81. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

190/2007 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, 2007. urtean Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, autobus geltokietan markesinak eraiki eta instalatzeko inbertsioak hein batean finantzatzeko.

Bidaiarien garraio zerbitzu publikoa eta segurtasuna hobetzea ahalbidetzen duten elementuetako bat Nafarroako herri ezberdinetan autobusetarako ezarririko geltokietan markesinak eraiki eta instalatzea da, eta horregatik, dirulaguntzak ematea arautu behar duten irizpideak ezartzen dituen deialdia onetsi behar da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren bizkar emaniko dirulaguntza guztiak, Nafarroako aurrekontu orokorretatik ematen direnak, gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, eta bebeharrak, bai eta dirulaguntzak, arau-hausteak eta zehapenak eman, kudeatu, itzuli, jarraipena eta kontrolatzeko bidea ere.

2007ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2006 Foru Legeak "Gelditzeko bideak eta markesinak" izeneko kontusaila sortu du Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2007. urtean Nafarroako udaletan autobus geltokietan markesinak eraiki eta instalatzeko inbertsioak hein batean finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea, ebazpen honetako I. eranskineko oinarriekin eta II. eranskinean xedaturikoarekin bat.

2. 98.297,54 euroko gastua onestea, 2007. urteko Gastuen Aurrekontuko "Gelditzeko bideak eta markesinak" izeneko 630000- 62110-7609-441100 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Garraioko Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan Ekonomia eta Ogasunekoak duen kontu-hartzailetzari jakinaraztea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 13an._Garraio zuzendari nagusia, Jesús María Odériz Echevarría.

I. ERANSKINA

2007. URTEAN AUTOBUS GELTOKIETAN MARKESINAK ERAIKI ETA INSTALATZEKO INBERTSIOAK HEIN BATEAN FINANTZATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1._Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea 2007. urtean Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da, markesinak eraiki eta autobus geltokietan instalatzeko inbertsioak hein batean finantzatzeko; horrela, errepideko bidaiarien garraio publikoko erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren baldintzak hobetuko lirateke.

Edozein modutara, deialdiaren oinarrian aipatzen diren markesinak paratzeko, bertan ezarritakoari jarraitu beharko zaio

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira dauden markesinak konpondu, berritu, mantendu eta zaintzea edo beste leku batera eramatea xede duten obra eta jarduera guztiak.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularren kontzesioetan baimena ez duten geltokietan markesinak eraiki eta instalatzea.

2._Onuradunak.

Dirulaguntzen araubide horri heltzen ahal izanen diote markesinak eraiki eta instalatu nahi dituzten udalek, obrak kontratatzeko espedientea 2007ko ekitaldian hasten bada, eta markesinak 2007ko abenduaren 1aren aurretik instalatzen badira.

3._Aurreikusitako laguntzak.

Deialdi honetan araututako laguntzak edo dirulaguntzak markesinak eraiki eta instalatzeko behar diren inbertsioak hein batean finantzatzeko erabiliko dira osorik. Dirulaguntza markesina eraiki eta instalatzeak sorturiko gastuaren %64koa izanen da, eta nolanahi ere, laguntza hori ezin izanen da 10.500 eurotik gorakoa izan markesinako.

Onartutako eskaerak eta aurrekontuetan dagoen dirua ahalbidetzen badute, dirulaguntza markesina eraiki eta instalatzeak sorturiko gastuaren %90ekoa izaten ahal da, nolanahi ere, laguntza hori ezin izanen da 14.800 eurotik gorakoa izan markesinako.

4._Eskaeren aurkezpena eta ekarri beharreko agiriak.

4.1. Eskaerak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erregistroan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan, hilabeteko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Postetxeetean aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

4.2. Eskaerak udaleko alkateak sinatu eta Garraio Zuzendaritza Orokorrera bidaliko dira. Eskabidearekin bat, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Markesina eraiki eta instalatzea burutzeko aurrekontua, eta markesinaren oinarrizko proiektuari buruzko memoria baloratu eta eguneratua, arloko teknikari eskudunak sinaturikoa. Horiekin batera, eraiki eta instalatu beharreko obra agertzen duen agiri grafikoa erantsi beharko da, obra aztertu eta baloratzeko.

