80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko industri ingeniari tekniko izateko 2 lanpostu oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko ekainaren 12an, erabaki hau hartu zuen:

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek Iruñeko Udalaren zerbitzuko industri ingeniari tekniko izateko 2 lanpostu oposizio bidez betetzea du xede. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Lanpostuak honela banatu dira, txandetan:

_lanpostu bat, txanda irekian.

_lanpostu bat, igoera txandan.

1.2. Deialdiko lanpostuak hauek dira:

_2, Udaleko Ingurumen eta Osasuneko Alorrean, plantilla organikoko zenbaki hauekin: 200209-1 eta 200209-3 .

1.3. Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsa, orduan txanda irekikoari gehituko zaio.

Era berean, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Gisa berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean txanda horretan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.4. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, Iruñeko Udaleko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan kidetuko, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea hautatzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 3, 10, eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Industri ingeniari teknikoaren titulua izatea, edo hura eskuratzeko baldintza guztiak betetzea deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.3. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hautaprobak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epean eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko kalea, 7-9; Zapateria kalea, 40; San Saturnino kalea, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi dute eskabidean adieraztea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 18,5 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo bertzela transferentzia eginda, betiere Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NAN/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.4. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartzen duten izangaiek, horretaz gain, 2.1.2. atalean adierazitako baldintzen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Epaimahaiburua: Ignacio Polo Guilabert, Ingurumen eta Osasuneko zinegotzi delegatua.

_Ordezkoa: Juan José Unzue Gaztelu, Funtzio Publikoaren zinegotzi berezia.

_Mahaikidea: Miguel Arana Burgui, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakasle titularra.

_Ordezkoa: Antonio Vela Pons, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakasle titularra.

_Mahaikidea: Jose Reyes Alcacer, Hiri Kontserbazioko Alorreko zuzendaria.

_Ordezkoa: María Teresa Martínez Ramírez, Ingurumen eta Osasuneko Alorreko zuzendaria.

_Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Batzordekide-idazkaria: Javier Barace Egaña, Hiri Kontserbazioko Alorreko idazkari teknikoa.

_Ordezkoa: María del Mar Indave García, Ingurumen eta Osasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kideanitzekoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2007ko urrian hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da probak hasteko lekua, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

_Lehenbiziko ariketa: teorikoa; 2. eranskineko I. zatitik zozketaz ateratzen diren bi gairen gainean idaztea, gehienez ere 4 orduz.

_Bigarren ariketa: teorikoa; 2. eranskineko II. zatitik zozketaz ateratzen diren bi gairen gainean idaztea, gehienez ere 4 orduz.

_Hirugarren ariketa: praktikoa; epaimahaikoek deialdiaren gai-zerrendatik proposatzen dituzten galderak eta kasuak garatu eta ebatziko dituzte.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez 100 puntukoa izan daiteke, honela banatuak:

_Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 30 puntu. Gai bakoitzean gehienez 15 puntuko balorazioa ematen ahal da.

_Bigarren ariketa: gehienez ere 40 puntu. Gai bakoitzean gehienez 20 puntuko balorazioa ematen ahal da.

_Hirugarren ariketa: gehienez ere 30 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da edozein gai edo probatan 0 puntuko kalifikazioa duen izangaia.

6.5. Oposizioko lehen eta bigarren ariketak idatziz eginen dira eta izangaiek irakurriko dizkiote epaimahaiari jendaurreko ekitaldi batean.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak. Epaimahaiak ariketen irakurketara ezartzen duen egunean agertzen ez diren hautagaiak ere baztertuak izanen dira.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak baturik, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan. Gero, Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio probak puntuaziorik altuenekin gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena, zerrenda horrekin eta espediente osoarekin batera.

Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik izaten bada, oposizioaldiko ariketetan _hurrenez hurren eta ordena berean_ puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Lehendakaritzako Alorrari:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Igoera txandako izangaiak, eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu baldin badute, hura ekartzetik salbuetsirik egonen dira.

b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko ingeniari tekniko izendatzeko Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik zein hautatzen duten. Bertzela, zerbitzuaren beharrak eraginda haien ordezkoak direnak, jakinaren gainean jarri ondotik.

