80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

BORTZIRIETAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programarako gizarte langilea, oposizio-lehiaketa bidez, lan kontratu finkoarekin eta lanaldi erdian hartzeko

1._Arau orokorrak.

1.1. Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programarako gizarte langile bat, oposizio-lehiaketa bidez hartzea da deialdi honen xedea, lanaldi erdian eta lan kontratu finkoarekin.

1.2. Bete beharreko zereginak hauek izanen dira: autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programaren antolaketa, dinamizazio, koordinazio eta segimendua. Egoeraren arabera beste eginkizun edo programak betetzeko ardura ere eman ahalko zaio.

1.3. B mailari dagozkion lansariak izanen ditu, Mankomunitateak une bakoitzean erabakitzen dituen osagarriak gehiturik.

1.4. Asteko lanaldia udal langileen erdia izanen da. Ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahal du.

1.5. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko gutxieneko jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

1.6. Kontratuak hamabost eguneko probaldia izanen du.

2._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetara onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) 18 urte beterik izatea.

c) Gizarte langile titulua edo Gizarte Lanean diplomatua edo honen eskubideak ordainduak izanaren egiaztagiriaren jabe izatea.

d) Karguan aritzea galaraziko dion eritasunik edo akats fisiko-psikikorik ez izatea.

e) Eginkizun publikoetan jarduteko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izana.

f) B mailako gidatzeko baimena eta ibilgailua edukitzea.

Aurreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta oposizioaldian izan behar dira, izendatu arte.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mankomunitatearen idazkaritzan aurkeztu beharko dira, Etxalarren. Horretarako hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 15:00ak arte. Egun hori baliogabea edo larunbata bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.

Eskabideak deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunean eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Deialdi honen zortzigarren atalean xedatutakoaren arabera, epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak alegatu beharko dituzte izangaiek.

3.3. Alegatzen diren merezimenduak jatorrizko edo konpultsatutako agirien bidez frogatu beharko dira, bestela aurkeztu gabetzat joko baitira.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Mankomunitateko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik, 10 egun balioduneko epearen barrenean, erreklamazioak egiten ahal dituzte eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta haiek ebatzita, Mankomunitateko lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Mankomunitateko lehendakaria.

Ordezkoa: Mankomunitateko lehendakariordea.

Mahaikidea: Begoña Alberro, Malerrekako gizarte langilea.

Ordezkoa: Txaro Castañares, Ultzamako gizarte langilea.

Mahaikidea: Nafarroako Ongizate Institutuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Arantxa Irazoki, Baztango Osasun Etxeko gizarte langilea.

Mahaikidea: Virginia Eraso, Leitzako gizarte langilea

Ordezkoa: Maider Beltza, Irurtzungo gizarte langilea.

Mahaikidea: Bortzirietako Euskara Mankomunitateak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Bortzirietako Euskara Mankomunitateak izendatutako teknikaria.

Idazkaria: Jose Luis Legarra, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Bortzirietako udaletako edozein.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin eratu beharko da. Epaimahaia ez da eratzen ahalko, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo absolutua bertan ez bada.

5.3. Deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren afera guztiak gehiengoz erabakiko ditu epaimahaiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu, proba batzuetarako nahiz guztietarako. Aholkulari horiek beren espezializate teknikoetan baizik ez dute jardungo eta horietan baino ez dira epaimahaiarekin elkarlanean ariko.

6._Oposizio-lehiaketa nola egin.

6.1. Oposizio-lehiaketa hiru fasetan eginen da: euskara proba lehenbiziko, lehiaketaldia gero eta oposizioaldia hondarreko, oinarri hauetan ezartzen den gisara.

6.2. Deialdia argitaratu eta bi hilabete iragandakoan hasiko da oposizio-lehiaketa, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batean iragartzen diren tokian, egunean eta orduan.

Ariketa bakoitza amaituta, epaimahaiak hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, eta aitzinekoan lortutako emaitzak Mankomunitatearen iragarki oholean paratuko ditu.

Epaimahaiak ariketa bat baino gehiago edo guztiak egun berean egitea erabakitzeko ahalmena du.

Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7._Euskara maila neurtzeko proba.

Ahozkoa eta idatzizkoa izanen da. Izangaiek bi probak egin beharko dituzte eta denetara gai edo ez-gai kalifikazioa emanen da eta ezinbesteko izanen da gai kalifikazioa oposizio-lehiaketan parte hartzeko. Euskara maila Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen txostenean proposatutako 2. mailaren arabera izanen da.

Probak Bortzirietako Euskara Mankomunitateak izendatutako teknikariak eginen ditu.

8._Lehiaketaldia.

8.1. Izangaien merezimenduak baloratuko dira, ondoko baremoari jarraikiz:

a) Ikasketa merezimenduak.

Lanpostuarekin zerikusia duten zereginen inguruko ikastaroak. 200 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 2 puntu; 50etik 100 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko: puntu bat; eta 15etik 50 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0.5 puntu. Atal honetako puntuen batura ez da 2 puntu baino handiago izanen.

b) Lanbide merezimenduak.

Gizarte langile edo gizarte laneko diplomatu gisa egindako lana;

1) Udalen oinarrizko gizarte zerbitzuetan: 2.5 puntu urteko, 5 puntu baino gehiago eman gabe.