Oinarrizko proiektu horrek deialdi honetako II. eranskinaren 1. eta 3. ataletan ezarritako baldintzak bete eta instalatu nahi den markesina modeloa adierazi beharko du.

b) Aurreikusi den finantzaketari buruz udalak hartutako erabakiaren ziurtagiria eta, halakorik bada, finantzaketan kide diren erakundeena. Zehatz azalduko da bakoitzak ematen duen kopurua, bai eta obrak egin eta instalaziorako aurreikusitako epeak ere. Ziurtagiri horretan bertan diruz lagundutako eraiki eta instalatzeko obra burutzeko asmoa agertuko da, hori finantzatzeko konpromisoa bere gain hartuta, baita aurreko atalak aipaturiko txosteneko aurrekontuaren gainean sor litezkeen gainkostuena ere, beste erakunderen batek aldi berean finantzatzen badu, organo eskudunaren finantzaketa hitzarmen berariazkoa.

c) Markesina instalatzeko erabiliko diren lurren lurzati-zedula. Udala lurren jabea izan ezean, gutxienez 20 urterako lagapen agiriaren fotokopia konpultsatua ere aurkeztu beharko da. Aipatu lurzati-zedulan geltokiaren eta markesinaren kokapen zehatza zehaztuko da.

Udal eskatzaileak erabilera-eskubidea bakarrik badu, lurren jabeak eraiki eta instalatzeko obrak egiteko berariazko baimena ematen duela adierazten duen agiria ere aurkeztu beharko da, erabilera-eskubidearen iraupena gutxienez 20 urtekoa dela zehaztuta.

Markesinaren kokapenak deialdi honetako II. eranskinaren 2. atalean jasotako autobus geltokiak zuzen kokatu eta seinaleztatzeko gomendioak bete beharko ditu.

d) Garraio zerbitzu publikoak egiten dituen garraio erregularreko, edo eskola edo laneko garraioko enpresen zerrenda, eta egunean egiten diren zerbitzuen kopurua, bai eta autobusa egunero erabiltzen ahal duten pertsonen batez besteko kopurua ere.

e) Eskatzaileak bere eskaeraren indargarri aurkeztu nahi dituen bestelako agiriak, foru agindu honetan aipatzen diren irizpide eta adierazleen gainekoak.

4.3. Aurkeztu beharreko agiriek jatorrizkoak behar dute izan edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak.

4.4. Agirien aurkezpenean akatsik atzemanez gero, edo oso-osorik beteta egon ez edo eskaera baloratzeko aspektu garrantzitsuren bat behar bezala egiaztaturik ez badago, udal eskatzaileari akats edo hutsunea zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, hori jakinarazi eta ondoko egunetik hasita, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

5._Hautatzea eta eskaeren balorazio irizpideak.

5.1. Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak aurkeztutako agiriak aztertu eta baloratuko ditu 5.2 oinarrian ezarritako irizpideen, lehentasunen eta deialdi honetako II. eranskinean xedatutakoaren arabera, Garraio zuzendari nagusiari dirulaguntzak emateko txostena eta proposamena egiteko, eta horren ondorioz, horrek dirulaguntzen deialdia ebazteko.

Eskaerak ahalik eta hobekien baloratzeko, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak txosten osagarri ez lotesleak eskatzen ahalko dizkie Plangintza, Segurtasunaren Koordinazio eta Trafiko Zerbitzuari, trafiko eta bide segurtasunaren inguruan, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, markesinen kokapenean berehala edo epe luzera eragiten ahalko duten proiektu, egite edo ustiatze fasean diren bide sareko jarduketak egitearen inguruan.

Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak proposaturik, deialdi honetan araututako dirulaguntza ukatzen ahalko da, deialdiko II. eranskinaren 2. atalean adierazitako gomendioak betetzen ez badira.

5.2. Udalen eskaerak hautatuko dira, erabilgarri dagoen diru-esleipena muga izanda eta hurrengo lehentasun-irizpideak kontuan hartuta:

1. Lehendabiziko lehentasun ordena.

_Hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularrerako geraleku batean markesinak eraiki eta instalatzeak, lehentasuna izanen du garraio erregularra eta eskolakoak batera erabiltzen badute, beste aukera batzuen aurrean.

_Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta Toki Entitateen arteko lankidetza hitzarmenetan bidaiarien garraio erregularraren emakidak aldatu edo indartzeko zehaztu diren geltokietan markesinak eraiki eta instalatzea.

2. Bigarren lehentasun ordena.

_Markesina erabil dezaketen pertsonen kopurua, instalatuko den biztanle-entitateko biztanle kopuruaren eta markesinaren kokapenean gelditzeko baimena duten bidaiarien garraio erregularreko zerbitzuen kopuruaren arabera, norabide berean eta astelehenetik ostiralera.

3. Hirugarren lehentasun ordena.

_Baldintza meteorologiko txarrak dituzten herrietan markesinak instalatzea, ahal dela altuera eta plubiositate handien irizpideei jarraikiz.

Deialdi honen lehendabiziko lehentasun ordenean sartu ez diren markesinak eraiki eta instalatzeak diruz lagundu ahalko da, baldin eta erabateko lehentasuna duten eskaerak bete ondoren aurrekontuan nahikoa diru gelditzen bada.

Bi eskaeraren arteko berdinketa ematen bada aurreko lehentasun-irizpideak ebaluatzean, eta aurrekontuan behar adina dirurik ez badago, lehentasuna izanen dute aurrekontu ekonomikoagoa duten eskaerek. Berdinketak iraunez gero, biztanle gutxien dituen udalak izanen du lehentasuna.

6._Ebazpena.

6.1. Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak txostena eta proposamena egin ondoren, Garraio zuzendari nagusiak ebazpena eman eta hura jakinaraziko du, bi hilabeteko epean eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik kontatzen hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

6.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta bertan dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira.

6.3. Deialdirako onetsitako gastua eta 3. oinarrian aurreikusitako mugak dirulaguntzaren zenbatekoa baldintzatu eta mugatuko du.

2007ko ekitaldi ekonomikotik dirulaguntzak jasotzeak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere dirulaguntzak hartzeko.

7._Dirulaguntzen aldaketak eta bateragarritasuna.

7.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du.

7.2. Deialdi honen bidez emanen diren dirulaguntzak bateragarriak izanen dira Administrazio honek, beste edozein Administrazio Publikok, erakunde publiko, pribatu edo partikularrek, nazionalak nahiz nazioartekoak direnak, emandako dirulaguntzekin.

Dirulaguntza jasotzen dutenek aldi berean beste entitate bateko dirulaguntzak hartzen badituzte, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari jakinaraziko diote. Laguntza guztien zenbateko osoa ez da izanen, inola ere, onuradunak egin beharreko eraiki eta instalatzeko obren kostua baino handiagoa. Kasu horretan, deialdi honek emaniko dirulaguntza murriztuko da, jasotako laguntzen zenbateko osoa markesina eraiki eta instalatzeko obren benetako kostua baino handiagoa izan ez dadin.

8._Dirulaguntzaren onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

8.1. Dirulaguntza hauek jasotzen dituzten udalek deialdi honen 3. oinarrian aipaturiko xederako erabili beharko dituzte eman zaizkien fondoak.

8.2. Markesinak zaindu, garbitu, mantendu, konpondu edo ondoren berritzeko lanak markesinen jabe diren udalen kontu eta kargura gauzatuko dira.

8.3. Deialdi honen xede diren markesinak instalatzeko laguntzak jasotzen dituzten udalek ezin izanen dituzte eraisten edo beste leku batera eramaten instalatzen direnetik hurrengo 5 urteetan, gutxienez, Garraio Zuzendaritza Nagusiak aurretik horretarako baimena eman ezean.

8.4. Dirulaguntza jasoko duten udalek onartu beharko dituzte Garraio Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituen frogapenak eta dokumentuak aurkeztea.

8.5. Garraio Zuzendaritza Nagusiak, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren bidez, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Dirulaguntza hartzen duen erakundea beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein agiri ematera.

