89. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARANGUREN

Udalaren osasun ordenantza, Aranguren ibarreko udal mugapean animaliak edukitzearen gainekoa

Animaliak edukitzearen gaineko Udalaren osasun ordenantza 2005eko martxoaren 22an onetsi zen hasiera batean, eta 2005eko 52. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 22an. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da.

UDALAREN OSASUN ORDENANTZA, ARANGUREN IBARREKO UDAL MUGAPEAN ANIMALIAK EDUKITZEAREN GAINEKOA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzerakoan, bizi-kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Aranguren ibarreko udal mugapearen barnean animalien behar bezalako babespena bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.

2. artikulua. Aplikazio eremua Aranguren ibarreko udalerrira mugatuko da.

3. artikulua. Animalien edukitzaileak, jabeak edo haien zainketako arduradunak, haien saltokiak, lagun egiteko animaliak aldi batean altxatzeko establezimenduak, animalien babes eta defentsarako elkarteak eta abeltzaintzako ustiategiak, denak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horren ezean, Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurretiko zehatzak eskuratzeko.

Era berean, betekizun berberak izanen dituzte hirilur nahiz landalurreko finketako atezain, etxezain, zaindari edo arduradunek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan kontratuaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua. 1. Lagun egiteko etxeko animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizonak bereziki etxean zaintzen duen animalia.

2. Lagun egiteko basa animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizonak, bereziki etxean, zaintzen duen animalia, baldin eta hura hemengo edo kanpoko faunakoa bada eta giza ingurura egokitzeko aldi bat iragan behar izan badu.

3. Ustiatzeko edo errentan emateko etxeko animalia: giza-ingurura egokituak izanik, gizonak irabazi asmoarekin zaintzen dituenak, betiere inguruko gizon-emakumeentzat arriskutsuak izan gabe.

4. Animalia abandonatua: ez jabe ez helbide ezagunik ez duen animalia, jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena, eta bere jabetza froga dezakeen jende lagunik ez duena.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

7. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ezezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak.

8. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagertarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin osasunaren aldetik bete behar diren beharkizunak deusetan galarazi gabe.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. 1. Animalia abandonatua da jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta inorekin ez doana. Horrelako kasuetan, Udalak animalia bere gain hartu eta atxiki beharko du, dagokionak hartu, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

2. Zortzi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia eskutik utzitzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.

4. Animalia biltzeagatik eta mantenua emateagatik, tasak hauek dira:

_10 euro/egun arrunta.

_35 euro/jaieguna.

10. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerriaren barreneko edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan, abandonatzen badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal delako.

11. artikulua. Animaliek pertsonei nahiz ondasunei arazorik ez eragiteko:

1. Animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, herritarrek Udalaren osasun zerbitzuei horren gaztigu egin beharko diete. Animaliak halako moduan egon ez daitezen, debekaturik dago jaten ematea kasu guztietan eta edozein tokitan, dela etxebizitzen patioan, dela teilatuan, etab.

2. Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

12. artikulua. 1. Udalerriek lagun egiteko animaliak dekomisa ditzakete tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

2. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, gizonarentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai hiltzeko, horren beharrik bada.

3. Jendeari edo bertze animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak esaten duen zentroan eginen da.

4. Jabeak eskatzen badu eta osasun zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

6. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

13. artikulua. 1. Debeku da animalia hilik leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan uztea, baita haiek ehorztea ere.

2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal mugapearen barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.

3. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.

14. artikulua. 1. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

2. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bertzera garraiatzeko. Animaliak garraiatzeko ibilgailuek eta enbalajeek haiek eguralditik eta hozbero aldaketa handietatik babesteko modukoak izan beharko dute, eta enbalaje horietan paratu beharko da barrenean animalia bizidunak eramaten direla. Animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinako neurriak izan beharko dituzte. Animaliak erasokorrak badira, garraiorako behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

3. Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

4. Animaliekiko zamalanak behar bezala eginen dira.

15. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Mota guztietako establezimendu publiko edo ostalaritzakoen jabeek, hala nola hotel, apopilo-etxe, jatetxe, ostatu, kafetegi eta gisakoak dituztenek, beren nahierara, uzten ahalko dute zakurrak beren establezimenduetan sartu eta egon daitezen, baina kasu horretan egoitzaren sarreran seinalea paratu beharko dute denek ikusteko maneran. Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren ariora identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa emanik eta uhalez edo kateaz loturik egon daitezen ere. Ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrek betiere izanen dute sarrera baimendua.

16. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak sartzea ikuskizun publikoetako lokaletara, kultur eta kirol arlokoetara, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animaliak eritetxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

17. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.

18. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, bertze erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzak edo zikinkeriak galaraztera eta egindakoak garbitzera.

19. artikulua. Lagun egiteko animaliaren batek norbaiti ausiki eginez gero, horrek gertatuaren berri emanen die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiote norbaiti animaliaren batek hozka egin diolako.

V. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

20. artikulua. Aranguren ibarreko mugapean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez. Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute identifikazio lan hori. Azken bi kasu horietan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

21. artikulua. Xede berarekin _zakurren zentsua eguneratzea_ zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, hamar eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Bertze udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

22. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

23. artikulua. Zakur batek ausikirik egiten badio inori, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Horretaz gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espresuki debekaturik baitago bertze inora eramatea edo hiltzea.

Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute, legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

24. artikulua. Eremu publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan (atari, eskailera, igogailu, eskailburu eta abarretan) zakurrak ibiltzen ahalko dira, baldin eta behar bezala identifikaturik eta txertaturik badaude, eta haietaz arduratzen den pertsonaren batek kate edo uhalaren bidez eramaten baditu.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Kate edo uhalarekin lotuak joateko obligaziorik ez dute izanen ardi-txakurrek, betiere beren ohiko lanean ari badira.

Ehiza-zakurrak ere izan daitezke katea edo uhalarekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek agindua emanen dute, pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak harrapatu eta eraman ditzaten.

25. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztietan egiaztatuko da identifikaturik ote dauden.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo, formalki adierazita, berreskuratu nahi ez dituenak, Zakurtegiaren esku geldituko dira.

26. artikulua. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrek bete beharko dituzte altxatokiaren funtzionamendu egokirako legez ezarrita dauden arau eta xedapenak.

27. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Aurrekoa betetzen ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatuko dituzte eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie.

28. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako terraza edo jabetza komuneko bertzelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

29. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen "gida zakurtzat" hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida zakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskugarri izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gida zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gida zakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

30. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek idorperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Mutilnovako bizitegi eremuan (Mutiloabeiti) ez da baimenik izanen kanpoan zakurrendako etxolak paratzeko. Animalia horiek etxebizitzaren barnean edo garajean gelditu beharko dute.

Ez dira beti lotuak egonen, eta, hala daudenean, lokarriak ez die galaraziko mugitu ahal izatea.

VI. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

31. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industri, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

1. Animalien haztegiak.

2. Animalien zaindegiak.

3. Animaliak salerosteko dendak.

4. Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

5. Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

6. Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia tramitatu beharko da jarduera sailkatuei buruzko arauen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

32. artikulua. Udalak jarduera lizentzia emateko, eta horretarako Jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa deusetan ukatu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

1. Jardueraren izena.

2. Kokalekua.

3. Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

4. Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

5. Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskribapena. Haien planoak.

6. Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

7. Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

8. Animaliak hazteko tokiak, haiek altxatzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin.

Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da bertze albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

33. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

1. Bertze etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan paratzen ahal baitira.

2. Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

3. Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazkaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

4. Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

5. Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek.

Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

6. Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako boltsa iragazkaitzetan.

7. Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

8. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

9. Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

10. Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak berezirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.

11. Jarduera hauetan eritasun zoonosikorik agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

34. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

2. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

3. Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:

a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa eraman beharko dute, eta hartan jaso erregelamenduak eskatzen dituen datuak eta aldian-aldian egindako kontrolak.

b) Higiene eta osasun aldetik baldintza onak izanen dituzte, bertan dauzkaten animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Behar adinako janaria, osasungarria, eta baita ura, lo egiteko lekuak eta zaindari gaituak ere izanen dituzte.

d) Eritasunik izanez gero, behar bezalako muntadurak izanen dituzte kutsadura galarazteko edo, horren beharrik bada, berrogeialdia egiteko.

e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.

f) Animaliak bizkarroiz gabeturik eta eritasun bakarrik ere gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.

4. Inkubazio aldian egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik izanez gero, establezimenduaren mende albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko, hark hirugarrenei erreklamazioa egin ahal izatea ukatu gabe.

35. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu hauek erregistro liburua izanen dute, honakook zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait instalazio izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak bakartzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta gainerako animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

36. artikulua. Animaliak apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, haiek garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

37. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

_Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

_Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako erradiologi instalazioa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

_Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

VII. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten bertze jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

38. artikulua. Modu iraunkorrean paratu gogo diren jarduerek, bai leku itxietan bai leku irekietan, jarduera lizentzia izan beharko dute. Hura tramitatuko da jarduera sailkatuei buruz indarra duen araudiaren ariora eta beharrezkoa izanen da ordenantza honetako 32 eta 33. artikuluek dakartzaten baldintzak betetzea.

39. artikulua. Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Udalak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Jardueraren deskribapena.

2. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

3. Kokalekua.

4. Jarduera zenbat denborarako eskatzen den.

5. Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.

6. Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

7. Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

40. artikulua. Denbora baterako egiten diren jardueretan, funtzionatzen hasteko, ondotik aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira Udalean, Udalaren osasun zerbitzuek azter ditzaten:

_Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

_Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartila, animaliaren identifikaziorako txartela, e.a.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hartunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

41. artikulua. 1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bertzelakotan horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

2. Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten bertze guztiak debeku dira.

4. Usakumeei tiro egiteko lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuak emana.

VIII. KAPITULUA

Ustiatzeko etxeko animaliak

42. artikulua. Ukuiluak, eskortak eta, oro har, aziendak ustiatzeko nolanahiko abeltegiak, haztegiak, aterpeak, eta abar paratzeko baimena emanen da, bakar-bakarrik, landalurrean sailkaturiko lurretan kokaturik daudenean eta gutienez ere 1.000 metrora badaude hirilur edo lur urbanizagarritik, arlo honetan indarra duen legeriak dioen bezala.

Aipatu muntaduretarako lizentziak, jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz izapidatuko dira.

Dena dela, etxebizitzetatik aparteko pabilioietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazkaitz eta garbigarriak izan beharko dute; iturriko ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animalia espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.

43. artikulua. Debeku da errentako animaliak etxebizitzen barrenean izatea, edozein delarik haien kopurua.

Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesituak edo itxirik badaude, ordenantza honetako 6. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

44. artikulua. Edozein motatako ukuilua paratzeko Udalaren lizentzia beharko da, zentsuan sartu eta legeak ezartzen dituen osasun erregistro guztiak bete beharko dira.

45. artikulua. Animaliak lekuz aldatu behar direnean, bai udalerriaren barrenean bai bertze udalerrietara, Epizootien Erregelamenduan eta alor honetan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

46. artikulua. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliarik egoteko baimena ez bada ematen ahal, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea bertatik eraman ditzaten beren borondatez, eta, bertzenaz, horixe bera erabakitzea, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalak deusetan ukatu gabe.

IX. KAPITULUA

Animalien babesa

47. artikulua. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

2. Debeku da:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.

c) Abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten muntaduretan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen ariora dituen premia ekologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, salbu beharragatik edo funtzionaltasunagatik albaitarien kontrolpean egiten direnak.

f) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animaliak erabiltzea sari, publizitateko deigarri edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bertzelako erosketen truke.

h) Animaliak saltzea edo ematea laboratorio edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso-agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) Lagun egiteko animaliak edo bertzelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.

k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

l) Zakurrak beti loturik edukitzea.

m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak arau-hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez egiteetan erortzea.

n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek x, edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez berzela erabiltzea.

3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

48. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluko arauak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

i) Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

j) Hiriko kaleetan basa-espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

l) Animaliekin ikastetxeetan sartzea.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

3. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko instalazioen gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

f) Indarra duen araudiaren kontra, animaliak saltzea.

g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera hori praktikatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

h) Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.

k) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliekin sartzea.

n) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

o) Arriskugarri gerta daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

p) Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

q) Erregistroan ez inskribatzea.

r) Arriskugarri gerta daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuak edo itzaltzeko arriskutan deklaratu dituzten kanpoko animalia espezieen banakoak, umeak, arraultzeak, edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo disekatzea.

g) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

h) Arriskugarri gerta daitekeen animalia abandonatzea, betiere inork lagundurik ez badoa.

i) Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

j) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

k) Animaliak heztea haien erasokortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

l) Gaitasun agiria ez duenak arriskugarri gerta daitezkeen animaliak heztea.

