87. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

870/2007 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Milagroko saihesbidea egiteko Azterlan informatiboari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du azterlana.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozesua egin behar zaio.

Prozedurari hasiera ematearren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2005eko ekainaren 7an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkeztu zion Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Azterlan informatiboa, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera.

Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta Ingurumen eraginaren azterlanaren ildo nagusiak ere jaso dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, 2005eko abenduaren 5ean, Ingurumen eraginaren azterlanaren nahikotasunari buruzko txostena eman zuen. Nafarroako Gobernuak, 2006ko urtarrilaren 9ko Erabakiaren bidez, "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko Azterlan informatiboa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta jendaurrean jarri zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumen eraginaren ebaluazio prozedurarenak izan zitzan. Erabaki hori 2006ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 27an.

Jendaurreko aldian bi alegazio jaso ziren. Horien edukiak ez dauka zerikusirik Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurarekin (laburpena 2. eranskinean dago).

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen eraginaren adierazpena egin dadin, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2007ko urtarrilaren 19an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari bidali dio espedientea, hau da, Informazio azterlanaren agiri teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana eta jendaurreko informazioaren emaitza.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du aurreikus daitezkeen eragin guztiak ebaluatu direla espedientean, eta zuzenketa neurri batzuk proposatu ditu azken eragina murrizteko. Neurri horiek hartzeaz gain, Ingurumen eraginaren adierazpenean ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen eraginaren ebaluazioko prozedura bete dela eta alegazioak aztertu direla kontuan izanik, Ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuko 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Milagroko saihesbidea egiteko Informazio azterlana dela-eta. Azterlanaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. Ingurumenaren aldetik 4. aukeraren proiektua bideragarria da. Betiere, Ingurumen eraginaren azterlanean eta Informazio azterlanean jasotako zuzenketa neurriez gain, atal honetan azaltzen diren baldintzak bete behar dira.

_Hautatu den alternatibaren (laugarrena) trazaduraren zati handi bat uholdeak izan daitezkeen aldean dagoenez, eraikuntza proiektua egiten denean Ebro eta Aragoi ibaien bi dimentsioko eredua egin beharko da (biak batean) ur-bateratzea eta sortzen diren urmael handiak irudikatu eta, horrela, urak saihesbideko lubetan izan dezakeen eragina eta Milagrora doazen abelbideetan eta bideetan ura nola ibiliko den aztertzeko, helburua egiturak eta materialak ongi neurtu ahal izatea dela. Aragoi ibaiko zubiari dagokionez, aurreikusitako argia 250 metrokoa da, eta hori gutxi da ibaiaren uholdeen eraginpeko ordokirako. Horregatik, lubetan gainezkabideak egiteko aukera azter daiteke ordokia urpean geratzen denerako. Gainezkabide horiek nolakoak izan behar diren eta non jarri behar diren eredu hidraulikoaren emaitzen arabera erabakiko da.

_Onespen teknikoa eman aurretik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eraikuntza proiektua bidali behar zaio, Ingurumen eraginaren adierazpenarekin bat datorrela egiazta dezan.

_Eraikuntza proiektuari honako zuzenketa neurri hauek erantsi behar zaizkio:

.Beharrezko mailegu eremuak eta hondakindegiak non kokatuko diren eta zer neurri izanen dituzten. Obrak hasi aurretik, proposaturiko eremu horiek ustiatu eta lehengoratzeko proiektuak aurkeztuko zaizkio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, ez badaude jada eraikuntza proiektuan sarturik.

.Obrak egiten ari diren bitartean lurren okupazioa murrizteko behar diren neurriak ezarriko dira. Horretarako, belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zuinkatu eginen da eta huraxe izanen da gehieneko okupazio eremua bai obretan bai behin-behineko bideetako makinen zirkulazioan. Nolanahi ere, bide berriaren zabalguneko mugak ez gainditzeko ahaleginak eginen dira. Halaber, zuinkatu eginen dira hondakindegiak, horien beharra badago, behin-behineko instalazioak eta sarbideak.

.Lur mugimenduak hasi eta berehala lehentasuna emanen zaio behin betiko drainatze sistema egiteari.

.Errepide berriaren eta "Milagro-Aezkoa" Errege Altxonbidearen gurutzaguneetan, bata bestearen azpitik pasatuko da.

.Errepide inguruko fauna babesteko eta haren iraupena eta mugikortasuna bermatzeko neurri orokor hauek hartuko dira, behar bezala diseinatu eta eraikuntza proiektuari erantsi ondoren:

_Arekak eta luzetarako drainatze bideak egokitzea. Anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek areka, kutxeta eta drainatze bideetan harrapatuta geratzeko arriskua dutenez, obra horietan animaliak irten ahal izateko arrapalak edo antzeko gailuak diseinatuko dira.

