86. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LERIN

Udal erregelamendua. Behin betiko onespena

Leringo Udalak, 2007ko otsailaren 1ean egin bilkuran, Leringo Gizarte Etxea-Kulturgunea erabiltzeko eta kudeatzeko erregelamendua hasiera batean onestea erabaki zuen.

Onespenaren erabakia 2007ko 32. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 14an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, Udalak 2007ko maiatzaren 17an egin osoko bilkuran, erregelamendu hori behin betiko onestea erabaki zuen, hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hortaz, oso-osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lerinen, 2007ko ekainaren 7an._Alkatea, sinadura ulertezina.

GIZARTE ETXEA-KULTURGUNEA ERABILTZEKO ETA KUDEATZEKO ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Kulturgunea kudeatzeko antolamenduko eta barne funtzionamenduko arauak ezartzea, bai eta bertako instalazioak eta gainerako zerbitzuak erabiltzeko eskubideak, betebeharrak eta baldintzak arautzea ere.

2. artikulua. Azpiegituraren definizioa.

2.1. Kulturgunea udal ekipamendu bat da, Leringo herrian kokatua, adineko pertsonak gazteekin eta gainerako giza taldeekin harremanetan jartzeko eta harreman horiek sustatu eta garatzeko helburua duena. Horretarako belaunaldi desberdinetakoentzako ekitaldiak antolatu eta batzuek nahiz besteek erabiliko dituzten baliabide eta ekipamenduak izanen dira, betiere xedetzat izanik kultura, aisialdia, adineko pertsonen entretenimendua eta, oro har, gizartean parte-hartzeko prozesuen sorrera.

2.2. Kulturgunearen bidez zerbitzu publiko bat eman gogo da, dinamikoa, publikoa eta guztientzakoa den eta partaidetza bultzatzen duen erabilera anitzeko ekipamendu soziokultural baten bitartez. Etxearen helburua zerbitzu publikoak ematea da, alegia, ekintza eta jarduerak, belaunaldi desberdinetakoentzat balio dutenak eta integratzaileak direnak, betiere xedetzat izanik herritarren garapen kultural eta soziala eta elkarte gisa jardutearen sustapena. Beraren bidez Leringo herritarren ekimenak atzeman, bildu, sustatu eta bideratu nahi dira.

2.3. Udalak batera edo bereiz esleituko du Etxearen beheko solairuan kokatutako ostatu-jatetxearen zerbitzuaren kudeaketa. Izan ere, ostatu-jatetxe hori zerbitzu osagarri gisa aurreikusi da, baina Kulturgunetik erabat independiente. Beraz, zerbitzu osagarri horren erabilerari soil-soilik aplikatuko zaizkio erregelamendu honetan bera aipatuz ematen diren arauak, kontuan hartuz elkarren osagarri izateak dakarren elkarrekin koordinatu beharra.

3. artikulua. Kulturgunearen helburuak. Kulturgunearen helburuak honako hauek dira:

3.1. Erabiltzaileentzako topaleku izatea, elkarren arteko komunikaziorako eta gizartean parte-hartzen ikasteko, bai eta komunitateari zuzendutako jarduerak bertan gauzatzeko ere, hala herritarren ekimenez sortu eta Leringo herritarren elkarteen eskutik datozenak, nola Udaletik eta erakunde publikoetatik planifikatzen direnak.

3.2. Leringo elkarteei gune bat eskaintzea, euren programak eta jardunak gauzatu ahal izateko.

3.3. Kalitatezko programa eta zerbitzuak bultzatzea, kultur arloan, prestakuntzakoan, aisialdiarenean, gizartegintzan eta kirol gaietan, oinarrizko gizarte sarearen eskakizun eta beharrei erantzuteko, xedetzat izanik pertsonaren garapen osoa eta herritarren egoera kulturala eta soziala hobetzea.

3.4. Leringo herritarrek elkarte gisa bildurik jardun dezaten bultzatzea.

3.5. Herritarren ekimen eta jarduerak bideratzeko tresna egokia izatea, pertsona eta taldeen parte hartze bizia sustatuz, gizarte, kultur, hezkuntza nahiz kirol arloan Lerinen gertatzen diren prozesuetan.

3.6. Kulturguneak ez du irabazteko asmorik, nahiz eta berez finantzatzeko helburura bideratu behar lukeen, zerbitzu publikoa baita.

4. artikulua. Leringo Udalak edozein unetan ematen ahalko ditu ebazpenak, erregelamendu honetan ezarritakoa argitu edo interpretatzeko, baita xedapen orokorrak ere, aldaketak sartu edo zerbait garatzeko asmoz, betiere instalazio eta zerbitzuen kudeaketa eta erabilera egokiena xedetzat harturik, batere ukatu gabe gerentziari esleitzen zaizkion eskumenak.

5. artikulua. Edozein zerbitzu eskaintzerakoan, behar izanez gero, hartaz arduratzen den udal departamentuaren eskutik, erregelamendu honen osagarri datekeen araua edo erregelamendua garatu beharko da, zerbitzuari dagozkion alderdi berariazkoak kontuan harturik eta legez ezarritako prozeduraren bidez onetsita.

