80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERRIBERRI

Osasunari eta Segurtasunari buruzko udal ordenantza, Animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Udal honek, 2007ko maiatzaren 18an egin osoko bilkuran, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusirik Animalia arriskutsuak edukitzea arautzen duen ordenantza onesteko tramitatutako espedientea.

Jendaurreko epea iraganik, ez zaio inolako alegaziorik aurkeztu hasiera batean onetsi zen testuari.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez bada. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, gertaera eta behin betiko testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

Hortaz,

Erabaki da, aho batez:

1. Behin betiko onetsitzat jotzea aipatu ordenantza, espedienteari alegaziorik aurkeztu ez zaiolako

2. Ordenantza osorik argitaratzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean. Hona hemen:

UDAL ORDENANTZA, OSASUNARI BURUZKOA, ERRIBERRIKO UDALERRIAN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Ordenantza honen xedea da udal mugapean osasun nahiz segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea, herritarrek animaliekin batera bizitzerakoan bizi-kalitate egokia izan dezaten, eta haiekin zerikusia duten jarduerak (industria, merkataritza edo zerbitzuetakoak) arautzea, betiere udal eskumen eta betebeharren esparruan.

Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kanporatuko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

2. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ezezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek aipatu jarduerak ikuskatuko dituzte, urtean behin gutxienez.

3. artikulua. Ukuilu, ixtegi eta, orohar, abeltzaintzako ustiategi mota guztiak, animaliak hazteko tokiak, aterpeak eta lagun egiteko animalien edo lehiaketetan erabiltzekoen ospitaleak paratzeko baimena emanen da, soil-soilik, landalur gisa sailkaturiko lurrean eta, gutienez ere, lur urbanizatu edota lur urbanizagarritik 300 metroko tartea uzten bada, legeriak ezartzen duen huraxe.

Aipatu instalazioetarako lizentziak jarduera sailkatuen gainean indarra duen legerian ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira.

Dena dela, etxebizitzetatik aparteko pabiloietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazkaitz eta garbigarriak izan beharko dute; iturriko ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animalia espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua. Debeku da errentako animaliak etxebizitzen barrenean izatea, edozein delarik haien kopurua. Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesitu edo itxirik badaude, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliatik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

Ordenantza honi dagokionez, "errentako animaliak" dira beren jabeei halako irabazi edo baliabide batzuk ematen dizkietenak.

5. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagertarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari dagokionez agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Udalerrian aldi baterako bizitzen jarrita daudenek, dituzten animaliak identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

6. artikulua. Kontrolik gabeko animaliek eritasun kutsagarririk zabal ez dezaten eta pertsona eta ondasunei kalterik egin ez diezaieten:

Herritarrek ustez abandonatuak diren animaliak ikusiz gero, horren berri emanen diete udal zerbitzuei bil ditzaten. Animalia abandonatuek egoera horretan jarrai ez dezaten, herritarrek ez diete inoiz eta inon jatera emanen, ezta etxebitzen patio, teilatu eta gisakoetan ere.

Hirietan askatasunean bizi diren hegaztiei (usoei, etab.) parke publikoetan baizik ez zaie jatera ematen ahal. Debeku da hiriko gainerako lekuetan jatera ematea, eta bereziki higiezinetako terraza, balkoi nahiz leihoetan.

Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

Erriberriko Udalak egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan nola pribatuetan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

7. artikulua. Udalaren osasun zerbitzuek eraman eta konfiskatuko dituzte behin eta berriz arau-hausteak egin eta eragozpenak sortzen dituzten animaliak. Agintaritza eskudunak eman beharko du animalia etxetik ateratzeko eta konfiskatzeko agindua, eta animaliok Udalaren esku geldituko dira.

Haien jabeak larriki gaisorik, ospitalean ingresaturik edo kartzelan preso daudela eta, Nafarroako Gobernuak habilitaturiko zakurtegian biltzen edo entregatzen diren animaliek, bertan bi hilabete egiten ahalko dituzte, dagokien mantenua eta guzti. Epe hori iragan ondotik, jabeek ez badituzte animaliak berreskuratu edo, haien baimena izanik, ez bazaizkie hirugarrenei eman, Udalaren esku geldituko dira.

8. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, "animalia abandonatutzat" hartzen da ez jabe ez bizileku ezagunik ez duen hura, jatorri edo jabeari buruzko identifikagarririk ez daramana, edo jabea dela egiazta dezakeen pertsona batekin ez doana. Halaberean, abandonatutzat hartuko da, behar bezala identifikaturik egonik eta jabeari abisua eman ondotik, jabe hori animalia hartzera agertzen ez den kasuan, betiere etortzeko ezartzen zaion epearen barrenean.

9. artikulua. Animalia hilak, haien tamainak aukera ematen badu, material iragazkaitzezko poltsetan sartuko dira, eta horiek behar bezala itxiko dira, garbiketa zerbitzuek eraman dizaten. Bestelakoetan, animalia hilaren bila etxera etortzeko eskatuko zaie aipatu zerbitzu horiei. Halakoetan, sortutako gastuak ordaindu beharko dira.

Baldintza berberetan eta betiere jabeen erantzukizunpean, animaliendako hilerrira eramaten ahalko dira, halakorik bada.

Debeku da animalia hilak aire zabalean, ur-ibilguetan eta gainerako eremu publiko nahiz pribatuetan uztea.

II. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

10. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, "lagun egiteko animalia" da irabazi asmorik gabe, atsegin eman edo zerbitzu egiteko (zainketa eta gidari lanak egiteko, aisialdirako...) pertsonak, bereziki etxean, edukitzen duen animalia.

11. artikulua. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da behar diren neurriak hartzea, animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora inork eraman gabe atera ez daitezen.

Beren jabe edo edukitzaileen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak ustez abandonatutzat joko dira eta udal zerbitzuek atzematen ahalko dituzte. Horien ardura izanen da animaliekin zer egin, arauz kanpoko kasuetan, inork erreklamatzen ez baditu legez ezarritako epean.

12. artikulua. Jabeek edo edukitzaileek animaliak kendu nahi badituzte, Udalaren osasun zerbitzuen eskuetan utzi beharko dituzte. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai finka edo lokal itxietan.

13. artikulua. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

14. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Orobat, debeku da animaliak sartu eta egotea elikagaiak saldu edo kontsumitzeko establezimenduetan, salbu eta ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

15. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animaliak erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

16. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.

17. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, beste erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzik edo zikinkeriarik utzi dezaten galaraztera eta haiek gertatzen badira, garbitzera.

18. artikulua. Lagun egiteko animalien erasoaren ondorioz inor kolpaturik gertatzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei emanen die horren berri, medikuaren azalpena erantsiz. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute zer-nolako osasun kontrola eraman beharko den animalia erasotzailearekin.

Osasun zentroek eta medikuek Udalaren osasun zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete lagun egiteko animaliaren batek erasoturik kolpatuak gertatzen diren pertsonei.

III. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

19. artikulua. Erriberriko mugapean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da.

Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez.

Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute identifikazio lan hori. Azken kasu horietan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

20. artikulua. Xede berarekin _zakurren zentsua eguneratzea_ zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, zortzi eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

21. artikulua. Udal mugapean bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da. Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

22. artikulua. Zakur batek ausikirik egiten badio inori, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, Udalaren osasun zerbitzuek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

Udalaren osasun zerbitzuek Nafarroako Gobernuak egokitutako zakurtegira eramanen dute animalia, eta bertan osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

23. artikulua. Zakurrak eremu publiko guztietan, herriko lorategietan, eta herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten berdeguneetako parkeetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailburuak, etab.) ibiltzen ahal dira, soil-soilik baldin eta katez edo uhalez loturik badaude eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramaten baditu.

Arestian aipatu eremuetatik kanpora onartuko da animaliak libre ibil daitezen, beren aisialdirako, baina betiere inguruan animaliaz arduratuko den eta kontrolpean izanen duen inor baldin bada.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Agintaritzako agenteek zehapena paratzen ahalko dute zakurrak aipatu modu horretan ez badabiltza, eta Udalaren osasun zerbitzuek harrapatu eta Nafarroako Gobernuak habilitaturiko zakurtegira eramanen dituzte pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak.

24. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztietan egiaztatuko da identifikaturik ote dauden.

Zakurra behar bezala identifikaturik badago, jabeari abisua emanen zaio, eta horrek 10 eguneko epea izanen du atzera eskuratzeko; aldez aurretik eta behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratu eta zakurtegian sortutako gastuak ordaindu beharko ditu.