.Zubi berriaren eraginpeko aldean, ur-ipurtatsak eta mehatxatutako bibalbo espezieek izan dezaketen arriskua aztertu behar da beharrezko aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak ezarri ahal izateko.

.Obrak hasi aurretik landare-lurra kenduko da, gutxienez ere 30 cm-ko geruza. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

.Ingurumen eraginaren azterlanean landareztatze lanetarako aukeratu diren espezieei honako hauek gehitu behar zaizkie (aldean aldekoak): Tamarix canariensis, Populus alba eta Populus nigra, Quercus coccifera, Pistacia lentiscus, Pinus halepensis, Phillyrea angustifolia, Rhamnus lycioides, Jasminum fruticans eta Juniperus phoenicea.

.Bidea egiteko jarduketak eta obrek ukitutako aldeetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak aldi berean eginen dira. Horretarako, obra plan bat eginen da eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

.Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betearazteko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Milagroko Udalari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 27an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Milagroko saihesbidea eraikitzeko lau proiektu alternatibo aurkeztu dira, denak ere oso antzekoak: denetan saihesbidea hirigunearen hegoaldean zehar joango litzateke eta zubi bat eraikin beharko litzateke Aragoi ibaian. 4. alternatiba hautatu da.

1. alternatiba. Saihesbidearen traza 600 metroko bihurgune baten bidez urruntzen da oraingo errepidetik eta ibarraldera heltzen da Milagro herria, industriagunea eta abeltzaintza-aldea dauden muinoaren azpian. Handik biratu eta "Milagro-Aezkoa" Errege Altxonbidearekiko paraleloan segitzen du. San Juan bidea gurutzatzen den tokian lotune bat egingo da herrira joateko; gero traza bidetik urruntzen da eta berezko ezponda baino beherago doa: bi bihurgune daude elkarren jarraian, bata 1.000 metrokoa eta bestea 700 metrokoa. Gero Errege Altxonbidearen gaineko pasabidea egingo da, ondoren 600 metroko bihurgunea egongo da eta Aragoi ibaia 250 metroko zubi berri baten bidez zeharkatuko da. Ibaiaren beste aldetik saihesbideak NA-134 errepidera joko du. Lotunea maila desberdinetan diseinatu da, abiadura handitu eta mantsotzeko zuzeneko erreiak egongo dira eta itxaroteko errei bat. Trazadura 6.500 metro luze da guztira.

2. alternatiba bat dator aurrekoarekin San Juan bidearen gurutzaguneraino. Hortik aurrera saihesbidea ia zuzen doa ibairaino, hain zuzen ere 1. alternatibako leku berera. Trazadura 6.600 metro luze da guztira.

3. alternatiba. Hauxe da hirigunetik hurbilen doan alternatiba; trazadura Frinavarra fabrikaren eta abeltzaintzako ustiategien artean doa. Ibarrera iristeko lur-mugimendu handia egin beharko litzateke. Hortik aurrerako bat dator 2. alternatibarekin. Trazadura hau 6.300 metro luze da.

4. alternatiba. Alternatiba hau bat dator 1 eta 2. alternatibekin Errege Altxonbidera heldu arte. Hortik aurrera aldatu egiten da: Ebro ibairantz doa, abelbidea ezkerrean utzita, eta zuzen segitzen du Aragoi ibairaino, 1.000 metro erradioko bihurgunea sortuz. Aragoi ibaia zeharkatzeko 250 metroko zubia egin behar da, baina beste alternatibetan baino 300 metro beherago. Oraingo errepidearekin lotzeko 700 metroko erradioko kurba eta kontrakurba egingo lirateke. Lotunearen diseinua gainerako alternatibetako lotuneenaren antzekoa da. Trazadura hau 6.700 metro luze da. Soluziorik onuragarriena da aztertu diren alderdi guztietatik.

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren elementuak deskribatzen dira. Bereizi egiten dira ingurune abiotikoa (klima, atmosfera, geologia, edafologia, hidrologia), ingurune biotikoa (landaredia, fauna eta natur intereseko eremuak), ingurune sozioekonomikoa, paisaia eta kultur sistema.

Eragin nagusiak identifikatzeko, eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta aldaketa jasanen luketen inguruneko elementuak gurutzatzen dira.

Eraginak baloratzeko, haztapenaren metodologia erabiltzen da eta "pisuak" esleitzen zaizkie eraginaren kuantifikazioan esku hartzen duten aldagaiei. Hala pisu hauek esleitzen dira: natur ingurunea %25, ingurune sozioekonomikoa %70, eta kultur ingurunea %5. Inguruneko elementu bakoitza taula batean irudikatzen da. Aztertutako errepidearen tarteak egiteko proposatu diren aukerak taula horretako sarrerak dira. Balorazio partziala egin da, elementuka.