6. artikulua. Tarifa eta prezio publikoak dagokien araudiaren bidez onetsiko dira, eta jendearen eskura egonen dira, zerbitzu bakoitza erabiltzeko arau berariazkoak eta erregelamendu hau bezalaxe, Kulturguneko argibide eta kontrol zerbitzuetan eta Udaletxean.

II. TITULUA

Kudeketa eta antolaketa

7. artikulua. Kulturgunearen goi administrazioa, kudeaketa eta gobernua geldituko dira Udalaren esku, zerbitzu publikoaren titularra den aldetik, eta gerentzia baten esku, zeina izanen baita Kulturgunearen kudeaketaren esleipen-hartzaile suertatzen den enpresa, halakorik bada, betiere erregelamenduzko prozedurari jarraikiz horrela onetsiko balu Udalbatzak.

8. artikulua.

8.1. Kulturgunearen gerentzia bere gain hartuko du kudeaketaren esleipen-hartzaile suertatzen den enpresa edo entitateak, halakorik bada, zeinak ordezkari edo erantzule bat izendatuko baitu, ondorio guztietarako, Udalaren aurrean agertzeko.

8.2. Gerentziakeginkizun hauek izanen ditu:

a) Instalazioa erabiltzaileei ireki eta ixtea Udalak ezarritako orduetan, haren ekimenez.

b) Leringo Kulturgunerako herritarren ekimen eta jarduerak bildu, sustatu eta bideratzea, gero Udalari igortzeko.

c) Kulturgunearen erabiltzaileei udal mugapeko zerbitzu eta jarduketen gaineko informazioa ematea.

d) Erabiltzailearen informazio gunea kudeatzea.

e) Jarduerak programatu eta kudeatzeko proposamenak egitea.

f) Instalazioak erabiltzeagatik eta jarduerak garatu eta antolatzeagatik ordaindu beharreko tarifen proposamenak egitea, baita ostatu-jatetxean aplikatu beharreko prezioenak ere, bien esleipena batera eginez gero.

g) Arduratzea eta kudeaketa lanak egitea, Kulturguneko azpiegitura, instalazioak eta altzariak ongi erabil daitezen.

h) Jarduketa programak eta Kulturgunean egiten diren jarduera guztiak betearazi, dinamizatu eta gainbegiratzea.

i) Kulturgunearen kudeaketa osorako onetsitako aurrekontuak bere konturako arriskuaren pean betearaztea.

j) Udalaren erabakiak bete daitezen begiratzea.

k) Egiten diren eskari guztiak ezagutzea eta, haiek kontuan hartuz, orduen eta gelen banaketa egin eta gainbegiratzea, Udalarekin koordinatuta.

l) Leringo herritarrak dinamizatzen lan egitea.

m) Kulturgunearen funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

n) Kulturgunearen urteko txostena egitea.

o) Eraikinaren garbiketa eta segurtasuna gainbegiratzea eta haietaz arduratzea.

p) Beren eskumenak direla eta Kulturgunearen kudeaketarekin zerikusia duten udal zerbitzuekin koordinatzea.

q) Kulturgunearen kudeaketarekin zerikusia duten alderdi guztiak garatu eta betearazteko beharrezkoak diren langile guztiak kontratatzea, barne delarik bertako zerbitzu osagarria, alegia, beheko solairuan kokatutako ostatu-jatetxea, baldin eta esleipena batera egin bada.

r) Udalak delegatzen dizkion gainerako guztiak.

9. artikulua. Udalak, zerbitzuaren titularra den aldetik, polizia eta zuzendaritza botereak bere esku izanen ditu, zerbitzuak modu egokian funtziona dezan bermatzeko; horretaz gain, Kulturgunea erabili eta jarduerak antolatzeagatik ordaindu beharreko tarifak edo prezioak, entitate kudeatzaileak ezartzen dituenak, gainbegiratu eta kontrolatuko ditu, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 202.2 artikuluan eta T.A.T.B.ko 108.ean ezarritakoari jarraituz.

10. artikulua. Zerbitzua, ekipamenduak, programak edo jarduketak kudeatzeko araubidea ezar daiteke Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 10/1998 Foru Legean araututako formetako edozeinen bidez.

11. artikulua. Kudeaketaren modua eta garapena erabakitzeko ekimena Udalari dagokio, eta hark, betiere, eginkizun horretarako jendearen parte hartzea aurreikusi beharko du, erabakitzen diren bideen bitartez gauzatuko dena.

III. TITULUA

Erabiltzaileak

I. KAPITULUA

Erabiltzailearen kontzeptua

12. artikulua. Kulturgunea erabiltzen ahalko dute irabazi asmorik gabeko elkarteek, taldeek, entitateek eta pertsonek eta, bereziki, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren 1997ko abuztuaren 26ko 317/1997 Foru Aginduko (110. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 1997-09-12koa) 1.2 atalean eta geroan hura osatu edo aldatzen duen arauan aipatzen direnek.