2) Udalen oinarrizko gizarte zerbitzuetan proiektu edo programaren baten arduradun gisa egindako lana: 1.5 puntu urteko, 3 puntu baino gehiago eman gabe.

Lehiaketaren puntuen batura ez da 10 puntu baino handiagoa izanen.

Aurreko ataletan aurreikusi eta behar bezala egiaztaturiko merezimenduak kontatzeko, behin-behineko lan-kontratua nahiz finkoa izanda egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Esperientzia denbora egiaztatuak urte osoak egiten ez baditu, dagokion proportzioa aterako da.

8.2. Lehiaketaldia amaitutakoan, Mankomunitatearen iragarki oholean izangaien zerrenda paratuko da, izangai bakoitzak lortutako puntuak adierazteko. Lehiaketaldian lortutako puntuak oposizioaldian lortutakoei gehituko zaizkie eta batura izanen da oposizio-lehiaketaren azken emaitza.

9._Oposizioaldia.

9.1. Ondoko ariketak egin beharko dira:

Lehenbiziko ariketa. Proba teorikoa. Deialdi honen II. eranskineko gai zerrendan agertzen diren gaietatik zozketa eginik bat aterako da eta hari buruz idatzi behar da. 20 puntuko kalifikazioa izanen du eta kanpoan geratuko dira 10 puntu lortzen ez dutenak.

Bigarren ariketa. Proba praktikoa. Autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programarekin zerikusirik izanen duena garatu beharko da. 20 puntuko kalifikazioa izanen du eta kanpoan geratuko dira 10 puntu lortzen ez dutenak.

9.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute. Agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira.

10._Oposizio-lehiaketa gainditzen dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Izangaien kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrenda ikusgai paratuko du iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian. Zerrenda puntuen arabera antolatuko du eta punturik gehiena lortzen duen lehiakidea izendatzeko proposamena igorriko du. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

10.2. Izendapen proposamena argitaratu eta 15 egun naturaleko epean, bertan proposatzen den lehiakideak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Mankomunitateari:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Gizarte Laneko diplomaren tituluaren originala edo fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko emandako ordainagiria.

c) Kargua betetzea galaraziko dion eritasunik edo akats psiko-fisikorik ez duela egiaztatzen duen osasun ziurtagiri ofiziala.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

e) Gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua eta ibilgailua izatea.

10.3. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, interesdunak aipatu agiriak epe horretan aurkezten ez baditu, ezin izanen da kontraturik sinatu eta jarduketa guztiak deuseztatuko dira, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

10.4. Aurreko atalean dioena gertatuz gero, Mankomunitateak oinarri hauetako 10.1 zenbakian aipatu zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko du hutsunea.

11._Izendapena eta karguaz jabetzea.

Juntak aurreko atalean xedatutakoa betetzen duen lehiakidea izendatuko du, eta dagokion kontratua eginen.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri nahiz egintzen kontra, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

_Zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko maila bereko organo eskudunean, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epearen barrenean.

_Gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko aukera ere bada, Nafarroako Administrazio Auzitegian, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean.

_Berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera ere bai, Mankomunitate honetan, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epearen barrenean.

Etxalarren, 2007ko martxoaren 12an._Mankomunitateko lehendakaria, Patxiku Irisarri Elizagoien.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-abizenak:

N.A.N.:

Jaiolekua eta data:

Helbidea:

Telefonoa:

Hau diot:

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programarako gizarte langilea, lan kontratu finkoarekin eta lanaldi erdian hartzeko .... eguneko .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Horrenbestez:

Erregutzen dizut eskabide hau eta erantsitako dokumentazioa ontzat eman eta, ondorioz, aipatu lanpostuaren deialdira onar nazazula.

Etxalarren,

II. ERANSKINA

Gaiak

1._Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Legea.

2._Autonomia sustatzeko eta menpekotasun egoeran dauden pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legea.

3._Gizarte Zerbitzuetako Laguntza Komunitarioaren Planerako Oinarrien Agiria. Ildo nagusiak, egitura eta edukiaren azterketa.

4._Gizarte Zerbitzuetako Laguntza Komunitarioaren Planerako Oinarrien Agiria. Autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa.

5._Adinduak, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen jarduera esparru. Legedia, antolaketa eta giza baliabideak Nafarroan.

6._Etxez Etxeko Zerbitzua Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan. Dependentzia eta autonomiaren galera. Helburuak, hartzaileak ...

7._Etxez etxeko zerbitzuaren antolaketa eta programazioa. Lan taldea.

8._Ezgaitasunaren bat duten pertsonei laguntzea, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen jarduera esparru. Legedia, antolaketa eta giza baliabideak Nafarroan.

9._Dependentziarekin zerikusia duen Gizarte Zerbitzuen Katalogoa Nafarroan: prestazio tekniko eta ekonomikoak.

10._Genero indarkeriaren aurkako erabateko babes neurriak Nafarroan. Araudia. Jarduera protokoloak. Baliabideak.

11._Adinduen aurkako tratu txarrak. Antzematea eta interbentzioa.

12._Nafarroako Atentzio Soziosanitarioko plana. Ildoak, egitura eta edukien azterketa.

13._Lan metodoa Gizarte Lanean: prozesuaren faseak.

Iragarkiaren kodea: L0709701