Zakurra identifikatu gabe badago, 8 eguneko epea izanen du jabeak bereganatzeko. Atzera eskuratu baino lehen, identifikatu beharko da eta nahitaezko txertoen egutegia eguneratu, zakurtegian sortutako gastuak ordaintzeaz gainera.

Ezarritako epean jabeak bertara agertzen ez badira, edo animalia ez dutela berreskuratu nahi formalki esaten badute, edo identifikatu gabeko zakurrak 8 eguneko epean jasotzen ez badira, Udalak bere esku hartuko ditu.

25. artikulua. Udalak honela jokatuko du bere esku gelditzen diren zakurrekin:

1. Bide eutanasikoak erabiliz hilko dira bai gizakien nahiz animaliendako kutsagarriak diren eritasunak dituztenak, bai gaitz kroniko sendaezinak dituztenak, bai nabarmen zaharrak direnak, betiere albaitari baten kontrol eta ardurapean.

2. Animalia osasuntsuak 72 ordu gehiagorako aukera izanen du Nafarroako Gobernuak habilitaturiko zakurtegian edo behar bezalako beste establezimenduren batean egoteko, norbaitek edo ezein entitate interesatuk haren jabetza eskatzen ote duen. Esleipenean, animalia Udalaren zerbitzuetan entregatu duen horrek izanen du lehentasunezko eskubidea.

3. Bigarren epe horretan inork hartzen ez baditu, zakurrak aipatu baldintzetan hilko dituzte.

26. artikulua. Bildutako zakurra jabeari edo bere hartzaile berriari entregatuz gero, animaliaren identifikazioa eta erregelamenduzko txertaketak eguneratu beharko dira.

Aurreko artikuluen ondorioz edo Epizootien Erregelamenduak eskatzen dituen beharkizunak direla medio edo agintaritzaren xedapenen aurka jotzeagatik Nafarroako Gobernuak habilitaturiko zakurtegian sartzen diren zakurren elikadura eta zainketa gastuak jabeen edo hartzaile berrien kontura izanen dira, dagokiena ordaindu gabe ezin izanen baitute animalia eskuratu.

Modu berean ordainduko dira, hori egitea beharrezkoa bada, identifikazio eta txertaketa gastuak, baita legeak agintzen duen beste edozein zerbitzu ere. Udalak ezin izanen du dirurik jaso artikulu honetan ezarritakoengatik ez beste kontzeptuengatik.

27. artikulua. Zakurrekin ibiltzen diren pertsonak beharturik daude galaraztera haiek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Baimendurik dago zakurrek kaka egitea udal mugapearen barrenean horretarako espres egokitutako tokietan.

28. artikulua. Espresuki debekatzen da animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edan dezaten. Debeku honi kasurik ez egitea osasungintzako udal ordenantzaren aurkako arau-hauste arintzat hartuko da eta 90,15 eurotik 480,81era bitarteko isunarekin zehatzen ahal da.

29. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bestelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da norberaren balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez handik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo eremu publikoa.

30. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen "gida-zakurtzat" hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida-zakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskugarri izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berekin eramanen du gida-zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gida-zakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

31. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da.

Finka eta lokal irekietan katez loturik egonen dira, salbu eta, haren jabe edo arduradunaren zainpean, animalia askatzen denean behar bezala bere gisa ibil dadin.

Esparru itxietan aske egoten ahalko dira, betiere itxiturak bermeak ematen baditu barnetik ez dutela erasorik eginen haustura, irekidura, eta abarretatik.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

32. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industri, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

_Animalien haztegiak.

_Animalien zaindegiak.

_Animaliak salerosteko dendak.

_Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

_Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

_Animalien hilerriak.

_Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

_Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia jarduera sailkatuen gaineko arauei loturik tramitatu beharko da, aplikagarri diren gainerako xedapenak bete behar direla ukatu gabe.

_Lizentzia horrek agerian egon beharko du instalazioetako toki nagusian.

33. artikulua. Alkatetzak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa ezertan ukitu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

_Jardueraren izena.

_Kokalekua.

_Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

_Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

_Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

_Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa.

_Bertako planoak.

_Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

_Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

_Animaliendako haztegiak, zaindegiak eta salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta hirian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin. Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da beste albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

34. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

_Beste etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, halako lokalak beheitegietan paratzen ahal baitira.

_Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

_Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazkaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

_Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

_Gela hauetan, lurzoru eta pareten arteko elkarguneak biribilduak edo biselatuak izanen dira, hobeki garbitzeko.