13. artikulua. Erabiltzaile berariazkoak.

Erabiltzaile berariazkoak izanen dira Leringo Erretiratuen Elkarteko kide direla behar bezala egiaztatzen dutenak.

Halaber, halakotzat hartuko dira elkarte bateko kide direla behar bezala egiaztatzen dutenak, baldin eta delako elkartea elkarteen udal erregistroan inskribaturik badago eta entitate hauentzat indarra duen araudia betetzen badu eta Udalak onartu badu, horretarako eskaria aurkeztuz gero, Kulturguneko erabiltzaile berariazko gisa.

14. artikulua. Norbanako erabiltzaileak.

Halakotzat hartuko dira, erabiltzaile berariazko edo kolektibo izan gabe, Kulturguneko lokalak, instalazioak, programak eta jarduerak erabiltzen dituzten gainerako pertsona guztiak. Erregelamendu honetan ezarritakoa ez ezik, programa eta jarduera bakoitzeko barne funtzionamendu egokirako erabakitzen dena bete beharko dute.

15. artikulua. Erabiltzaile kolektiboak.

Kulturguneko erabiltzaile kolektibotzat hartuko dira ikastetxe guztiak, elkarteak, erabiltzaile berariazkotzat hartzen ez direnak, klubak eta taldeak, betiere aurkezten badute behar den eskabidea, zeinari buruzko txostena gerentziak eginen baitu eta gero, hala badagokio, Udalak onartu.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileen betebeharrak

16. artikulua. Erabiltzaile guztiek bete beharko dituzte eginbehar hauek:

Erregelamendu hau ezagutu eta betetzea, bai eta ontzat hartu eta betetzea ere udal erakundeek, gerentziak edo Kulturguneaz arduratzen direnek hartutako erabakiak eta emandako jarraibideak, eta haiek egindako lana erraztea ere bai. Aipatu horienganako begirunea eduki beharko dute beti, eta haien jarraibideei kasu egin beharko diete.

Elkarbizitzarako arauak eta elkarrenganako begirunea betetzea, hala Kulturgunearen barrenean nola bere instalazioekin zerikusia duten gainerako tokietako edozeinetan, baita gainerako erabiltzaileen eskubideak errespetatzea ere: erabiltzaile berariazkoak, kolektiboak eta norbanakoak.

Instalazioak, zerbitzuak, mahaiko jokoak eta gainerako ekipamenduak erabiltzea, ahalik eta kontu handienarekin, egoera onean kontserbatzeko, erabili ondotik dena bildu eta gauza bakoitza bere tokian utzita. Gaizki erabiltzeagatik eragindako kalte guztiak ekitaldiaren erantzulearen kontura izanen dira, 32. eta 33. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Lurrera errautsik, zigarrokinik, paperik edo bestelakorik ez botatzea.

Komunetan eta konketa-geletan, behar den garbitasun eta higienea izatea.

Guztientzako instalazio eta zerbitzuak zentzuzko denbora batean erabiltzea, esperoan daudenek ere haiek erabiltzeko aukera izan dezaten.

Telebista, bideoa eta gainerako aparatuak lokalaren arduradunak edo gerentziak eta/edo Udalak izendatzen dituzten pertsonek ibiliko dituzte bakarrik.

Kulturgunearen arduradunei ematea okerreko funtzionamenduaren, hausturen, akatsen edo erregelamendu honetan xedatutakoa ez betetzearen berri.

Garaiz eta finkatutako moduan ordaintzea ezartzen diren prezioak, tarifak, kuotak edo tasak.

Erabiltzaileen intimitatea gorde eta errespetatzea xede izanik, ez da zilegi argazki kamerak edo bideoa erabiltzea. Horretarako baimena eskatu beharko zaie instalazioen arduradunei, irudien xedea zein den adierazita. Baimena, ahal izanez gero, aldez aurretik eskatuko da. Baldin eta arauaren berri ez izateagatik, erabiltzaileak edo beste norbait baimenik izan gabe joaten badira Kulturgunera, hantxe bertan eskatuko dute, eta bertako langileek ematen ahalko diete baimena, dagozkion arrazoiak entzun eta gero. Arau hau ez litzateke debekutzat hartu beharko, aldez aurretik abisu eman behar izatea besterik ez baita, irudiak eta haien geroko erabilera ebaluatzearren.

III. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak

17. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak dira:

Gerentziari edo Udalari ematea ikusitako okerren edo irregulartasunen berri, idatziz eta nork bere izenez identifikatutako idazkian, Kulturgunearen funtzionamendu onerako kaltegarri izan daitezkeelako.

Mota guztietako iradokizunak egitea, lokala hobeki aprobetxatu edo ekitaldiak hobeki egiteko.

Kulturguneko ondasun eta ekipamenduak erabili ahal izatea, bakoitza dagokion xedeari begira, erregelamendu honetan ezarritako moduan.

