87. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

201/2007 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana. Haren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen du Arraratsen (Nafarroa) banaketa sareak berritzeko proiekturako. Arrarasko Kontzejuak sustatu du.

2007ko urtarrilaren 31n Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Obretan banaketa sarea eginen da herrian dagoen ur biltontzitik honako baserrietaraino:

_Laardiko Ardiborda eta Kaañako Borda (adarra: 1-2, 1.267,62 m).

_Dorrondoko Borda (adarra: 1-2.1, 60,68 m).

_Mendizabaleko Borda (adarra: 1-1,1, 186,69 m).

_Marako Borda, Xelaiko Borda eta Ezkizaburuko Borda (adarra: 1-1.2, 1.380,19 m).

_Iriarteko Borda (adarra: 1-1,3, 100,14 m).

Hodiak instalatzeko zangak egin behar dira, 40 cm-ko zabalera eta 120 cm-ko sakonera dutenak. Aldapa handiko guneetan bideak ireki beharko dira palaren lana egin ahal izateko.

Otsolako erreka bi tokitan gurutzatzen da, beraz, burdinazko geruza hormigoidun batean sartu beharko da hodia.

2007ko ekainaren 8an jarduketa eremua ikusi da eta egiaztatu lanak hasiak direla R 1-1, R 1-2 eta R 1-2.1 tarteetan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumeneko ukipenetarako baimena ematea Arraratsen (Nafarroa) banaketa sareak berritzeko proiekturako. Arrarasko Kontzejuak sustatu du proiektua.

Baimena emateko ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

_Ahalegina eginen da heskaiak eta landaredi natural baliotsua ahalik eta gutxien ukitzeko, bereziki honako zuhaiztiak:

.Quercus robur hariztia Basaburuako 14. poligonoko 341. lurzatian; hor, zangaren trazadura Marako Borda energiaz hornitzeko argindar linearen azpitik bideratzeko ahalegina eginen da, gero 359. lurzatirantz bideratzeko zuhaitzen artean egonen den pasabide estu batetik zehar.

.Otsola ibaiko bazterreko basoa, Iriarteko Borda inguruan. Sakangune hormigoidunaren ondoan eginen da gurutzagunea eta aipatu pasabidera doan pistatik zehar jaitsiko da ibairaino.

.Heskaia eta pago-haritzaren arboladi txikia 14. poligonoko 358. eta 363. lurzatietan.

Inguru horietan guztietan balizekin mugatuko da lanerako tartea eta makineria txikia erabiliko da. Soilik botako dira ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta heskaiak. Horrelakoetan inguru horretako mendi zaindariari abisatuko zaio mozteko baimena eskuratzeko xedez. Makinen joan-etorrien ondorioz kaltetuak izan daitezkeen landareen adarrak inausiko dira.

_Ibaia gurutzatzeko guneak ibilguaren norabide nagusiaren ahalik eta hurbilen eginen dira. Ahal dela, ibai kanpotik eginen da lana eta ibaibidean makinak sartzea saihestuko. Hormigoitze lanak ura ukitu gabe eginen dira eta horretarako, ibairen ibilgua aldatu edo bestela hodien bidea aldatu beharko da behin-behinean obra osagarrien bidez. Hodiak jartzeko obra bukatu ondoren instalazioak erabat jasoko dira. Ibaiko lanak bukatzen direnean jatorrizko fisiografia eta ibai-ohea berreskuratuko dira. Ibaiaren ibilgua ukitzen duten jarduketa guztiak ekainetik urrira bitartean eginen dira.

_Zangak bete ondoren sobran gelditzen den lurra zabortegi baimendu batera eramanen da edo, bestela, lurzatian berean hedatuko, azalerek fisiografikoki bat egin dezaten. Obrek ukitutako eremu guztiak, ez badira landu behar, erregularizatu eta eremu horretako haziekin erein beharko dira.

_Ukituak diren ibaiaren tarteetako ertzetan landaretza berritzeko lanak eginen dira, izan ere, inguruan diren aleetatik bildutako sahats-aldaxkak eta lizar eta haritz sustraidunak landatuko dira. Landaketak egiten direnetik horien mantentze lana bermatuko da, gutxienez bi hazkuntza alditan.

_Obrak bukatu ondoren, eremua garbi-garbia utzi beharko da obraren hondakinik gabe.

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta interesa dutenek, administrazioek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, mendizainei, Arrarasko Kontzejuari eta Basaburuako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 13an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0709831