_Gela guztiek aireberritze sistema izanen dute, sarbideko ateek ematen dutenaz gain.

_Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek. Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

_Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako boltsa iragazkaitzetan.

_Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien arabera izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun langileek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

_Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

_Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

_Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak bereizirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haiendako ezarri diren baldintza berariazkoak.

_Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

35. artikulua. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

Jarduera horietan liburua izan beharko dute eta hartan honako hauek zehaztu: animalien espezie eta arraza, etorkia, inportazio baimena, sarrera eta irteera datak, animalien zertarakoa, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere.

Zenbait gela izanen dituzte, honako hauetarako gutxienez: umatzeko gela, hazteko gela, ariketak egiteko leku irekia eta sukaldea.

36. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu hauek erregistro liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere.

Zenbait instalazio izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak bakartzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta beste animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

37. artikulua. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren xede nagusia animaliak saldu edo erostea duten haiek.

Lokalak erakuslekua izan beharko du eta hotz-beroa erregulatu eta kontrolatzeko modua.

Jarduera hauek erregistro liburua izanen dute, hartan zehazteko animaliaren sarrera eta irteera datak, haren espeziea, adina eta sexua, eta nondik heldu den jakiteko behar diren datuak, bai eta legezko xedapenetan eskatzen diren bestelako guztiak ere. Haztegietatik zuzenean ez datozen zakurrak hartzeko, animaliaren osasun agiriak erregistratuko dira.

Animaliak saltzen direnean erosleari egiaztagiri bat emanen zaio, eta hartan zehaztuko dira animaliaren arraza, adina, jatorria bai eta, hala behar bada, osasun agiriak ere.

Debeku da ugalketa kontrolaturik egitea halako lokaletan.

38. artikulua. Animaliak apaintzeko zerbitzuak emateko establezimendutzat hartuko dira, animaliarendako garbiketa, ikuzketa, ile-apaintze eta estetika zerbitzuak emateko xede nagusia daukatenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

39. artikulua. Ordenantza honi doakionean, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela, instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

40. artikulua. Animalien hilerriak partikularrei hildako animalien gorpuak edo haien hondakinak lurperatzeko zerbitzua emateko egokituta dauden instalazioak edo eremuak dira.

Haien kokapena, egitura eta erabiltzen diren guneen banaketa behar bezala sartuko dira hirigintza ingurunean.

Gorpu eta gorpuzkinen biltegi bat izan beharko dute, haien higiene baldintzak bermatzeko, izozketa kutxa edo hozkailuak erabiliz soilik ehorzteko unerarte kontserba daitezen, eta bere tamainak ematen diren zerbitzuen edo arrazoiz aurreikusten direnen araberakoa izan beharko du.

Ehorzketa, nitxo, hilobi, kripta edo antzekoetan eginen da. Zuzenean lurrean egiten denean, gorpua edo gorpuzkinak kare biziko geruza baten gainean utziko dira, eta gainean gai bereko beste batez estali, lur azaletik 65 cm-ra bederen.

V. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

41. artikulua. Ezarri gogo den jarduera iraunkorra bada, bai leku itxietan bai leku irekietan izan, jarduerarakio lizentzia izan beharko du, eta jarduera sailkatuen gainean indarra duen araudiaren arabera tramitatuko da.

Alkatetzak aipatu lizentzia eman dezan, eta kontuan hartu gabe Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan horri buruz agindutakoa, beharrezkoa izanen da Ordenantza honen 32. eta 33. artikuluetan zehaztu baldintzak betetzea.

42. artikulua. Aldi baterako egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Alkatetzak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

_Jardueraren deskribapena.

_Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

_Kokalekua.

_Jarduera zenbat luzatuko den.

_Animalien kopuru eta espezieak.

_Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

_Muntaduren onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

_Instalazio elektrikoen boletina, behin-behineko loturarako.

43. artikulua. Denbora baterako diren jardueren kasuan, funtzionatzen hasteko, Udalaren osasun zerbitzuei honako hauek aurkeztu beharko zaizkie:

Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartilla, C.I.T.E.S., animaliaren identifikaziorako txartela, etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hartunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna bukatutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

VI. KAPITULUA

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak

44. artikulua. Definizioa.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, staffordshire bull terrier, Mallorcako hozkaria, Kanarietako hozkaria, fila brasileiro, mastin napolitarra, dogo argentinarra, rottweiler, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3. Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4. Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

45. artikulua. Animalia arriskugarri bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskugarri gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 30 milioi pezetako zenbatekoa duena.

e) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Erriberriko Udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Erriberrin egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Erriberrin egon behar badu.