IV. TITULUA

Funtzionamendua

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

18. artikulua.

18.1. Kulturguneko espazio, baliabide eta zerbitzuak libreki erabiltzen ahalko dituzte III. tituluan aipatzen diren erabiltzaileek.

18.2. Udalak batera edo bereiz esleituko du beheko solairuan kokatutako ostatu-jatetxearen zerbitzu osagarri eta independientearen kudeaketa, erregelamendu honetako 2. artikuluan zehazten den moduan.

19. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek Kulturguneko espazio, baliabide material eta zerbitzuak erabiltzeko eskubide berberak dituzte, betiere erabilgarri badaude, aldez aurretik kasuan kasuko tasak ordainduta, hala badagokio.

Dena dela, Udalak zerbitzuak erabiltzeko baldintza berezi batzuk ezartzen ahalko ditu kolektibo jakin batzuentzat, hain zuzen ere 13. artikuluan aipatzen diren erabiltzaile berariazkoen kategorian sartzen direnentzat, behar bezala justifikatuz gero eta gerentziak hala proposatzen badu.

20. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betebehar berberak izanen dituzte, espazioak, baliabideak eta zerbitzuak erabiltzeari dagokionez, betiere erregelamendu honen artikuluetan eta Udalak edo gerentziak ezartzen dituzten erabilera eta funtzionamendurako arau osagarrietan finkatzen denaren arabera. Bereziki beharturik daude Kulturguneko instalazio eta baliabide materialak errespetatu, zaindu eta mantentzera, haiek erabiltzeko egoerarik onenean egon daitezen beti.

Errespetatu beharko dira Kulturgunea kudeatzeko sinatzen den kudeaketa kontratuan eta zerbitzu osagarritzat hartzen den ostatu-jatetxea kudeatzeko kontratuan sartzen diren betebehar eta eskubideak.

21. artikulua. Kulturgunean funtzionamenduari buruzko baldintza orokor hauek beteko dira:

21.1. Kulturgunea elkarrekin erabiliko dute adineko pertsonek, gazteek, gizarte taldeek eta, oro har, kokatua dagoen herriko edo Leringo herritarrek, ezein espazio, baliabide edo zerbitzu ezin izanen baita kasuan kasuko erabiltzailearen (pertsona, talde edo elkartea) erabilera edo jabetza esklusibotzat hartu, 19. artikuluan xedatutako kasuan izan ezik.

21.2. Erabilera eta xede anitzetarakoak izateko sortu dira espazio, zerbitzu eta baliabideak, eta pertsona eta entitate guztien eskura daude, gerentziak edo Udalak aldez aurretik baimen espresua emanez gero.

21.3. Toki, baliabide eta zerbitzuen erabileran kontuan hartuko dira Kulturgunearen eginkizunak, egindako eskaera eta bertan dagoen ekipamendua.

21.4. Ez da espaziorik, zerbitzurik edo baliabiderik lagako irabazi asmoko entitateen jardueretarako, aldez aurretik arautu eta onetsi ez badira. Irabazi asmoko entitateek sinatutako eskaeren kasuan, Udalari dagokio kontzesioa ematea.

21.5. Entitate, talde, elkarte, kolektibo edo pertsona erabiltzaile guztiek beren jarduerak egokitu beharko dituzte, Udalak erabakiko baititu erabilerari eta zerbitzuen ordutegi nahiz egutegiari dagozkienak, Kulturgunearen kudeaketaz arduratzen den enpresa esleipen-hartzailearekin lankidetzan. Hasteko, honako ordutegi hau finkatu da:

Astelehenetik ostiralera, eguerdiko hamabietatik arratseko zortziak arte.

Larunbatetan, hamaiketatik ordu bata arte eta zazpietatik bederatziak arte.

Larunbatetan, hamaiketatik ordu bata arte eta zazpietatik bederatziak arte.

22. artikulua. Instalazioek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, segurtasun eta higiene aldetik, bertan garatzen diren zerbitzu eta jarduerekin bat.

23. artikulua. Udala edo, bestela, enpresa esleipen-hartzailea edo gerentzia arduratuko da, zerbitzuaren kudeaketarako ezartzen den araubidea kontuan hartuz, eraikinaren mantentze-lanez eta zerbitzu, programa edo ekitaldien kudeaketa bideratzeaz. Hori dena, batere ukatu gabe sinatzen diren kudeaketa kontratuen ondorioz etortzen diren betebehar eta eskubideak.

24. artikulua. Behar diren neurriak hartuko dira, herritarren ekimenetik sortutako jarduerak sustatzeko eta horien eta udal proposamenen arteko koordinaziorako.

II. KAPITULUA

Tokiak eta ekipamenduak

25. artikulua. Espazioen eta baliabideen erabilera eta lagapena arautzearekin, pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei erraztu eta eskuratu nahi zaizkie beren jardueretarako behar dituzten oinarrizko bitartekoak. Horretarako, Udalak erabakiak hartu eta lehentasunak zehaztuko ditu, espazioak okupatzeko egutegi eta ordutegiei dagokienez, arrazionalizazio eta optimizazio irizpideak erabilita, xedetzat izanik elkarrekin bateragarriak izatea elkarteak eta Kulturgunearen izaera irekia, parte-hartzea sustatzen duena.