9._Dirulaguntzaren xedea bete izanaren justifikazioa eta ordainketa.

9.1. Markesina eraiki eta instalatzeko obra amaitu ondoren, dirulaguntza jasotzen duten udalek hurrengo agiriak aurkeztu beharko dituzte 2007ko abenduaren 4a baino lehen, emaniko dirulaguntza ordaintzeko asmoz:

a) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, markesina eta informazio zutabea deialdi honen II. eranskinaren 1. atalean adierazi bezala instalatu direla adierazten duena, markesina eraiki eta instalatzeko egin gastuaren ordainagirien zerrendarekin batera. Obrak administrazioak egiten baditu, kontzeptu berarako gastuaren fakturak eta bestelako justifikanteen zerrenda aurkeztuko da ere.

b) Ondoko datuak zehazten dituzten agiriak: esleipenaren data, enpresa esleipen-hartzailea, enpresaren identifikazio datuak (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta esleipenaren zenbatekoa.

Obrak administrazioak egiten baditu, esleipen aktaren ordez toki entitateko organo eskudunak hartutako erabakia aurkeztuko da. Erabakiak obrak sistema honen arabera eginen direla adieraziko du.

c) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa denean, onuradunak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

9.2. Lanak diruz lagundutako proiektuaren arabera eginen dira. Dirulaguntzaren xede den inbertsioa dela eta, hasieran aurreikusiak ez ziren gaineratutako kostuak onuradunaren kargura izanen dira.

9.3. Obren bukaerako kostua diruz lagundutako aurrekontukoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, kostua jaitsi den proportzio berean, deialdi honen 3. oinarrian aipatutako ehunekoa ez gainditzeko.

10._Ez-betetzea.

Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, dirulaguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuak faltsutzen edo xedeak aldatzen direla ikusten bada, dirulaguntza galdu eginen da, eta ordura arte jasotako kopuruak itzuli beharko dira, alde batera utzi gabe legeetan aurreikusi diren gainerako erantzukizunak.

Arau hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean oro har xedatutakoa aplikatuko da.

11._Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua hartuko da aintzat.

12._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren atarian: www.navarra.es.

13._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta hau betetzeko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salara igorria, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

II. ERANSKINA

Geltokiek, markesinek eta beren kokapenak bete beharreko baldintzak eta betekizunak

1._Markesina guztietarako derrigorrezko elementua.

Zutabe informatiboa.

Bi aldeetatik ikusgai dagoela markesinen ondoan jartzen den zutabea da. Batez ere, bi zeregin ditu:

1. Autobus geltokia dagoela adieraztea.

2. Autobusen ordutegiari buruzko informazioa, eta hala denean, udalak interesgarritzat jotzen dituen beste informazio batzuk ematea.

Gutxi gorabehera 3,25 metroko altuera, 0,5 metroko diametroa eta 1,5 milimetroko lodiera dituen zutoin zilindrikoa dauka (burdinazko tutua). Zutoin horrek 3 zati bereizi ditu:

_Goiko zatia: metro 1eko altuera du, atzealdea gorria da, eta letrek marrazkia eta testua dituzte Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoaren arabera. Diruz lagundutako obren informazio euskarrietarako diseinuari buruzko arauetan ezarritako testua ere egonen da, Nafarroako Foru Komunitatearen identitate korporatiboaren programaren arabera.

_Erdiko zatia: alboko beirazko lau xafla gardenez osatzen da. Xaflak aroztegi metalikoko profilen gainean daude. Profilak 40 x 40-ko lau profil metalikoei lotuta daude, eta informazio zutabearen goiko eta beheko aldeen arteko lotura eta euskarri gisa balio dute aldi berean. Lau xafletako bat birakaria da bertikalki, barrura sartzeko, eta giltzarrapo batekin edo antzeko zerbaitekin ixten da. 1,25 metroko altuera du. Barnetik euskarri biratzailea du, horretan bidaiarien autobus garraioko zerbitzuen ordutegiari buruzko informazioa edo beste informazio interesgarri batzuk jar daitezkeela.

_Beheko zatia: metro 1eko altuera du, metalezkoa da, gris kolorekoa, eta lurreko ainguraketa sistemak ditu.

