86. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ETXARRI ARANATZ

Deialdia, mendiaren arduradun eta zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Etxarri Aranazko Udaleko hermendiaren arduradun eta zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, Etxarri Aranazko Udalaren zerbitzuko plantillako langileen artean oposizio-lehiaketa murriztua eginez beteko da lanpostua, deialdiko baldintzak frogatzen dituzten langileen artean.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoren hermendiaren arduradun eta zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanposturako izendatzen den izangaia C maila edo taldean sailkatuko da eta maila horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.3. Etxarri Aranazko hermendiaren arduradun eta zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanposturako izendatzen denak aurreko lanpostuko araubide juridiko berbera gordeko du.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2. oinarria._Eginkizunak.

Izendatua gertatzen denak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

Etxarri Aranazko hermendiak antolatu eta kudeatzeko planari segimendua eta horren kudeaketa egiteko zuzeneko arduraduna izanen da.

Etxarri Aranazko hermendietan egiteko planifikatzen diren baso lan guztiak antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, bai lan horietarako kontratatutako enpresekin bai Udaleko bertako langileekin.

Antolamendu planari segimendua egiteko lanak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko teknikariekin, baita Udalak baso kontuetarako eta pistak ireki edo mantentzeko kontratatzen dituen teknikariekin ere.

Pistak irekitzeko eta bideak hobetzeko obrak edo mendian egiten diren obra guztiak kontrolatzeko ardura izanen du.

Mendian egindako lan eta obra guztien gaineko txostenak eginen ditu.

Mendiko lanez arduratzen ez denetan, San Donato eskola publikoen funtzionamenduaaren kontrola eta segimendua, eta bertako mantentze lanak eginen ditu.

3. oinarria._Izangaien betebeharrak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Funtzionarioa izatea, D mailakoa.

b) Goi mailako Batxilergo, bigarren graduko Lanbide Heziketa edo haien balio bereko tituluaren jabe izatea.

Beharkizun horren ordez aski izanen da frogatzea azken bost urteotan Etxarri Aranazko Udalaren zerbitzuan aritu izana lanean, deialdiko kategoriaren beheragoko aurre-aurreko kategoriarekin.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

3.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta eran egiaztatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte.

4. oinarria._Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Etxarri Aranazko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barnean.

Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

4.2. Horrekin batera lehiaketaldiaren baremoaren irizpideen arabera baloratu beharreko merezimendu guztien egiaztagiriak ere aurkeztuko dituzte.

Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia konpultsatuarekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.2. Izangai baztertuek behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta ondoko 10 egun baliodunean erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

6. oinarria._Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Epaimahaiburua: Etxarri Aranazko Udaleko alkatea.

_Mahaiburuaren ordezkoa: Etxarri Aranazko Udaleko alkateordea.

_Lehen mahaikidea: Etxarri Aranazko Udaleko zinegotzi bat.

_Lehen mahaikidearen ordezkoa: Etxarri Aranazko Udaleko zinegotzi bat.

_Bigarren mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko teknikaria.

_Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko teknikaria.

_Hirugarren mahaikidea: oihangintzako teknikaria.

_Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: oihangintzako teknikaria.

_Laugarren mahaikidea: Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

_Ordezkoa: inguruko Udal bateko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen arazo guztiak.

7. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

7.1. Onartuen behin betiko zerrendarekin batera _5.3 oinarrian aipatutako harekin batera_ jakinaraziko da oposizioaren hasiera.

Oposizio-lehiaketak bi aldi izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

7.1.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, II. eranskinean heldu den baremoaren arabera baloratu ere.

Merezimendu guztiak alegatu eta jatorrizko agiri edo fotokopia konpultsatuen bidez egiaztatu beharko dira oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten denean. Hala egiten ez bada, ez aurkeztutzat joko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere aurkeztu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendu bat kontuan hartu.

7.1.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehendabizko proba._Proba teorikoa.

Test motako zenbait galdera eginen dira, epaimahaiak proposaturik, III. eranskinean agertzen diren gaien gainean. Probaren balorazioa, 20 puntu.

Bigarren proba._Ariketa praktikoa.

(Gehienez ere 60 puntu emanen dira).

Ondoko proba hauek egitean datza:

A._Mendiaren garapen ebolutiboaren gaineko plangintzaren proba, bakantzeak, garbiketak eta inausketak (gehieneko puntuazioa, 20 puntu).