26. artikulua. Antolamendu honek kontuan hartu beharko du Kulturgunearen funtzionamendurako gutxieneko araudia:

26.1. Kulturgunea jendearentzat irekita egonen da horretarako diren aretoetan, eta bertako erabiltzaile izaten ahal dira, bertako baliabideak eskura izanik, Leringo elkarteak, Kulturgunearen helburuekin bat heldu diren jarduerak egin gogo dituztenak, finkatutako ordutegiaren barrenean; baita antolatzen diren jarduera eta ikastaroetako parte-hartzaileak ere, ezarritako programazio eta ordutegiaren barrenean, haientzat bereizitako geletan.

26.2. Ekipamenduko espazio eta baliabideen erabilera eta lagapen pribatiboa nahi izanez gero, eskaera fitxa bat aurkeztu beharko da, hiru egun lehenago, bertan adierazita zein den jarduera, pertsona erantzulea, eguna, ordutegia, iraupena eta parte-hartzaileen kopurua, hala gerentziak behar den eraginkortasunarekin koordinatzen ahalko baititu eskatzaile guztien ordutegiak eta jarduerak. Lagapena ez da irmotzat joko organo eskudunak eskatzaileari kontzesioa jakinarazi arte.

26.3. Pertsona, talde edo elkarte orok eskatzen ahalko du gelen, espazioen edo eskuragarri dagoen ekipamenduko materialen erabilera, baina bazterturik daude, besterik gabe, epai judizialaren bidez legez kanpoko deklaratutako elkarteak.

27. artikulua. Espazioen erabilera laga ahal izateko, kontuan hartu beharko da gerentziak edo Leringo Udalak antolatu edo baimendutako ekitaldirik ba ote dagoen, eta ezin izanen da erreklamaziorik aurkeztu, baldin eta gisa horretako ekitaldiren batengatik lehendik baimendutako lagapen ordutegia bertan behera utzi edo aldatu behar bada. Dena dela, ahal izanez gero, erabaki hori berrogeita zortzi ordu lehenago bederen jakinaraziko da.

28. artikulua. Halaber, kontzesioa ezeztatu edo deuseztatzen ahalko da, edozein unetan, beharrezkoa bada, instalazioa gaizki erabili delako edo, bestela, egindako jarduerek lagapenaren jatorrizko arrazoien aurka jotzen badute.

29. artikulua. Kulturgunearen arduradunek beren esku gordetzen dute instalazioak erabiltzaileei eta jende orori erabat edo parte batean ixteko aukera, baldin eta ustekabeko arrazoiak direla medio haiek erabiltzea arriskutsutzat jotzen bada, edo behar bezala justifikatutako interes orokorreko beste arrazoi batzuengatik.

30. artikulua. Toki bat laga edo erreserbatzen denean, programatutako ikastaro edo jardueretan, tokia manera egokian erabiltzeaz arduratuko den pertsona bat behar da, eta haren izena eskaeran agertu beharko da. Jardueren arduradunek arau hauek errespetatu eta errespetarazi beharko dituzte.

31. artikulua. Telebista, bideoa eta gainerako aparatuak lokalaren arduradunak edo gerentziak eta/edo Udalak izendatzen dituzten pertsonek ibiliko dituzte bakarrik.

32. artikulua. Berokuntza eta klimatizazio aparatuen eta gainerako aparatu garrantzitsuen kontrola gelditzen da, bakar-bakarrik, zerbitzuaren esleipen-hartzaile suertatzen den enpresa edo sozietatearen esku, edo, bestela, Kulturguneaz arduratzen diren langileen esku. Esleipen-hartzaileak bere gain hartu beharko ditu aparatu hauek guztiak konpontzeko gastuak, baldin eta matxurak gertatzen badira gaizki edo axolagabeki ibili dituelako.

33. artikulua. Instalazioetan, utzikeriagatik edo gaizki erabiltzeagatik, zerbait hondatzen bada, erreserba egin duten erabiltzaile berariazkoek, norbanakoek edo kolektiboek erantzun beharko dute, batere ukatu gabe erregelamendu honetako VI. tituluan ezarritakoaren arabera legozkiekeen zehapenak. Hirugarrenei (kirol taldeak, klubak edo elkarte edo taldeak) zuzendutako jardueretarako erreserbak egiten dituzten federazio edo taldez goitiko entitateen kasuan, jardueretan parte hartzen duten kolektiboek zerbait hondatzen badute, berek erantzun beharko dute subsidiarioki.

34. artikulua. Nolako jarduera egin gogo den edo zer toki behar den, eskatzaileak adin txikikoak badira, guraso edo tutoreen baimena erantsi beharko da. Halakoetan behartzen ahalko da adin nagusiko arduradun bat izatea.

35. artikulua.