8.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aurrean.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, industri ingeniari teknikoen lanpostuetan ari daitezen, lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituta.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan bertze Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztietarako balioko dutenak:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, zerrenda hori erakunde autonomoetako organo eskudunei igorriko die, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.

10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak, aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrenda bat osatuko du deialdi honetako azkenaurreko ariketa gainditu duten izangaiekin.

11._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

11.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azkenaurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko gaindituen artean ez daudenen zerrenda.

11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko ekainaren 12an._Zinegotzia-Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........, mayor de edad, D.N.I./Carta: Jaioteguna [eguna/hilabetea/urtea]: .................., non sortua [udalerria/probintzia]: ................. (.................), nazionalitatea ............., egungo helbidea [karrika, zenbakia, eskailera, solairua]: ............., posta kodea/herria: ......., telefonoa: laneko telefonoa: .............. .........,

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuko induistri ingeniari tekniko izateko 2 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an), txanda honetan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*

(*) Deialdian hala adierazten denean bakarrik

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrika, 7-9, 31001-Iruña).

Iruñean, 200..ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. zatia

1. gaia._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea. Egitura. Printzipio orokorrak. Nafarroako toki entitateak: udalak, kontzejuak, mankomunitateak eta gainerako toki entitateak. Haien eskumenak.

2. gaia._Toki administrazioa. Udal organoak. Alkatetza. Osoko Bilkura. Gobernu Batzordea. Betzelako organo erabakitzaile eta informatzaileak. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har. Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoa. 57/2003 Legea, abenduaren 16koa, udal gobernua modernizatzeko neurriei buruzkoa.

3. gaia._Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. 30/192 Legea eta haren aldaketak. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesdunak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena. Administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

4. gaia._30/1992 Legea. Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta betebeharrak. Jakinarazpena. Administrazio egintzaren baliogabetasuna eta deusezgarritasuna. Administrazioaren isiltasuna. Egintzen berrikuspena administrazio bidean.

5._251/93 Legegintzako Foru Dekretua, 16/2004 Foru Legeak aldatu zuena. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina: Horren egitura eta edukiaren analisia. Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario bihurtzea eta izatetik gelditzea.

6. gaia.-16/2004 Foru Legea. Administrazio-karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Diziplina araubidea.

7. gaia._Kontratazio administratiboa Nafarroan. 6/2006 Foru Legea: aplikazio eremua eta araubide juridikoa. Xedapen orokorrak. Administrazio kontratu ohikoenak. Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak. Lizitazioen publizitatea, interesdunen proposamenak. Kontratazio mahaia

8. gaia._6/2006 Foru Legea. Esleipenaren aurreko ekintzak, fidantzak eta bermeak. Kontratua esleitzea eta sinatzea. Exekuzioa. Kontratuen aldaketa eta etendura. Kontratuen iraungipena: amaiera eta harrera; desegiteko arrazoiak eta horren ondorioak. Lagapena eta azpikontratazioa.

9. gaia._Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoa. Printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuen babesari buruzko agentzia. Datuen nazioarteko mugimenduak.

10. gaia._Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea. Arriskuen aurreikspena. Garapenerako erregelamenduak: segurtasuna eta osasuna lantokietan, seinalizazioa eta osasuna, segurtasuna makinetan, babes ekipoen erabilera.

11. gaia._Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorra. Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legea eta haren aldaketak, 2/2000 Foru Legea. Udalaren osasun arloko jarduketa eta esku-hartzeak ingurumenaren kalitateari begira. Ingurumenaren gaineko informazioa jendearen eskura.

12. gaia._Osasunaren arloko udal ordenantzak. Iruñeko Udalaren eskumenak eta egitekoak. Ikuskapena eta kontrola. 1. Udal ordenantza, Osasunari buruzkoa. Osasun publikoari buruzko arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

13. gaia._Hirigintzako lizentziak: kontzeptua. Lizentzia behar duten egintzak. Eskumenak eta prozedura. Eraginkortasuna. Iraungitzea. Jarduera sailkatuen lizentziak.

