80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MENDIGORRIA

Osoko bilkuraren erabakia, ordenantzak edo barne araudiko erregelamendua onesten duena

Juan Antonio Echeverría Echarte, Nafarroako Mendigorriko Udaleko idazkariak,

Ziurtatzen du:

Udalak 2007ko maiatzaren 24an egin osoko bilkuran behin betiko onetsi zuela 2007ko martxoaren 1eko bilkuran hasiera batez onetsitako ordenantza. 2007ko apirilaren 2an iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta jendaurreko aldian ez da alegaziorik ez erreklamaziorik aurkeztu.

Hasierako erabakia, behin betiko bihurtu dena, eta ordenantza honako hauek dira:

Alkatetzak proposatuta eta aurreko adierazpenak berretsirik, ordenantzak edo barne araudiko erregelamendua onetsi dira loteak esleitzeko, beren jardunerako eta kontrolerako. Hona hemen:

MENDIGORRIKO UDALAREN HERRILURRETAN NAFARROAKO UBIDEAK UREZTATZEN DITUEN LURREN APROBETXAMENDUAREN ORDENANTZAK EDO BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako jarduketa eremuaren barruan dauden lurrei aplikatuko zaie erregelamendu hau.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzetik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

2. artikulua. Ur kontsumoen finkapena.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

.Ureztatzeko arauak ezartzea.

.Matxuren berri ematea.

.Obra, sistema eta instalazioetako mantentze lanak.

Era berean, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra, S.A.ren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen labore motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina zehatz horretarako.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, beren egiazko kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturazioaz den bezainbatean, I. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa da Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kalkulatutako metro kubiko kontsumitu bakoitzaren prezioa. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaile batek izandako kontsumoak, harentzako finkatutako metro kubikoak adina edo gutxiago badira, edo gehiago izanez gero, gehienez ere %10 gehiago badira.

II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, berarentzako ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %10etik gora baina %20tik behera gehiago badira; berarentzako ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko dira _eta, hortaz, fakturazio prezio ezberdina izanen_ nork bere mugatik gora, %20tik gora, egiten dituen kontsumoak. Kasu honetan, berarentzako ezarritako kontsumotik gorakoari zehapen handiagoa ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %500 erantsiko baitzaio.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kontsumitutako metro kubiko ur bakoitzaren prezioa, I. multzoari dagokiona, ezarriko du kanpaina bakoitzean.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak _bereziki, eskualderako eta ohiko laborantzetarako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik gora hartzeak ekarritakoak_ egonez gero, erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna.

Kaltearen kausa ezin denean argitu eta, ureztatzaileen artean, ezin direnean eragile bat edo batzuk seinalatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari erantzun behar hori.

5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, esanen diote Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zonan zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, ureztatzeko oinarrizko azalera edo hori baino handiagoa izanen dute loteek. Oinarrizko azalera hori Eraikuntza Proiektuan definituko da, zona horretako jarduketa zehazten duen Nafarroako Gobernuaren dekretuan oinarrituta.

Modernizaziotik edo eraldakuntzatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

A. Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

B. Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatzen badituzte.

C. Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea. Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez esleitu ahalko dira, aipatutako Foru Legeko 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ematen ez Udalari ez ureztatzaileei bestelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emandakoak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituzten horiek ez dizkiete kentzen.

Eta horrela jasota geldi dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, honako hau luzatu dut Mendigorrian, 2007ko martxoaren 1ean.

O.E. Alkatea, Jesús María Azcoiti Narvaiz. Idazkaria, Juan Antonio Echeverría Echarte.

Mendigorrian, 2007ko maiatzaren 30ean._Alkate udalburua, Jesús María Azcoiti Narvaiz.

Iragarkiaren kodea: L0709203