80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CABANILLAS

Cabanillasko gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko ordenantza. Behin betiko onespena

Cabanillasko Udalak, 2007eko martxoaren 22an egin bilkura arruntean, gehiengo aski zuela, hasiera batean onestea erabaki zuen Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

Erabakia 2007ko 49. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 20an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du erreklamaziorik egin. Beraz, besterik gabe, behin betiko onetsita gelditu da, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako legezko prozedurarekin bat.

UDAL ORDENANTZA, CABANILLASKO GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Beharrezko egiten da herritarren eta kanpotarren gizalezko portaera arautzea, eta herritar bakoitzari bere askatasuna aitortzea, besteenganako errespetua funtsezko muga izanik; orobat, nork bere gain hartu behar du hiri- eta natura-ondarearen zein gainerako ondasunen babesa, eta bermatu behar da, azkenik, herritarren arteko bizikidetza harmoniatsua.

Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute espazio publikoak erabiltzeko, eta beren askatasunean errespetatu behar dira. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Gizalegezkoak ez diren portaerak guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako erasoak dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain juxtu ere herritarren eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.

Beste alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen erabiltzera, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du; gainera, aukera ematen du baliabide gehiago lehentasunezko gaietan arrazionaltasunez erabiltzeko.

Fenomeno honen jatorria konplexua da, zalantzarik gabe, eta nabarmen gainditzen du toki erakundearen eremua; izan ere, badu zerikusia gizarte, familia eta hezkuntza arazoekin, eta horiei ezin diete toki administrazioek, legea eskuan eta bakarka, aurre egin. Hala ere, ondorioak haien eskumenen eremuan nabaritzen dira gehien.

Hain zuzen ere, gizalegearen kontrako jarreretatik datozen ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.

Toki gobernua modernizatzeko neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarri doktrina, 139. artikuluan ahalmena ematen baitie udalerriei toki intereseko bizikidetza harremanak eta haien zerbitzu, hornidura, azpiegitura, instalazio eta espazio publikoen erabilera antolatzeko.

Lege aurreikuspen horrek bidea ematen dio udalari arlo hau modu zabalagoan arautzeko eta ordenantza honen esku uzten du alderdi horiek arautzeko zeregina.

Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da "sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean" (139. artikulua). Halaber, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, Konstituzioan jasota baitaude.

Gainera, legeak udalei toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena ematearekin bidea irekitzen da arlo horri batera, hau da, ikuspegi orokorraz heltzeko. Legearen aipatu erreformaren aitzinetik, modu barreiatuan arautzen ziren bizikidetzan eragiten duten herritarren ekintzak, eta horren ondorioz, txikia zen haien arteko lotura.

Aipatu bi inguruabar horien ondorioz _legeak ahalmen berria ematea eta zenbait alderditan jadanik indarra duen araudia izatea_ ordenantza berriak dagoena bilduko du, baina arauketa gizalegezko harremanetara bideratuta eta lehenago jaso ez diren arlo berriak bereganatuta.

Testu arau-emaile honen beste helburu bat da ondasun publikoak nahiz eremu publikotik ikusten diren espazioak babestea, titulartasun pribatukoak izan arren apaindura publikoan ondorioak badituzte. Lehen kasua herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak administrazio guztiek duten babestu beharraren ondorio logikoa da, herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela kontuan hartuta, haiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, bizilagun guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran izatea.

Era berean, gizalegerik gabeko portaeren gaitzespena arautu da, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz. Helburu horiek betetzeko, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezarri beharra dago.

Hondarreko, ordenantzak arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa bultzatzen du: gisa hartara, diru zehapenaren ordez, batzuetan komunitatearen onurarako zereginak eta lanak egin beharko dituzte arau-hausleek, haren bizikidetzako printzipioak urratu baitituzte. Errehabilitazio neurria den aldetik, arau-haustea ekarri duen jokaera gizalegezko balioez bereziki bete behar denean erabiltzen da. Alde horretatik, arau-hausleak ohartarazi nahi dira bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bestalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanari.

Herritarren portaeraren printzipioei buruz, ondasun publikoen edo espazio publikoetan kokatuta daudenen babesa, pintadak egiteko debekua, zuhaitz, landare eta parkeen babesa eta paperontzien zein iturrien erabilera egokia sartzen dira.