14. gaia._Iruñeko Udalaren ordenantzak, Eraikuntzari, Urbanizatzeari eta GOKA jarduerei buruzkoak. Egitura, eduki nagusiak eta aldaketak.

15. gaia._Udalaren jarduera sailkatuko lizentzia behar duten jarduerak. Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra ezartzen duen 201/2002 Foru Dekretua. Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa arautzen duen 202/2002 Foru Dekretua. 656/2003 Foru Dekretua, haiek aldatzen dituena.

16. gaia._Ingurumenaren gaineko eragina neurtzea: kontzeptua, edukia eta prozedura egungo legeriaren arabera: 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta aldaketak, 1131/1988 Errege Dekretua.

17. gaia._4/2005 Foru Legea, ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa. Egitura, eduki nagusiak. 93/2006 Foru Dekretua, hura garatzen duen Erregelamendua.

18. gaia._Ingurumen arloko baimen integratua: kontzeptua, prozedura, Udalaren esku-hartzea: 16/2002 Legea, kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzkoa, eta haren aldaketak. 9/2005 Errege Dekretua, lurra kutsatzen ahal duten jardueren zerrendari eta lur kutsatuak deklaratzeko irizpide eta estandarrei buruzkoa. Egitura, eduki nagusiak.

19. gaia._38/1972 Legea, Eguratseko kutsadurari buruzkoa. Babesa. 833/75 Dekretua, hura garatzen duena. Hura aldatzen duten dekretuak. 646/1991 Errege Dekretua, halako kutsagarri batzuk eguratsera igortzeko tasak mugatzeko araua. Hura garatzen duen abenduaren 26ko Agindua.

20. gaia._6/2002 Foru Dekretua: eguratsera kutsagarriak bota ditzaketen jarduerak ezartzeko eta funtzionatzeko baldintzak. Egitura, eduki nagusiak, haien arteko lotura.

21. gaia._1073/2002 Errege Dekretua, airearen kalitatea ebaluatzeari eta kudeatzeari buruzkoa, nitrogeno oxidoak, sufre oxidoak, partikulak, beruna, karbono monoxidoa eta bentzenoa direla eta. 1796/2003 Errege Dekretua, eguratseko ozonoari buruzkoa. 117/2003 Errege Dekretua, konposatu organiko hegaskorren emisioak mugatzeari buruzkoa. Egitura, eduki nagusiak. 227/2006 Errege Dekretua, hura aldatzen duena.

22. gaia._653/2003 Errege Dekretua, hondakinak errausteari buruzkoa. 5/2004 Legegintzako Errege Dekretua eta 1/2005 Legea, berotegi efektua sortzen duten gasak aireratzeko eskubideak merkaturatzeko araubideari buruzkoak. Araubide hori Nafarroan aplikatzeari buruzko 299/2004 Foru Dekretua.

23. gaia._Zarataren gaineko araudia: 2002/49/EE Zuzentaraua, ingurune-hotsaren ebaluazio eta kudeaketari buruzkoa. 37/2003 Legea, hotsei buruzkoa. 1513/2005 Errege Dekretua, hotsei buruzko Legea garatzen duena ingurumeneko zarata ebaluatzeari eta kudeatzeari dagokienez.

24. gaia._Asotsak edo dardarak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretua. Egitura, eduki nagusiak, eta bertzelako araudiekin duen lotura.

25. gaia._Eraikuntzaren oinarrizko araua, Eraikinetako akustikaren baldintzak (NBE-CA-88). Iruñeko osasun arloko 10. ordenantza, soinu mailei buruzkoa. Udal eskumena, asotsen kontrolaren gainean. Egitura, eduki nagusiak, haien arteko lotura.

26. gaia._34/1998 Legea, Gas erregaien hodi bidezko kanalizazioak arautzen dituena. Gas erregaien banaketa eta hornidura. Eskaeraren eta eskaintzaren egitura, produkzioa.

27. gaia._Gas naturala eta petrolio gas likidotuak GLP. Orokortasunak. Sareak. Garraioa eta banatzea. Instalazio hartzaileak. Gas-aparatu motak. Etxebizitzetako instalazioak. Eraikinetako gas instalazioetarako arauak. Segurtasun sistemak.