B._Hermendia kudeatzeko lanak antolatu eta haien segimendua egiteko gaitasunaren proba. Mendian egindako lanen gaztigu-orrien prestaketa (gehieneko puntuazioa, 20 puntu).

C._Proba mendian bertan, arbolak oihangintzan ustiatzeko baloratu, sailkatu eta markatzea barne (gehieneko puntuazioa, 20 puntu).

Proba teorikoaren eta praktikoaren artean 40 puntu eskuratzen ez dituztenak bazter geldituko dira.

Oposizioaldiko ariketetan izangai bakoitzak lortzen duen puntuazioa epaimahaiko guztiek emandako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da. Epaimahaikoek emandako puntuazioen artean hiru puntuko aldea edo handiagoa egonez gero, kalifikaziorik handiena eta tikiena besterik gabe baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioak erabiliko dira batezbestekoa lortzeko.

7.2. Azken balorazioa.

Lehiaketaldiko nahiz oposizioaldiko atal guztietako emaitzak baturik puntuaziorik handiena eskuratzen duen izangaia izanen da hautatua.

8. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa akitu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangai guztiek lehiaketan eta oposizioko probetan lortutako kalifikazioak argitara emanen ditu eta Alkatetzari igorriko dio zerrenda, puntuaziorik altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginez. Proposamen hori iragarki oholean argitaratuko da.

9. oinarria._Izendapena.

9.1. Hautapen prozesua bukaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Etxarri Aranazko Udaleko mendiaren arduradun eta zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Etxarri Aranazko Udaleko lanpostu berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

10. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion Salari zuzendua, bi hilabeteko epean erabaki hau argitaratu edo errekurritu den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita; nolanahi ere aurretik, berraztertzeko errekurtsoa paratzen ahalko da erabaki hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean hura jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo bestela,

c) Berraztertzeko errekurtsoa, Udalaren Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, NAN zk.: ............., sorteguna: .........., sorterria: ............. ............, helbidea: ............., kalea ............, zenbakia ....... posta kodea:..........., telefonoa: .............

AZALTZEN DUT:

Etxarri Aranazko Udaleko mendiaren arduradun eta zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian, data honetan: ............ zenbaki honetako: 2006ko .........aren ....(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, eskaturiko baldintza guztiak tenorez eta moduz betetzen ditudala.

Behar diren agiriak eransten ditudala.

Horrenbestez,

Etxarri Aranazko Udaleko mendiaren arduradun eta zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostua betetzeko hautaprobetara onartua izatea eskatzen dut.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

ETXARRI ARANAZKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1._Esperientzia: lanpostu honetan ezarritako eginkizunekin ikusteko duten lanengatik, Nafarroako administrazio publikoetan, 2 puntu urte bakoitzetik (gehienez ere 10 puntu).

2._Prestakuntza: lanpostuan bete beharreko eginkizunekin ikusteko duten ikastaroengatik (gehienez ere 5 puntu).

_15 ordu baino gutxiagokoak: 0,25 puntu.

_15 ordu baino gehiagokoak: 0,5 puntu.

3._Ikasketa titulua (gehienez ere 5 puntu).

_Goi mailakoa: 5 puntu.

_Erdi mailakoa: 2 puntu.

_Bestelako titulazioak: 1 puntu.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia._Laneko segurtasun eta higieneko neurriak.

2. gaia._Etxarri Aranazko hermendiko paraje, alderdi, erreka eta bideen ezagutza.

3. gaia._Mendiko lanaren antolaketa. Zuinketa lanak hasi aurretik, erabili beharreko materialak eta gauzatzeko faseak.

4. gaia._Pisten kokaera eta izenak, gaur egun duten egoera, alderdi bakoitzeko arbola eta landare motak.

5. gaia._Mendiko antolamendu planeko planoen interpretazioa.

6. gaia._Baso lanetarako lanabes egokiak. Haien ezagutza eta erabilera.

7. gaia._Etxarri Aranazko hermendiko landaketen bilakaera.

8. gaia._Azienda eta ingurumena.

9. gaia._Etxarri Aranazko Udalaren egitura eta gobernu organoak.

Etxarri Aranatzen, 2007ko ekainaren 12an._Jarduneko alkatea, Iraitz Goñi Iraurgi.

Iragarkiaren kodea: L0709865