49. artikulua. 1. Lege hauste arinek 10.000tik 25.000 mila pezetara bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 25.001etik 100.000 pezetara bitartekoak, eta oso larriek 100.001etik 500.000 pezetara bitartekoak.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu edo horietan berrerori ote den.

50. artikulua. 1. 7/1994 Foru Legean aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

2. Zehapen espedienteak instruitu eta ebazteko eskumena, fauna aloktonoaren babeserako araubidea hausteagatik eta baimen administratiboa ez egin edo urratzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

3. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, Udalaren organo hauei dagokie:

_Arau-hauste arin eta larriak: alkateari.

_Arau-hauste oso larriak: Udalaren osoko bilkurari.

51. artikulua. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte-ordainak deusetan ukatu gabe.

2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak desgaituak izanen dira aurrerantzean animaliak edukitzeko. Desgaikuntza denbora batekoa izan daiteke, urtebetekoa alegia, nahiz iraunkorra, arau-haustea ere nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltean zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

52. artikulua. 1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

2. Lege hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, lege haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo muntadurak ixtea.

53. artikulua. 1. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.

2. Dekomisatze hori badaezpada eginen da, behar den zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea animalia autoktonoa baldin bada.

3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

XI. KAPITULUA

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak

54. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

_Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

_Arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pit bull terrier, staffordshire bull terrier, Mallorcako ausiki-zakurra, Kanarietako ausiki-zakurra, fila brasildarra, artzanor napolitarra, dogo argentinarra, rottweiler, bullmastiff, dobermann, tosa inu eta akita inu.

_Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

_Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

55. artikulua. 1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskugarri gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

_Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

_Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

_Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

_Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 150.000 euroko zenbatekoa duena.

_Udalaren tasa ordaintzea (10 euro).

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Aranguren ibarrean bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Aranguren ibarrean egiten bada. Orobat, animalia Aranguren ibarrean gutienez ere hiru hilabetez egon behar duenean ere lizentzia eskatu beharko dute arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Aranguren Ibarreko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian. Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

56. artikulua. Arriskutsu gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

_Arriskutsu gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, hilabeteko epean erosi denetik.

_Ordenantza honetako 55. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

_Erregistroan inskribatzea, hilabeteko epean, beren esku duten arriskutsu gerta daitekeen animalia bakoitza.

_Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, bai eta hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

_Animalia eskuratzeko unean, betze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

_Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

_Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

_Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

_Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Aranguren ibarrera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

_Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak konplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.

57. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Aranguren Ibarreko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

_Animaliaren espeziea.

_Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

_Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

_Sexua.

_Erreseina edo erreseina erdia.

_Jaioteguna.

_Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

_Jabearen izena, helbidea eta NANa.

_Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

_Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarria bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

_Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

_Eraso kasuak.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

58. artikulua. Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute; hartan paratu beharko dituzte 57. artikuluan aipatzen diren datuak, arriskugarri gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

59. artikulua. Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekaturik daude:

_Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

_Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte, bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

_Aranguren Ibarreko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

_Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

60. artikulua. 50/1999 legean ezarritako zehapenez gain, aurreko ataletan (59. art.) aipatzen diren arau-hausteak, ordenantza honen aurkako arau-hauste oso larritzat hartuko dira eta, ondorioz, 990 eurotik 1.500era bitarteko isuna paratuko da, eta erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

61. artikulua. Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

_Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

_Fitxategia eginen da Aranguren Ibarreko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak.

_Fitxategia Aranguren Ibarreko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

_Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

_Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabiltzea artikulu honetan zehazten den xedearekin.

_Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

_Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztu eta aurka egiteko eskubideak erabiltzeko.

_Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

_Datu pertsonal horien erabileraren arduraduna Aranguren Ibarreko Udala da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien araudi osagarrietan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean, bai eta abere osasun, ingurumen, abelazkuntza arloetan eta bertze edozeinetan aplikagarri zaizkien xedapen orokorretan ere ezarritakoa.

Bigarrena._Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo ttikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Hirugarrena._Ordenantza honetako manuak ez betetzeak udaltzainen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena._Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Mutiloabeitin, 2007ko ekainaren 14an._Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: L0710054