Dena dela, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta toki entitateen lankidetza hitzarmenaren ondorio diren kontzesioetan, II. eranskinean azaldutakoaren desberdin den beste zutabe bat jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuko anagrama eta logotipoa agertu beharko den arren, diruz lagundutako lanen informazio euskarri bati dagokion gisan. Kasu honetan, informazio zutabea lankidetza hitzarmenaren xede diren bidaiarien garraio trafikoan sartuta dauden geraleku guztietarako berdina izanen da eta lankidetza hitzarmena izenpetu duten toki entitate guztien onespena beharko du izan.

Markesinak jarriko diren autobus geltokiak zuzen kokatu eta seinaleztatzeko gomendioak.

A) Geltokian autobuserako erreia egotea. Irisgarritasuna

Guztiz ezinezkoa izan ezean, geltokia eta markesina galtzadatik kanpoko errei batean jarriko dira. Errei eta galtzadaren artean autobus batek ondoko maniobrak egiteko beste distantzia egonen da: gelditu, bidaiariak hartu, bidaiariak utzi eta abiatzea, zailtasunik eta arriskurik gabe.

Kokapenak erabiltzaileen, eta bereziki, mugikortasun murriztuko pertsonen irisgarritasuna bermatu behar du, trafikoaren fluxua ahalik eta gutxien eraginda.

B) Kokalekua eta ikusgarritasuna

Markesina eta autobusetarako geltokia tarte zuzenetan kokatu beharko dira. Markesinak ez dira inoiz instalatuko kurba batean, kurba baten amaieran eta sestra-aldaketan, ezta behar bezalako ikuspena ez duten lekuetan ere, eta betiere salgaien zamalanetatik urrun.

Geltokia, markesina eta bere seinaleztapen bertikala argi ikusi behar dira, haiek antzematea eragozten duen elementurik gabe, hala nola: zuhaitzak, hiri altzariak, aparkatutako ibilgailuak...

Markesinen kokapenean eragina izaten ahal duten hirigintzako jarduketak planifikatuta dauden eremuetan ez da markesinarik jarriko.

C) Zebra-bidea edo oinezkoen pasabidea.

Komeni da markesina eta geltokia dagoen zebra-bide baten ondoan jartzea. Bestela, markesinatik hurbil dagoen zebra-bidea seinaleztatzen saiatuko da, behar bezala seinaleztatzen dena eta geltokiaren aurrean _zirkulazioaren noranzkoan_ dagoena, erabiltzaileak autobusaren atzetik gurutzatzea eragozteko, horrek ikuspenik ez izatea ekarriko luke eta.

Oinezkoen pasabideak edo zebra-bideak kalitatezko pintura distiratsuaz eta ez labaingarriaz seinaleztatzea gomendatzen da, euria egiten duenean motor-gidariak ez erortzeko eta ibilgailuek irrist ez egiteko. Seinaleztapen bertikal zuzena egunez zein gauez edo egoera meteorologiko txarretan ikusten ahal izanen da.

D) Argiak paratzea

Hirigunean edo sare elektrikoa hurbil daukaten lekuetan, argi egokiak instalatuko dira markesinan hobeto ikusteko, baita seinaleak ere ordutegiei buruzko informazioa ikusteko, itsualdi deserosoak saihestuta.

E) Kontserbazioa

Udal bakoitzak ondoko ardurak hartuko ditu bere gain:

_Bidaiarien garraio enpresei markesina dagoela eta gidarien jardute-arauak zeintzuk diren adieraztea, maniobrak erraztu eta istripu arriskuak saihesteko asmoz.

_Markesina garbitu eta zaintzea, hori gaizki ez erabiltzen saiatuta eta kalteren bat sortu duen istripuaren datuak idatzita, azkar eta behar bezala konpontzeko asmoz.

_Bandalismo ekintzak gertatzen direnean beharrezko zaintze-neurriak berehala hartzea, bereziki, kristalak ordezkatzeko.

3._Dirulaguntzaren xede diren markesinen lehentasun-modeloak.

1. modeloa: zurezkoa.