Era berean, zehaztu behar da ezen, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, ordenantzak ondasunen erabilera egokia babesten duela eta haien andeatzea saihesten. Horrela adierazten da aipatu lege xedapenaren 139. eta 140. artikuluetan. Horren ondorioz, testu arau-emaile honek Zigor Kodean bildu arauketa errespetatzen du; izan ere, haren 263. eta 323. artikuluek ondasunak kaltetzea delitu edo hutsegite gisa sailkatzen dute, hurrenez hurren. Hortaz, Kodearen helburua kalteak dira; ordenantzarena, aldiz, ondasunen erabilera desegokia eta andeatzea. Kontuan hartu behar da erabilera desegokiak edo andeatzeak ez duela zertan kalterik sortu behar.

Hartara, Hots mailei buruzko ordenantzak indarrean du herritarrak asotsetatik babesteko araubide orokorra, ordenantza honek bizikidetzari eragin eta lehen aipatu ordenantzak arautu ez zituen alde berri batzuk jasotzen dituela. Horixe da ibilgailuetako musika-ekipoek, petardoek eta eremu publikoko bozgorailuek ateratzen duten asotsekin gertatzen dena.

Eta halaber, ke eta usainei dagokienez, ordenantza hau Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzkoaren osagarria da. Hartara, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasun edo apaindura publikoaren kontrakoak diren keak eta usainak debekatzen dituen baldintza orokor bat sartu da, aipatu ordenantzaren jarduera ekonomiko eta etxez kanpokoei buruzko araudia alde batera utzita.

Era berean, debeku da 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lurretan kanpatzea: dekretua lurzoru urbanizaezinei buruzkoa denez, ordenantzak hiri lurzoruetan kanpatzeari heltzen dio. Esparru horretan kanpatzeko baimena emateko aukera aztertzen da; horrek zerikusirik ez du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 189.1 e) artikuluan jasotzen denarekin, kanpaldia ez baita sailkatzen ahal "aldi baterako obra edo erabilera" gisa.

Gauza bera esan daiteke eskean ibiltzeaz, debekaturik egonen baita bizilagunen lasaitasuna edo eremu publikoetatik pasatzeko eskubidea trabatzen denean.

Ordenantza honi dagokion bezala, eskaletzari heltzen zaio herritarren arteko bizikidetza egokiaren ikuspegitik. Beraz, larderiaz, minez edo bortxaz egitea debekatzen da, oro har, eta, berariaz, nahi ez diren zerbitzuak edo jarduerak ezartzea. Espazio publikoetan garatzen diren eta limosna bortxaz eskatzen ez duten jarduera artistiko guztiak esparru horretatik kanpo daude, bistan da.

Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea bere xedeari lotzen zaio zuzenean, hau da, gizarteko bizikidetza harremanen antolamendu egokiari. Horixe da haren xedea, eta hirigintzari, herritarren segurtasunari, ingurumenari eta osasunari buruzko araudiekin bateratu beharko da.

Horregatik, arauak ez ditu biltzen arlokako aipatu legerietatik ondorioztatzen diren betebehar edo eskubideak, herritarren bizikidetzaren antolamenduari eragin ezean. Hartara, aipatu arloetan aplika daitekeen araudira jotzeko baizik ez du adierazten ordenantzak, gure arau zibilek ezarritako antolamenduaren baterako interpretazioa errazteko baliabide gisa.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

2. Ondasun eta espazio publikoak, eta udalerriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, eta Udalaren ibilgailuak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barrenean daude beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, udalerriko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo herri zerbitzu bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafiko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahaitxoak, eguzki-oihalak, landareontziak, gauzak saltzen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, betiere eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke. Izan ere, hiriko ondare eta paisajearen parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.

3. Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

4. Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Cabanillasko udal mugapean aplikatuko da.

4. Instalazio eta zerbitzuetan, arau berariazkoei jarraituko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta betiere, bidezkotzat jotzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Cabanillasko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Cabanillasko Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabili eta hiri ingurunea zaindu dezaten.

4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jardueren bitartez.

Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, portaera sozialaren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen saiatuko da Udala, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik besteen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko maneran zaintzea.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak eginen ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.

Aipatu hitzarmenen bitartez, espazio publikoetan kultur, kirol eta aisia arloko gizalegezko jarduerak bultzatzen dituzten herritarren ekimenak sustatuko dira.

Halaber, espazio publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea sustatuko da.

6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu, herritar guztiei edo biztanle talde jakin batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

7. artikulua. 1. Bizikidetzarako printzipioak.

1.1. Herritarrek bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

1.2. Herritarrek eskubidea dute hiriko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

1.3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

1.4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

2. Elkartasuna eremu publikoan.

2.1. Udalak herritarren elkartasuna bultzatuko du, laguntza eman diezaieten haren beharra dutenei eremu publikoetan edo beste leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei. Ohitura bultzatuko da gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko, baita elkartasuneko eta jendetasuneko beste jokabide batzuk bultzatuko ere.

