86. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ETXARRI ARANATZ

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Etxarri Aranazko Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.

1.2. Izendapenaren ondorioz, hautatua gertatzen dena Etxarri Aranazko Udaleko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da.

1.3. Lanpostua D mailari dagozkion lansariez hornituko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako lege aplikagarrietan ezarritakoaren arabera.

1.4. Udalaren zuzendaritzapean, izendatuak ondoko eginkizunak izanen ditu, besteak beste:

a) Udalaren eraikin eta instalazioen kontserbazio eta mantentze-lanak.

b) Kale eta plazetako lorategi eta zuhaitzetan aritzea, eta beraz erein, landatu, ureztatu, inausi, lurra lantzea, eta abar.

c) Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.

d) Ondasun publikoak kontserbatzeko obrak.

e) Makineria erabiltzea.

f) Udalaren administrazioaren kudeaketan laguntzeko bere esku uzten diren eginkizunak, hala nola jakinarazpenak, eskutitzak, mandatu errazak eta abar bidaltzea eta eskura ematea.

g) Altzariak, tresnak, eszenategiak, hesiak eta bestelako materialak muntatu, desmuntatu, paratu eta lekuz aldatzea.

h) Udalak agintzen dizkion beste guztiak, bere kategoriari badagozkio.

1.5. Lan mota eta lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharrei egokituko zaizkie, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

1.6. Izendatzen den izangaiak Etxarri Aranatzen bizi beharko dute.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta nazionalitate espainiarra edo beste edozein estatutakoa izatea, abenduaren 29ko 7/1994 Foru Legeak 1. artikuluan aipatzen denaren arabera, bertan ezarritako baldintzak betetzen direla.

b) Euskararen ezagutza frogatzea Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidea den titulua aurkeztuta; bestela, proba bat gainditu beharko da, izangaiaren hizkuntza maila behar adinakoa dela egiaztatzeko.

c) Eskola-graduatuaren titulua, lehen graduko Lanbide Heziketarena edo baliokidea izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean B1 mailako gidatzeko baimenaren jabe izatea.

2.2. Probak gainditu eta lanpostua lortzen duen izangaiak deialdi honen 7. oinarrian xedatzen den moduan eta epean egiaztatu beharko ditu arestiko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, baita hautapen prozedura osoan eta izendapen eguna bitarte ere.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Etxarri Aranazko Udalaren Erregistroan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita:

a) Eskabide orria, 1. eranskinean heldu den eredu ofizialean, puntu guztiak beterik.

b) NANaren edo identifikatzeko agiri balikokide baten fotokopia.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Etxarri Aranazko alkatea.

Ordezkoa: Etxarri Aranazko Udaleko zinegotzi bat.

Mahaikidea: Etxarri Aranazko Udaleko zinegotzi bat.

Ordezkoa: Etxarri Aranazko Udaleko zinegotzi bat.

Mahaikidea: EHAEOko arkitekto bat.

Ordezkoa: aparejadorea.

Mahaikidea, langileen ordezkaria: Udaleko langile bat.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena. Udaleko langile bat.

Mahaikidea eta epaimahaiko idazkaria: Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko kideen erabateko gehiengoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.5. Deialdi honetako 2.1.b. oinarrian eskatutako baldintza egiaztatzen ez duten izangaiek bakarrik eginen dute euskarazko proba.

Proba bat idatzia eginen da eta beste bat, ahozkoa; horien bidez egiaztatuko da izangaiak plantilla organikoan ezarritako hizkuntz eskakizunera egokitzen ote diren.

Sakanako Euskara Mankomunitateko teknikariek prestatuko dituzte probak.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den moduan.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean jakinaraziko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

6.2.1. Lehiaketaldia.

Izangaiek alegatutako merezimenduen balorazioa, II. eranskinean zehaztutako baremoaren arabera.

Izangaiek eskabidea aurkezten duten unean berean alegatu eta egiaztatu beharko dituzte merezimendu guztiak, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak ekarrita, bestela ez aurkeztutzat joko baitira.

Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak Udalaren iragarki oholean jarriko dira ikusgai.

6.2.2. Oposizioaldia.

A) Lehenbiziko ariketa:

1._200 hitz inguruko diktaketa, gaztelaniaz.

Probaren balioa: 10 puntu. Ortografiako akats bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira, azentu akatsetan salbu, horietan bakoitzeko 0,1 puntu soilik kenduko baita.

