88. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

302/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena zementu fabrika bat ezartzeko Olaztiko udal mugapean. Cementos Portland Valderrivas, S.A. da titularra.

Instalazio hori, jadanik badena, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 3.1 epigrafean sarturik dago, "Zementua edo clinkerra biraketa labeetan fabrikatzeko instalazioak, egunean 500 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan, eta, beraz, Ingurumen baimen integratuko araubidearen menpe dago.

Era berean, instalazio hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2B Eranskineko 3.1 epigrafean sarturik dago, "Clinkerra eta zementua biraketa labeetan fabrikatzeko instalazioak, egunean 500 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak" izenekoan, eta, beraz, Ingurumen baimen integratuko araubidearen menpe dago.

Baimen honen barnean dago isurketak Arakil ibaira botatzeko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 1/2001Legegintzako Errege Dekretuko hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da (txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen).

IV. eranskinean zehaztu dira jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak eta horiei emandako erantzunak.

Burutu den tramitazio administratiboaren laburpena ematen da foru agindu honen V. eranskinean.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea zementua egiteko instalazio baterako, titularra Cementos Portland Valderrivas, S.A. izanik (Olaztiko udal mugapean).

2. Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 131/05 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzekin bat garatzea jarduera, betiere foru agindu honen II. eta III. eranskineko neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekin dakiola eskatzen ahalko du, legeetan (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikuluan eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan) aipatzen diren kasuetan. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduko 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du funtsezko aldaketa den edo ez, Ingurumena babesteko esku-hartzeko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedatutakoarekin bat.

6. Baimena ematen zaio hondakin arriskutsuen ekoizle gisa P/17/NA/1999 zenbakiarekin, hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera zentroa baita. Hondakin arriskutsuen ekoizte-jarduera B4301 da, Zementuen fabrikazio orokorra, hala jasotzen baita maiatzaren 14ko Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taulan (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Ekoizten ahalko diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen produkzioan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

7. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko ikerlana, titularrak aurkeztua, onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

8. Ontzien hondakinen prebentziorako enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakin kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien ekoizpena eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izan eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak aurreikusirik daude titularrak aurkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

10. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

11. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi- errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Foru agindu honen berri ematea Cementos Portland Valderrivas, S.A.ri, Olaztiko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Herri Babeserako Zuzendaritzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 7an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. mailan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan), eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" atalean.

Iragarkiaren kodea: F0709992