87. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

457/2007 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Lan zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2008ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Martxoaren 24ko 1/95 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 37.2 artikuluari lotua dagoen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. artikuluak ezartzen duenez (azaroaren 3ko 1346/1989 Errege Dekretuak aldatu zuen haren idazketa, eta indarrean da oraindik ere, irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuko xedapen indargabetzaile bakarraren arabera), lan egutegian baliogabeak diren nazio esparruko jaiegunak ezarri dira.

Autonomia Erkidegoek, urteko hamalau jaieguneko muga barrenean (horietako bi herrietakoak izanen dira), tradizioz eurenak dituzten jaiegunak seinalatzen ahal dituzte.

Azaldutakoa dela medio, Nafarroako Foru Komunitatean 2008. urteko jaiegunak ezarri dira, eta beste jaiegun bat gehituko da, herri bakoitzekoa, Udal bakoitzaren proposamenaren araberakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehena._Honako hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatuko ez diren 2008. urteko jaiegunak:

Urtarrilaren 1a: Urteberri.

Martxoaren 19a: San Jose.

Martxoaren 20a: Ostegun Saindua.

Martxoaren 21a: Ostiral Saindua.

Martxoaren 24a: Pazko biharamuna.

Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

Uztailaren 25a: Santiago eguna.

Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.

Azaroaren 1a: Omiasaindu.

Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

Abenduaren 6a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

Abenduaren 25a: Eguberri.

Aurreko zerrenda horretan sarturik dago, aipatu errege dekretuaren 46. artikuluak dioen bezala, eta Nafarroako Foru Komunitate osorako, abenduaren 3a, San Frantzisko Xabierkoaren jaia, Nafarroaren Eguna baita.

Bigarrena._Herri bakoitzari dagokion bigarren jaieguna udalak proposatuko du.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 6an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0709707