81. ALDIZKARIA - 2007ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

328/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2007. urtean Nafarroan oihaneko suteei aurrea hartzeko neurriak ezartzen dituena.

Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoak, 37. artikuluan ezartzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena da oihaneko suteen prebentziorako eta suteen kontra borrokatzeko neurriak planifikatu, koordinatu eta betearaztea. Era berean, Oihaneko Administrazioak eskumenak ditu oihaneko suteen prebentzioaren arloan.

Nafarroako Oihan Planaren 341. egintzan, "oihaneko suteen aurkako aurreneurriak ezartzea" izenekoan, oihaneko suteei aurrea hartzeko neurriak jasotzen dira eta egintza horren arduraduna Oihaneko Administrazioa da.

Nafarroako landa inguruneko suteen kopurua handitu egin da azken urteotan, baina ukitutako eremua ez da beste autonomia erkidegoetakoa bezain handia, eta aldakorra da, baldintza metereologikoen arabera. Halere, gure sistemek ondoriorik paira ez dezaten, beharrezkoa da pertsona eta baliabide tekniko ugari erabiltzea, bai aurrea hartzeko lanetarako, bai suteak itzaltzeko.

Uda honetarako aurreikuspen meteorologikoen arabera tenperatura oso altuak izanen ditugu, eta euri gutxi. Egoera horrek eta erregaiaren oparotasunak, udaberri euritsu samarra izan baitugu, oihanetan suteak izateko arrisku handia dakarte.

Aurreko bi urteetan, zeinetan landalurretan sua erabiltzeko debekua ezarri duten foru agindu bana eman baita, suteen kopurua jaitsi egin dela egiaztatu dugu.

Beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitate osoan suaren erabilera arautzea, galera ekologiko, ekonomiko eta sozialik ez izateko.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak egindako txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Debekatu egiten da sua landalurretan egitea, eremu zabal irekian, ondoren azaldu bezala:

1.1. Sua egitea debekatzea oihan lurretan, edozein araubide dutela, zuhaiztiak, zuhaixkak edo sastrakak badituzte, larreetan eta belardietan, baita sua egiteko prestatutako tokietan ere, hots, barbakoetan edo sua egiteko prestatutako kanpoko edozein tokitan.

1.2. Sua egitea debekatzea errepideen ondoko atsedenguneetan, baita sua egiteko prestatutako tokietan ere, hots, barbakoetan edo sua egiteko prestatutako kanpoko edozein tokitan.

1.3. Oihaneko aprobetxamenduetan edo oihangintzako tratamenduetan gelditzen diren hondarrak erretzea debekatzea, ezinbesteko arrazoi fitosanitarioengatik Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez baimentzen direnean salbu.

1.4. Lehorreko alorretan edozein erreketa debekatuta dago, foru agindu honen 7.5 puntuan aurreikusitako salbuespenekin.

1.5. Landa lurretan material piroteknikoaren erabilera debekatzea, edozein helburu duela ere. Aurreko debekuaz gain, eta hirilurretan nahiz lurzoru urbanizagarrietan su artifizialen ikuskizun publikoak egiten direnean, landalurretik 300 metrora edo hurbilago, ondoko aurreneurriak hartuko dira:

a) Astebete lehenago Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiari su-festak noiz eta non eginen diren adieraziko zaio.

b) Suak hasten diren unean horren berri eman beharko zaio SOS Nafarroari (112 telefonoa). Bukatzen direnean ere berdin eginen da.

c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, SOS Nafarroari eman beharko zaio abisua ahalik lasterrena (112 telefonoa).

1.6. Erretzen ari den edo sute bat sortzeko ahalmena duen edozer bota edo uztea debekatzea; debekuaren barruan sartzen da Nafarroako edozein komunikazio bidetatik zirkulatzen duten ibilgailuetatik zigarrokinak botatzea.

1.7. Eremu irekiko landalurra da eraikinetatik kanpo dagoena da. Landalurretan su egin ahalko da eraikinetan, etxoletan edo eraikuntza-paramentuetan, betiere, gutxienez, eraikitze materialez eginiko hiru pareta eta zorua, edo landarerik gabeko zorua, baldin badituzte, bai eta ilintiak itzaltzekoa duen tximinia ere.

