsioak direla-eta laguntzak handitu edo puntuak gehitzeko eskatuz gero, Espainiako Kalitate Turistikoko Sisteman sartuta egotearen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

_Ondare historiko gisa inbentariatutako eraikinak izateagatik puntuak gehitzeko eskatuz gero, hori egiaztatzen duen ziurtagiria.

_50 urtetik gorako eraikinak izateagatik puntuak gehitzeko eskatuz gero, eraikina noiz altxatu zen adierazten duen udal ziurtagiria.

_Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, azkeneko hiru urteetan _aurtengoa barne_ administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de minimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

_Erantzukizunpeko aitorpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.7 artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

14. oinarria. Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.

_Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak espedienteak aztertu eta ebaluatuko ditu. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, edo datu edo agiri osagarriak behar izanez gero, interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

_Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak eskaera osorik dagoela eta zuzena dela egiaztatzen badu, eskaerak 6. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira eta 11. oinarrian ezarritakoaren araberako puntuazioarekin bat tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuko dirua bukatu artean. Proposamena ikusirik, organo eskudunak laguntzak emateari buruzko ebazpen arrazoitua emanen du, obra inbertsioaren bidez lortu nahi den establezimenduaren kategoria eta ezaugarrietara egokitzeko. Halaber, onuradunak bete behar dituen baldintzak eta betekizunak eta ordaintzeko era ezarriko ditu.

_Berariazko ebazpena jakinarazteko, gehienez ere lau hilabete izanen dira, eskaera aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Ebazteko epea eten eginen da argibide edo agiri osagarriak eskatzen direnean. Etenaldia errekerimendua jakinarazten denean hasi eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea bukatzean.

_Laguntzen kontzesioa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren webgunean:

http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

_Laguntzak aurrekontuetako kontusailetan diru nahikoa dagoen bitartean emanen dira.

15. oinarria. Inbertsioaren justifikazioa.

Inbertsioaren frogak aurkeztu beharko dira horretarako ezarritako inprimakian (Interneten eskuratzen ahal da, goian adierazitako helbidean), inbertsioa zerbitzuan jartzen denetik hilabeteko epean, eta betiere, laguntza zein urtetarako eskatu eta eman den, urte hartako azaroaren 30a baino lehen. Laguntzak eman direla jakinarazi baino lehen inbertsioa abiatzen bada, epe hori jakinarazpenaren egunean hasiko da.

16. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

_Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak egin eta horiek noiz amaitu ziren jakinaraztea. Horretarako, obra amaierako ziurtagiria aurkeztuko da edo, hala badagokio, inbertsioa dirulaguntzaren xede den inbertsioa amaitzea aurreikusi den urteko azaroaren 15a baino lehen amaitu izanaren erantzukizunpeko aitorpena.

_15. oinarrian adierazitako epean, egin diren inbertsioak justifikatu behar dira. Hartara, fakturak aurkeztu behar dira (originala eta kopia), fakturako kontzeptuak beraien sozietatearen xedea duten pertsona fisiko edo juridikoek eginak. Ordainketa egin dela frogatzen duten banku-agiriak ere aurkeztu behar dira, fakturazioko betebeharrak arautzen dituen araudia onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak, bidezkoa bada. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie eta, horiekin batera, Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak emandako formularioa aurkeztu beharko da, behar bezala betea.

_Justifikazioarekin batera, Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuari establezimendu berria Turismo Erregistroan behin betiko inskribatzeko luzatu zaion eskabidearen edo egindako aldaketen jakinarazpenaren kopia aurkeztu beharko da.

_Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

_Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea, gutxienez 10 urteko epean, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urteko epean, ondasun higigarrien kasuan. Epe horiek horretarako emandako dirulaguntza ordaintzen denean hasiko dira.

_Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea inbertsio horretarako beste dirulaguntzarik eskatu eta lortu ote den.

_Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela azaldu beharko da.

_Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak egunean izatea.

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako gainerako betebeharrak.

17. oinarria. Egiaztatzea eta ordaintzea.

Behar diren egiaztapenak egin ondoren, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.

Proiektua onartutako aurrekontuaren %80tik behera gauzatu bada, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta bidezko izanen du emandako dirulaguntza ezeztatu eta emandako aurrerakina itzultzeko eskatzea.

18. oinarria. Laguntzen ezeztapena, arau-hausteak eta zehapenak.

Hamabigarren oinarrian aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan egindako iruzur edo nahasteak izateak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako onurak ezeztatzea eta, bidezko bada, eskuratutakoak itzuli beharra eta berandutze interesak ordainarazi ahal izatea. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan ere bidezkoa izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru arau horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Oinarri arau-emaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0709694