Modelo ezagunena da, Nafarroako herri gehienetan instalatu da eta. Honakoek osatzen dute markesina hori:

Burdina galbanizatuzko eta aire libreko iraunkortasuna handitzeko trataturiko pinu gorriko zurezko egitura hibridoa.

Estalkia eta bere euskarriak zur geruzatu lauzkoak dira. Goi-presioetan eta goi-tenperaturetan gogortutako zuntz eta erretxinen nahasketak osatzen du barnetik, 13 milimetroko lodiera du, baita bi aldeko isurialde handia ere, ura eta elurra azkar husteko. 10en bat metro koadroko azalera estalia geratzen da.

Itxitura bertikalak: Alboko bi horma eta hondoko bat: horiexek ere zur geruzatuzkoak dira, eta aluminiozko arrastelen gainean daude, hondoko hormak hiru metro ditu, alboko hormek 1,5 metro dituzte, eta altuera 2,2 metro ingurukoa da.

Hondoko horman zurezko bankua jartzen da, 2,4 x 0,4 metrokoa, burdina galbanizatuzko metalezko ainguraketen gainean.

Zolata hormigoizko azalera lauak, 6,5 x 3,6 metrokoak (23 m², gutxi gorabehera) osatuta dago, eta 13 cm-ko lodiera du. Legar trinkotuzko geruza baten gainean dago, egitura, bankua eta zutoina edo informazio zutabea bertan ainguratuta daudela. Aldapa txikia izanen du kanporantz, putzuak osatzea eragozteko asmoz, eta ez du inolako eskailerarik izanen, gurpil-aulkian doazen minusbaliatuak edo mugikortasun murriztuko pertsonak sartzen ahal izan daitezen.

2. modeloa: harrizkoa.

Markesina modelo hori ez dago oso zabalduta: hiriguneetan eta batez ere harrizko ingurunea duten herrietan instalatu da. Honakoek osatzen dute markesina hori:

Egitura lurrerako egokia den zimendatzearen gainean dauden harrizko horma bertikalek osatuta dago.

Estalkia: zeramika kurbatuzko teilak, arabiar motakoak edo antzekoak. Aldapa %35ekoa da, porlanezko morteroan amaitzen dena, aire zabaletik babesteko lixatu eta bernizatu diren gaztainondo edo haritzeko zurezko habexken eta zur mihiztatuzko oholtzaren gainean, eta gutxieneko altuera 2,20 metrokoa da.

9 metro karratuko azalera erdi itxia dago, guztira 24 metro karratu dituen estalkiaren azpian.

Itxitura bertikalak bistako harrizko hormak dira, guztiz perpendikularrak diren angelu izkinak dituztenak. Azalera 24 metro karratukoa da, gutxi gorabehera, eta 0,45 metroko lodiera dute. Alboko hormek 2,45 metroko oinplanoa dute; hondoko hormak, berriz, 5,4 metrokoa.

Hondoko horman gaztainondo edo haritzeko zurezko bankua jarriko da (estalkirako aukeratu den zur motaren arabera), 20x5 cm-ko sekzioa eta 4,5 metroko luzera dituena, eta hormen harri berdinaz egindako hormatxoari lotuta dagoena.

Zolata: 5 cm-ko batez besteko lodiera duten harri naturalezko lauzak, harrien kolore berdina duen hareaz oraturiko porlanezko morteroan amaitzen direnak.

Aldapa txikia izanen du kanporantz, putzuak osatzea eragozteko asmoz, eta ez du inolako eskailerarik izanen, gurpil-aulkian doazen minusbaliatuak edo mugikortasun murriztuko pertsonak sartzen ahal izan daitezen.

4._Zehaztapenak

Udal interesdunek beren herrietan markesina instalatzeko dirulaguntza eskatzeari buruzko erabakia hartu ondoren, interesa duen udaleko teknikarien eta Garraio Zuzendaritza Nagusiko langileen arteko bilera hitzartzen ahal izanen da, markesinaren instalazioak bete beharko dituen zehaztapenak eta xehetasunak zehazteko. Bi markesina modelo horien eraikuntza-xehetasunak eskatzaileen eskura egonen dira, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuan.

Iragarkiaren kodea: F0709887