28. gaia._Eraikuntzaren Kode Teknikoa: egitura, edukiak eta aplikatzeko eremua. Baldintza tekniko eta administratiboak.

29. gaia._142/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena. 5/2006 Errege Dekretua, hura aldatzen duena. Arau orokorrak. Oinarrizko baldintzak. Etxebizitza berriendako baldintzak. Salbuespenak.

30. gaia._Kalitate sistema baten ezarpena. ISO 9001:2000 Arauaren eskakizunak. Kalitatea kudeatzeko sistema. Zuzendaritzaren erantzukizuna. Baliabideen kudeaketa. Produktua edo zerbitzua egitea. Neurketa, analisia eta hobekuntza. Eskakizun horien aplikazioa espedienteak kudeatzeko eta ingurumenari lotutako jardueretan.

II. zatia

1. gaia._Industriaren emisioak eguratsera. Kutsatzaileen ebaluazioa eta kudeaketa. Gas emisioen ingurumeneko eragina gutxitzea: usainak kentzea, erreketako gasen desulfurazioa, nitrogeno oxidoen erredukzioa.

2. gaia._Erreketako gasen ebakuazioa: tximiniak, kanporatze behartuak, ibilgailuen ke-hodiak. Kutsatzaile atmosferikoen inmisioa ebaluatu eta kudeatzea. Mugako eta atariko balioak, kutsatzaileen alertarako.

3. gaia._Neurgailuak: analizatzaileen motak, ezaugarriak eta oinarri fisiko edo kimikoak. Laginketa puntuen kokalekua. Kutsatzaileak analizatzeko erreferentziako metodoak. Emisioen aldizkako kontrola, administrazioak egin beharrekoa.

4. gaia._Airearen kalitatea eraikinen barreneko aldean. Aireztapen naturala eta behartua. Aireztapeneko instalazioak. orokortasunak eta konfort baldintzak. Kanpoko giroaren eragina. Airea banatzeko sistemak. Airearen ezaugarriak. Aire hezearen diagrama.

5. gaia._Lokalen aireztapena, jardueraren arabera. Airea berritu eta egokitzeko instalazioen ezaugarriak: motak, elementuak, materialak, dimentsioak. Aire harguneak eta aterabideak. Aplikatu beharreko arauak.

6. gaia._Klimatizatzeko sistemak eta instalazioak. Ekipoak. Ekipo horien asotsen eragina. Errendimendu energetikoa eta hari eragiten dioten faktoreak.

7. gaia._Etxeko erabilerak, erabilera koletiboak edo merkataritzakoak dituzten lokaletako gas instalazioen baldintza teknikoak. Erreketako gasen emisioa. Gas erregaiak hartzen dituzten instalazioen dokumentazioa eta abian jartzea. Enpresa instalatzaileak.

8. gaia._Galdara eta makina gelak. Tximiniak, ke-hodiak. Eraikinetan, energia nola optimizatu eta aurreztu, klimatizazioari eta garbiketarako ur beroari begira. Legionella, garbiketarako ur beroaren instalazioetan eta klimatizaziokoetan.

9. gaia._Eraikuntzaren Kode Teknikoa. Energia aurreztea. Eguzkiaren energia eta haren aplikazioa eraikinetan. Eguzkiaren energiarako diseinu pasiboaren printzipioak. Eguzki instalazio fotovoltaikoaren printzipio eta ezaugarriak.

10. gaia._Iruñeko Udalaren ordenantza, eguzkiaren energia termikoa eraikinetan harrapatu eta aprobetxatzeari buruzkoa. Eguzki instalazio termikoak. Elementuak, tipologia, dimentsioak.

11. gaia._Energia zuhurtasuna. Aurrezteko jokabidea eta energia zuhurtasuna ekonomiako sektore nagusietan eta sektore zehaztugabeetan. Haien egungo egoera Nafarroan.

12. gaia._4/2005 Foru Legea, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa Argiaren kutsadura. Luminaria motak. Instalazioen baldintza teknikoak. Administrazioaren erantzukizuna.