2._Aritmetikako bost problema ebaztea. Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili. Probaren balioa: 10 puntu.

1. eta 2. ariketen artean 10 puntu baino gutxiago ateratzen duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

3._Idatziz erantzun beharko dira zenbait galdera, igeltserotzari, elektrizitateari, lorezaintzari, mekanikari, eraikinen eta instalazioen mantentze lanei eta bete beharreko eginkizunen inguruko bestelako gaiei buruz. Proba honetan gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 7,50 puntu erdietsi behar dira.

4._Plano eta dokumentuak irakurri eta interpretatzea. Probaren balioa: 15 puntu. Bazterturik geldituko dira 7,5 puntu baino gutxiago ateratzen duten oposiziogileak.

B) Bigarren ariketa.

Praktikoa, deialdiaren 1. oinarrian adierazi eginkizun edo zerbitzuekin ikusteko duten ariketa batzuk egin beharko dira. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, baita zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera. Gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira.

Ariketa zuzendutakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean jendaurrean jarriko du ariketa gainditzen dutenen zerrenda, kalifikazioekin batean, baita oposizioko hurrengo ariketa zein egun, toki eta ordutan eginen den ere.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek NANa eraman beharko dute aldean.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Ariketen kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda helaraziko dio Udalari, guztirako puntuazioaren arabera ordenatua; horretarako, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian ateratako kalfikazioak batuko ditu. Puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena ere erantsiko du.

Aipatu proposamena Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

1._Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia (udal bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa) edo jaiotze aktaren ziurtagiria.

2._Eskatzen den titulazioaren kopia kautotua edo fotokopia (Udalaren bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa) edo hura eskuratzeko eskubideengatik pagatu beharrekoaren ordainagiria.

3._B1 mailako gidatzeko baimenaren kopia kautotua edo fotokopia (Udalaren bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa).

4._Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

5._Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena. Proposatutako izangaiak ariketa fisiko batzuk eginen ditu, beso-zangoen indarra neurtzeko, lanpostuari dagozkion eginkizunetan ari daitekeela egiaztatzearren.

6._Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituztela.

7.3. Aipatu epean eta ongi frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasua gertatuz gero, 7.1. atalean aipatutako zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea; izangai horrekin ere aitzineko ataletan ezarri moduan jokatuko da.

8. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitutakoan, eta izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondotik, alkateak, ebazpen bidez, Etxarri Aranazko Udaleko funtzionario izendatuko du, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan ari dadin.

8.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Etxarri Aranazko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketagatik etorritako egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

A._Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

B._Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C._Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Etxarri Aranatzen, 2007ko ekainaren 12an._Jarduneko alkatea, Iraitz Goñi Iraurgi.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak: ........................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ............, jaioteguna: ................, jaioterria ................. (............), bizitokia: .............................. (...........), posta kodea: .............., kalea: ..................., zenbakia: ..........., telefonoa: ..............., zure aurrean azaldu eta honako hau dio:

Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat betetzeko deialdiko eta oinarrietako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, denboraz eta moduz.

Deialdia arautzen duten oinarriei men egiten diedala eta lotesletzat hartzen ditudala.

Horrenbestez:

Eskabide hau ontzat eman eta, ondorioz, Etxarri Aranazko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

ETXARRI ARANAZKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Gehienez ere 20 puntu emanen dira.

1._Toki entitate edo administrazio publiko batean, zerbitzu anitzetako enplegatu gisa, lanpostuari dagozkion eginkizunetan emandako zerbitzuak, ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuak; zerbitzu-urte bakoitzeko: puntu bat. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu. Zatikiak proportzioz hainbanatuko dira.

2._Deialdikoaren antzeko lanetan edozein enpresa edo entitate pribatutan emandako zerbitzuak; zerbitzu-urte bakoitzeko: 0,5 puntu. Gehieneko puntuazioa: 4 puntu. Zatikiak proportzioz hainbanatuko dira.

3._Ingelesez, frantsesez edo alemanez jakiteagatik, gehienez ere 2 puntu.

5._Eskatzen dena baino handiagoak diren titulazio akademikoak, lanpostuarekin zerikusia dutenak: 2 puntu.

6._Prestakuntza ikastaroak, egin beharreko lanekin zerikusia dutenak, gutxienez ere 20 ordukoak izan badira; 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu bitarte.

Iragarkiaren kodea: L0709863