Aipatu jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Erriberriko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Erriberriko Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aitzinekoa ukatu gabe, Erriberriko Udalak egiaztatzen ahalko du, lizentziak irauten duen bitartean, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabeak edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, ulertuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

46. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

Ordenantza honen 45. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, bai eta hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren titulartasuna aldatu dela.

Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Erriberrira ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak kunplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.

47. artikulua. Erregistroa.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

_Animaliaren espeziea.

_Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

_Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

_Sexua.

_Erreseina edo erreseina erdia.

_Jaioteguna.

_Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

_Jabearen izena, helbidea eta NANa.

_Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

_Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarria bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

_Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

_Eraso kasuak.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

48. artikulua. Animalia arriskugarriak erregistratzeko liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute, zeinetan paratu beharko baitituzte 47. artikuluko a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan aipatzen diren datuak, arriskugarri gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

49. artikulua. Debekuak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekaturik daude:

Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala.

Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

Erriberriko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

50. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean ezarritako zehapenez gain, aurreko artikuluko 1, 2, 3 eta 4. ataletan aipatzen diren arau-hausteak, Ordenantza honen aurkako arau-hauste oso larritzat hartuko dira eta, ondorioz, 991,67 eurotik 1.502,53ra bitarteko isuna paratuko da, eta erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

51. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Erriberriko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak. Fitxategia Erriberriko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabiltzea artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskaera aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

Datu pertsonal horien erabileraren arduraduna Erriberriko Udala da.

VII. KAPITULUA

Animalien aurkako tratu txarra, hirugarrenen gaineko eragina, txertaketak eta legeria aplikagarria

52. artikulua. Udal mugapearen barrenean, egoki tratatu beharko dira animaliak, etxekoak izan ala ez, eta animalia horiek eduki behar dira behar diren higiene eta bizigarritasun baldintzak betetzen dituztela.

53. artikulua. Udal mugape osoan, debekaturik daude animalien aurkako tratu txarra edo bidegabekeria dakarten jarduera publiko nahiz pribatuak oro.

54. artikulua. Animalien jabeak arduratu beharko du hirugarrenek molestiarik har ez dezaten, ez neurriz goitiko zaratarik ezta usainik ere. Zaraten kasuan, zaratak edo bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/89 Foru Dekretua aplikatuko da.

55. artikulua. Ordenantza honetan arautzen ez den orotan, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

56. artikulua. Zakurrei txertoak jartzeko, Erriberriko Udalak horretarako behar diren lekuak egokituko ditu aldian-aldian, eta Udalaren iragarki oholean jarriko du zein egunetan eginen diren txertaketak.

57. artikulua. Animaliak hazteko etxeko ukuiluei dagokienez, herriguneetako eraikinetan, uztailaren 24ko 188/1986 Foru Dekretuan xedatutakoa bete beharko da, haren bidez deklaratzen baitira abeltzaintzako ustiategiak baimentzeko higiene nahiz osasun arloko baldintza teknikoak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena._Ordenantza honetan arautzen diren jardueren titularrek sei hilabeteko epea izanen dute honako araudi honi egokitzeko.

Alkatetzak epe hori luza dezake, titularrak eskatuta, urtebetera bitarte, egin behar diren aldaketen ezaugarriengatik eta konplexutasunarengatik beharrezkoa bada, eta betiere Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek aurretik txostena eginda.

Bigarrena._Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, Ordenantza honen VI. kapituluak indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan ondoko arauetan xedatutakoari lotuko zaio: Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea; Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuendako gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta animalien osasunari, ingurumenari eta animalien ekoizpenari buruzko xedapen orokorrak nahiz aplikagarriak diren gainerako guztiak.

Bigarrena._Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Hirugarrena._Ordenantza honen manuak betetzen ez badira, agintaritzako agenteek salaketa jarriko dute. Lakiolariak, ondorio guztietarako, agintaritzako agenteen pareko izanen dira lanean dihardutelarik.

Laugarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Erriberrin, 2007ko maiatzaren 4an._Alkatea, María Carmen Ochoa Canela.

Iragarkiaren kodea: L0708669