2. Oihan-pistetan ibilgailu motordunekin zirkulatzeko ondoko arau hauek bete beharko dira:

2.1. Foru agindu honen ondorioetarako, oihanean den edozein bide hartuko da oihan-pistatzat, zola emanda egon edo ez egon. Ez dira oihan-pistatzat hartuko Nafarroako errepideen sarean sarturik dauden komunikabideak.

2.2. Bestelako baimenik ezertan ukatu gabe, honako ibilgailu motordun hauek ibiltzen ahal dira Nafarroako baso-pistetan:

a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak.

b) Oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.

c) Administrazio Publikoetako edozeinen ibilgailu ofizialak.

d) Zerbitzua eskaintzeko oihan-pistak daraman lurretan egiten diren oihaneko zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, baso-lanekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihaneko zereginetan).

e) Zerbitzua eskaintzeko baso-pistak daraman lurretan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.

f) Administrazio Publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza-lanetan ari direnak.

g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze-lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.

h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, zerbitzua eskaintzeko baso-pistak daraman lurretan.

i) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei laguntza emateko ibilgailuak.

2.3. Arestian aipatutako ibilgailuek, baso-pistetan barna ibiltzen direnean, honako prebentzio-neurri hauek bete beharko dituzte nahitaez:

a) Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean.

b) Ibilgailu horiek baso-pistan bertan edo espresuki prestatutako tokietan baizik ezin izanen dira aparkatu. Debekatua dago, erabat, beste inon aparkatzea.

c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, ibilgailuen erabiltzaileek SOS Nafarroa112-Nafarroako Larrialdi Agentziari abisatu beharko diote ahalik lasterrena.

Ibilgailuan eskuko ur-itzalgailu bat izatea gomendatzen da (itzalgailu hidrikoa, sulfatagailua, sua itzaltzeko bizkar-zorroa, etab.), gutxienez 15 litrokoa.

2.4. Debekatua dago aurreko puntuetan aipatu gabeko ibilgailuak baso-pistetan barna ibiltzea. Hori hala izanik ere, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimen bereziak eman litzake.

3. 13/1990 Foru Legean menditzat hartutako lurretan baso-lanetarako makina eta tresnak erabiltzeko arauak.

3.1. Mendian motorra duen edozein tresna hartuko da oihaneko makina edo tresnatzat, potentzia edonolakoa duela ere.

3.2. Mendian edozein makina edo ekipo erabiltzeko, baso-pistetan zirkulatzen duten ibilgailuei eskatzen zaizkien baldintza berberak bete beharko dira. Gainera, makina handiekin lan egiten den tokietan (bulldozerrak, skidderrak, sasiak garbitzeko makina mailudunak, etab.), gutxienez ur biltontzi bat jarriko da, 1.000 litrotik gorakoa.

4. Aurretiko baimenak.

Foru agindu honen aurretik eman ziren baimen guztiak indarrik gabe geldituko dira hau argitaratzen denetik baldin eta foru agindu honetan espresuki baimendutako jarduerak ez badira.

Foru agindu honetan baimentzen diren jarduerak orain ezarri diren neurrietara egokituko dira foru agindu hau argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean.

5. Nekazaritzako lurzatiak.

Lehorreko hektarea bakoitzeko batez beste 4,4, 4,1 edo 3,7 tonako errendimendua esleitua izan eta herriguneekin, edozein motatako errepideekin, trenbideekin edo 10 hektarea baino gehiagoko zuhaiztiekin muga egiten duten udalerrietan, uztondoa duten nekazaritzako lurzatien jabeek edo laborariek lurra lantzen ahalko dute uzta ondoko edozein momentutan, suebaki bat egiteko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emandako 236/2006 Foru Aginduan ezarri bezala. Foru agindu horren bidez, kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri ziren, Europar Batasuneko nekazaritza arloko politikaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.

Foru agindu horren arabera, landutako lurzatietan dauden lasto-meten kasuan, zerrenda bat landuko da haien perimetroan, lasto-metaren altuera bera duena, gutxienez, uzta ondoko 10 eguneko epean. Lasto-metak uzta ondoren egiten badira, perimetroko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean landuko da.

