86. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BETELU

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Beteluko Udalak, 2007ko apirilaren 4an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

2007ko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 14an, eta Udalaren iragarki oholean argitaratu ondoan, amaitu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen dira aldatutako artikuluak.

Betelun, 2007ko maiatzaren 18an._Alkatea, Miguel Javier Recalde Goldaraz.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da ezgaituei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz ezgaituen aukera berdintasuna eta haiek gizartean erabat sartzea. Hori, legedia honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legeaz aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legeko 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

Ezintasun iraunkorra duten gidariak

1. Elbarri interesdunak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

a) %33 edo hortik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

Behin betiko ezgaitasuna dutenen familiako bizikideak edo zaindariak

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) %33 edo hortik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

_Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa, elbarriarena.

_Minusbaliotasunaren ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

_Osasun ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

_Gidabaimen eguneratuaren fotokopia konpultsatua.

_Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

_NANaren fotokopia konpultsatua.

_Eskaera familiako batek edo zaintzaile batek egiten duenean, minusbaliatuaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak sartuko dira.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

1. Txartela ibilgailuaren aurreko partean jarriko da, txartelaren aurrealdea kanpotik argiro ikusten dela.

2. Indarraldia amaituta, lau urtekoa izanen baita, ez du baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

3. Txarteldun ibilgailua aparkatu ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, ezgaituentzako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bestelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4. Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

b) Oinezkoendako pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Beste baten txartela erabiltzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0710072