2.2. Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikiko nabariko pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzako agenteei jakinarazi behar diete, eta horiek galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz arduratuko dira.

3. Kautelazko neurriak.

3.1. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.

3.2. Halaber, udalerriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada bertan ordenantza honetako arau-hausteak maiz gertatzen direla edo gertatzen ari direla, eta portaera berak beste toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.

II. KAPITULUA

Ondasunen andeatzea

8. artikulua. Andeatzea eta kalteak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haiek andeatzea badakar edo haien estetika hondatzen badu 1. artikuluan ezarri moduan.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetak edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geldituko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo gisakoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea nahi badakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

3. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen dituzte agintaritzako agenteek, jarduerak Udalaren derrigorrezko baimenik gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

10. artikulua. Arbolak eta bestelako landare espezieak.

Arbolak eta bestelako landare espezieak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Kaltetu edo txatu txarrak ematea.

b) Edozein elementu itsatsi edo haiei lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

11. artikulua. Parkeak eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek Cabanillasko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

_Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo kaltetzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belaiak edo laborantzak behar ez bezala erabiltzea.

_Soropila kaltetzea eta haren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

_Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

_Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak jartzea.

_Arbolen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea, edo halakoak ez direnak ere bai, espezieei kalte egiten bazaie.

_Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

_Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

_Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku dira mugitu, erauzi, erre, irauli edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

1. Paperontzi eta edukiontzien erabilera 22.2 artikuluan (Hondakinak eta zaborrak) agintzen denari jarraikiz eginen da.

13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki debeku da haietan sartu edo edozein objektu garbitu, arrantza egin, animaliei edaten eman eta gauzak botatzea, Cabanillasko Udalak propio baimendutakoak izan ezik.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Horrela, Udalak helburu horretarako berariazko euskarriak jarriko ditu komenigarri iruditzen zaion tokietan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, arkupe, markesina, hiriko altzari, arbola, harresi, tunel, lurpeko pasabide eta, oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki jartzea, Udalaren baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, paskin, pankarta edo banderaxka ezartzea.

15. artikulua. Kartel, pankarta eta banderaxkak.

1. Udalak eremu publikoan kartel, pankarta eta banderaxkak jartzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Udalerrian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Udalerrirako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egitea laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendu lekuetan. Hauteskundeak bukatutakoan, 15 egunen buruan kendu beharko dira, espazioak hasieran zeuden bezala uzteko.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartel, pankarta eta banderaxkak jartzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden beste kasu batzuetan.

2. Artikulu honek aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

_Arduraduna, identifikazioa, helbidea eta telefonoa

_Kartel, pankarta edo banderaxken edukia eta neurriak.

_Haiek jartzeko lekuak.

_Zenbat denboran eta zein egunetan egonen diren jarrita.

_Haiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.

_Banderaxkak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriak bere pinturan edo galvanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Kale-argi edo argietan jarri baino 72 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.

4. Kartel, pankarta eta banderaxkak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean egon daiteke 29.2 artikuluan aipatzen den fidantza.

5. Kartel pankarta eta banderaxkek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu, emandako epea iragan bezain laster. Bestela, Udala ordezko betearazpenari lotzen ahalko zaio, dagozkion zehapenak deusetan ukatu gabe.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da eremu publikoan edo espazio publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta aurreko artikuluko aginduak aplikatuko zaizkie.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Eremu edo espazio publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta halabereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da eremu publikoan edo espazio publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

Udalak betiere bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen bidez.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak maltzurkeriaz mugiaraztea.

2. ATALA

Jarduera berariazkoak

19. artikulua. Sua eta festak.

1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.

2. Festa edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

20. artikulua. Asotsak.

1. Herritar guztiak behartuta daude bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatzera, baita bizikidetza arrunta trabatzen duten asotsak ez egitea ere, Gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera:

Ibilgailuetako gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

Irizpide berari segituko zaio, trabak nahita egiten direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo asotsa modu ez ohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik egiten denean trafikorako araututako kasuetatik kanpora. Orobat aplikatzen ahalko da asotsak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean edo, azken batez, bestelako asotsak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.

Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.

Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauaz.

21. artikulua. Keak eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak edo usainak sortzen edo hautsa harrotzen duten jarduerak egiteari, zein diren legerian ezarritako mugak.

Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea etab. Hala ere, lan horiek eginen dira kalera ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailera, eskailera-burua eta patio txikietara

Barbakoa mugigarriak edo gisakoak eginez gero, kontuan hartuko da airearen norabidea, eta hori jakinda gainerako auzoei ahalik eta traba gutxien egiteko moduko tokian jarriko dira. Betiere, ke gutxien ateratzen duten erregai organikoak erabiliko dira.

2. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko eremu eta espazioak _orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne_ zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu espazio edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbesteko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera, hondakinen bilketa sailkatuaren arabera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paperean edo antzeko zerbaitetan bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birtziklagaiak izan ezean: halakoak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan dauden edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak, eta zigarrokin piztuak edo beste edozein objektu botatzea. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat joko dira pertsonei kalte egin diezaieketenak, hala nola xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako jarritako edukiontzietara bota beharko dira, Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitateko ordenantzen arabera, hondakinen bilketa sailkatuaren printzipioarekin bat.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

6. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

7. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten ahal badiote xaboia, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da eremu publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo listu egitea.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da haiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte beraiekin espazio publikoetan, betiere uhal edo kateaz edo legez ezarri bezala eramanez gero. Betiere, eramaten diren animalia guztiak, gainerako herritarrei trabarik edo erasorik ez egiteko moduko segurtasun neurriak izanda eraman behar dira.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan kaka egiten.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan eremu publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu. Nolanahi ere, animalien jabeek edo arduradunek haiek eremu publikoan uzten dituzten gorozki solidoak bildu beharko dituzte.

4. Animaliek ezin izanen dute eremu publikoan dauden eta gizakiek edateko diren iturrietatik edan.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei. Animaliekin egiten den jarduera ez da tratu txar edo erasotzat hartuko Udalak antolatu badu edo ospakizunak direla-eta berak baimendu badu ezarritako arau edo baimenei jarraikiz.

6. Zezen festak (entzierroak, zezenketak, jokatzeko behiak...) direla-eta, eta haiek egitean, aipatu jarduerak erregulatzen dituzten ohiko arauak aplikatzen jarraituko da, baita agintaritza eskudunak eguneratzen dituenak ere.

7. Animaliek ezin izanen dira bazkatu lorategi eta parkeetan. Begiratu 11. artikulua.

25. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik jarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatu ahal izanen dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Dena dela, oro har, inork ezin du eremu edo espazio publikoetan bere portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien askatasuna ere, edo oro har onartuta diren sinesmenak eta bizikidetzaren jarraibideak laidoztatu.

4. ATALA

Betebehar bereziak

26. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileen eta derrigorrezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko beste instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi behako dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoen, izozki denden, josteta aretoen edo jarduera motagatik hondakinak sorrarazten dituen beste edozein saltokiren titularrek paperontzia jarri beharko dute inguruan eta beren bizkar mantendu.

Aipatu lekua eta inguruak etengabe garbituko dira, eta nolanahi ere, establezimendua ixten den unean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendu baino leku handiagoa okupatzea, ezta aldi baterako elementurik _ez finkorik, ez zoluan finkaturik_ erabiltzea ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izanen du, eremu publikoan baimenik gabe jarria bada edo baimendu baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, eta dagokion zehapena izanen du.

27. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten eskeak, besteak beste.

Hala bada, 16.3. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

28. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

29. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Ukitutako espazio publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie.

Bestela, egin diren aparteko lanen zenbatekoa kentzen ahalko da aipatu fidantzatik, baita baimena edozein alderditan urratzeagatik edo antolatutako egintzarekin ikustekoa duten beste arau-hauste batzuengatik egoki litekeen zehapena ere.

3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

30. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, hainbat jarduera eskaletzatzat joko dira, hala nola kalean edo erabilera publikoko espazioetan eskean ibiltzea eta antzeko jarduerak, irabazia bilatzen dutenak.

Orobat eskaletzatzat hartuko da leku pribatuetan egiten dena ere, hala nola atarietan, sartzeko gezurra esan badute.

Debeku da dirua edo limosna larderiaz edo modu gogaikarrian _hitzez zein obraz_ eskatzea. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskatzea.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzaren agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

31. artikulua. Apaingarriak.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola lorontziak-eta, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen.

IV. TITULUA

Zehapenen araubidea

32. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura _hasita badago_, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea izanen dat; haien ordaina Cabanillasko Udalak erabakitzen duen moduan emanen da, arau-hausteari dagokion zehapena ukatu gabe.

Arau-hauste edo zehapenik ezean, kalte-galeren ordainak zerbait egin beharra edo ez egin beharra dakarrenean, hura ez betetzeak Udalaren baimen bat ez betetzearen ondorio berak izanen ditu zehapen.

Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek eremu publikotik ikusten ahal badira, ez da beharrezkoa izanen ukitutako alderdiaren salaketa.

4. 37. artikuluko zenbatekoak, haien eguneratzeak, baita 33, 38, 39 eta 40. artikuluak ere, gainerako udal ordenantzetan aplikatuko dira, haien testuetan bertan bildutako zehapenetarako zenbatekorik gehitu ez bada, beste batzuk aplikatu behar izan ezik eta deusetan ukatu gabe haien kalifikazioa, arina, larria ala oso larria izan. Orobat, artikulu hauek ordezko gisa aplikatuko dira, Udalaren ordenantza guztietako aginduak urratzen direnerako, halako ordenantzetan urratze horiek zehaturik ez badaude.

33. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz omisioak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

34. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

a) Bizikidetzaren nahasmendu larria, jendearen lasaitasuna edo legez dagozkien eskubideak modu larrian, berehala eta zuzenean kaltetzen dituena, edo araudi aplikagarriaren araberako edozein jardueraren ohiko bilakaera, nahiz osasungarritasun edo apaingarri publikoa; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:

_Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

_Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak nahita edo erru larria izanda erretzea, baita 19. artikulua ez betetzea ere (Sua eta festak), zerbitzugune batetik hurbil eta arrisku larria dagoenean.

_Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, baita haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

i) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

j) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

l) Arau-hauste larria edo oso larria egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso larria egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.

m) Desobeditze oso larria. Agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste oso larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

35. artikulua. Arau-hauste larriak.

Honako hauek arau-hauste larriak dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, arau-haustea izanen da bidean edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

_Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo axolagabekeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzen uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sorrarazten bazaie.

_Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

_Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

g) Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratu eta hartan nahasmendu larria sortzea.

h) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

i) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

j) Desobeditze larria. Agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

k) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda.

Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatzetzat joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikasteko.

36. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honakoak arau-hauste arinak dira:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo kateaz lotu gabe, eta eremu debekatuetan sartzen uztea, baimenik izan gabe.

_Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

_Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe, baita baimenik gabe saltzea ere.

_Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

_Baimenik gabe kanpatzea.

_Bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain atomatikoetan, gaua eman edo etzatea.

_Espazio publikoetan edozein elementu jartzea baimenik gabe.

_Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo antzekoetan jarduteko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoa arau-haustea izanen da:

_Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

_Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, hornidura, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea, eta orobat kale-argietan eta hiriko gainerako altzarietan, argiztatzeko izan ala ez eta Udalarenak izan ala ez.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Eremu publikoan pixa edo kaka egitea.

_Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

_Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

_Hiri altzarien gainean listu egitea, haien erabilera lotetsirik dagoenean edo udalerriaren irudia kalteturik gelditzen denean.

_Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

_Apaintzeko zeren bat edo hiri altzariren bat lekualdatu, mugitu, goititu, beheititu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.

f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

g) Desobeditze arina. Agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoan nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek zailtasun arina badakar.

i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

37. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 60tik 199,99 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 36. artikuluaren b) eta e) ataletako lehen puntuetan aipatutakoei ezik; horiei 150 eurotik 199,99 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 200 eurotik 599,99 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 600 eurotik 1.500 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

38. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera bideratuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu egin beharrekoak gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

39. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.5, 26 eta 31. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

40. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren ezarri beharreko zehapena graduatzeko, hurrengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egin den.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

41. artikulua. Kautelazko neurriak.

Betiere, arau-hausleak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, beste erabiltzaileei traba egiten badie, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, galarazteko.

Honi dagokionez, aldi baterako kendu edo altxatzen ahal diren ondasunak izanen dira hauek: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta gauza sendoak, musika tresnak eta musika edo soinu aparatuak, baloiak, pilotak, makuluak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, kartelak, pankartak, banderaxkak, paskinak, eskuorriak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko beste edozein gauza, agintaritzako agenteen aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo altxatzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

42. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Arau-hausleak adingabeak badira, hezigarritasun nabaria izaten ahal du komunitateari egin beharreko zerbitzuak.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitaziorako bidea izan dadin eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:

Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.

Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.

Arau-hausleak adingabeak edo ezgaiak direnean.

Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen eskainiko dio Udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.

Udalak prozedura burutzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan eta ondokoetan ezarritako legezko izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Cabanillasen, 2007ko maiatzaren 15ean._Alkate udalburua, Ana María Rodríguez Enériz.

Iragarkiaren kodea: L0708911