6. Bestelako baimenak.

Foru agindu honi jarraikiz ematen diren baimen orokorrak bateragarriak dira aplikatu beharreko beste edozein arauren arabera eska daitekeen beste edozeinekin.

7. Ohiz kanpoko baimenak.

7.1. Erromeriak edo festak. Salbuespen gisa, toki entitateen egutegietan usadioz ezarririk dauden erromerietan eta festetan jana prestatzeko sua egiteko baimena eman ahalko da.

Eskabidea Ingurumen, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalean aurkeztu beharko du ospakizuna egin behar den udal edo kontzejuak, gutxienez 15 egun lehenago, eta Aministrazio hori arduratuko da berariaz eta tokian tokiko berezitasunak kontuan hartuz zehaztuko diren prebentzio neurriak betetzeaz.

7.2. Erlezaintza. Erlezainen Elkarteak aurretik eskatuta, baimen berezia eman ahalko da kea botatzekoak erabiltzeko erlauntzetako lanetan. Elkarteak bazkide zerrenda bat aurkeztu beharko du, tratamenduak egiteko interesa duten ustiategiak adierazita.

7.3. Kanpin kategoriako ostalaritzako establezimenduak. Sutegi edo barbakoa finkoetan sua egin ahalko da baldin eta horretarako prestatutako eremua kanpinaren perimetrotik 15 metrora badago, gutxienez, eta prebentzio neurriekin (ur-maukak).

7.4. Izaera bereziaz eta eskatu ondoren, lehorreko lurretan uztondoak erretzeko baimena eman ahalko zaie Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 6an emandako 1526/2003 Foru Aginduaren bidez araututako laguntzak jaso dituzten nekazariei. Foru agindu horren bidez, lehorreko labore alor estentsiboetan ingurumenaren zainketarekin bateragarriak diren nekazaritzako ekoizpen metodoak erabiltzeko laguntzak ezartzen dira.

7.5. Ureztaketa lurretako labore hondarrak erre ahalko dira. Horretarako, kasuan kasuko udalak emandako baimena beharko da, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta 2007-2013 urteetako nekazaritzako garapen programaren 2. ardatzeko zenbait laguntza jasotzen dituzten nekazariek bete behar dituzten kudeaketa arloko legezko betebeharrak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezartzeko, eman zuen Foru Aginduaren eranskineko "Lurzoruaren materia organikoa kontserbatzeko neurriak" izeneko atalean ezarritakoari lotu.

Oihan arloko foru legerian menditzat jotzen den lurretatik 400 m baino gutxiagotara egiten diren erreketetan, erre beharreko eremuaren inguruan 8 metroko edo gehiagoko suebaki bat egin beharko da, landare guztiak kenduz eta lurra irauliz lur minerala agertu arte.

7.6. Berrogeialdipeko organismoak desagerrarazteko jarduketa ofizialen kasuan, landare materiala erretzeko baimena eman ahalko da erauzi baino lehen. Baimen horretarako beharrezkoa izanen da kutsaduraren adierazpena eta hartu beharreko neurriak aldez aurretik onestea Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez.

7.7. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak txosten teknikoa eman ondoren, baimena eman ahalko da uztondoak erretzeko organismo kaltegarrien gordailuak kendu eta etorkizuneko kutsatzeak saihestearrean, 2006-2007 kanpainan sortutako arazo fitosanitarioek hurrengo laboreen fitosanitatea arriskuan jar dezaketenean.

8. Baimenen indarraldia eta ondorioak.

Arau hauek indarra izanen dute harik, eta metereologiaren ezaugarriak aldatu direla-eta, kentzen diren arte.

Ingurumen Departamentuak, egoera klimatikoaren eta oihanetan sua izateko arriskuaren bilakaera aintzat hartuta, indarrik gabe utz litzake foru agindu honetan edo salbuespenez ematen den beste edozeinetan jasotzen diren baimenak.

9. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko landako langileei, Foruzaingoaren Ingurumena Zaintzeko Dibisioari eta Guardia Zibilaren Sepronari hemen azaldutakoa bete dadin zaindu dezatela eskatzea.

10. Foru agindu honen berri ematea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdi Agentziari, Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, jende orok jakin dezan.

11. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko ekainaren 19an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0710137