35.1. Egin litezkeen ikastaroetan materialak aretoetan uzteko eskubidea mugatua dago, eskura zer toki dagoen, materiala nolakoa den, eta zein den egin beharreko jarduera, horren guztiaren baldintzapean.

35.2. Nolanahi dela, material horiek prekarioan utziko dira, ez Udalak ezta kudeaketa taldeak ere ez baitute erantzukizunik izanen galdu, lapurtu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

36. artikulua. Prezio publiko edo tasen ordainketan ez da sartzen, non ez den espresuki zerbait zehazten, muntaketako edo prestakuntzako lan erantsirik. Onuradunek beren baliabide teknikoak (pertsonalak eta materialak) eduki beharko dituzte beren jardueretarako, kasu jakinetarako bertzelako zehaztapenik eman ezean.

37. artikulua. Kasu bakoitzeko lagapenean bete beharko dira gerentziak ezartzen dituen baldintzak. Baldintza bereziak ezartzea erabakitzen bada, idatziz eman beharko dira.

38. artikulua. Baldin eta espazio bakoitzean material orokorra badago (lagapena egiten den unean zehaztuko da), erabiltzaileen eskura utziko da, eta haiek arduratu beharko dute garraioaz, bilketaz eta dagokion lekuan altxatzeaz.

39. artikulua. Elementu jakin batzuk erabili edo muntatzeko, Udalak erabakitzen ahalko du, bere teknikari arduradunaren bidez, zein enpresak edo pertsonak egin behar dituzten lan horiek, kontuan hartuz lan horien eta materialen garraioaren kostua beti erabiltzaile eskatzailearen gain geldituko dela.

40. artikulua. Baldin eta Kulturgunean ez dagoen edo eskura ez den materialen bat behar bada, espazioa eskatu duena arduratuko da hura jartzeaz. Horretarako, kasu guztietan, Udalaren edo gerentziaren baimena beharko du.

41. artikulua. Kulturgunean egiten diren jarduera guztietan material egokiak erabili beharko dira. Material horiek edo jarduerak ezin izanen dute ondasun higigarri edo higiezinen egoera aldatu. Horretaz gain, kontuan hartu beharko dira edozein instalazio eta/edo material erabiltzeari buruzko arau berariazkoak.

42. artikulua. Arau orokor gisa, zerbitzuak, bertzelako agindu espresurik ez bada, instalazioa ixteko ordua baino ordu erdi bat lehenago itxi edo amaituko dira.

43. artikulua. Instalazioetan ez da zilegi:

Kartel edo folletoak jartzea Udalaren edo gerentziaren baimenik gabe.

Publizitatea paratzea baimena edo araua bete gabe. (Kasu guztietan, debeku da edari alkoholdunak eta/edo tabakoa kontsumitzera bultza dezakeen publizitatea).

Debekaturik dago adingabeei edari alkoholikoak saltzea eta kontsumitzea.

Animaliak instalazio guztietan sartzea, zakur gidarientzako araudian ezarritakoa izan ezik.

44. artikulua. Erretzaileentzat bereizten dira Kulturguneko aisialdiko eremua eta beheko solairuan kokatutako ostatu-jatetxea, erabat debekaturik baitago tabakoa eraikineko gainerako gela, pasabide eta bainugelen barrenean.

45. artikulua. Talde kudeatzaileak edo Udalak horretarako espres izendatzen duen batzordeak eginen ditu espazio eta ekipamenduen erabilerari dagozkion ikuskapen eta kontrol lanak.

46. artikulua. Zerbitzu osagarritzat hartzen den eraikinaren beheko solairuan kokatutako ostatu-jatetxeak, berez Kulturgunea deritzanaren aldean, funtzionamendu autonomoa izanen du, Udalak Kulturgunearen kudeaketa esleitzeko onesten duen baldintzen agirietan zehaztuko dena. Dena dela, Kulturgunearen elkarte edo kolektibo erabiltzaileek lehentasuna izanen dute ostatu-jatetxean, bazkari, afari edo bestelako ospakizunetarako, edarien eta janarien kontsumoa eginez, baina horretarako aldez aurretik errreserba egin beharko dute, 26.2 artikuluan zehazten den moduan, eta prozesu hori gerentziak kudeatuko du.

III. KAPITULUA

Ikastaroak, lantegiak eta jarduerak

47. artikulua. Kulturgunearen erabileran, lehentasuna izanen dute definizioarekin eta helburuekin lotura duten jarduerek, eta horien artean Leringo herritarren elkarteen eskutik sortzen direnek, bai eta lokalak bertan programazio jarraituak egiteko eskariek ere.