13. gaia _Jasogailuak: motak. Haiek sortutako zarata eta dardarak. Jasogailuen araudia: aplikazio esparrua eta arazo nagusiak. Jarraibide teknikoak eta bertze arau aplikagarri batzuk.

14. gaia._Energia elektrikoaren garraio eta banaketa sareak. Eraikinen barreneko instalazioak eta hiri sareak. Bi sareen elementuak eta ezaugarriak. Dimentsioak eta kalkuluak. Aireztapena. Lur-hargune babesgarriak. Zarataren emisioa.

15. gaia._Erradiazio elektromagnetikoak. Espektro elektromagnetikoa. Uhin elektromagnetikoen ezaugarri fisikoak.

16. gaia._Estatuko eta Nafarroako araudiak, telekomunikazioko oinarrizko estazioei buruzkoak: 32/2003 lege orokorra, telekomunikazioei buruzkoa. 1066/2001 Errege Dekretua, jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzei buruzkoa. 10/2002 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeari buruzkoa. Egitura, eduki nagusiak, haien arteko lotura.

17. gaia._Soinuaren izaera fisikoa. Presio akustikoa. Uhinen ekuazioa. Soluzio sinpleak: uhin lauak eta uhin esferikoak. Hedapen lastertasuna.

18. gaia._Magnitude akustikoak. Presio, intentsitate eta potentzia akustikoa. Partikulen lastertasuna. Inpedantzia akustikoa. Soinuaren presio mailak, intentsitatea eta potentzia. Dezibelioa.

19. gaia._Espektro-analisia. Zortzidun bandak eta zortzidunaren herena. Entzumen maila. Giza erantzuna frekuentziari. Ponderazio sareak

20. gaia._Soinu mailak eta haien neurketa. Aldi baterako ponderazioak: Slow, Fast, Impulse, Peak. Soinuaren maila jarraitu eta baliokidea, Leq. Pertzentil mailak, LN. Ingurumenaren soinu mailak: Ld, Ln, Lden.

21. gaia._Soinuaren hedapena toki irekietan. Dibergentzia. Airearen absortzioa.Difrakzioa. Soinuaren hedapena toki itxietan. Islapena. Absortzioa. Modu propioak. Oihartzun denbora.

22. gaia._Dardarak. Oinarrizko magnitudeak: desplazamendua, lastertasuna, azelerazioa. Frekuentziaren ponderazioak. K eta LA parametroak.

23. gaia._Isolamendu akustikoa. Isolamendua aireko zaratatik. Soinu murrizketaren indizeak. Soinu murrizketaren indize ponderatuak. Isolamendua inpaktuko zaratatik. Inpaktu zarataren maila.

24. gaia._Ingurumeneko zarata. Ingurumeneko zarataren iturriak. Errepideko trafikoa eta airekoa. Ingurumeneko zarataren ezaugarriak. Zarata mapak.

25. gaia._Industriaren zarata. Industriaren zarata iturriak eta ezaugarriak. Auzoen zarata, instalazioetakoa eta aisialdiko jardueretakoa: zarata iturriak eta ezaugarriak.

26. gaia._Mikrofonoak. Mikrofono motak. Elektrodinamikoa eta kondentsadorekoa. Sentsibilitatea. Erantzuna frekuentzietan. Direktibitatea.

27. gaia._Sonometroak. Motak. A eta C frekuentzia iragazkiak. Aldi baterako ponderazioak. Sonometro integratzaileak. Neurketaren metodologiak. Irizpideak.

28. gaia._Azelerometroak. Pistofonoak. Irargailu eta erregistragailu grafikoak. Dosimetroak.

29. gaia._Entzumenaren ezaugarriak. Entzumen galerak, zarataren ondorioz. Eragin fisiologikoak eta psikologikoak.

30. gaia._Trafikoko zarata. Zarata eta hirigintzarako plangintza. Zarata eta ulergarritasuna. Zaratak eragindako eragozpenak komunitatearen barrenean.

Oharra._Gai guztiak deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz eskatuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L0709857