Lau alternatibek antzeko balioak eman dituzte aztertu diren ingurumen faktore ia guztietan, lauretan ere trazadura oso-oso antzekoa da eta. Esaterako, hidrologiaren gaineko eragina zehazteko Aragoi ibaiaren gurutzagunearen eragina eta uholde-arriskua baloratu dira (hau Ebro ibairen ubiderainoko distantzia neurtuta), eta balioak antzekoak izan dira alternatiba guztietan (8,4 - 8,5 bitartekoak). Eraginaren analisian ez da eduki kontuan errepide berriak alboetako lurretako uretan izan dezakeen oztopo-eragina, trazadura lubeta baten gainean joango baita Ebro ibaiaren ibarrean zehar.

Hidrologian eta edafologian bezala, landaretzaren gaineko eragina antzekoa da lau alternatibetan: eragin-indizea 0,28 - 0,32 bitartean dabil. Denak ere baxuak dira, eta erabat onargarriak. Hala ere, landaretzaren gaineko eragina aztertzean ez da xehekatu hezeguneetako landareen gaineko eragina, nahiz eta inbentarioaren arabera tarte honetan 250 m² arteko hezeguneak egon. Gainera, ez da argitu belargune dekunbente bizikorrik egon daitekeen Aragoi ibaiaren ertzetako barretan, errepide berriaren gurutzagunean. Ukitutako sailean "Ur-ertzeko landareak eta zuhaixkak" daudela adierazi da, besterik zehaztu gabe.

Lurren erabileren gaineko eraginaren balorazioa hobea da hautatutako alternatiban, eta baliorik baxuena 3. alternatibarena da, obrek besteetan baino lur urbanizagarri, ureztatutako sail eta ur-ertzeko landaretza gehiago okupatzen baitituzte.

Paisaiari dagokionez, bi indize ezarri dira analisirako, eta hautatutako alternatibak balorazio altuena lortu du; beraz, soluziorik hoberena da.

Abelbideez denaz bezainbatean, azterlanean zehaztu da "Milagro-Aezkoa" Errege Altxonbidea ukitzen dela eta alternatiba bakoitzak hartan izango lukeen eragina aztertu da. Ildo honetatik, 3. alternatibak lortu du baloraziorik hoberena, berarena baita Errege Altxonbidetik urrunen dagoen trazadura (toki batean bakarrik egiten dute bat). Sailkapenean bigarrena hautatutako alternatiba izan da, nahiz eta hiru gurutzagune egon (batek 200 m bide hartuko luke). Gurutzaguneak 1+850 KPan (gaineko pasabidea), 2+850 KPan eta 3+050 KPan izango dira. Errege Altxonbidean lurrik gehien okupatzen dituztenak 1 eta 2. alternatibak dira.

Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak adierazi zuen saihesbide honetarako proposatu diren alternatibetako batek ere ez dituela zuzenean ukitzen Milagroko aztarnategi arkeologiko inbentariatuak.

Azterlanak badu prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko kapitulua, eta bereizi egiten ditu proiektu aldian aplikatu behar diren neurriak eta eraikuntza aldian aplikatu beharrekoak. Proiektu aldirako neurri hauek ezarri dira: sarbideen planifikazioa, ezponden egonkortasuna bermatuko duten maldak (ez da gehieneko maldarik zehazten), harrobi eta hondakindegien planifikazioa (materialak ateratzeko eta hondakinak botatzeko "ahal dela" ustiategi baimenduetara joko dela adierazten da), faunaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa (animalientzako pasabide berariazkoak diseinatuko dira), drainatze obren egokitzapena, eta landarediaren eta ingurune soziokulturalaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa.

Zuzenketa neurrien kapituluan bereziki azpimarratzen da animalientzako pasabideak egin beharra.

Landare-lurra egokiro kudeatuko behar dela eta sail berriak landareztatu behar direla ezarri da.

II. ERANSKINA

Alegazioak

.1. alegazioa: Esteban Garijo Pérez jauna, Milagroko Udalaren ordezkari gisa.

1. Adierazi du Milagroko Udalaren ustez egokia dela 4. alternatiban proposatutako trazadura, ikuspegi teknikotik baloraziorik altuena lortu duena.

2. Hegoaldeko gurutzaguneaz gainera ondoko hauek ere egiteko eskatu du:

_Gurutzagune bat hegoaldean egunen batean Milagro eta Alfaro lotuko dituen errepidearekin eta Alfaro - Corella errepidearekin lotzeko.

_Gurutzagune bat mendebaldean Rincón de Sotoko bidearekin bat egiteko; izan ere, auzabide horretatik herrigunetik kanpoko "Dehesa de San Juan" aldera joaten da, enpresa eta hirigintza garapen handia izango da bertan, eta industri poligonora joaten da.

.2. alegazioa: Javier González Serrano jauna.

1. Adierazi du azterlan informatiboan bere finketako bi "laborantza sail" gisa ageri direla eta Udalaren Katastroan, berriz, "fruta-sail" gisa.

Iragarkiaren kodea: F0708434