48. artikulua. Kulturguneak jolaserako jarduerak, aisialdirakoak, kultur arlokoak, prestakuntzakoak, gizarte gaietakoak eta abar eskainiko ditu, Leringo herritarren elkarteek, Udalak eta bestelako entitateek antolatzen dituztenak, dagoen eskaeraren arabera, edo dagokion teknikariak prestatutako animazio soziokulturaleko programa baten barrenean. Animazio soziokulturaleko programa horrek diseinatu, egin eta ebaluatu beharko ditu jarduketa eta jarduera soziokulturalak eta esku-hartze komunitarioak, elkartegintzaren eta boluntariotzaren aisialdi aktiboa sustatzeko eta herritarren partaidetza, oinarrizko gizarte sarearen sendotasuna eta demokrazioa kulturalaren garapena bultzatzeko ere bai.

Leringo Erretiratuen Elkarteak, Udalaren aldez aurreko adostasuna duela, egokiak iruditzen zaizkion jarduerak programatu eta prestatzen ahalko ditu, eta horretarako bere urteko programa aurkeztuko dio gerentziari.

49. artikulua. Animazio soziokomunitarioko programak errazten ahalko du ekipamenduak erabiltzen dituzten entitate eta taldeen parte-hartzea Kulturgunearen jardunean, horretarako sortutako batzar, batzorde, asanblea edo bestelako organo osagarrien bidez, zeinetan bilduko bailirateke entitate eta taldeen ordezkariak, kudeaketa taldeko kideak eta Udalaren ordezkariak.

50. artikulua. Jarduera publikoen programazioa ohiko hedabide eta euskarrien bitartez emanen da aditzera, baina bereziki Kulturgunean berean kokatutakoak baliatuz.

51. artikulua.

51.1. Jardueretako bakoitzean, jarduera mota eta helburuak kontuan hartuz, honako hauek zehaztuko dira:

Kuotak (halakorik baldin badago).

Tartea, egunak, ordutegia eta espazioa.

Parte hartzaileen kopurua (gehienekoa eta gutxienekoa).

Parte hartzeko baldintzak (eskakizunak eta/edo gizarte ezaugarriak), ikastaroaren helburua populazioaren sektore bati zuzentzen zaionean.

Adina.

Inskripziorako datuak (modua, tokia, egunak eta orduak), etab..

51.2. Ikastaro eta lantegietarako inskripzioak ez dira behin betikotzat hartzen, kasuan kasuko ordainketaren egiaztagiria aurkeztu arte, eta horretarako gehieneko epea izanen da inskripzio orrian zehazten dena.

52. artikulua. Entitate edo elkarte antolatzaileak, erregelamendu honen arabera horretarako baimenduta dagoenak, bestelako modu edo araurik ezartzen ez badu ikastaroak eta jarduerak kudeatu eta antolatzeko, honako hauen arabera eginen dira:

52.1. Inskripzioaren ordainketa Kulturguneko bulegoan edo Udaletxean eginen da, horretarako ematen diren jarraibideei kasu eginez.

52.2. Ikastaro eta lantegi guztietan, egin ahal izateko, gutxieneko plaza kopurua izan beharko da beterik, haiek hasi baino hiru egun lehenago.

52.3. Ikastaroa edo lantegia ezin bada egin, edozein delarik arrazoia, ezin izanen zaio Udalari inolako erantzukizunik eskatu, baina Udala beharturik egonen da ordurarte ordaindutako kuotak itzultzera.

52.4. Inskribatutakoen kopurua iristen ez bada ikastaroa edo lantegia egiteko behar den gutxienekora, suspenditu eginen da eta inskribatutakoei itzuli eginen zaie ordaindutakoa, gehienez ere hamabost eguneko epean.

52.5. Behin ikastaroa edo lantegia hasiz gero, ezin izanen da ordaindutakoa itzuli.

52.6. Ikastaroa edo lantegia uztea erabakitzen dutenek, ez dute deus atzera jasotzeko eskubiderik izanen.

53. artikulua. Prezio murriztu edo berezia duten erabiltzaileek, prezio horretaz baliatu ahal izateko, inskripzioaren unean berean behar den dokumentazioa edo karneta aurkeztu beharko dute, bai eta urte horri dagokion ordainketaren ordainagiria ere, halakorik dagoen kasuetan.

54. artikulua. Atseden aldiak finkatzen ahalko dira, ikastaroek edo lantegiek dirauten bitartean. Atseden aldi horiek denboraldi bakoitzean iragarriko dira. Atseden aldi, zubi edo jaiegunengatik ezin da ordaindutakoa itzultzeko eskatu jarduerarik ez dagoelako.ad.

55. artikulua. Aldez aurretik egindako erreserbak.

Espazioak erreserbatzeko eskariak horretarako espres onetsitako eskaera ereduaren bidez eginen dira.

56. artikulua. Jarduera pribatuak.

Enpresa eta/edo partikularrek herritarrei zuzenduta proposatutako jardueretarako, interes sozialekotzat hartzen badira, espazioak eskatzen ahalko dira, dagoen eredua baliatuz, aldez aurretik tasa edo dagokion diru kopurua ordainduta.

57. artikulua. Udalak Kulturgunean egiten diren jardueren jarraipena eginen du, onetsitako proiektuari eta Kulturgunearen helburuei ongi egokitzen zaien gainbegiratzeko.

