87. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

298/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 6koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Sarrigurengo Ekohiriaren EP-11 eta DD-12 lurzatien xehetasun azterlana, Anaia Maristek sustatua, behin betikoz onesten duena. Xehetasun azterlan horrek lurzati horietarako lehenago prestatu zen xehetasun azterlana aldatzen du.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak martxoaren 14ko 141/2007 Foru Aginduaren bidez, hasiera batez onetsi zen xehetasun azterlan hori.

Jendaurreko aldian NASUINSA-Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.k alegazio bat aurkeztu zuen.

Alegazio horretan adierazten zen, xehetasun azterlan berriaren edukia aztertuta, ondorioztatzen ahal zela 4,7 metroko altuerako itxiturak egiteko aukera zegoela, 2,2 metro arte itsuak. Estetikaren ikuspegitik, hori onartezina litzateke Sarrigurengo auzoberriaren testuinguruan. Hortaz, bidezkotzat jotzen zen dokumentazioari altxaerak eta sekzioak gehitzea, itxitura desegokiak egiteko biderik egon ez dadin.

Hori horrela, xehetasun azterlana argitu eta zehazteko dokumentazio gehiago ekarri da eta horren berri izan dute bai Anaia Maristek bai NASUINSAk. Alegazio horrek eskatzen zuena bete denez, bidezkoa da xehetasun azterlanari bi plano eta hiru determinazio eranstea. Beste determinazio bat, laugarrena, ez da aintzat hartu, xehetasun azterlanen ohiko edukitik kanpora dagoelako, eta Eguesibarko Udalera bidali da, haren gaineko ebazpena EP-11 eta DD-12 lurzatietan eginen diren eraikinak lehenbizikoz okupatzeko eskaerak egin aurretik eman dezan.

Kontuan harturik xehetasun azterlanari erantsi beharreko dokumentazioak ez dituela nabarmen aldatzen determinazioak, aitzitik, argitu eta osatzen ditu, ez da beharrezkotzat jotzen agiria berriz jartzea jendaurrean.

Horrenbestez, Etxebizitza Zerbitzuak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 43. artikuluan agindutakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. NASUINSAk Sarrigurengo Ekohiriaren EP-11 eta DD-12 lurzatien xehetasun azterlanari egindako alegazioa ontzat hartzea. Azterlana Anaia Maristek sustatu dute.

2. Hasiera batez onetsitako xehetasun azterlanari bi plano berri gehitzea.

3. Xehetasun azterlanari determinazio hauek gehitzea:

_Bidegorriaren azken sestra xehetasun azterlanari erantsi zaion 7. planoaren luzetarako profilaren marra urdina da. Sestra hori oinarritzat hartzen da itxitura itsuaren koronazio-altuera neurtzeko.

_EP-11 eta DD-12 lurzatietako eraikuntza obren aurretik zegoen bidegorriko zabor-legarrezko oinarri-azpiaren profila 7. planoan adierazitako marra urdinaren 10 cm-tik beherago paralelo doa. Oinarri-azpi horren sestrak xehetasun azterlanari ere erantsi zaion NASUINSAren planoan adierazi dira UTM koordenatuetan.

_Itxitura itsuaren obrak ez du gaindituko 7. planoaren luzetarako profilan adierazitako altuera, altxaeran neurtua.

4. Behin betikoz onestea Sarrigurengo Ekohiriaren EP-11 eta DD-12 lurzatien xehetasun azterlana, Anaia Maristek sustatua. Xehetasun azterlan horrek lurzati horietarako lehenago prestatu zen xehetasun azterlana aldatzen du.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Espedientearen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

6. Foru agindu hau Anaia Maristei eta Eguesibarko Udalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 6an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0709777