V. TITULUA

Erreklamazioak

58. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Udalak edo, bestela, enpresa esleipen-hartzaileak edo gerentziak, zerbitzua kudeatzeko erabakitzen den araubidearen arabera, Kulturgunearentzat erantzukizun zibileko aseguru bat izanen du, instalazioaren akatsengatik gertatzen diren istripuak estaltzeko. Horretaz gain, Kulturgunean egiten diren jardueren sustatzaileek behar den asegurua sinatu beharko dute jarduera jakin bakoitzerako.

59. artikulua. Erreklamazio orriak eta gauza galduak.

59.1. Kulturgunearen erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, erreklamazio orriak eskura izanen dituzte hantxe bertan. Edozein erabiltzailek baliatzen ahalko ditu orri horiek, bertan bere datuak paratuta (zerbitzuren bateko bazkide bada, hori ere bai), zerbitzuek gaizki funtzionatzen dutela ikusten duenean. Erreklamazioa idatziz egiten ahalko da, eraikinean bertan edo Udaletxean. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna jasoko du.

59.2. Erreklamazioaren ebazpenaren kontra administrazio arloan bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, azken xedapenetako lehenean xedatutakoari jarraikiz.

59.3. Galdutako gauzak eraikinean bertan bilduko dira.

VI. TITULUA

Zehapen araubidea

60. artikulua. Tipifikazioa.

Erregelamendu honetako arauak betetzen ez badira, eta bereziki 16. eta 43. artikuluetan aipatzen diren eginbehar eta debekuei dagozkienak, zehapena merezi duten arau-haustea gertatuko da, hutsegite arinen mailakoa.

Gaizki erabiltzen bada, instalazioak hondatzen badira edo erregelamendua errespetatzen ez bada, eta horren ondorioz kalte material garrantzitsuak gertatzen badira edo elkarbizitzarako edo Kulturgunea egoki erabiltzeko nahaste larria baldin badator, hutsegitea larritzat hartuko da.

Horretaz gain, hutsegite larritzat hartuko da bi hutsegite arin edo gehiago egitea.

Hutsegite oso larritzat hartuko da bi hutsegite larri edo gehiago egitea.

61. artikulua. Prozedura.

Gertakarien berri emanen zaio Gizarte Zerbitzuen Alorreko zinegotzi arduradunari, zeinak behar den zehapen espedientea instruituko baitu, H.A.A.J. eta A.P.E. 30/1992 Legeari jarraikiz. Halako delegazioa bere gain hartua duen zinegotzirik ez badago, Alkatetzak horretarako izendatzen duen organoak eginen du instrukzioa.

Alkatea da prozedura ebatzi eta zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

62. artikulua. Kautelazko neurriak.

Alkateak behar den jokabidea ez duten pertsonei ohartarazteko ahalmena du, bai eta, are gehiago, instalazioetatik egoztekoa ere, badaezpadako neurri gisa, gertakariari buruzko txostenaren gaineko ebazpena ematen den arte.

63. artikulua. Zehapenak.

Hutsegite horiengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

Hutsegite arina: Ohartarazpena.

Hutsegite larria: Erabiltzaile, abonatu edo bazkide izateko eskubidea denbora baterako kentzea.

Hutsegite oso larria: Erabiltzaile, abonatu edo bazkide izateko eskubidea behin betikoz kentzea.

Hori dena, batere ukatu gabe izandako kalte eta galerak erreklamatzeko aukera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Ordutegiari dagokionez, 21.5 artikuluan aipatzen dena hasteko eta behin erabakitakoa da, orientatzeko balio duena, baina Udalak aldatzen ahalko du, gerentziak proposaturik, ordenantza hau aldatu beharrik izan gabe, baina eguneratu eginen da, baldin eta azken xedapenetako bigarrenean aipatzen den aldaketa gertatzen bada; hori dena batere ukatu gabe 9. artikuluan xedatutakoa.

Bigarrena._Beheko solairuan kokatutako ostatu-jatetxea zerbitzuaren kudeaketa bereiz arautzen ahal da, bere izaera desberdinari dagokiola, 2., 4. eta 5. artikuluetan aipatzen den bezala, Udalaren iritziz beharrezkoa bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Erregelamendu orokor honetan, zerbitzuei dagozkien arau erantsietan edo Kulturgunean eragina duten Administrazioaren xedapen orokor guztietan aipatzen ez diren kasuak, hasteko eta behin Kulturgunearen arduradunak ebatziko ditu bertako eskaletako edozeinetan, eta gero dagokion alorreko zinegotzi delegatuari igortzen ahalko zaizkio. Nolanahi dela, Udalak du hari buruzko ebazpena emateko ahalmena, administrazio bidean.

Bigarrena._Araudi hau partez edo osorik aldatzeko eskumena, esklusiboki, Leringo Udalaren osoko bilkurak du, gerentziak proposaturik edo entzutea emanda.

Hirugarrena._Ordenantza honek indar hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta biharamunetik hasi eta hamabost egun baliodunen buruan.

Iragarkiaren kodea: L0709564